Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

9. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Imitatu Jesus jarrera sakrifikatua izanez

Imitatu Jesus jarrera sakrifikatua izanez

«Zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (EG 20:35).

sjj 17. KANTA «Nahi dut»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nolako espiritua ikusten da Jehobaren herrian?

 DUELA denbora asko, Bibliak honakoa aurresan zuen Jehobaren zerbitzariei buruz: «Zure herriak gogo onez eskainiko du bere burua» (Sal 110:3NWT). Gaur egun, Jesusen gidaritzapean, profezia hau betetzen ari da. Nola? Urtero-urtero, Jehobaren zerbitzariek milioika ordu ematen dituzte predikatze-lanean eta lan honen truke inork ez die ezer ordaintzen; nahi dutelako egiten dute. Gainera, anai-arreba kristauak fisikoki, emozionalki eta espiritualki laguntzen dituzte. Izendatutako anaiek ere, ordu pila bat pasatzen dituzte bileretarako aurkezpenak prestatzen eta anai-arreben fedea sendotzeko bisitak egiten. Zerk bultzatzen ditu hori dena egitera? Maitasunak. Jehobari eta lagun hurkoari dioten maitasunak (Mt 22:37-39).

2. ⁠Erromatarrei 15:1-3 pasartearen arabera, zer eredu jarri zigun Jesusek?

2 Jesusek eredu bikaina ezarri zuen besteen beharrak norberaren beharren aurretik jartzerako orduan. Guk ahal dugun guztia egiten dugu bere pausoak jarraitzeko (Irakurri Erromatarrei 15:1-3). Gainera, hau egitea gure onerako izango da. Jesusek esan zuen: «Zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (Eg 20:35).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, besteak zerbitzatzeko Jesusek egindako sakrifizio batzuk berrikusiko ditugu eta bere eredua nola imitatu dezakegun aztertuko dugu. Hori egiteko gogoa nola handitu dezakegun ere ikusiko dugu.

IMITATU JESUSEN EREDUA

Nahiz eta nekatuta egon, zer egin zuen Jesusek jendetza bat berarengana etorri zenean? (Ikusi 4. paragrafoa)

4. Nola jarri zituen Jesusek besteen beharrak bere beharren aurretik?

4 Jesusek besteei lagundu zien nahiz eta nekatuta egon. Adibidez, behin, Jesusek gau osoa pasa zuen otoitzean. Hurrengo egunean oso nekatuta egongo zen. Baina hala ere mendian zegoela, seguraski Kafarnaum hiritik gertu, jendetza bat berarengana gerturatu zenean, errukia sentitu zuen haien artean zeuden behartsu eta gaixoengatik. Hauek sendatzeaz gain, inoiz eman den hitzaldirik animagarriena eman zuen: Mendiko hitzaldia (Lk 6:12-20).

Zer modutan imitatu dezakegu Jesusen jarrera sakrifikatua? (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Nahiz eta nekatuta egon, nola imitatu dezakete familiaburuek Jesusen jarrera?

5 Familiaburuek Jesus imitatu dezaketen modua. Imajinatu honako egoera: Lan egun luze baten ondoren, familiaburua leher eginda iristen da etxera. Gau hartan familia adorazioa dute eta bertan behera uztea pentsatzen du, baina Jehobari otoitzean adorazioa zuzentzeko indarra eskatzen dio. Jehobak bere otoitza erantzun eta ikasketa betiko moduan ospatzen dute. Gau hartan seme-alabek oso inportantea den zerbait ikasten dute: gurasoentzat gauza espiritualak beste gauza guztien gainetik daudela.

6. Nola sakrifikatu zuen Jesusek bere denbora besteei laguntzeko? Adibide bat eman.

6 Bakarrik egoteko denbora behar izan arren, Jesus besteekin egon zen. Pentsa ezazu nola sentituko zen Jesus Juan bataiatzaileari lepoa moztu ziotela entzun zuenean. Bere lagunaren heriotzak lur jota utziko zuen. Bibliak dio: «Horren berri jakitean, Jesus bazter batera joan zen bakarrik txalupaz» (Mt 14:10-13). Ulertzekoa da zergatik egon nahi zuen bakarrik. Gutako askok nahiago dugu doluan gaudenean bakardadean egon. Baina Jesusek ez zuen lortu. Hara iristerako, jendetza handi bat dagoeneko han zegoen. Zer egin zuen Jesusek? Beraien beharretan pentsatzen hasi zen eta «errukitu egin zitzaien». Espiritualki indarberritzea behar-beharrezkoa zutela ikusi zuen, eta berehala ekin zion lanari. Izan ere, «irakasten hasi zitzaien luze eta zabal», ez gauza gutxi batzuk bakarrik (Mk 6:31-34; Lk 9:10, 11).

7, 8. Nola imitatzen dute adindunek Jesus behar bat sortzen denean? Adibide bat eman.

7 Adindunek Jesus imitatzen duten modua. Zenbat eskertzen dugun hainbeste maite gaituzten adindunek gure alde sakrifizioak egitea! Askotan kongregazioak ez du ikusten zenbat lan egiten duten. Adibidez, osasun larrialdi bat gertatzen denean, Ospitale-harremanetarako batzordeko kideak ziztu bizian joaten dira laguntzera, nahiz eta askotan gauerdian izan! Errukiak bultzatzen ditu adindun maite hauek eta euren familiak anai-arrebei laguntzera. Horretarako besteen beharrak beraien beharren aurretik jartzen dituzte.

8 Gainera, adindunek asko laguntzen dute bilera-aretoak eta beste instalazioak eraikitzen. Baita hondamendi bat gertatzen denean ere. Eta zer esanik ez geure kongregazioan irakasten eta animatzen. Pasatzen dituzten ordu pilagatik anaia guzti hauek eta euren familiek bihotz-bihotzez zoriontzea merezi dute. Jehobak bedeinka dezala erakusten duten espiritu jatorra! Noski, adindunek orekatsuak izan behar dute gauza hauei dedikatzen dieten denborarekin. Ezerk ez luke oztopatu behar beraien familiei eskaini beharreko denbora.

NOLA IZAN DEZAKEGU JARRERA SAKRIFIKATUA?

9. ⁠Filipoarrei 2:4, 5⁠aren arabera, zer jarrera eduki beharko genuke kristau guztiok?

9 Irakurri Filipoarrei 2:4, 5. Denok ez gara adindunak, baina denok ikasi dezakegu Jesusen izaera sakrifikatua imitatzen. Bibliak, Jesusi buruz hitz egitean, esaten du: «Esklabo-izaera hartu zuen» (Flp 2:7). Pentsa ezazu honek duen esanahian. Balio handiko esklabo edo zerbitzari batek nagusia pozteko aukerak bilatzen ditu. Zuk ere, zalantzarik gabe, Jehobaren esklabo eta zure anai-arreben zerbitzari bezala, beraientzat erabilgarriagoa izan nahiko duzu. Nola? Ikusi ditzagun aholku batzuk.

10. Zer galdetu ahal diogu geure buruari?

10 Aztertu zure jarrera. Galdetu zeure buruari: «Besteak laguntzearren sakrifizio pertsonalak egiteko prest al nago? Zer jarrera erakusten dut, esaterako, zahar-etxe batean dagoen anaia bat bisitatzeko edo arreba heldu bat bileretara eramateko eskatzen didatenean? Biltzarra ospatuko den tokia garbitzeko edo bilera-aretoa mantentzeko boluntarioak behar direnean, berehala aurkezten al naiz?». Jehobari geure burua eskaini genionean, bera zerbitzatzeko dugun guztia erabiliko genuela promestu genion. Beraz, gure denbora, indarrak eta ondasunak besteei laguntzeko erabiltzen ditugunean, Jehoba oso pozik dago gurekin. Baina hobetzeko beharra ikusten badugu, zer egin dezakegu?

11. Nola laguntzen digu otoitzak sakrifikatuagoak izaten?

11 Bihotz-bihotzez egin otoitz Jehobari. Demagun sakrifikatuagoa izateko beharra ikusten duzula, baina aldaketak egiteko motibazioa falta zaizula. Orduan, Jehobari otoitz egin. Zintzotasunez hitz egiozu. Esaiozu nola sentitzen zaren eta eskaiozu «bai nahi izateko eta bai burutzeko» laguntza (Flp 2:13).

12. Nola lagundu dezakete anaia gazte bataiatuek erakundean?

12 Anaia gazte bataiatua baldin bazara, eskaiozu Jehobari zure kongregazioko anai-arrebei gehiago laguntzeko gogoa. Herrialde batzuetan, adindun gehiago daude laguntzaileak baino, eta laguntzaile hauek ez dira hain gazteak. Erakundea handitu ahala, anaia gazte gehiago behar dira Jehobaren herria zaintzeko. Behar handiagoa dagoen tokian zerbitzatzeko prest bazaude, zoriontsu izango zara. Zergatik? Jehoba poztuko duzulako, besteen aurrean izen ona irabaziko duzulako, eta besteak laguntzeagatik harro sentituko zarelako.

Jordan ibaia zeharkatuz Judeatik Pelara ihes egin zuten kristauak. Hirira lehenago iritsi zirenak ailegatu berri diren kristauei janaria banatzen ari dira (Ikusi 13. paragrafoa)

13, 14. Zer egin dezakegu gure anai-arrebak laguntzeko? (Ikusi azaleko irudia).

13 Besteen beharrei adi egon. Paulo apostoluak Judean bizi ziren kristauei esan zien: «Ez ahaztu on egiteaz eta elkarri laguntzeaz, horrelako opariak baititu Jainkoak atsegin» (Heb 13:16). Hori bai aholku bikaina! Izan ere, eskutitz hau jaso eta gutxira, Judean bizi ziren kristauek etxeak, negozioak eta kristauak ez ziren senideak atzean utzi eta mendietara «ihes egin» behar izan zuten (Mt 24:16). Garai hartan, dudarik gabe, elkarri laguntzeko beharra izugarria izango zen. Baina lehenago bata bestearekin konpartitzeko Pauloren aholkua jarraitu bazuten, errazago moldatuko ziren beraien bizimodu berrira.

14 Anai-arrebek ez digute beti esango zer behar duten. Adibidez, anaia bat doluan dago bere emaztea hil delako. Etxeko lanak egiteko, janaria prestatzeko, edota toki batetik bestera joateko laguntzarik behar al du? Agian ez du ezer esaten ez duelako egoera behartu nahi. Baina, seguraski, asko eskertuko luke guk lehen pausoa ematea eta behar duen laguntza eskaintzea. Ez genuke pentsatu behar nolabait moldatuko denik edo beharra duenean laguntza eskatuko digunik. Galdetu zeure buruari: «Bere egoeran egongo banintz, zer laguntza eskertuko nuke?».

15. Nolakoak izan behar dugu besteei lagundu nahi badiegu?

15 Gertukoa izan. Seguru zure kongregazioan besteak laguntzeko beti prest dagoen norbait ezagutzen duzula. Inoiz ez digu lana ematen ari garenik sentiarazten eta edozein egoeratan berarekin kontatu dezakegu. Zenbat gustatuko litzaigukeen bera bezalakoak izatea! 45 urte dituen Alan izeneko adindunak, bere anai-arrebentzat gertukoa izan nahi du. Jesusen ereduan hausnartuz, honakoa dio: «Jesus lanpetuta egoten zen, baina adin guztietako jendea berarengana gerturatu eta gustura sentitzen zen laguntza eskatzen ziotenean. Beraiez benetan kezkatzen zela sentitzen zuten. Nik ere Jesus bezalakoa izan nahi dut: gertukoa, goxoa eta benetako laguna».

16. Nola lagunduko digu 119. Salmoa 59, 60⁠ak Jesusen eredua hobeto jarraitzen?

16 Ez ginateke gaizki sentitu behar Jesusen eredua ezin badugu modu perfektuan imitatu (St 3:2). Adibidez, arte ikasle batek ezin du maisu baten artelana modu perfektuan imitatu. Baina egindako akatsez ikasten duenean eta maisua ahalik eta hobekien imitatzen saiatzen denean, hobetzen jarraituko du. Era berean, Bibliatik ikasten duguna praktikan jartzen badugu eta hobetzen saiatzen bagara, Jesusen eredua hobeto segituko dugu (Irakurri 119. Salmoa 59, 60).

SAKRIFIZIOAK EGITEA GURE ONERAKO DA

Jesusen jarrera sakrifikatua imitatzen badute, adindunek eredu bikaina jartzen diete gazteei (Ikusi 17. paragrafoa) *

17, 18. Jesusen jarrera sakrifikatua imitatzen dugunean, zer lortuko dugu?

17 Sakrifizioak egiteko jarrera kutsakorra izan daiteke. Tim izeneko adindun batek dio: «Gure kongregazioko gazte batzuek aurrera egin dute eta kongregazioko laguntzaile izendatuak izan dira. Hauetako batzuk oso gazteak dira. Hau, neurri batean, besteengan ikusi duten zerbitzatzeko jarrera egokiari esker izan da. Kongregazioko anai-arrebek eta adindunek asko estimatzen dute gazte hauen laguntza».

18 Mundu honetako jendea oso berekoia da. Jehobaren herria aldiz, guztiz ezberdina da. Jesusen jarrera sakrifikatuak bihotza ukitu digu, eta bera imitatu nahi dugu. Badakigu ezin dugula modu perfektuan egin, baina bere urratsak gertutik jarraitu ditzakegu (1 P 2:21). Hau egiteko ahal dugun guztia egiten badugu, Jehobak gu ere begi onez ikusiko gaitu eta oso zoriontsu izango gara.

sn 5. KANTA Jesu Kristo, gure eredua

^ § 5 Jesusek beti jarri zituen besteen beharrak bere beharren aurretik. Artikulu honetan, nola imitatu dezakegun aztertuko dugu. Honetaz gain, bera bezala, sakrifikatua izatea gure onerako dela ikusiko dugu.

^ § 57 IRUDIEN AZALPENA: Dan izeneko anaia gazte batek bi adindunek bere aita ospitalean bisitatzen dutela ikusten du. Beraien ereduak kongregazioko beste anai-arreben alde gehiago egitera animatzen du. Ben izeneko beste anaia gazte batek Danen jarrera ikustean, bilera-aretoa garbitzen parte hartzen du.