Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIZIPENA

Medikuntza baino zerbait hobea aurkitu nuen

Medikuntza baino zerbait hobea aurkitu nuen

«HORI da nire txikitako ametsa!», esan nien 1971⁠ean izan nituen bi pazienteri. Garai hartan medikua nintzen eta nire lehenengo klinika ireki nuen. Nortzuk ziren bi paziente horiek? Nola aldatu zituen nire lehentasunak beraiekin izandako elkarrizketak? Zein zen nire txikitako ametsa eta zergatik nago ziur laster beteko dela?

1941⁠ean jaio nintzen Parisen, familia xume batean. Ikastea asko gustatzen zitzaidan. 10 urterekin tuberkulosia harrapatu nuenean, oso triste jarri nintzen eskolara joateari utzi behar izan niolako. Medikuek ohean egoteko esan zidaten birikak ahul nituelako. Ohean gaixorik egon nintzen hilabete horietan, hiztegi bat irakurri nuen eta Sorbona unibertsitateko irratia entzuteko ohitura nuen. Nire medikuak sendatuta nengoela esan zidanean, poz-pozik jarri nintzen berriz ere eskolara bueltatuko nintzelako. «Medikuek egiten dutena zoragarria da!», pentsatu nuen. Hortik aurrera, jendea sendatzeko ametsa izan nuen. Izan ere, aitak handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidan bakoitzean, beti erantzuten nion: «Medikua izan nahi dut». Horrela, medikuntza nire lehentasuna izatera iritsi zen.

ZIENTZIAK JAINKOARENGANA GERTURATU NINDUEN

Gure familia katolikoa izan arren, gutxi nekien Jainkoari buruz eta erantzun gabeko galdera asko nituen. Medikuntza ikasteak bizia sortua izan zela konbentzitu ninduen.

Mikroskopio batekin tulipa baten zelula ikusi nuen lehenengo aldia gogoratzen dut. Zelularen osagaiek beroa eta hotzari nola erantzuten dioten ikusteak erabat harritu ninduen. Bestalde, zitoplasma (zelula barnean dagoen sustantzia) gatzaren eraginarekin uzkurtu eta urarekin zabaldu egiten dela ikusi nuen. Erreakzio hauei eta beste askori esker, organismoak ingurugiro aldakorretara egokitzen dira. Zelula bakoitzaren konplexutasuna ikustean, bizia ezin izan zela ustekabean sortu konturatu nintzen.

Medikuntzako bigarren mailan, Jainkoa existitzen den froga gehiago ikusi nituen. Anatomia klasean besaurrearen estrukturari esker, hatzak tolestu eta luzatu ditzakegula ikasi genuen. Muskulu eta hezurren arteko lotura, eta hauek guztiek elkarrekin funtzionatzen duten modua, ingeniaritzaren lan zoragarria da. Adibidez, besaurreko muskuluetako bat eta hatzen bigarren hezurra tendoiez lotuta daude. Tendoi hauek bitan banatzen dira zubiak sortuz. Hauen azpitik, hatz puntetaraino iristen da beste tendoi bat. Bestalde, hatz hezurretatik gertu dauden tendoiak muskulu-ehunei esker eutsita daude. Hatzak era honetara eginak egongo ez balira, gure eskuetako tendoi edo hariak guztiz tenkaturik egongo lirateke. Ondorioz, ezingo genuke eskua ondo erabili. Giza gorputza jakinduriaz beteriko diseinatzaile batek sortu behar izan zuela ikusi nuen argi eta garbi.

Erditze prozesuari buruz ikasi nuenean, biziaren Diseinatzailea gehiago mirestera iritsi nintzen. Fetuak oxigenoa jasotzen du amarengandik zilborrestearen bidez. Horregatik, albeoloak (biriketan dauden puxika edo zakutxo formako egiturak) ez dira oraindik puztu. Jaio baino aste batzuk lehenago, surfaktante izeneko sustantzia batek inguratzen du zakutxo bakoitza. Haurra jaiotzen denean eta lehen aldiz arnasten duenean, gauza harrigarri bat gertatzen da. Haurtxoaren bihotzean dagoen zuloa itxi eta odola zuzenean biriketara doa. Une garrantzitsu horretan, surfaktanteari esker puzten dira airez biriketako zakutxoak. Bat-batean haurtxoa bere kabuz arnasteko gai da.

Gauza harrigarri hauek sortu zituena ezagutu nahi nuen eta, horregatik, Biblia gogo handiz irakurtzen hasi nintzen. Duela 3.000 urte baino gehiago, Jehobak israeldarrei emandako higiene arauek ikaragarri liluratu ninduten. Israeldarrek gorotza lurperatu behar zuten sabela hustean eta, gainera, eskuak sarritan garbitu behar zituzten. Gaixotasunak zabaltzea eragozteko ere, koarentena gorde behar zuten (Lb 13:50; 15:11; Dt 23:14 [23:13, NWT]). Zientzialariek azkeneko 150 urtean ulertu dute gaixotasunak nola zabaltzen diren. Baina Bibliak aspaldi erakutsi zuen ezagutza hori. Bestalde, Lebitarrena liburuan agertzen diren sexu-higieneari buruzko arauek nazio osoaren osasuna zaintzen laguntzen zuten (Lb 12:1-6; 15:16-24). Lege hauek Israel herriaren ongizaterako zirela ikusi nuen. Hauek betetzen zituztenean, Jainkoaren bedeinkapena jasotzen zuten. Irakurritakoak Biblia Jainkoak inspiratua dela konbentzitu ninduen nahiz eta bere izena oraindik ez ezagutu.

EMAZTEA EZAGUTU ETA JEHOBA AURKITU NUEN

Lydie eta biok gure ezkontza egunean 1965⁠eko apirilaren 3⁠an

Medikuntza ikasten ari nintzela, Lydie ezagutu eta maitemindu egin nintzen. Nire ikasketak bukatu aurretik ezkondu ginen, 1965⁠ean. 1971⁠rako hiru haur genituen. Guztira, sei seme-alaba izan genituen. Lydie laguntza ikaragarria izan zen familia eta lana aurrera ateratzeko.

Hiru urtez ospitale batean egin nuen lan. Beranduago, klinika bat ireki nuen eta handik gutxira, bikote bat kontsultara etorri zen tratamendu bila. Senarrarentzako errezeta idazten ari nintzela, emazteak esan zuen: «Tratamenduan ez dugu odolik nahi, mesedez». Eta nik erantzun nuen: «Benetan? Zergatik?». Berak esan zuen: «Jehobaren lekukoak garelako». Ez nituen Jehobaren lekukoak ezagutzen eta ez nekien odolari buruzko ikuspuntu hori zutenik. Emazteak odola ez onartzeko arrazoiak erakutsi zizkidan Biblia erabiliz (Eg 15:28, 29). Gainera, bikoteak Jainkoaren Erreinuak etorkizunean sufrimendua, gaixotasunak eta heriotza kenduko dituela azaldu zidan (Ap 21:3, 4). «Hori da nire txikitako ametsa!», erantzun nuen. «Jendeari sufrimendua kentzeko erabaki nuen mediku izatea». Oso gustura egon nintzen ordu eta erdiz beraiekin hitz egiten. Kontsultatik atera zirenean, katolikoa izateari uztea pentsatu nuen. Gainera, egun hartan, hainbeste miresten nuen Sortzailearen izena ezagutu nuen: Jehoba!

Bikote hau hiru aldiz etorri zen klinikara eta aldi bakoitzean ordu bete baino gehiago hitz egin genuen. Beraz, etxera gonbidatu nituen Bibliari buruz lasaiago hitz egiteko. Lydie biblia-ikastaroan parte hartzen hasi zen, baina ez zuen onartzen doktrina katoliko batzuk oker zeudela. Horregatik, parrokiako apaiza gonbidatu nuen etxera. Berandu arte egon ginen elizaren irakaspenei buruz eztabaidatzen Biblia bakarrik erabiliz. Elkarrizketa horren ondoren, Lydie ziur zegoen Jehobaren lekukoek egia irakasten dutela. Jehoba asko maitatzera iritsi ginen eta 1974⁠an bataiatu ginen.

JEHOBA NIRE LEHENTASUNA IZATERA IRITSI ZEN

Jehobak gizakiontzat duen asmoa ezagutu nuenean nire lehentasunak zeharo aldatu ziren. Ordutik aurrera, Lydie etabiontzat Jehoba zerbitzatzea izan zen garrantzitsuena. Seme-alabak biblia-printzipioen arabera hezitu genituen. Jehoba eta besteak maitatzen irakatsi genien eta honek asko elkartu zuen gure familia (Mt 22:37-39).

Seme-alabek argi zuten gu biok beti ados geundela erabakiak hartzerakoan. Barre egiten dugu honetaz gogoratzean. Jesusen jarraibide hau arau bihurtu zen gure etxean: «“Bai” esaten duzuenan “bai” izan dadila, eta “ez” esaten duzuenean, “ez”». Seme-alabek ondo zekiten hori (Mt 5: 37NWT). Adibidez, gure alaba zaharrenak, 17 urte zituenean, gazte-talde batekin atera nahi zuen eta Lydiek ezetz esan zion. Taldeko batek esan zion alabari: «Amak ez badizu uzten, galdetu aitari!». Alabak, erantzun zuen: «Ahaztu ezazu, ez du merezi. Nire gurasoak ados daude beti». Gure sei seme-alabek argi zuten, biblia-printzipioak praktikan jartzerakoan, beti ados geundela. Eskerrak ematen dizkiogu Jehobari familiako askok bera zerbitzatzen dugulako.

Egiak nire lehentasunak aldatu bazituen ere, medikuntza anai-arrebei laguntzeko erabili nahi nuen. Horregatik, Betelera joaten hasi nintzen laguntzera, hasiera batean Pariseko sukurtsalean eta, beranduago, Louviers-eko sukurtsal berrian. Guztira ia 50 urtez aritu nintzen hara joaten. Betelen oso lagun onak egin nituen. Horietako batzuek orain 90 urte inguru dituzte. Egun batean Betelen zerbitzatzen hasi zen gazte bat ezagutu eta 20 urte lehenago mundura etortzen lagundu niola konturatu nintzen. A zer sorpresa!

JEHOBA BERE HERRIAZ ZENBAT ARDURATZEN DEN IKUSI DUT

Urteetan zehar, Jehoba geroz eta gehiago maitatzera iritsi naiz bere erakundearen bidez ematen digun gida eta babesa ikustean. Zuzendari-batzordeak 80. hamarkada hasieran programa berezi bat antolatu zuen Estatu Batuetan. Honen asmoa, Jehobaren lekuko eta osasungintza profesionalen arteko komunikazioa hobetzea zen.

1988⁠an, Zuzendari-batzordeak Ospitale-informazio saila sortu zuen. Sail honek Ospitale-harremanetarako batzordeak gainbegiratzen zituen. Era horretara, Estatu Batuetako anai-arrebei tratamendu egokia aurkitzeko laguntza ematen zitzaien. Beranduago, antolakuntza hau mundu mailan zabaldu zenean, Ospitale-harremanetarako batzordeak Frantzian ere ezarri ziren. Jehobaren erakundeak gaixorik dauden anai-arrebak zein ondo zaintzen dituen ikusteak, izugarri liluratzen nau!

LASTER BETEKO DEN AMETSA

Predikatze-lanaz gozatzen jarraitzen dugu

Medikuntza garrantzitsuena zen niretzat, baina nire lehentasunak aztertu eta gero, jendea espiritualki sendatzen laguntzea inportanteagoa zela konturatu nintzen. Jendea Biziaren Iturrira, Jehobarengana, gerturatzen lagundu nahi nuen. Erretiratzean, Lydiek eta biok aitzindaritza erregularra hasi genuen. Gaur egun ahal dugun guztia egiten ari gara jendea laguntzeko.

Lydierekin, 2021⁠ean

Oraindik ere gaixorik daudenei laguntzen saiatzen naiz. Baina onartu beharra dago mediku onenak ere ezin dituela gaixotasun guztiak sendatu edo heriotza kendu. Mina eragiten duen guztia, gaixotasunak eta heriotza barne, desagertzen ikusteko irrikan nago. Gainera, paradisuan Jainkoaren sorkuntza hobeto ezagutu ahal izango dut, besteak beste, giza gorputzaren diseinua. Laster nire txikitako ametsa guztiz beteko da. Ziur nago, onena iristeko dago oraindik!