Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zakariasek ikusi zuena ikusten al duzu?

Zakariasek ikusi zuena ikusten al duzu?

«Ene izpirituaz, dio armadetako Jaunak» (ZA 4:6, Du).

sjj 73. KANTA Emaguzu kemena

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zergatik sentituko ziren hunkituta judutar erbesteratuak?

 KALEETAN emozioa nabari da. Babilonian hainbeste urte gatibu egon eta gero, Jehobak berak eraginda, Persiako errege Zirok israeldarrak askatzeko agindua eman du. Beraien herrira itzultzeko eta Jehobaren etxea berreraikitzeko baimena eman die (Esd 1:1, 3). Juduak hunkituta sentituko ziren. Jehobak emandako lurraldean bera berriro adoratzeko aukera izango zuten.

2. Zer egin zuten hasiera batean Jerusalemera itzuli ziren erbesteratuek?

2 K.a. 537. urtean, lehen erbesteratuak Jerusalemera iritsi ziren, hau da, Juda izandako erreinuaren hiriburura. Judu hauek segituan hasi ziren lanean eta 536. urterako dagoeneko tenpluaren oinarriak jarri zituzten!

3. Zer oposizio jasan zuten judutarrek?

3 Hala ere, tenpluko eraikuntza hasi orduko, judutar hauek inguruko herrien oposizio latza jasaten hasi ziren. Nazio hauetako jendea «adorea kentzen eta beldurra ematen hasi zitzaien» lana utz zezaten (Esd 4:4). Baina egoera oraindik gehiago okertu zen. K.a. 522. urtean, Persiako errege berria, Artaxerxes, tronura igo zen. * Aurkariek, egoera berri hau, eraikuntza-lanak behin-betiko eteteko aukera bezala ikusi zuten. Horretarako, «legearen izenean arazoak sortzen» aritu ziren (Sal 94:20NWT). Judutarrak bere aurka altxatzeko asmotan zebiltzala esan zioten erregeari (Esd 4:11-16). Honek gezurrak sinetsi eta eraikuntza-lanak debekatu zituen (Esd 4:17-23). Beraz, hain pozik hasitako lana gelditu egin zen (Esd 4:24).

4. Zer egin zuen Jehobak tenplua eraikitzeko debekuaren aurrean? (Isaias 55:11)

4 Jehoba adoratzen ez zuten bertako biztanleek eta Persiako gobernuko batzuek, tenplua eraikitzeko lana eten nahi zuten. Baina Jehobak lanak aurrera egitea nahi zuen eta bere asmoa beti betetzen du (Irakurri Isaias 55:11). Horretarako, Zakarias profeta ausarta aukeratu eta zortzi ikuskariren bidez, bere herria animatzera bidali zuen. Ikuskari hauen bidez, beldurrik ez izatera eta Jehobaren lana bukatzera animatu zituen. Artikulu honetan bosgarrenean jarriko dugu arreta, hau da, argimutila eta olibondoen ikuskarian.

5. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

5 Denok sentitu gaitezke noizean behin desanimaturik. Zakariasek jaso zuen bosgarren ikuskariak lagundu gaitzake. Hau ulertzeak hurrengo egoeretan Jehoba leialki zerbitzatzen lagunduko digu: oposizioa jasatean, aldaketei aurre egitean eta ulertzen ez ditugun jarraibideak jasotzean.

OPOSIZIOA JASATEAN

Zakariasek ikuskari batean bi olibondo ikusi zituen. Hauek zazpi kriseiluko argimutil batetara olioa hornitzen zuten (Ikusi 6. paragrafoa)

6. Nola eman zien ausardia judutarrei Zakarias 4:1-3 pasarteko ikuskariak? (Ikusi azaleko irudia)

6 Irakurri Zakarias 4:1-3. Bi olibondo eta argimutilaren ikuskariak oposizioari aurre egiteko ausardia eman zien juduei. Nola? Konturatu al zara zein den erregaiaren iturri etengabea? Bi olibondoek olioa ontzi batera daramate eta honek argimutilaren zazpi kriseiluak hornitzen ditu. Beraz, argimutilaren erregaia ez da inoiz agortzen. Zakariasek ikuskari honen esanahia zein den galdetu zuen. Aingeru batek Jehobaren mezua zein zen esan zion: «Ez armadez, ez indarrez, bainan ene izpirituaz, dio armadetako Jaunak» (Za 4:4, 6, Du). Olibondoetatik ateratzen den olioak Jehobaren espiritu santua irudikatzen du. Hau ez da inoiz agortzen. Persiako indar militarrek ezin zuten ezer egin espiritu santu boteretsuaren aurka. Jehoba beraien alde bazegoen, tenplua eraikitzen ari zirenak oposizioari aurre egin eta lana burutzeko gai izango ziren. Hau bai mezu animagarria! Juduek egin behar zuten gauza bakarra Jehobarengan konfiantza izan eta lanera bueltatzea zen. Eta hala egin zuten, nahiz eta debekua oraindik indarrean egon.

7. Zerk lagundu zien juduei tenplua amaitzen?

7 K.a. 520. urtean, tenplua eraikitzen ari zirenek arnas pixka bat hartu ahal izan zuten. Persiako tronuan errege berri bat zegoen eta bere erregetzaren bigarren urtean, tenplua eraikitzeko debekua ilegala zela konturatu zen. Errege honek, Dario Lehenak, proiektua burutzeko baimen ofiziala eman zien (Esd 6:1-3). Eta ez hori bakarrik. Erregeak inguruko herriei eraikuntzan oztoporik ez jartzeko eta proiektuarentzat materiala eta dirua emateko agindu zien. Judutarrak zur eta lur geratuko ziren! (Esd 6:7-12). Honi esker, lau urte geroxeago, 515. urtean, proiektua amaitu zuten (Esd 6:15).

Oposizioa jasatean, Jehobaren indarraz fidatu (Ikusi 8. paragrafoa)

8. Zergatik izan gaitezke ausartak oposizioa jasan arren?

8 Gaur egun ere, Jehobaren adoratzaile askok oposizioari egin behar diote aurre. Adibidez, herrialde batzuetan gure lana debekatuta dago. Han gure anai-arrebak «agintari eta erregeen aurrera» eramaten dituzte eta honela hauek testigantza jasotzen dute (Mt 10:17, 18). Batzuetan, agintari aldaketa bat dagoenean, arnas pixka bat hartu dezakete. Edo beste batzuetan, zuzena den epaile batek beraien aldeko erabaki bat hartu dezake. Baina askatasuna dagoen beste herrialde batzuetan ere, Lekuko batzuek beste oposizio mota bat jasaten dute: beraien senideek Jehoba zerbitzatzeari uztea nahi dute (Mt 10:32-36). Senide hauek, nahi dutena lortzen ez dutela ikusten dutenean, askotan oztopoak jartzeari uzten diote. Eta kasu batzuetan, lehenago amorru biziz kontra egiten zuten zenbait, orain, Jehoba gogo biziz zerbitzatzera iritsi dira. Beraz, oposizioaren aurrean, ez amore eman! Izan ausarta. Jehoba eta bere espiritu santu boteretsua lagun, ez duzu zertan izan behar beldur!

ALDAKETEI AURRE EGITEAN

9. Zergatik desanimatu ziren batzuk tenpluko oinarriak ikusi zituztenean?

9 Tenplu berriaren oinarria jarri zenean, judutar zaharrenetako batzuk negarrez hasi ziren (Esd 3:12). Salomonen tenplu handia ikusi zuten eta tenplu berri hau, bestearekin konparatuz, ezer ez zela sentitzen zuten (Ag 2:2, 3). Bien arteko desberdintasun hau jasanezina zen beraientzat. Baina Zakariasen ikuskariak gauzak modu positiboan ikusten lagundu zien. Nola?

10. Nola lagundu zien juduei Zakarias 4:8-10⁠ko hitzek?

10 Irakurri Zakarias 4:8-10NWT *. Aingeruak juduei buruz honakoa esan zuen: «Alaitasunez beteko baitira eta Zorobabelen [judutar gobernariaren] eskuetan plomua ikusiko baitute». Zer esan nahi zuen hitz hauekin? Plomua zerbait bertikal edo zuzen dagoen egiaztatzeko erabiltzen den tresna da. Hitz hauekin aingerua honako hau ziurtatzen ari zitzaion herriari: batzuentzat itxuran xumea izan arren, tenplua amaituko zutela eta Jehobak eskatzen zuen mailara iritsiko zela. Beraz, Jehoba tenpluarekin pozik bazegoen, zergatik ez ziren beraiek pozik egongo? Jehobarentzat garrantzitsuena tenplu berrian berak nahi zuen bezala adoratzea zen. Hori egiten eta Jehobaren onespena lortzen saiatzen baziren, poza berreskuratuko zuten.

Egoera berrien aurrean, jarrera positiboa landu (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak) *

11. Zer erronka dituzte Jehobaren adoratzaile batzuek gaur egun?

11 Aldaketak erronka galanta izan daitezke gutako askorentzat. Urte askotan zehar, denbora osoko zerbitzu berezian egondako batzuek, eginkizun berria jaso dute. Beste batzuek, adinarengatik, Jehobaren zerbitzuan egiten zuten lana utzi behar izan dute. Egoera hauetan normala da triste sentitzea. Hasieran, agian, aldaketa ez dugu ulertzen edo ez gaude honekin ados. Lehen egiten genuena faltan botatzen dugu eta Jehobaren alde orain egiten duguna gutxi dela iruditzen zaigu (Es 24:10). Nola lagundu gaitzake Zakariasen ikuskariak Jehobari gure onena ematen?

12. Nola laguntzen digu Zakariasen ikuskariak aldaketen aurrean pozik egoten?

12 Gauzak gure Aitak bezala ikusteak, aldaketak onartzen lagunduko digu. Jehoba gauza izugarriak lortzen ari da eta guk berarekin elkarlanean aritzeko ohorea daukagu (1 Ko 3:9). Gure eginkizunetan aldaketak egon arren, Jehobak digun maitasuna ez da aldatzen. Beraz, aldaketak guregan eragin zuzena badu, ez gaitezen ibili zergatiari bueltak ematen. Ez dezagun pentsatu «aldi joanak» oraingoak baino hobeak direnik (Koh 7:10). Horren ordez, eskatu Jehobari aldaketaren alde ona ikusten laguntzeko. Egin ezin ditzakezun gauzetan pentsatu beharrean, zure esku dauden gauzetan pentsatu. Zakariasen ikuskariak jarrera positiboa izatearen garrantzia azpimarratzen du. Horrelakoak bagara, aldaketak egon arren, Jehoba pozik eta leialki zerbitzatuko dugu.

GIDA JARRAITZEA ZAILA DENEAN

13. Zergatik irudituko zitzaien israeldar batzuei eraikuntza-lanak berriro hastea ideia txarra izango zela?

13 Tenplua berreraikitzeko debekua indarrean zegoen. Hala ere, Jainkoak aurrea eramateko izendatutako gizonak, Josue apaiz nagusia eta Zorobabel gobernaria, «Jainkoaren etxea eraikitzen hasi ziren» (Esd 5:1, 2). Garai hartako juduei oso ideia txarra irudituko zitzaien. Eraikuntza ezin zenez ezkutuan egin, etsaiek ikusi eta trabak jartzen hasiko zirela pentsatuko zuten. Josue eta Zorobabelek Jehobaren babesa zutela sentitu behar zuten eta izan, izan zuten. Nola?

14. ⁠Zakarias 4:12, 14⁠aren arabera, zer babesa jaso zuten Josue eta Zorobabelek?

14 Irakurri Zakarias 4:12, 14NWT *. Ikuskariaren zati honetan aingeruak bi olibondoak bi gantzutuak direla esaten du, hau da, Josue eta Zorobabel. Bi gizon hauek, sinbolikoki, «lur osoko Jaunaren ondoan zutik daude». A zer ohorea Jehobaren ondoan egotea! Honek Jaungoikoaren konfiantza dutela esan nahi du. Israeldarrek bi gizon hauek hartzen duten erabakietan konfiantza izan zezaketen, Jehoba beraiek erabiltzen ari baitzen.

15. Nola erakutsi dezakegu Jehobaren gida errespetatzen dugula?

15 Gaur egun Jehobak bere herria gidatzeko modu bat Bibliaren bidez da. Liburu Santu honek Jehoba nola adoratu behar dugun erakusten du. Nola erakutsi dezakegu gida hau errespetatzen dugula? Arretaz irakurriz eta ondo ulertzeko behar den denbora hartuz. Zeure buruari galdetu: «Biblia edo gure beste argitalpen bat irakurri ondoren, gelditu eta hausnartzen jartzen al naiz? Ulerterraza ez dena konprenitzeko, informazioa bilatzen al dut? Edo arin-arin irakurtzen al dut, besterik ez?» (2 P 3:16). Jehobak esaten dizkigun gauzetan hausnartzen badugu, bere gida jarraitu eta predikatze-lana burutzeko gai izango gara (1 Tm 4:15, 16NWT).

Morroi leial eta zentzudunak ematen duen gidan konfiantza izan (Ikusi 16. paragrafoa) *

16. Morroi leial eta zentzudunak ematen duen gida guztiz ulertzen ez dugunean, zerk lagundu gaitzake hau jarraitzen?

16 Jehobak gida emateko erabiltzen duen beste modu bat «morroi leial eta zentzuduna» da (Mt 24:45). Bere erakundetik datozen instrukzio batzuk ez ditugu agian guztiz ulertuko. Adibidez, beharbada ez dugu uste hondamendi naturalik gertatuko denik gure inguruan. Baina, hala ere, argibide zehatzak ematen dizkigute prest egoteko. Edo pandemia garaian hartzen dituzten osasun-neurriak zorrotzegiak direla iruditzen zaigu. Zerk lagunduko digu jarraibideak onartzen? Josue eta Zorobabelek emandako gidak israeldarrei zenbat lagundu zien pentsatzeak. Honetaz gain, Bibliako beste pasarte batzuk aztertzean, giza ikuspuntutik logikoak ez ziruditen instrukzioak obeditzeak, biziak salbatu zituela ikusten dugu (Ep 7:7; 8:10).

IKUSI ZAKARIASEK IKUSI ZUENA

17. Zer eragin izan zuen judutarrengan bi olibondo eta argimutilaren ikuskariak?

17 Zakariasen bosgarren ikuskaria laburra izan arren, israeldarrei lanaren aurrean eta Jehobaren adorazioan jarrera positiboa izaten lagundu zien. Ikuskari honen arabera jokatu zutenean, israeldarrek Jehobaren laguntza eta gida jaso zuten. Espiritu santu boteretsuari esker, Jehobak lana burutzen eta poza berreskuratzen lagundu zien (Esd 6:16).

18. Zer eragin izan dezake zugan Zakariasen ikuskariak?

18 Bi olibondoen eta argimutilaren ikuskariak eragin zuzena izan dezake zure bizitzan. Alde batetik, oposizioa jasateko indarra emango dizu. Bestetik, aldaketen aurrean poza izango duzu eta, azkenik, jarraibideak ulertzen ez dituzunean ere, obedientea izateko konfiantza edukiko duzu. Zer egingo duzu orduan bizitzako gorabeheren aurrean? Lehenengo, Zakariasek ikusi zuena ikusi: Jehobak bere herria zaintzen duen froga argia. Eta, gero, ikusitakoa ikusita, Jehobarengan konfiantza erakutsi eta bera bihotz osoz zerbitzatu (Mt 22:37). Hala egin ezkero, Jehobak bere zerbitzuan zoriontsu betirako izaten lagunduko dizu (Kol 1:10, 11).

sn 23. KANTA Jehoba, gure indarra

^ § 5 Zakariasek Jehobarengandik hainbat ikuskari harrigarri jaso zituen. Jehobaren herria adorazio garbia berrezartzen saiatzen ari zen, baina zailtasun asko zituzten. Zakariasek ikusi zuenak bai berari, baita herri osoari ere, zailtasun horiei aurre egiteko indarra eman zien. Ikuskari horiek gaur egun ere Jehoba leial zerbitzatzen lagundu gaitzakete. Horretarako, argimutila eta bi olibondoen ikuskaria aztertuko dugu zehazki.

^ § 3 Urte batzuk beranduago, Nehemiasen garaian, Artaxerxes izeneko beste errege bat judutarren aldekoa izan zen.

^ § 10 Zakarias 4:8-10NWT: «Jehobaren hitzak jaso nituen berriro. Esan zidan: “Zorobabelen eskuek etxe honen oinarria jarri dute eta bere eskuek bukatuko dute. Armadetako Jehobak zuengana bidali nauela jakin beharko duzu. Zeren eta, nork mespretxatu du hasiera apalen eguna? Alaitasunez beteko baitira eta Zorobabelen eskuetan plomua ikusiko baitute. Zazpi hauek dira Jehobaren begiak, lur osoan dabiltzanak”».

^ § 14 Zakarias 4:12NWT: «Eta bigarren galdera bat egin nion: “Zer irudikatzen dute urrezko bi hodietan zehar urrezko likidoa isurtzen duten bi olibondoen adar sortek?”». Zakarias 4:14NWT: «Hark esan zuen: “Lur osoko Jaunaren ondoan zutik dauden bi gantzutuak dira hauek”».

^ § 62 IRUDIEN AZALPENAK: Anaia bat adina eta osasun kaskarragatik datozen aldaketetara egokitu behar duela konturatzen da.

^ § 64 IRUDIEN AZALPENAK: Arreba bat honakoan hausnartzen ari da: morroi leial eta zentzudunak Jehobaren babesa du Josue eta Zorobabelek izan zuten bezala.