Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehoba adoratzeak zoriontsuago egingo gaitu

Jehoba adoratzeak zoriontsuago egingo gaitu

«Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko» (AP 4:11).

sn 26. KANTA Ibili Jainkoarekin

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer egin behar dugu Jehobak gure adorazioa onartzeko?

 ZER etortzen zaizu burura adorazio edo gurtza hitza entzuten duzunean? Agian ohe ondoan belauniko bihotz-bihotzez otoitz egiten ari den norbaiten irudia edo, beharbada, elkarrekin Biblia aztertzeaz gozatzen ari den familia batena.

2 Bi kasuetan, Jainkoa adoratzen ari dira. Onartuko al du Jehobak beraien gurtza? Maitasunez eta errespetuz egina eta bere nahiaren araberakoa bada, bai. Jehobak adorazioa merezi duela dakigunez eta asko maite dugunez, ahalik eta hoberen egin nahi dugu.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, antzina Jehobak zer adorazio mota onartu zuen gogoratuko dugu. Gaur egungo gure adorazioaren zortzi alderdi aztertuko ditugu eta hauetako bakoitzean nola hobetu dezakegun ikusteko aukera izango dugu. Gainera, Jehoba modu egokian adoratzeak zoriontsu zergatik egiten gaituen ikusiko dugu.

JEHOBAK ANTZINA ONARTUTAKO ADORAZIOA

4. Nola erakutsi zioten Jehobari maitasuna eta errespetua antzinako bere adoratzaileek?

4 Abel, Noe, Abraham eta Job bezalako gizon leialek asko maitatzen eta errespetatzen zuten Jehoba. Nola erakutsi zuten? Obedientzia, fedea eta sakrifizioen bidez. Bibliak ez du zehazten Jehoba adoratzeko egin behar zuten guztia. Baina ahal zuten guztia egin zuten eta Jehobak onartu egin zuen. Denborarekin, Jehobak Moisesen Legea eman zien Abrahamen ondorengoei. Lege honen bidez, bera modu onargarrian adoratzeko instrukzio zehatzak eman zituen.

5. Zer aldaketa egon zen Jehobaren adorazioan Jesus hil eta berpiztu ondoren?

5 Jesus hil eta berpiztu ondoren, Jehobak ez zien bere zerbitzariei Moisesen legea jarraitzeko eskatu (Erm 10:4). Honen ordez, kristauek lege berri bat jarraitu behar zuten: «Kristoren legea» (Ga 6:2). Hau ez zuten debekatuta eta baimenduta zeuden gauzen lege zerrenda bat jarraituz betetzen, Jesu Kristoren eredua imitatuz eta bere irakaspenak praktikan jarriz baizik. Gaur egun ere, kristauok ahal dugun guztia egiten dugu Jehoba poztu eta «bizitzarako atsedena lortzeko» (Mt 11:29).

6. Zertan lagundu gaitzake artikulu honek?

6 Adorazioaren alderdi bakoitza aztertu ahala, pentsatu: «Zer lortu dut orain arte? Hobetu dut? Gehiago hobetu al dezaket?». Noski, orain arte egindakoarekin pozik egoteko arrazoiak dituzu. Baina, era berean, zertan hobetu behar duzun ikusteko laguntza eskatu beharko zenioke Jehobari.

NOLA ADORATZEN DUGU JEHOBA?

7. Nolakoak dira Jehobarentzat bihotzez egiten ditugun otoitzak?

7 Otoitz egiten dugunean, Jehoba adoratzen ari gara. Tabernakuluan, eta gero tenpluan, ondo prestatutako intsentsua eskaintzen zen. Bibliak honekin konparatzen du otoitza (Sal 141:2). Jehobak intsentsuaren usaina asko atsegin zuen bezala, hitz errazak erabili arren, bihotzez egindako otoitza «asko atsegin du» (Es 15:8; Dt 33:10). Otoitzetan asko maite dugula eta oso eskertuta gaudela entzutea gustatzen zaio. Gure kezka, ilusio eta nahiak kontatzea nahi du. Otoitz egin aurretik, zergatik ez dugu zer esango diogun ondo pentsatzeko astia hartzen? Horrela, «intsentsua» bezain ondo prestatuta dagoen otoitza eskainiko diogu.

8. Zer aukera paregabea daukagu Jainkoa goresteko?

8 Jehoba goresten dugunean, bera adoratzen ari gara (Sal 34:2 [34:1, NWT]). Jehoba gorestea besteei bere ezaugarri eta ekintzak maitatzen eta miresten ditugula kontatzea da. Bihotza esker onez beteta badugu, kontatzeko gauza asko izango dugu. Noski, horretarako Jehobak gure alde egindakoan hausnartzeko denbora hartu behar dugu. Predikazioa Jainkoari oparitzat etengabeko gorespena emateko aukera paregabea da, «geure ezpainez beraren izena aitortuz» (Heb 13:15). Otoitz egin aurretik egin nahi dugun bezala, predikatu aurretik ere ondo pentsatu nahi dugu zer esango dugun. Jehobari ahalik eta gorespen opari hoberena eskaini nahi diogu. Horregatik hitz egiten dugu gogo biziz predikatzean.

9. Israeldarrek bezala, zer bedeinkapen jasotzen ditugu bileretan gaudenean? Kontatu zuk jaso duzun bedeinkapenen bat.

9 Bileretan gaudenean, Jehoba adoratzen ari gara. Israeldarrek agindu hau jaso zuten: «Urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan» (Dt 16:16). Hori egitean, etxeak eta uztak zaindu gabe utziko zituzten, baina Jehobak promestu zien: «Ez du inork zuen lurraldeaz jabetzeko irrikarik izango, zeuen Jainko Jaunaren aurrean urtean hiru aldiz aurkeztuko zaretenean» (Ir 34:24). Jehobarengan konfiantza handia erakutsiz, israeldarrak jaiak ospatzera joaten ziren urtero. Honi esker, bedeinkapen handiak lortzen zituzten: Legea hobeto ulertzea, Jehoba zein ona den hausnartzeko aukera izatea eta, elkarrekin egonez, batak bestea animatzea (Dt 16:15). Guk ere bileretan egoteko sakrifizioak egiten ditugunean, antzeko bedeinkapenak lortzen ditugu. Eta gainera, ondo pentsatutako komentario laburrak egiten ditugunean, Jehoba asko pozten dugu.

10. Zergatik da abestea gure adorazioaren parte garrantzitsu bat?

10 Gure anai-arrebekin batera abesten dugunean, Jehoba adoratzen ari gara (Sal 28:7). Israeldarrek bazekiten abestea Jehobaren adorazioaren parte garrantzitsua zela. Adibidez, Dabid erregeak 288 lebitar kantari izendatu zituen tenpluan lan egiteko (1 Kro 25:1, 6-8). Gaur egun ere, gorespen kantuak abestuz, Jehoba maite dugula erakusten dugu. Garrantzitsuena ez da ahots polita izatea. Pentsatu honetan: hitz egitean «askotan huts egiten» dugun arren, bai kongregazioan, baita predikatzean ere, hitz egiten jarraitzen dugu (St 3:2). Beraz, nahiz eta ongi abesten ez dugula pentsatu, Jehoba kantuz goresten jarraitu nahi dugu.

11. ⁠48. Salmoa 14⁠aren arabera, zergatik hartu behar dugu denbora gure familiarekin batera Biblia ikasteko?

11 Biblia aztertu eta gure seme-alabei irakasten diegunean, Jehoba adoratzen ari gara. Larunbatak eguneroko lanak alde batera utzi eta Jehobarengana gerturatzeko aukera ematen zien israeldarrei (Ir 31:16, 17). Guk ere, gure eguneroko zereginetatik denbora hartu behar dugu Biblia irakurri eta aztertzeko. Honek Jehobarengana hurbiltzen gaitu eta gure adorazioaren parte da (Sal 73:28). Gainera, israeldarrek larunbata seme-alabei Jehoba zein ona den irakasteko ere erabiltzen zuten. Guk ere, familiarekin batera ikasten dugunean, «hurrengo gizaldiari», hau da gure seme-alabei, Jehobaren adiskide izaten laguntzen diegu (Irakurri 48. Salmoa 14 [48:13, NWT].

12. Nola ikusten zuen Jehobak tabernakulua eta bertako altzariak egiteko lana, eta zer ikasten dugu honetatik?

12 Adorazio lekuak eraiki eta mantentzen ditugunean, Jehoba adoratzen ari gara. Jehobarentzat tabernakulua eta bertako altzariak egiteko lana zerbitzu sakratua zen (Ir 36:1, 4). Gaur egun ere, berdin ikusten du bilera-areto eta instalazio teokratikoak eraikitzeko lana. Anai-arreba batzuek denbora asko ematen dute lan hauetan. Zenbat eskertzen dugun ezinbestekoa den lan hau egitea! Noski, predikatu ere egiten dute. Batzuek aitzindari izan nahi dute ere. Adindunek eraikuntza-lanari babesa ematen diote baldintzak betetzen dituzten anai-arreba langile hauei aitzindari izateko oztoporik ez jartzean. Eraikuntzarako trebetasunik ez izan arren, guztiok lagundu dezakegu eraikinak garbitzen eta mantentzen.

13. Zer pentsatu behar genuke Erreinuaren alde egiten ditugun dohaintzei buruz?

13 Erreinuaren aldeko dohaintzak ematen ditugunean, Jehoba adoratzen ari gara. Israeldarrak ezin ziren Jehobaren aurrean esku hutsik aurkeztu (Dt 16:16). Bakoitzak, bere egoeraren arabera, ahal zuena ematen zuen. Horrela, Jehobak bere alde egindako guztia eskertzen zuen. Guk ere Jehobari gure maitasuna eta esker ona erakutsi nahi dizkiogu. Nola? Modu bat gure kongregazioaren eta mundu mailako lanaren aldeko dohaintzak egitea da. Noski, hau dena gure egoeraren arabera. Paulo apostoluak esan zuen bezala, «izan ere, borondatea duenari, eman dezakeena onartzen zaio, ez zaio besterik eskatzen» (2 Ko 8:4, 12). Jehobak bihotz-bihotzez egindako dohaintzak estimatzen ditu, nahiz eta oso txikiak izan (Mk 12:42-44; 2 Ko 9:7).

14. ⁠Esaera Zaharrak 19:17⁠aren arabera, nola ikusten du Jehobak beharrean dauden anai-arrebei ematen diegun laguntza?

14 Beharrean dauden fedekideei laguntzen diegunean, Jehoba adoratzen ari gara. Behartsuak laguntzen bazituzten, Jehobak saritu egingo zituela hitzeman zien israeldarrei (Dt 15:7, 10). Guk ere beharrean dagoen fedekide bati laguntzen diogunean, Jehobak berari emango bagenio bezala hartzen du (Irakurri Esaera Zaharrak 19:17). Adibidez, Paulo preso zegoela, filipoarrek oparitxo bat bidali zioten eta «Jainkoak atseginez onartzen duen oparia» zela esan zuen (Flp 4:18). Pentsatu zure kongregazioko anai-arrebetan. Ba al dago laguntza behar duen norbait? Jehoba gurekin oso pozik egongo da beharrean daudenei laguntzeko gure denbora, indarrak, trebetasunak eta ondasunak erabiltzen ditugunean. Hau guztia gure adorazioaren parte da (St 1:27).

JEHOBA ADORATZEAK ZORIONTSU EGITEN GAITU

15. Gure denbora eta esfortzua eskatu arren, zergatik ez da astuna Jehoba adoratzea?

15 Jehoba adoratzeak denbora eta esfortzua eskatzen du. Baina ez zaigu astuna egiten (1 Jn 5:3). Zergatik ez? Jehoba asko maite dugulako. Imajinatu aitatxorentzat marrazki bat egiten ari den haurra. Nahiz eta marrazten denbora asko pasa, pozik egingo du. Bere aitatxo asko maite duenez, ez du pentsatuko zenbat denbora pasa duen horretan. Guk ere gure Aita Jehoba asko maite dugu. Beraz, pozik ematen diogu gure denbora eta behar diren esfortzuak egiten ditugu bera adoratzeko.

16. ⁠Hebrearrei 6:10⁠aren arabera, nola ikusten ditu Jehobak bera pozteko egiten ditugun ahaleginak?

16 Gurasoek ez dute seme-alaba guztiek opari berdinak ematea espero. Badakite bakoitzak izaera eta gaitasun desberdinak dituela. Era berean, Jehobak badaki gutako bakoitza desberdina dela. Agian Jehobaren zerbitzuan gure ingurukoek baino gehiago egin dezakegu. Edo baliteke adina, osasun arazoak edo familia ardurak direla eta, besteek egiten duten bezainbeste egiteko aukerarik ez izatea. Baina ez dugu desanimatu behar (Ga 6:4). Jehoba ez da ahaztuko zuk egindakoaz. Zure onena motibazio egokiarekin ematen diozun bitartean, oso pozik egongo da zurekin (Irakurri Hebrearrei 6:10). Jehobak zure bihotza ezagutzen du eta badaki zer eman nahi diozun. Horregatik egin dezakezunarekin pozik egotea nahi du.

17. a) Zer egin dezakegu gure adorazioaren alderdiren bat betetzea kostatzen bazaigu? b) Nola lagundu dizu « Zoriontsuago izan» taulako alderdiren batek?

17 Agian zaila egiten zaigu gure adorazioaren alderdiren bat, adibidez, ikasketa pertsonala edo predikazioa. Zer egin dezakegu orduan? Konparatu dezagun kirol bat praktikatu edo musika-tresna bat jotzen ikastearekin. Noizean behin egiten badugu, ez dugu asko hobetuko. Egunero pixka bat saiatzen bagara eta eskaintzen diogun denbora pixkanaka luzatzen badugu, gehiago gozatzen hasiko gara. Gainera, hobetzen ari garela ikusiko dugu eta eguneko momentu hori iristeko irrikan egongo gara. Zer iruditzen zaizu? Antzeko zerbait gerta al daiteke gure adorazioarekin? Zenbat eta gehiago saiatu gure adorazioaren alderdi bakoitzean, orduan eta gehiago gozatuko dugu eta probetxu handiagoa aterako diogu.

18. Nola betetzen dugu gure bizitzaren helburua eta zer lortzen dugu honi esker?

18 Jehoba bihotz-bihotzez adoratzen dugunean, gure bizitzaren helburua betetzen ari gara. Honi esker zoriontsu gara, esanahiaz betetako bizitza dugu eta, gainera, Jehoba betiko adoratzeko esperantza daukagu (Es 10:22). Arazoak ditugunean, Jehoba gure ondoan egongo dela eta lagunduko digula dakigunez, barneko bakea sentitzen dugu (Is 41:9, 10). Beraz, arrazoi asko ditugu gure Aita maitea pozik adoratzeko, bera baita kreazio osoaren eskutik «aintza, ohorea eta ahalmena» jasotzea merezi duena (Ap 4:11).

sjj 24. KANTA Zatoz Jehobaren mendira

^ § 5 Jehobak gauza guztiak sortu dituenez, adorazioa jasotzea merezi du. Gurea onartzeko, bere arauak eta printzipioak bete eta jarraitu behar ditugu. Artikulu honetan gure adorazioaren zortzi alderdi ikusiko ditugu. Hauetako bakoitza aztertzean, nola hobetu dezakegun eta zoriontsuago izaten nola laguntzen gaituen ikusiko dugu.