Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Adindunok, jarraitu Paulo apostoluaren eredua

Adindunok, jarraitu Paulo apostoluaren eredua

«Egin zaitezte nire antzeko» (1 KO 11:1).

sjj 99. KANTA Milaka anai-arreba

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zergatik lagundu ahal die Paulo apostoluaren ereduak gaur egungo adindunei?

 PAULO apostoluak anai-arrebak asko maite zituen. Horregatik, aspertu gabe beraien alde lan egin zuen (Eg 20:31). Eta, horrexegatik, anai-arrebek ere izugarri estimatzen zuten. Behin, Efesoko adindunek ez zutela berriro ikusiko jakin zutenean, «negarrari eman zioten» (Eg 20:37). Gaur egun ere, adindunek anai-arrebak asko maite dituzte eta buru-belarri ari dira beraien alde lanean (Flp 2:16, 17). Baina, batzuetan, adindunentzat ez da erraza egin behar duten guztia egitea. Zerk lagundu ahal die dituzten erronkak gainditzen?

2 Inurriak bezain langileak diren gure adindunek, asko ikasi dezakete Paulorengandik (1 Ko 11:1). Bera ez zen supergizakia. Gizon inperfektua zen eta ongi dagoena egiteko borrokan ibiltzen zela aitortu zuen (Erm 7:18-20). Gainera, itxuran gaindiezinak ziruditen arazoei aurre egin behar izan zien. Baina ez zuen amore eman eta poza mantendu zuen. Paulo imitatuz, adindunek ere erronkak gainditu ahal izango dituzte eta Jehobaren zerbitzuan pozari eutsiko diote. Nola? Ikus dezagun.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan adindunek izaten dituzten lau erronka ikusiko ditugu: 1) Predikazioa eta beste arduren arteko oreka aurkitzea, 2) kongregazioko ardiak animatzea eta zaintzea, 3) norberaren inperfekzioagatik ez desanimatzea eta 4) besteen inperfekzioen aurrean orekatsu izatea. Nola egin zien aurre Paulok erronka hauei? Nola imitatu dezakete adindunek? Azter dezagun.

PREDIKAZIOA ETA BESTE ARDUREN ARTEKO OREKA

4. Zergatik izan daiteke adindunentzat erronka predikazioan aurrea eramatea?

4 Zergatik da erronka? Predikazioan aurrea eramateaz gain, adindunek beste ardura asko dituzte. Adibidez, aste barruko bileretan, kongregazioko biblia-ikasketa zuzentzen dute eta bileraburu izan ohi dira. Hitzaldiak ere prestatu eta aurkeztu behar dituzte. Kongregazioko laguntzaileak trebatzeko eta anai-arrebak animatzeko denbora hartzen dute (1 P 5:2). Eta, honetaz gain, batzuek bilera-areto eta beste instalazio teokratikoak eraikitzeko eta mantentzeko lanetan parte hartzen dute. Hala ere, beste guztiaren gainetik, eta beste guztiek bezala, berri onak zabaltzen dituzte (Mt 28:19, 20).

5. Zer jarrera izan zuen Paulok predikazioari buruz?

5 Pauloren eredua. Paulok predikazioan arrakasta izateko sekretua zein den idatzi zuen: «Garrantzitsuenak diren gauzez ziurtatu» (Flp 1:10NWT). Berak esan baino gehiago egin zuen; aholku hau praktikan jarri zuen. Paulok eginkizun bat jaso zuen: jendeari berri onak ematea. Hau izan zen beretzat garrantzitsuena. Hamarkadak eman zituen «jendaurrean eta etxez etxe» predikatzen (Eg 20:20). Paulok ez zuen eguneko momentu edota asteko egun zehatz batean bakarrik predikatzen. Horren ordez, Jehobari buruz hitz egiteko aukera guztiak aprobetxatzen zituen! Adibidez, Atenasen bere lagunen zain zegoela, pertsona garrantzitsu batzuei predikatzeko aukeraz baliatu zen eta batzuek ondo erantzun zuten (Eg 17:16, 17, 34). «Preso» zegoela ere, ingurukoei predikatu zien (Flp 1:13, 14; Eg 28:16-24).

6. Nola trebatu zituen Paulok besteak?

6 Paulok ezin hobe erabili zuen bere denbora. Adibidez, askotan besteak gonbidatzen zituen berarekin predikatzera. Lehenengo misiolari bidaian, Joan Markos gonbidatu zuen eta, bigarrenean, Timoteo (Eg 12:25; 16:1-4). Dudarik gabe, ahalegin handiak egin zituen anaia hauek trebatzeko. Kongregazioa nola antolatu, anai-arrebak nola animatu eta zaindu, eta irakasle bikainak nola izan irakatsi zien (1 Ko 4:17).

Paulo imitatu predikatzeko prest egonez (Ikusi 7. paragrafoa) *

7. Nola bete dezakete adindunek Paulok Efesoarrei 6:14, 15⁠ean esandakoa?

7 Ikasgaia. Paulo imitatuz, adindunek ez dute bakarrik etxez etxe predikatu behar. Edozein egoeratan egon behar lukete predikatzeko prest (Irakurri Efesoarrei 6:14, 15). Adibidez, erosketak egitean eta lantokian berri onei buruz hitz egin dezakete. Instalazio teokratikoak eraikitzen dituztenek ere, inguruko auzokideei eta saltzaileei predikatu ahal diete. Paulok bezala, predikatzen duten bitartean, besteak, hauen artean kongregazioko laguntzaileak, trebatu ditzakete.

8. Zer da beharrezkoa adindunek batzuetan egitea?

8 Adindunak oso lanpetuta daude eskualde eta kongregazioko lanekin. Baina honek ez du beraien predikatze-lana oztopatu behar. Otoitz egin behar dute erabaki on bat hartzeko. Gauza garrantzitsuenak egiteko denbora gabe geratu daitezkeela ikusten badute, ezetz esaten ikasi behar dute. Horrela, orekatsuak izatea lortuko dute. Gauza garrantzitsuen artean, familia-adorazioa astero-astero egitea, predikatze-lanean gogotsu aritzea eta seme-alabei honetan parte hartzen irakastea daude. Batzuei zaila egiten zaie ardura gehiagori ezetz esatea. Baina ziur egon daitezke Jehobak ulertzen duela gauza guztietan orekatsu izan nahi dutela.

KONGREGAZIOKO ARDIAK ANIMATZEA ETA ZAINTZEA

9. Zer erronka dute adindun lanpetuek?

9 Zergatik da erronka? Azken egun hauetan, Jehobaren zerbitzariok arazo asko ditugu. Horregatik, animoa, laguntza eta kontsolamendua behar dugu. Noizean behin, anai-arreba batzuek hanka ez sartzeko aholkua behar izaten dute (1 Ts 5:14). Adindunek arazoak kendu ezin dizkiguten arren, Jehobak bere ardiak animatzeko eta babesteko ahal duten guztia egitea nahi du. Nola atera dezakete hain lanpetuta dauden adindunek anai-arrebak laguntzeko denbora?

Besteak zoriondu eta animatu (Ikusi 10 eta 12 paragrafoak) *

10. ⁠1 Tesalonikarrei 2:7⁠ak dioen bezala, zer egin zuen Paulok anai-arrebak zaintzeko?

10 Pauloren eredua. Paulok beti bilatzen zituen anai-arrebak zoriontzeko eta animatzeko aukerak. Adindunek bere eredua jarraitzen dute Jehobaren ardiak maitasun samurrez tratatuz (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:7). Paulok estimatzen zituela eta Jehobak ere maite zituela esaten zien anai-arrebei (2 Ko 2:4; Ef 2:4, 5). Benetako laguna zela frogatzen zien elkarrekin denbora pasaz. Gainera, bihotza irekitzen zien bere beldurrak eta ahuleziak kontatuz eta horrela beraiengan konfiantza erakutsiz (2 Ko 7:5; 1 Tm 1:15). Hala ere, bere helburua ez zen arreta bere arazoetan jartzea. Bere lehentasuna anai-arrebak laguntzea zen.

11. Zergatik eman zien Paulok aholku anai-arrebei?

11 Batzuetan Paulok aholkuak eman behar izan zizkien bere anai-arrebei. Baina ez zituen haserreak bultzatuta ematen, arriskuetatik zaindu eta babestu nahi zituelako baizik. Ulertzeko erraza izatea nahi zuen eta jasoko zutenek nola hartuko zuten kontuan hartzen zuen. Adibidez, Paulok korintoarrei bidali zien lehen gutunean, aholku serioa eman zien. Gero, Tito bidali zuen aholkua nola jaso zuten jakiteko irrikan zegoelako. Izugarri poztu zen aholkuari ondo erantzun ziotela jakitean! (2 Ko 7:6, 7).

12. Nola animatu ditzakete adindunek fedekideak?

12 Ikasgaia. Adindunek Pauloren eredua jarraitu dezakete anai-arrebekin denbora pasatzen. Hau egiteko modu bat elkarrizketa atseginak eta animagarriak izateko asmotan, bileretara goiz iristea da. Askotan minutu gutxi batzuk nahikoa dira norbait animatzeko (Erm 1:12; Ef 5:16). Adindun batek Jainkoaren Hitza erabili dezake, anaia edo arreba bat indarberritzeko edota Jainkoak maite duela gogorarazteko. Are gehiago, adindunak bere maitasuna adierazten dio. Berarekin kontaktua mantentzen du eta zoriontzeko aukerak bilatzen ditu. Aholku ematea beharrezkoa bada, Biblian oinarrituta egon behar du. Aholkua zehatza eta goxoa izan behar da eta jasoko duenak nola hartuko duen kontuan izan behar du (Ga 6:1).

NORBERAREN INPERFEKZIOAGATIK DESANIMATZEA

13. Zer sentitu dezakete adindunek beraien inperfekzioak aztertzean?

13 Zergatik da erronka? Adindunak ez dira perfektuak. Beste guztiok bezala akatsak egiten dituzte (Erm 3:23). Euren ahuleziak aztertzean, orekatsuak izaten saiatzen dira. Batzuek, agian, euren mugetan arreta gehiegi jartzen dute eta desanimatu egiten dira. Beste batzuek, beharbada, aitzakiak bilatzen dituzte, akatsei garrantzia kentzen diete eta ez dute aldaketak egiteko ahaleginik egiten.

14. ⁠2 Korintoarrei 4:7⁠aren arabera, nola lagundu zion apaltasunak Paulori inperfekzioei aurre egiten?

14 Pauloren eredua. Paulo apala zen eta bere ahuleziei aurre egiteko Jehobaren laguntza behar zuela onartu zuen. Iraganean, kristauak amorru biziz pertsegitu zituen. Baina gaizki jokatu zuela onartu zuen eta bere izaera aldatzeko prest egon zen (1 Tm 1:12-16). Konturatzen zen hanka-sartze handiak egin zituela. Baina, hala ere, ez zuen behin eta berriz horretan pentsatzen. Horren ordez, Jehobak guztiz barkatzen ziola benetan sinetsi zuen (Erm 7:21-25). Bere laguntzarekin Paulo adindun maitekor, errukior eta apala bihurtu zen. Bazekien ez zela perfektua izango. Bere izaera hobetzeko gogor saiatu zen eta bere eginkizuna betetzeko Jehobaren laguntzan konfiantza jarri zuen (1 Ko 9:27; Irakurri 2 Korintoarrei 4:7).

Ahuleziak gainditzeko gogor lan egin (Ikusi 14 eta 15 paragrafoak) *

15. Bere ahuleziak aztertzean, zer oreka izan behar dute adindunek?

15 Ikasgaia. Adindunak ez dira perfektuak direlako izendatzen. Orduan, zer espero du Jehobak beraietaz? Dituzten akatsak onartzea eta izaera hobetzen saiatzea (Ef 4:23, 24). Adindunak zer aldaketa egin behar duen jakiteko, Biblia aztertu behar du. Orduan, Jehobak adindun zoriontsu eta ona izaten lagunduko dio (St 1:25).

BESTEEN INPERFEKZIOEN AURREAN OREKATSUA IZATEA

16. Zer gertatu daiteke adindun batek arreta besteen inperfekzioetan jartzen badu?

16 Zergatik da erronka? Kongregazioko anai-arrebekin zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta errazagoa da adindunentzako haien inperfekzioak ikustea. Arreta horretan jartzen badute, besteekin kritikoak, zorrotzak eta gogorrak bihurtu daitezke. Satanasek kristauak horrelakoak izatea nahi zuenez, Paulok kontuz ibiltzeko esan zuen (2 Ko 2:10, 11).

17. Zer pentsatzen zuen Paulok bere anai-arrebez?

17 Pauloren eredua. Bere anai-arrebei buruzko ikuspuntu positiboa mantendu zuen. Ondo zekien akatsak egiten zituztela, bere bizitzan eragina izan zutelako. Hala ere, pertsona txar bat eta jokaera txar baten arteko bereizketa egiten zekien. Erakusten zituzten ezaugarri onengatik maite zituen. Paulok bazekien bere anai-arrebak gauzak ondo egiteko borrokan bazebiltzan, motibazio on batengatik zela. Laguntza behar zutela ikusten zuen, besterik ez.

18. Nola jokatu zuen Paulok Ebodia eta Sintikerekin eta zer ikasten dugu? (Filipoarrei 4:1-3)

18 Adibidez, Filipoko kongregazioko bi arrebak, Ebodia eta Sintikek, tirabira bat izan zuten. Zer egin zuen Paulok hau jakitean? (Irakurri Filipoarrei 4:1-3) Ez zen haserretu eta beraiekin kritikoa izan. Horren ordez, beraien ezaugarri onak eta Jehoba denbora luzez leialki zerbitzatzen aritu zirela gogoratu zuen. Gainera, bazekien Jehobak asko maite zituela. Ikuspuntu honi esker, tirabira konpontzera animatu zituen. Jarrera positiboa izateak poza mantentzen eta kongregazio hartan adiskide onak izaten lagundu zion.

Saiatu besteekin kritikoa ez izaten (Ikusi 19. paragrafoa) *

19. a) Nola izan dezakete adindunek anai-arrebei buruzko ikuspuntu positiboa? b) Zer ikasi dezakezu bilera-aretoa garbitzen ari den adindunaren iruditik?

19 Ikasgaia. Adindunok, bilatu itzazue anai-arreben ezaugarri onak. Denok gara inperfektuak, baina hala ere, beti dago besteengandik ikasteko zerbait (Flp 2:3). Egia da noizean behin anai-arrebek adindunen aholkuak behar izaten dituztela. Agian, pertsona horrek esan edo egindako zerbaitek deseroso sentiarazi ditu. Baina Paulok bezala, adindunek ez dute arreta osoa akatsean jarri behar. Gogoan izan behar dute fedekideek Jehobari dioten maitasuna, erakusten ari diren iraupena eta hobetzeko duten potentziala. Adindunek jarrera positiboa badute, kongregazioan giro goxo eta atsegina sortuko dute.

SEGI PAULO IMITATZEN

20. Pauloren eredua lagungarria izaten jarraitzeko, zer egin dezakete adindunek?

20 Adindunok, Pauloren eredua aztertzen jarraitzea oso lagungarria izango da zuentzat. Adibidez, «Índice de las publicaciones Watch Tower» argitalpenean, bilatu «Pablo» eta gero «Ejemplo para los ancianos» azpigaia. * Bertan dagoen informazioa irakurtzean, galdetu zeure buruari: «Nola lagundu ahal dit Pauloren ereduak adindun eginkizuna pozez eta ondo betetzen?».

21. Zer ziurtasun izan dezakete adindunek?

21 Adindunok, gogoan izan: Jehobak ez dizue perfektua izatea eskatzen; leial izatea baizik (1 Ko 4:2). Jehobak asko estimatu zuen Paulok egindako lan gogorra eta erakutsitako leialtasuna. Zeuen zerbitzuarekin ere oso pozik dago, izan ere, «ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz, ezta, lehen nahiz orain fededunak zerbitzatuz, berari agertu diozuen maitasunaz ere» (Heb 6:10).

sjj 87. KANTA Etorri eta indarberritu!

^ § 5 Zenbat eskertzen dugun adindunek gure alde egiten duten lan gogorra! Artikulu honetan, izaten dituzten lau erronka aztertuko ditugu. Gainera, Pauloren ereduak erronka hauei aurre egiten nola lagundu ahal dien ikusiko dugu. Artikulu honek anaia hauekiko enpatia izaten lagunduko digu beste guztioi. Honi esker, maitasuna erakutsi eta lana erraztu ahal izango diegu.

^ § 20 Index des publications des Témoins de Jéhovah > Paul > Exemple pour les anciens.

^ § 62 IRUDIEN AZALPENAK: Lanetik ateratzen ari dela, anaia batek bere lankide bati predikatzen dio.

^ § 64 IRUDIEN AZALPENAK: Adindun batek, artzain bezala, isolatzeko joera duen anaia bat animatzen du.

^ § 66 IRUDIEN AZALPENAK: Anaia batek gertatutako zerbaitengatik haserre dagoen anaia bati laguntzen dio.

^ § 68 IRUDIEN AZALPENAK: Anaia bat lan bat egiteko boluntario aurkeztu eta distraitu egin da. Adindunak ikusten du, baina ez du kritikatzen.