Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Nola egin aurre antsietateari?

Nola egin aurre antsietateari?

ANTSIETATEA zama astuna izan daiteke (Es 12:25). Antsietateak itotzen zintuela sentitu al duzu noizbait? Beharbada pentsatu duzu: «Ezin dut gehiago!». Jende askori gertatzen zaio hau. Hainbat arrazoi daude horrela sentitzeko: gaixo dagoen senide baten zaintza, maite dugun norbaiten heriotza, hondamendi natural bat jasatea edota fisikoki, emozionalki eta mentalki lur jota utzi gaituen beste egoeraren bat. Baina, zer egin dezakegu antsietateari aurre egiteko? *

Asko ikasi dezakegu Dabid erregearen eredutik. Denetarik pasa zitzaion. Bere bizia ere arriskuan egon zen (1 Sm 17:34, 35; 18:10, 11). Nola egin zion aurre Dabidek antsietateari? Nola jarraitu dezakegu bere eredua?

NOLA EGIN ZION AURRE DABIDEK ANTSIETATEARI?

Dabidek bere bizia salbatzeko Saul erregearengandik ihesean zebilela, gorriak ikusi zituen. Behin, bere gudarostearekin borrokatik itzultzean, etsaiek gauzak lapurtu, etxeak kiskali eta beraien familiak bahitu zituztela ikusi zuten. Nola sentitu ziren Dabid eta bere gizonak momentu horretan? «Garrasika hasi eta negar egiteko ere indarrak akitu arte egin zuten negar». Hau gutxi balitz, bere konfiantzazko gizonak bera harrikatzeko asmotan zebiltzala jakin zuen (1 Sm 30:1-6). Beraz, Dabidek hiru buruhauste izan zituen denak batera, eta ez edonolakoak. Bere familia arriskuan zegoen, bere gizonek hil egingo zuten beldur zen eta Saul erregea bere biziaren bila zebilen oraindik. Bazituen bai arrazoiak antsietatea sentitzeko!

Zer egin zuen Dabidek ondoren? Segituan, «bere Jainko Jaunarengandik hartu zuen indarra». Nola egin ote zuen hau? Ohitura zuen bezala, laguntza eske Jehobari otoitz eginez eta iraganean nola lagundu zion gogoratuz (1 Sm 17:37; Sal 18:37 [18:26, NWT]). Dabidek gida behar zuela zekienez, Jehobarengana jo zuen. Jainkoaren borondatea zein zen jakin bezain laster, praktikan jarri zuen. Ondorioz, Dabid eta bere gizonek Jehobaren bedeinkapena jaso zuten eta beraien familiak eta ostu zizkieten gauzak berreskuratu zituzten (1 Sm 30:7-9, 18, 19). Baina konturatu al zara zer hiru gauza egin zituen Dabidek? Jehobari laguntza eske otoitz egin zion, iraganean Jehobak nola lagundu zion gogoratu zuen eta Jehobaren gida bilatu eta praktikan jartzeari ekin zion. Nola jarraitu dezakegu Dabiden eredua? Ikus ditzagun hiru modu.

DABIDEN EREDUA JARRAITU

1. Otoitz egin. Antsietatea sentitzen dugun bakoitzean, Jehobarengana jakinduria eta laguntza eske jo dezakegu. Gure zama arindu nahi badugu, denbora hartu dezakegu Jehobari otoitzean hitz egin eta gure barrua hustutzeko. Edo, beste batzuetan, dugun egoeragatik egin dezakezun gauza bakarra, isilean otoitz labur bat egitea da. Jehobarengana jotzen dugun bakoitzean, Dabidek izan zuen konfiantza bera erakusten dugu. «Jauna da nire haitza, nire geriza, bera nire askatzailea; ene Jainko, nire harkaitz babesgarria» (Sal 18:3 [18:2, NWT]). Baina, benetan funtzionatzen al du otoitzak? Kahlia izeneko aintzindari batek dio: «Otoitz egin ondoren, lasai geratzen naiz. Jehobaren antzera pentsatzen laguntzen dit eta berarengan dudan konfiantza izugarri sendotzen da». Egia da, otoitza antsietateari aurre egiteko Jehobaren opari paregabea da.

2. Gogoratu. Zailtasun batzuk Jehobaren laguntzari esker bakarrik gainditzen ditugu. Gogoratzen al duzu zure bizitzan horrelako egoeraren bat bizi izana? Jehobak bere iraganeko zerbitzariak eta gu nola zaindu gaituen zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta handiagoa izango da gure indarra eta berarengan dugun konfiantza (Sal 18:18-20 [18:17-19, NWT]). «Jehobak erantzun dizkidan otoitzen zerrenda bat dut», dio Joshua izeneko adindun batek. «Horrela, Jehobak nire otoitz zehatzak nola erantzun zituen eta behar nuena nola eman zidan gogoratzen dut». Bai horixe! Jehobak dagoeneko gure alde zer egin duen pentsatzen badugu, antsietatearen aurka borroka egiteko indarberrituta sentituko gara.

3. Ekin. Egoera jakin batean zer egin erabakitzeko, Jehobaren Hitzera jo dezakegu gida bila (Sal 19:812 [19:711, NWT]). Anai-arreba askoren arabera, bertset batean sakontzen dutenean, errazago egiten zaie bertset hori beraien bizitzan nola erabili dezaketen jakitea. Adibidez, Jarrod izeneko adindun batek dio: «Informazio gehiago bilatzeak, bertsetaren alderdi guztiak ikusten eta Jehoba zer esaten ari zaidan ulertzen laguntzen dit. Barru-barruraino iristen zait eta errazagoa da gida hori jarraitzea». Biblian Jehobaren gida bilatu eta jarraitzen dugunean, antsietatearen aurrean bakea eta poza sentitu ahal izango ditugu.

JEHOBAK AURRERA EGITEN LAGUNDUKO DIZU

Dabidek argi eta garbi ikusi zuen antsietateari aurre egiteko Jehobaren laguntza behar zuela. Laguntza hori hainbeste estimatzera iritsi zen, esker onez honakoa esan zuela: «Zurekin, ene Jainko, harresiak igarotzen [ditut] gainetik. Jainkoak indarrez janzten nau» (Sal 18:3033 [18:2932, NWT]). Batzuetan, gure arazoak gaindiezinak diren harresiak iruditzen zaizkigu. Baina, Jehobaren laguntzarekin, gainetik igaro ditzakegu! Bai, hala da. Jehobari otoitzean laguntza eskatzeaz gain, dagoeneko gure alde egin duen guztia gogoratu eta bere gida praktikan jarri behar dugu. Hori egiten badugu, antsietateari aurre egiteko indarra eta jakinduria emango dizkigu. Ez izan zalantza izpirik!

^ § 2 Antsietate larria duen norbaitek agian medikuarengana jo beharko du.