Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zer ikasi dezakete amek Eunizeren eredutik?

Zer ikasi dezakete amek Eunizeren eredutik?

«Ez baztertu amaren irakaspenak; edertu egingo zaituzte, koroak burua eta idunekoak lepoa bezala» (ES 1:8, 9).

sjj 137. KANTA Emakume leial eta baliotsuak

ZER AZTERTUKO DUGU? *

Timoteoren ama eta amona, Eunize eta Loide, oso pozik eta harro daude Timoteo kristau izateko bataiatzen ari dela ikustean (Ikusi 1. paragrafoa)

1, 2. a) Nor zen Eunize eta ama bezala zer zailtasuni egin zien aurre? b) Kontatu azaleko irudian ikusten duzuna.

 BIBLIAK ez du Timoteoren bataioari buruz hitz egiten, baina ez da zaila egun horretan bere amak sentituko zuen poza imajinatzea (Es 23:25). Irudikatu dezagun momentua. Eunize harro sentitzen da. Bere begiek dir-dir egiten dute bere semea uretara sartzen ari den bitartean. Irribarrea du ahoan. Bere ama Loide besotik heltzen ari zaio. Timoteo uretan murgiltzen dutenean, amak arnasari eusten dio. Uraren hotsari jarraituz garaipentsu ateratzen da gaztea. Une honetan Eunizek ezin die malkoei eutsi. Ez da erraza izan semeari Jehoba eta Jesus maitatzen irakastea, baina lortu du. Zer zailtasun izan ditu bidean?

2 Timoteoren gurasoek erlijio ezberdinak zituzten. Aita greziarra zen, eta ama eta amona juduak (Eg 16:1). Timoteo seguruenik nerabea zen Eunize eta Loide kristau egin zirenean. Baina aitak ez zuen erlijio hori onartu. Timoteok zer egin erabakitzeko adin nahikoa izango zuen ziurrenik. Zer egingo zuen? Aitaren erlijioa onartu? Txikitatik irakatsi zizkioten tradizio juduak jarraitu? Edo Jesu Kistoren jarraitzaile bihurtu?

3. ⁠Esaera Zaharrak 1:8, 9 ⁠aren arabera, zer pentsatzen du Jehobak amek egiten duten lanaz?

3 Gaur egungo ama kristauek ere asko maite dute euren familia. Baina, batez ere, seme-alabek Jehoba maitatu eta zerbitza dezaten nahi dute. Horretarako, ahalegin handiak egiten dituzte eta Jehobak izugarri estimatzen du egiten duten guztia (Irakurri Esaera Zaharrak 1:8, 9). Bere laguntzarekin ama askok helburu hori lortu dute.

4. Zer zailtasuni egin behar diete aurre ama askok?

4 Satanasen munduak sekulako presioa egiten die seme-alabei (1 P 5:8). Gurasoek argi eta garbi ikusten dute hori. Horregatik, normala da ama batek, kezkaturik, honakoa galdetzea bere buruari: «Zerbitzatuko ote dute nire umeek Jehoba, Timoteok egin zuen bezala?». Gainera, ama askok haurrak heztean zailtasun berezi bati egin behar diote aurre. Batzuek ez dute senarrik eta beste batzuek, ezkonduta egon arren, beraien senarrek ez dute Jehoba adoratzen. Christine * izeneko arreba batek dio: «Nire senarra aita ona zen eta familia maite zuen, baina ez zuen inondik inora gure umeak Jehobaren lekuko izaterik nahi. Urteetan zehar zenbat malko bota nituen inoiz Jehoba maitatzera iritsiko ote ziren pentsatzen!».

5. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

5 Ama kristaua bazara, ziur egon: Eunizek lortu zuen bezalaxe, zuk ere lortu dezakezu. Artikulu honetan bere eredua aztertuko dugu esaten eta egiten duzunarekin irakasteko. Jehobak nola lagunduko dizun ere ikusiko dugu.

IRAKATSI ESATEN DUZUNAREKIN

6. ⁠2 Timoteori 3:14, 15⁠aren arabera, nola iritsi zen Timoteo kristau izatera?

6 Timoteo mutikoa zenean, amak «idazki santuak» irakatsi zizkion juduek ulertzen zituzten moduan. Noski, garai hartan Eunizek ez zekien ezer Jesu Kristori buruz. Hala ere, irakatsitakoa oinarri ona izan zen bere semea kristau izatera iristeko. Baina zer egingo zuen Timoteok? Gazte heldua izatera iritsi zenean, kristau izango ote zen erabakitzeko eskubide osoa zuen. Argi dago, neurri handi batean, amaren ahaleginei esker egia «sinestera konbentzitua» izan zela (Irakurri 2 Timoteori 3:14, 15NWT *). Ez zen erraza izan, baina zein pozik egongo zen Eunize bere semeari Jehoba ezagutzen lagundu ziolako! Dudarik gabe, bere izenari ohore egin zion, Eunize izena «garaitu» esan nahi duen hitz batetik baitator.

7. Nola lagundu ahal izango zion Eunizek Timoteori bataiatu ondoren ere?

7 Eunizeren kezkak ez ziren bere semea bataiatu ondoren amaituko. Zer egingo ote zuen bere bizitzarekin? Lagun txarrak aukeratuko ote zituen? Atenaseko eskoletara joango ote zen eta filosofoen irakaspenak onartu? Alferrik galduko ote zituen bere denbora, indarrak eta gaztaroa aberastasunen atzetik? Eunizek ezin zuen Timoteoren partez erabaki, baina lagundu ahal zion. Nola? Jehoba eta Jesus gehiago maitatzen lagunduz. Gaur egun ere, erronka hauek ez dituzte egian bakarrik dauden amek soilik. Bi gurasoek Jehoba zerbitzatu arren, zaila izan daiteke seme-alaben bihotzetara iristea. Zer ikasi dezakete gurasoek Eunizeren eredutik?

8. Nola lagundu dezake amak Lekukoa den bere senarra seme-alaben heziketa espiritualean?

8 Zure seme-alabekin Biblia aztertu. Arrebok, senarra egian baduzue, Jehobak zuen seme-alabak espiritualki hezten laguntzea nahi du. Nola? Familia-adorazioari buruz ondo hitz eginez, astero-astero ospatzeko senarrari lagunduz, noizean behin berarekin proiektu bereziren bat prestatuz eta adorazioan giro goxoa sortuz. Zuen seme-alabek Gozatu bizitzaz betirako! liburua ikasteko adin nahikoa badute, zuen senarrarekin elkarlanean aritu, behar duten laguntza emateko.

9. Non aurkitu dezake laguntza egian bakarrik dagoen ama batek?

9 Ama batzuek seme-alabekin Biblia aztertzeko ardura daukate, izan ere, bakarrik daude edo senarrak ez du Jehoba zerbitzatzen. Egoera horretan bazaude, ez zaitez behar dena baino gehiago kezkatu. Jehobaren laguntza daukazu. Bere erakundeak ematen dizkigun tresnak eskura dituzu. Erabili itzazu. Esperientzia duten gurasoei tresna horiek nola erabiltzen dituzten galdetu ahal diezu. Seguru oso ideia onak emango dizkizutela (Es 11:14). * Honetaz gain, Jehobari zure seme-alabekin komunikatzeko eta barruan zer duten antzemateko laguntza eskatu (Es 20:5). Batzuetan galdera sinple batek elkarrizketa sakon batera darama. Adibidez: «Zein da eskolan duzu erronkarik handiena?».

10. Zer beste modutan lagundu ditzakezu zure seme-alabak Jehobari buruz ikasten?

10 Seme-alabei Jehobari buruz irakasteko aukerak sortu. Hitz egin seme-alabei Jehobari buruz eta berak zure alde egindakoaz (Dt 6:6, 7; Is 63:7). Hau bereziki garrantzitsua da etxean irakasteko aukerarik izaten ez baduzu. Lehen aipatutako Christinek dio: «Aukera gutxi genituen gauza espiritualez hitz egiteko. Horregatik edozein aukera aprobetxatzen nuen, adibidez, paseatzean edo kanoan ibiltzera joaten ginenean. Urertzetik urrundu eta Jehobaren kreazioaz eta beste gauza espiritualez hitz egiten genuen. Haurrak koskortzean, Biblia beraien kabuz aztertzera animatzen nituen». Bestalde, erakundeaz eta anai-arrebez ondo hitz egin. Adindunak ez kritikatu. Horrela, laguntza behar dutenean, zure seme-alabek beraiengana joko dute.

11. ⁠Santiago 3:18⁠aren arabera, zergatik da garrantzitsua etxean giro baketsua sortzea?

11 Etxean giro baketsua sortu. Senarra eta seme-alabei maitasuna adierazteko ohitura izan. Zure senarrari buruz ondo hitz egin, errespetatzen duzula erakutsi eta seme-alabei gauza bera egiten irakatsi. Horrela seme-alabek Jehobari buruz ikasteko giro baketsu eta egokia sortuko duzu (Irakurri Santiago 3:18). Gaur egun Errumanian aitzindari berezia den Jozsef anaiak egoera hau bizi izan zuen txikia zenean. Aitak ez zien batere erraza jartzen Jehoba zerbitzatzea. Berak dio: «Hala ere, ama gogor saiatzen zen etxean bakea bultzatzen. Aita zenbat eta zakarragoa izan, amak orduan eta goxotasun handiagoa erakusten zion. Anai-arrebei eta niri aita errespetatzea eta obeditzea zaila egiten zitzaigula nabaritzen zuenean, Efesoarrei 6:1-3 aztertzen zuen gurekin. Aitaren ezaugarri onak goraipatzen zituen eta baloratzeko eskatzen zigun. Horrela, askotan, etxeko giroa baretzea lortzen zuen».

IRAKATSI EGITEN DUZUNAREKIN

12. ⁠2 Timoteori 1:5⁠aren arabera, zer eragin izan zuen Timoteorengan bere amaren ereduak?

12 Irakurri 2 Timoteori 1:5. Eunize eredu bikaina izan zen Timoteorentzat. Benetako fedea ekintzen bidez ikusten dela erakutsiko zion (St 2:26). Egiten zituen gauza guztiak Jehobari zion maitasunaren ondorio ziren eta Timoteok argi ikusi zuen hori. Gainera, Jehoba zerbitzatzeak ama zoriontsu egiten zuela nabari zuen. Orduan, zer-nolako gizona izatera iritsi zen Timoteo? Fede-gizona. Paulo honetaz konturatu zen, eta amaren fedea ikusi zuen berarengan. Hau ez zen kasualitate hutsa izan. Timoteok bere amaren eredua jarraitu nahi izan zuen. Gaur egun ere, amen «jokabideak, eta ez hitzek», familiartekoen bihotzak ukitzen dituzte (1 P 3:1, 2). Zuk ere berdina egin dezakezu. Nola?

13. Zergatik izan behar du ama batentzat lehentasuna Jehobarekin duen adiskidetasunak?

13 Izan dadila Jehobarekin duzun adiskidetasuna zure lehentasuna (Dt 6:5, 6NWT). Seguruenik, zure seme-alabez fisikoki zaintzeko, besteak beste denbora, dirua, baita loa ere, sakrifikatzen ari zara. Baina oso lanpetuta egon arren, inoiz ez sakrifikatu Jehobarekin duzun harremana. Horretarako, jarraitu bakarkako otoitzak egiten, ikasketa pertsonala izaten eta bileretara joaten. Hau eginez, Jehobarengana gehiago hurbilduko zara eta familiakideei eta gainontzekoei eredu bikaina jarriko diezu.

14, 15. Zer ikasi dezakezu Leanne, Maria eta Joãorengandik?

14 Gazte asko Jehoba maitatu eta berarengan konfiantza izatera iritsi dira amaren eredua ikusiz. Adibidez, Leannek, Christineren alabak, dio: «Aita etxean zegoen bitartean, ezin genuen Biblia ikasi. Hala ere, ama beti joaten zen bileretara. Ez genekien asko Bibliari buruz, baina amaren ereduak eta hain ziur zegoela ikusteak fede sendoa eraikitzen lagundu zigun. Bileretara joaten hasi baino askoz lehenago, bagenekien Jehobaren lekukoek egia irakasten dutela».

15 Mariaren aitak bileretara joateagatik batzuetan bere familia zigortzen zuen. «Txikia nintzenean besteek esango zutenaren beldur izaten nintzen. Horregatik ez nituen zenbait gauza egiten. Ama ezagutzen dudan emakumerik ausartenetakoa da. Bere ereduari esker Jehoba lehen tokian jartzea eta besteei diedan beldurra gainditzea lortu dut». Joãoren aitak ez zien etxean Jehobari edo Bibliari buruz hitz egiten uzten. Berak dio bere amari buruz: «Aita berarekin pozik egoteko edozein gauza egiteko prest zegoen, Jehoba maitatzeari uztea izan ezik. Agian, hau da gehien hunkitzen nauena».

16. Zer eragin izan dezake besteengan ama baten ereduak?

16 Ama bazara, kontuan izan zure ereduak besteengan eragin handia izan dezakeela. Nola? Paulok Timoteoren fede garbia azpimarratu zuenean, bere amaren «fede bera» zuela aipatu zuen (2 Tm 1:5). Noiz izan zuen Eunizeren fedearen berri? Beharbada lehen misiolari bidaian, Listran, Paulok Eunize eta Loide ezagutzean, eta ziurrenik kristau bihurtzen lagundu zienean (Eg 14:4-18). Pentsa: Emakume honen ereduak hainbesteko eragina izan zuen Paulorengan, non 15 urte beranduago, Timoteori idaztean, bere fede ekintzak azpimarratu eta besteentzako jarraibide zirela esan zuen. Segur aski lehen mendeko kristauak ere asko animatuko zituen. Zure seme-alabak bakarrik edo lekukoa ez den senar batekin hezten ari bazara, ziur egon ingurukoentzat indar motibatzailea izan zaitezkeela.

Denbora behar da haur bati espiritualki hazten laguntzeko. Ez amore eman! (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Nahiz eta zure seme-alabak zure ahaleginei erantzuten ari ez direla iruditu, zer egin dezakezu?

17 Eta zure seme-alabek zure ahaleginei erantzuten ez dietela iruditzen bazaizu, zer egin dezakezu? Gogoratu haur bati irasteko denbora behar dela. Irudian ikusten den bezala, hazi bat landatzen duzunean ez dakizu fruitua ematera iritsiko ote den. Emaitza ezin duzu kontrolatu, baina ez diozu ureztatzeari utziko, ezta? (Mk 4:26-29). Era berean, ama izanik, agian batzuetan ez dakizu zure haurren bihotzetara iristen ari ote zaren. Hartuko dituzten erabakiak ez dira zure eskuetan egongo, baina ahal duzun guztia egiten jarraitzen baduzu, espiritualki hazteko aukera emango diezu (Es 22:6).

JEHOBAREN LAGUNTZAN KONFIANTZA IZAN

18. Zer egin dezake Jehobak zure seme-alabei bere lagun izaten laguntzeko?

18 Antzinatik gaur egun arte, Jehobak gazte pila bati lagundu die bere lagun izaten (Sal 22:10, 11 [22:9, 10, NWT]). Zure seme-alabekin ere gauza bera egin dezake, beraiek nahi badute behintzat (1 Ko 3:6, 7). Bide egokitik desbideratzen badira ere, Jehobak oraindik asko maite ditu (Sal 11:4). «Jarrera egokia» dutela erakusten duen aztarna txikiena ikusten badu, berarengana erakarriko ditu (Eg 13:48NWT; 2 Kro 16:9). Gehien behar duten unean, hitz egokia jarri dezake zure ahoan (Es 15:23). Agian kongregazioko anai edo arrebaren bat bultzatu dezake beraiengan interesa jartzera. Eta helduak direnean ere, Jehobak zuk irakatsitako zerbait gogora ekarri ahal die (Jn 14:26). Hitzez eta ekintzaz irakasten jarraitzen baduzu, Jehobari zu bedeinkatzeko arrazoi asko emango dizkiozu.

19. Zergatik egon zaitezke ziur Jehobaren onespena duzula?

19 Jehobak ez zaitu zure seme-alabek erabakitzen dutenaren arabera maitatzen. Zuk maitatzen duzulako maitatzen zaitu. Zu bakarrik bazaude seme-alaben kargu, gogoratu Jehobak beraien Aita eta zure defendatzailea izango dela promesten duela (Sal 68:6 [68:5, NWT]). Seme-alaben erabakia da Jehoba zerbitzatuko duten ala ez. Baina Jainkoaren laguntzan konfiantza baduzu eta ahal duzun guztia egiten baduzu, bere onespena ziurtatuta daukazu.

sjj 134. KANTA Seme-alabak: Jehobak emandako altxorrak

^ § 5 Ama kristauek seme-alabei Jehoba ezagutzen eta maitatzen lagundu behar diete. Horretarako, artikulu honetan Timoteoren amaren, Eunizeren, eredutik zer ikasi dezaketen ikusiko dugu.

^ § 4 Izen batzuk aldatuak izan dira.

^ § 6 2 Timoteori 3:14, 15NWT: «Zuk, hala ere, jarraitu ezazu ikasi eta sinestera konbentzitua izan zinen gauzetan, norengandik ikasi dituzun dakizulako eta umetandik idazki santuak ezagutzen dituzulako. Idazki hauek Jesu Kristorengan ipinitako fedearen bidez salbamenera daraman jakinduria emateko gai dira».

^ § 9 Adibidez, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 50. ikasgaia eta aldizkari honen 2011⁠ko abuztuaren 15⁠eko alearen 6 eta 7. orrialdeetako «Ideas para la adoración en familia y el estudio personal» artikulua («Des idées pour le culte familial et l’étude individuelle»).