Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Zer esaten du Bibliak zin egiteari buruz?

Zin egitea horrela definitu izan da: «Zerbait egingo dela ziurtatzeko egiten den promes edo adierazpen formala da, askotan Jainkoa lekukotzat hartuz». Ahozkoa edo idatzia izan daiteke.

Batzuek zin egitea gaizki dagoela uste dute. Zergatik? Jesus berak hau esan zuelako: «Ez egin inolako zinik […]. “Bai” esaten duzuenean “bai” izan dadila, eta “ez” esaten duzuenean, “ez”; gainerakoa gaiztoarengandik dator» (Mt 5:33-37NWT). Noski, Jesusek bazekien, Moisesen Legeak egoera batzuetan zin egitea eskatzen zuela eta Jainkoaren zerbitzari leialek zin egin zutela (Has 14:22, 23; Ir 22:10, 11). Ez hori bakarrik, Jesusek bazekien Jehoba berak ere zin egin zuela (Heb 6:13-17). Horregatik, Jesusek aurreko aipuan ez zuen esan nahi zin egitea gaizki dagoenik. Horren ordez, garrantzirik gabeko edo helburu egokia betetzen ez duten zin egiteez abisatu nahi zuen. Beraz, esandakoa bete dezagun, horixe baita Jehobak guk egitea nahi duena.

Eta zer egin dezakezu norbaitek zin egiteko eskatzen badizu? Hasteko, pentsatu hitzemandako hori betetzeko gai izango zaren ala ez. Ez bazaude ziur, agian hobe da ez egitea. Jainkoaren Hitzak argi esaten du: «Askoz hobe duzu hitzik ez ematea, emaniko hitza ez betetzea baino» (Koh 5:4 [5:5, NWT]). Gero, promesteko eskatu zaizun horrekin zerikusia duten biblia-printzipioak aztertu. Azkenik, zure kontzientzia moldeatu duten biblia-printzipioen arabera jokatu. Azter ditzagun hauetako printzipio batzuk.

Jainkoaren nahiarekin bat etortzea. Honen adibide bikaina ezkontzako botoak dira. Ezkontzera doazen Jehobaren lekukoek, Jainkoaren eta han dauden guztien aurrean, «bizi diren artean» elkar maitatu, zaindu eta errespetatuko dutela promesten dute. (Nahiz eta bikote guztiek gauza berdinak ez esan, Jehobaren aurrean botoa egiten ari dira). Gero, senar-emazte izendatu ondoren, bizitza osoan zehar ezkonduta jarraitu beharko lukete (Has 2:24; 1 Ko 7:39). Hitzarmen hau Jehobaren begietan egokia da eta bere nahiarekin bat dator.

Jainkoaren nahiaren aurka ez egotea. Benetako kristau batek ez luke bere herria armekin defendatzeko edo Jainkoa ukatzeko hitzik emango. Hori Jainkoaren arauen aurka joango litzateke. Kristauak «mundukoak» ez garenez, ez dugu istilu eta gatazketan sartu behar (Jn 15:19; Is 2:4; St 1:27).

Gure kontzientziaren araberako erabakia izatea. Batzuetan, zin egin baino lehen, Jesusek emandako aholku hau arretaz aztertu behar dugu: «Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari» (Lk 20:25).

Imajinatu hurrengo egoera. Kristau batek nazionalitatea edo pasaportea eskatu ondoren, leiala izango dela zin egin behar du. Noski, gobernuak eskatzen dion leialtasun hori Jehobaren arauen kontra badago, Bibliak trebatutako kontzientziak bultzatuta, kristauak zin egitea baztertuko du. Baina gobernuak, agian, leialtasuna adierazteko hitzak aldatzeko aukera ematen dio eta horrela bere kontzientzia lasai egon daiteke.

Aldatutako hitzak dituen leialtasun-zina egitea, Erromatarrei 13:1⁠ak dioenarekin bat etor daiteke: «Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko». Beraz, zin egitean, kristauak Jainkoak eskatzen dion zerbait betetzen ari dela ondorioztatu dezake.

Zin egiteko orduan, objektu bat erabili edo keinu bat egiteko eskatzen badizute, zeure kontzientzia hartu behar zenuke kontuan. Adibidez, Erromatarrek eta Eszitiarrek, beraien ezpaten izenean egiten zuten zin. Horrela, konfiantzazko pertsonak zirela adierazteko, gerraren jainkoaren sinbolo bat erabiltzen zuten. Greziarrek ere eskua zerura zuzentzen zuten. Horrela, esaten eta egiten zutena ikusten zuen indar berezi baten aurrean erantzule zirela aitortzen zuten.

Noski, Jehobaren zerbitzariok ez genuke inoiz adorazio faltsuarekin lotutako ikur nazional bat musukatuko edo ez ginateke bere aurrean makurtuko. Baina, zer egingo zenuke auzitegian egia esango duzula zin egiteko eskua Biblian jartzeko eskatu ezkero? Hori zure erabakia da. Idazki Santuetan, keinu baten laguntzarekin zin egin zuten zerbitzari leial batzuen adibideak daude (Has 24:2, 3, 9; 47:29-31). Horrela hitzematea erabakitzen baduzu, gogoan izan Jainkoaren aurrean egia esango duzula zin egiten ari zarela. Beraz, edozein galdera zintzotasunez erantzuteko prestatuta egon behar duzu.

Jehobarekin dugun adiskidetasuna guretzat oso baliotsua denez, egin diezaiogun otoitz berari eta aztertu dezagun kontu handiz zertan datzan zin egingo dugun hori. Horrela, Bibliako printzipioekin eta gure kontzientziarekin bat datorren ala ez ikusiko dugu. Zin egitea erabakitzen badugu, horren arabera jokatu behar dugu (1 P 2:12).