Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Hitzetan eredu al zara?

Hitzetan eredu al zara?

«Izan zaitez, ordea, sinestedunentzat eredu hitzetan» (1 TM 4:12).

sjj 90. KANTA Bata besteari adore eman

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nork eman zigun hitz egiteko gaitasuna?

 HITZ egiteko dugun gaitasuna Jehobak emandako oparia da. Lehen gizonak, Adamek, sortua izan zenean, bere zeruko Aitarekin komunikatzeko erabili zuen gaitasun hori. Hitz berriak sortu ahala, bere hiztegia handitzen joango zen. Abilezia hori animalia guztiei izenak jartzeko lanean erabili zuen (Has 2:19). Eta lehen aldiz beste gizaki bati, bere emazte politari, hitz egin zionean, oso hunkituta sentituko zen! (Has 2:22, 23).

2. Nola erabili da gaizki hitz egiteko gaitasuna lehen eta orain?

2 Hitz egiteko gaitasuna segituan hasi zen gaizki erabiltzen. Satanasek Ebari gezurra esatearen ondorioz, bekatari eta inperfektuak izatera iritsi ziren gizakiak (Has 3:1-4). Bekatu egin ondoren Adam aitzakiak jartzen hasi zen eta Ebari, baita Jehobari ere, errua bota zien (Has 3:12). Kainek, bere anaia Abel hil ondoren, Jehobari gezurra esan zion (Has 4:9). Kainen ondorengo batek, Lamekek, bere garaiko biolentziari buruzko olerki bat idatzi zuen (Has 4:23, 24). Eta, zer esan dezakegu gaur egun gertatzen ari denaz? Adibidez, denok entzuten ditugu politikariak jende guztiaren aurrean irainka. Oso zaila da hitz itsusirik gabeko pelikula bat topatzea. Gainera, ikasleek eskolan denbora guztian entzuten dituzte, baita helduek lantokian ere. Zer erakusten du honek guztiak? Mundu honetako hizkera eta arau moralak egoera tamalgarrian daudela.

3. Zer arrisku izan dezakegu eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Hizkera desegokia hain zabalduta dagoenez, kontuz ibili behar dugu. Bestela, ohitu eta erabiltzen hasi gaitezke. Noski, guk Jehoba poztu nahi dugu. Horretarako ez da nahikoa hizkera zikina ez erabiltzea. Honetaz gain, hitz egiteko gaitasuna Jehoba goresteko erabili nahi dugu. Ikus dezagun nola egin dezakegun hau: 1) predikatzean, 2) bileretan eta 3) gure eguneroko elkarrizketetan. Baina, ezer baino lehen, gure hitz egiteko modua Jehobari zergatik inporta zaion aztertuko dugu.

JEHOBARENTZAT INPORTANTEA DA

Nola erakusten du zure hizkerak bihotzean duzuna? (Ikusi 4 eta 5 paragrafoak) *

4. ⁠Malakias 3:16 ⁠aren arabera, zergatik inporta zaio Jehobari gure hitz egiteko modua?

4 Irakurri Malakias 3:16. Jehobak begirune diotenen eta bere izena aintzat hartzen dutenen izenak idazten ditu oroigarritzat bere liburuan. Nola ikusten du Jehobak beraiengan horrelako jarrera? Duten hitz egiteko moduari arreta jarriz. Izan ere, gure hizkerak gure bihotzetan zer dagoen erakusten du. Jesusek esan zuen: «Ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu» (Mt 12:34). Esaten dugunak Jehoba zenbat maite dugun erakusten du. Eta Jehobak bera maite dutenak mundu berrian betiko bizitzea nahi du.

5. a) Zer lotura du gure adorazioak hitz egiteko dugun moduarekin? b) Irudiak erakusten duenaren arabera, zergatik ibili behar dugu erne hitz egiteko moduarekin?

5 Jehobak gure adorazioa onartuko duen ala ez, hitz egiteko dugun moduak erabaki dezake (St 1:26). Jainkoa maite ez duten batzuek haserre, zakar eta harrokeriaz hitz egiten dute (2 Tm 3:1-5). Baina guk Jehoba poztu nahi dugunez, ez dugu beraiek bezalakoak izan nahi. Zer gertatuko litzateke hitz egitean kalean uso eta etxean otso izango bagina? Gustatuko al litzaioke Jehobari? (1 P 3:7NWT).

6. Zer lortu zuen Kimberlyren hizkera egokiak?

6 Modu egokian hitz egiten dugunean, argi ikusten da Jehobaren zerbitzariak garela. Gure ingurukoek erraz antzeman dezakete Jehoba «zerbitzatzen duenaren eta zerbitzatzen ez duenaren arteko aldea» (Ml 3:18). Horixe da Kimberly izeneko arreba bati gertatu zitzaiona. * Institutuko gelakide batekin lan bat egitea tokatu zitzaion. Ikaskide honek Kimberly guztiz ezberdina zela ikusi zuen. Hitz egiterakoan atsegina zen, ez zituen hitz itsusiak erabiltzen eta ez zen besteez gaizki esaka ibiltzen. Honek jakin-mina piztu zion eta, denborarekin, Biblia ikasten hasi zen. Jehoba izugarri pozten da gure hizkerak jendea berarengana erakartzen duenean!

7. Zer egin nahi duzu Jehobak emandako hitz egiteko gaitasunarekin?

7 Denok nahi dugu hitz egin Jehobari ohore emateko eta gure lana anai-arrebengana hurbiltzeko moduan. Ikus ditzagun gure hitzekin eredu izateko modu batzuk.

PREDIKATZEAN EREDU IZAN

Jehobari predikazioan gu jendearekin atseginak izatea gustatzen zaio (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)

8. Predikatzean gurekin zakarrak badira, nola lagundu gaitzake Jesusen ereduak?

8 Zu haserretzen saiatzen direnean, atsegina izanez eta errespetuz erantzun. Predikatzean, Jesusi salaketa faltsu asko egin zizkioten. Adibidez, mozkorra, tripazaina eta deabruaren lankide zela, baita larunbataren legea hautsi eta Jainkoaren aurka birao egiten zuela ere (Mt 11:19; 26:65; Lk 11:15; Jn 9:16). Baina Jesusek ez zuen inoiz modu berean erantzun. Guk ere, nahiz eta norbait gurekin zakarra izan, ez genuke modu berean erantzun behar (1 P 2:21-23). Noski, mihiari eustea ez da batere erraza (St 3:2). Nola egin dezakegu hau?

9. Zerk lagunduko digu predikatzen ari garenean mihiari eusten?

9 Predikatzean etxeko jabearen erantzuna zakarra bada, saiatu gaitezen horren atzean zer dagoen ikusten. Horixe da Sam izeneko anaia batek egiten duena. «Egia ezagutzeko beharra duela eta aldatu daitekeela gogoratzen saiatzen naiz. Agian, besterik gabe, momentu txarrean harrapatu dugulako erantzun du horrela». Momentu horietan egin dezagun Luciak egiten duena. Otoitz labur batean lasaitasuna mantentzeko eta esan beharrekoa errespetuz esateko laguntza eskatu Jehobari.

10. 1 Timoteori 4:13 aren arabera, zer helburu izan behar dugu?

10 Izan irakasle hobea. Timoteok, esperientzia handiko kristaua izan arren, bere irakaskuntza hobetzeko beharra zuen (Irakurri 1 Timoteori 4:13). Zer egin dezakegu guk ere hobetzen jarraitzeko? Prestakuntzan dago koxka. Horretarako tresna desberdinak ditugu eskura. Adibidez, Hobetu zure irakurketa eta irakaskuntza liburuxka oso praktikoa izan daiteke. Aste barruko bileretako «Hobetu predikatze-lanean» atalak ere asko lagundu gaitzake. Ateratzen al diegu mamia tresna hauei? Ondo prestatu ezkero, urduritasunak gainetik kentzen ditugu eta hitz egitean seguruago sentitzen gara.

11. Zer egin dute anai-arreba batzuek irakasle hobeak izateko?

11 Zer gehiago egin dezakegu irakasle hobeak izateko? Kongregazioko anai-arrebengandik ikasi. Horixe da lehen aipatutako Samek egiten duena. Bere buruari galdetzen dio: «Zergatik da irakasle ona?». Orduan adi-adi aztertzen du beraien irakasteko modua eta gauza bera egiten saiatzen da. Taliak hitzaldi publikoetan esperientzia handiko hizlariek erabiltzen dituzten arrazoiketak eta irakasteko metodoak aztertzen ditu. Horrela, predikatzean sarri ateratzen diren gaiei buruz nola hitz egin ikasten du.

BILERETAN EREDU IZAN

Bileretan bihotz-bihotzez kantatzeak Jehoba goresten du (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak)

12. Zer egiten zaie zaila anai-arreba batzuei?

12 Denok hartu dezakegu parte bileretan elkarrekin kantatuz eta ongi prestaturiko komentarioak emanez (Sal 22:23 [22:22, NWT]). Hau egitea zaila egiten zaie anai-arreba batzuei. Hori al da zure kasua? Hala bada, beste batzuek beraien beldurrak nola gainditu dituzten jakiteak asko lagunduko dizu.

13. Zerk lagundu zaitzake bileretan bihotz-bihotzez kantatzen?

13 Bihotz-bihotzez kantatu. Jehoba gorestea da bileretan kantatzeko arrazoi nagusia. Sara ez da abeslari trebea, hala uste du berak behintzat. Hala ere, Jehoba goretsi nahi du. Horregatik kantak bilerako beste atal guztiak bezala prestatzen ditu. Etxean entseiatu eta bilerako gaiekin zer lotura duten ikusten saiatzen da. «Horrela, arreta, abesteko dudan gaitasunean jarri beharrean, kanten hitzetan jartzen dut», dio Sarak.

14. Lotsatia bazara, zerk lagundu zaitzake bileretan komentatzen?

14 Komentatzeko ohitura izan. Hau egitea askorentzat erronka galanta da. «Jendearen aurrean hitz egiteak ikaragarri urduritzen nau, nahiz eta nire ahots lasaiagatik jendea ez konturatu», dio lehen aipatutako Taliak. «Oso zaila egiten zait bileretan komentatzea». Hala ere, Taliak ez dio iruzkinak emateari utzi. Bileretarako prestatzean, lehen komentarioak orokorrean laburrak eta zehatzak izan behar direla hartzen du kontuan. «Erantzuna motza eta sinplea izatea aproposa dela gogoratzen saiatzen naiz. Hori da zuzentzen duenari ondo etortzen zaiona».

15. Zer izan behar dugu kontuan komentatzeari buruz?

15 Lotsatiak ez diren askori ere iruzkinak ematea ez zaie batere erraza egiten. Zergatik? Julietek dio: «Iruzkinak ematerako orduan zalantza egiten dut sinpleegiak edota nahiko onak ez diren beldur naizelako». Gogoratu Jehobak gutaz espero duena komentarioak ematean ahal dugun guztia egitea dela. * Nahiz eta urduri jarri, bileretan parte hartzeko ahal dugun guztia egiten dugunean, izugarri pozten dugu.

EGUNEROKO ELKARRIZKETETAN EREDU IZAN

16. Zer hizkera mota ez dugu erabili behar?

16 Ez erabili hitz iraingarririk (Ef 4:31). Kristau batek ez ditu inondik inora hitz itsusiak esaten. Baina, nahiz eta hauek ez esan, badaude hain agerikoak ez diren iraintzeko beste modu batzuk. Erne hauekin! Adibidez, kontuz ibili beste kultura, herri edo arraza jakin bateko pertsonei buruz itsusia den zerbait esatearekin. Ez genituzke besteak inoiz mindu nahi. Anaia batek aitortzen du: «Batzuetan sarkasmoz betetako komentarioak egiten nituen. Itxuran barregarriak eta kaltegabeak zirela iruditzen zitzaidan, baina besteen sentimenduak mintzen ari nintzen. Urteetan zehar, nire emazteak bakarka geundenean, egiten nituen komentario batzuk besteentzat eta berarentzat mingarriak eta gustu txarrekoak zirela ikusten pila bat lagundu zidan».

17. Efesoarrei 4:29 ⁠aren arabera, nola animatu ditzakegu besteak?

17 Besteak animatzeko moduan hitz egin. Kritikatzen edo marmarka hasi beharrean, besteak goraipatzeko ohitura izan (Irakurri Efesoarrei 4:29). Israeldarrek eskertuta sentitzeko arrazoi asko zituzten, baina marmarka aritzeko ohitura zuten. Joera hau kutsakorra izan daiteke. Gogora dezagun zer gertatu zen hamar espioiak txosten negatibo batekin itzuli zirenean: «Israeldar guztiak marmarrean hasi ziren Moisesen eta Aaronen kontra» (Zen 13:31-14:4). Guztiz kontrakoa gertatzen da besteen goraipamena jasotzen dugunean. Aurrera egiteko indarra ematen digu. Horixe gertatu zen Jefteren alabarekin. Emakume leial honi, bere lagunen goraipamena jasotzeak asko lagundu zion bere eginkizunean jarraitzen (Ep 11:40NWT). Lehen aipatutako Sarak dio: «Besteak goraipatzen ditugunean, Jehobak maite dituela eta bere erakundearen parte direla sentitzen laguntzen diegu». Beraz, bilatu ditzagun besteak bihotzez goraipatzeko aukerak.

18. 15. Salmoa 1, 2 ⁠a kontuan izanda, zergatik esan behar dugu beti egia eta zer eduki behar dugu gogoan?

18 Esan egia. Ezinezkoa da Jehoba poztea egia esaten ez badugu. Izan ere, berak gezur mota guztiak gorroto ditu (Es 6:16, 17). Jende askorentzat gezurrak esatea eguneroko gauza da, baina guk Jehobaren ikuspuntua mantendu nahi dugu (Irakurri 15. Salmoa 1, 2). Kontua ez da gezur borobilak ez esatea bakarrik; erdi-egiak ere baztertu nahi ditugu. Izan ere, ez ditugu besteak ondorio okerretara eraman nahi.

Elkarrizketa negatibo bat positibo batetara desbideratzen badugu, Jehobaren onespena izango dugu (Ikusi 19. paragrafoa)

19. Zein beste arrisku izan behar dugu kontuan?

19 Ez zabaldu esamesik (Es 25:23; 1 Tm 5:13). Lehenago aipatu dugun Julietek dio: «Esamesek desanimatu egiten naute. Gainera, hori zabaldu duenarengan konfiantza galtzen dut, agian niri buruz ere gaizki esaka dabilelako». Elkarrizketa toki okerrera doala ikusten baduzu, positiboa den zerbait esanez norabide egokira desbideratu (Kol 4:6).

20. Zer egin nahi duzu zure hitz egiteko gaitasunarekin?

20 Mundu honen hizkera okerrera doanez, gogor egin behar dugu lan gurea Jehobaren atseginekoa izateko. Hitz egiteko gaitasuna Jaungoikoaren oparia da. Beraz, nola erabiltzen dugun inporta zaio. Predikatzean, bileretan eta gure eguneroko elkarrizketetan modu positiboan hitz egiten ahalegintzen bagara, bedeinkatuko gaitu. Satanasen munduaren eragina desagertzean, askoz errazagoa izango da hitz egiteko moduarekin Jehobari ohore ematea (Ju 15). Bitartean, har ditzala Jehobak gure ahoko hitzak atseginez (Sal 19:15 [19:14, NWT]).

sjj 121. KANTA Autokontrola behar dugu

^ § 5 Hitz egiteko gaitasuna Jehobak eman digun opari zoragarria da. Tamalez, mundu ilun honetan jende gehienak ez du Jehobak nahi bezala erabiltzen. Zer egin dezakegu gure hizkera garbia eta positiboa mantentzeko? Nola egin dezakegu hori predikatzean, bileretan eta ingurukoekin hitz egitean? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu.

^ § 6 Izen batzuk aldatuak izan dira.

^ § 15 Iruzkinak emateari buruz informazio gehiago nahi baduzu, jo aldizkari honetako 2019⁠ko urtarrileko «Alabemos a Jehová en la congregación» artikulura («Loue Jéhovah dans l’assemblée»).

^ § 61 IRUDIAREN AZALPENA: Anaia batek gaizki erantzuten dio haserre dagoen etxeko jabe bati; anaia batek ez dio beharrezko gogoa jartzen kongregazioan kantatzeari; eta arreba bat esamesaka ari da.