Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Poztu zaitez Jehobari duzun onena ematen ari zarelako

Poztu zaitez Jehobari duzun onena ematen ari zarelako

«Azter beza nork bere jokaera» (GA 6:4).

sjj 37. KANTA Jehoba gogo osoz zerbitzatuz

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zerk ematen digu poz handia?

 JEHOBAK gu zoriontsu izatea nahi du. Azken finean, bere espirituaren fruituaren ezaugarrietako bat poza da (Ga 5:22). Emateak hartzeak baino zorion gehiago duenez, poz handia hartzen dugu predikatze-lanean gogor aritzen garenean eta gure anai-arrebei laguntzen diegunean (Eg 20:35).

2, 3. a) Galaziarrei 6:4 ⁠an aipatzen den bezala, zer bi gauzak lagundu gaitzakete Jehobaren zerbitzuan pozik mantentzen? b) Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?

2 Paulo apostoluak Galaziarrei 6:4 ⁠an, pozik edo harro sentitzen lagunduko gaituzten bi gauza aipatu zituen (Irakurri). Lehenengo, Jehobari dugun onena eman behar diogu. Gure onena ematen badiogu, zoriontsu izan beharko genuke (Mt 22:36-38). Eta, bigarren, besteekin ez dugu konparatu behar. Izan ere, gure osasuna, prestakuntza eta berez ditugun gaitasunei esker lortzen dugunarekin pozik sentitu beharko genuke. Azken finean, daukagun guztia Jehobarengandik dator. Bestalde, besteak Jehobaren zerbitzuko arloren batean gu baino hobeak direla ikusten badugu, poztu egin beharko ginateke gaitasun hauek Jehoba goresteko erabiltzen dituztelako, eta ez euren burua puztu edo beraiei komeni zaizkien gauzetarako. Beraz, beraiekin lehian ibili beharrean, beraiengandik ikasi beharko genuke.

3 Artikulu honetan, honako galderak erantzungo ditugu: Zer egin dezakegu ezin badugu nahi beste egin? Nola eskertu ditzakegu ditugun gaitasunak? Eta, zer ikasi dezakegu besteen eredutik?

ETA MUGATUTA SENTITZEN BAGARA?

Jehoba poztu egiten da bizitzako garai bakoitzean ahal dugun guztia egiten dugunean (Ikusi 4-6 paragrafoak) *

4. Zerk desanimatu gaitzake? Eman adibide bat.

4 Anai-arreba batzuek euren barruan borroka bat dute, adina edo osasun kaxkarrarengatik mugatuta sentitzen baitira. Horixe da Caroli gertatzen zaiona. Lehen, behar handiagoa zegoen toki batean zerbitzatzen zuen. Garai horretan zehar, 35 biblia-ikasle izan zituen eta haietako batzuk bataiora iritsi ziren. Oso emaitza onak lortu zituen. Baina, bat-batean, osasunak huts egin zion eta denbora gehiena etxean pasa behar izaten du. «Badakit nire gaixotasunagatik ezin dudala besteek bezainbeste egin. Baina, beraiek bezain leiala ez naizela sentitzen dut», dio Carolek. «Nahi dudana eta ahal dudanaren arteko borroka da, eta oso gogorra egiten zait». Gure arrebak onena eman nahi dio Jehobari eta hori goraipatzekoa da. Ziur gaude gure Jainko errukitsuak bere jarrera asko estimatzen duela.

5. a) Zer gogoratu behar dugu gure mugen ondorioz desanimatzen bagara? b) Irudietan ikusten dugun bezala, nola eman du gure anaiak beti onena?

5 Mugatzen zaituen zerbaitengatik desanimatzen bazara, pentsatu: «Azken finean, zer eskatzen dit Jehobak?». Oraintxe eman dezakezun guztia. Adibidez, imajinatu 80 urteko arreba bat. Jehobaren zerbitzuan 40 urterekin egiten zuena orain ezin duenez egin, desanimatu egiten da eta Jehoba berarekin pozik ez dagoela pentsatzen du. Baina, egia al da hori? Pentsatu: 40 urterekin bere onena ematen zuen eta 80 urterekin ere bere onena ematen ari da. Zer esan nahi du honek? Beti onena ematen aritu dela. Zer ikasten dugu honetatik? Jehoba egiten ari garenarekin nolabait pozik ez dagoela pentsatzen hasten bagara, gogoratu dezagun neurria berak jartzen duela. Gure onena ematen badiogu, poz-pozik honakoa esango digu: «Ederki!» (Konparatu Mateo 25:20-23).

6. Zer ikasi dezakegu Mariaren eredutik?

6 Pozik sentitzeko arrazoi gehiago izango ditugu egin ditzakegun gauzetan pentsatzen badugu, ez egin ezin ditzakegun gauzetan. Adibidez, Maria izeneko arreba batek gaixotasun bat du eta honek predikazioan egin dezakeena mugatu egiten du. Hasieran deprimitu egiten zen eta ezertarako balio ez zuela pentsatzen zuen. Baina, bere kongregazioan ohetik altxatu ezin zen arreba bat zegoen eta berari laguntzeko zer egin pentsatu zuen. «Telefonoz eta gutun bidez predikatzen laguntzeko geratzen hasi nintzen berarekin», dio Mariak. «Elkarrekin egoten ginen bakoitzean, pozik eta zoriontsu itzultzen nintzen etxera laguntzeko gai izan nintzelako». Era berean, zure eskura ez dauden gauzetan arreta jarri beharrean, zure eskura daudenetan jarri. Horrela zure poza handitu egingo da. Baina zer gertatzen da Jehobaren zerbitzuan gehiago egin badezakegu edo zerbaitetan bereziki trebeak bagara?

DOHAINA BADUZU, ERABILI!

7. Zer aholku eman zien Pedro apostoluak kristauei?

7 Pedro apostoluak bere gutunean gure gaitasun edo dohainak besteak animatzeko erabili behar ditugula esan zuen: «Nork bere dohaina hartu du Jainkoarengandik. Jar itzazue guztiok zeuen dohainak besteen zerbitzura, Jainkoaren hainbat eratako dohainen administratzaile zintzo bezala» (1 P 4:10). Beraz, erabili ditzagun gure gaitasunak bete-betean. Kontuan izan besteengan inbidia edo desanimoa sortzeko beldurragatik ez bagenitu erabiliko, ez ginatekeela Jehobari gure onena ematen ariko.

8. ⁠1 Korintoarrei 4:6, 7 ⁠aren arabera, zergatik ez genuke gure gaitasunez harrotu behar?

8 Gure gaitasunak bete-betean erabili behar ditugu, baina harrotu gabe (Irakurri 1 Korintoarrei 4:6, 7). Adibidez, biblia-ikastaroak hasten trebea bazara, erabili gaitasun hori. Noski, erabili, baina ez harrotu. Demagun predikatzean bizipen polit bat izan duzula eta biblia-ikastaro bat hasteko aukera izan duzula. Zurekin predikatzen ari direnei kontatzeko irrikan zaude. Baina, beraiekin elkartzean, arreba bat norbaiti aldizkari bat eman diola kontatzen ari da. Arrebak aldizkari bat eman dio norbaiti; zuk biblia-ikastaroa hasi duzu. Zer egingo duzu? Badakizu zure bizipenak taldea animatuko duela. Baina, agian, arrebaren poza itzali dezake. Aproposena zuri gertatutakoa beste momentu batean kontatzea dela erabaki dezakezu. Horrela, jator jokatzen ariko zinateke. Baina, mesedez, jarraitu biblia-ikastaroak eskaintzen. Dohaina baduzu, erabili!

9. Nola erabili behar genituzke gure dohainak?

9 Gogora dezagun berez ditugun gaitasunak Jehobaren dohainak direla. Horregatik, kongregazioaren alde erabili nahi ditugu, ez geure burua puzteko (Flp 2:3). Gure gaitasunak eta indarrak Jehobaren nahia egiteko erabiltzen ditugunean, pozik egoteko arrazoiak izango ditugu, ez besteek baino gehiago egiteagatik edo hobeak garela pentsatzeagatik, Jehoba goresten ari garelako baizik.

10. Zergatik ez du zentzurik konparaketak egiten aritzeak?

10 Erne ez bagabiltza, gure gaitasunak besteen ahuleziekin konparatzen hasi gaitezke. Adibidez, baliteke anaia batek hitzaldi publiko bikainak ematea. Hori oso ondo dago. Hala ere, bere bihotzean, hain trebea ez den beste anaia bat baino gehiago dela pentsatu dezake. Baina honek beste dohain batzuk ditu. Bere etxeko ateak beti zabal-zabalik ditu anai-arrebentzat, bere seme-alabak izugarri ondo hezten ari da eta predikatze-lanean gogotsu aritzen da. Zenbat eskertzen dugun gure fedekideek euren gaitasunak Jehoba eta anai-arrebak zerbitzatzeko erabiltzea!

BESTEENGANDIK IKASI

11. Zergatik ahalegindu behar dugu Jesusen eredua jarraitzen?

11 Konparatzen ibili gabe, Jehobaren beste zerbitzariengandik asko ikasi dezakegu, esate baterako, Jesusengandik. Egia da perfektua zela, baina hala ere, bere ezaugarri ederretatik eta egin zituen gauzetatik asko ikasi dezakegu (1 P 2:21). Bere eredua jarraitzen ahalegintzen bagara, Jehobaren zerbitzari hobeak eta predikatze-lanean trebeagoak izango gara.

12, 13. Zer ikasi dezakegu Dabid erregearengandik?

12 Biblian, inperfektuak izan arren, eredu ona ipini zuten gizon-emakume leial ugari dauzkagu (Heb 6:12). Horien artean Dabid erregea egon zen. Jehobak «neure gogoko gizon» deitu zion (Eg 13:22). Baina Dabid ez zen perfektua. Izan ere, akats larriak egin zituen. Hala ere, eredugarria izan zen. Zuzenketa jasotzean, ez zuen aitzakiarik jarri. Onartu egin zuen eta bihotzez damutu zen. Hori dela eta, Jehobak barkatu egin zion (Sal 51:5, 6, 12-14 [51:3, 4, 10-12, NWT]).

13 Dabiden eredutik ikasteko, galdera hauek egin ditzakegu: «Zuzentzen banaute, nola erantzuten dut? Nire akatsak berehala onartzen ditut, edo aitzakiak jartzen hasten naiz? Besteei botatzen al diet errua? Gogor ahalegintzen al naiz nire akatsak ez errepikatzeko?». Biblian beste gizon-emakume leialei buruz irakurtzean, antzeko galderak egin ditzakezu. Izan al zituzten zure antzeko arazoak? Zer ezaugarri erakutsi zuten? Kasu bakoitzean, pentsatu: «Nola bihurtu naiteke Jehobaren zerbitzari hau bezalakoa?».

14. Zer lortuko dugu anai-arreben ereduak aztertzean?

14 Begiratu zure inguruan dituzun anai-arrebei. Asko ikasi dezakezu beraiengandik, nahiz gazte nahiz adineko izan. Adibidez, nola eusten diote gelakide edo lankideen presioari? Zer egiten dute familiaren oposizioa jasateko? Nola egiten diete aurre osasun arazoei? Gehiago landu nahi al duzu beraiek erakusten duten ezaugarriren bat? Anai-arreba hauen ereduak aztertuz, zuk zeuk dituzun probei nola aurre egin ikasiko duzu. A zer bedeinkapena den gure aurrean horrelako fede ereduak edukitzea! (Heb 13:7; St 1:2, 3).

JEHOBA POZIK ZERBITZATU

15. Paulo apostoluaren zer aholkuk lagunduko digu Jehobaren zerbitzuan pozik jarraitzen?

15 Gutako bakoitzak gure onena ematen badugu, kongregazioan bakea eta batasuna egongo dira. Hala gertatu zen lehen mendeko kristauekin. Dohain eta eginkizun ugari zituzten (1 Ko 12:4, 7-11). Baina hori ez zen lehian aritzeko eta banaketak sortzeko arrazoia izan. Horren ordez, Paulok «Kristoren gorputza hazarazteko» ahaleginak egitera animatu zituen. Horrela atal guztiek «gorputza haziz eta maitasunean osoki eraikiz» lagunduko zuten (Ef 4:1-3, 11, 12, 16). Hori egin zutenek bakea eta batasuna bultzatu zituzten. Gaur egun ere gauza bera ikusten dugu kongregazioetan.

16. Zer egin nahi duzu? (Hebrearrei 6:10)

16 Gogor saiatu besteekin ez konparatzen. Hori egin ordez, Jesusengandik ikasi eta bere ezaugarriak imitatzen ahalegindu. Biblia-garaiko eta gaur egungo fede ereduetatik ere asko ikasi dezakezu. Ahal duzun guztia egiten jarraitzen baduzu, kontuan izan: Jehoba «ez da ahaztuko» zuk egindakoaz (Irakurri Hebrearrei 6:10). Segi Jehoba pozik zerbitzatzen eta gogoan izan bihotz-bihotzez egiten dituzun ahaleginak estimatzen dituela.

sn 45. KANTA Egin aurrera!

^ § 5 Denok ikasi dezakegu Jehoba zerbitzatzen duten besteengandik. Baina ez genuke konparaketak egiten ibili behar. Zerk lagunduko digu poza mantentzen? Zer egin dezakegu besteek lortzen dutena ikustean ez desanimatzeko, ezta harrotzeko ere? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu.

^ § 49 IRUDIEN AZALPENA: Anaia batek Betelen zerbitzatu zuen gaztea zenean. Gero, ezkondu eta, emaztearekin batera, aitzindaria izan zen. Haurrak izatean, predikatzen irakatsi zien. Orain, zahartu ondoren ere, ahal duen guztia egiten jarraitzen du, kasu honetan gutunak idatziz.