Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

2. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Eraberri zaitezte zeuen pentsaera aldatuz

Eraberri zaitezte zeuen pentsaera aldatuz

«Eraberri zaitezte […], zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena» (ERM 12:2).

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zer egiten jarraitu behar dugu bataiatu ondoren? Azaldu.

 ZENBATERO garbitzen duzu etxea? Agian goitik behera garbitu zenuen bizitzen jarri zinenean. Baina zer gertatzen da ez baduzu berriro garbitzen? Hautsa eta zikinkeria segituan pilatzen da, ezta? Beraz, zure etxea txukun egotea nahi baduzu, behin eta berriz garbitu behar duzu.

2 Antzeko zerbait gertatzen da gure pentsaera eta izaerarekin. Bataiatu baino lehen, beharrezko aldaketak egin genituen «gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik» garbitzeko (2 Ko 7:1). Baina Paulo apostoluaren aholkua jarraitzeko, geure «pentsaera berritzen jarraitu behar» dugu (Ef 4:23NWT). Zergatik da beharrezkoa hori egitea? Mundu honetako hautsa eta zikinkeria gugan erraz pilatu daitekeelako. Hori ez gertatzeko eta Jehobak gu begi onekin ikusteko, behin eta berriz aztertu behar ditugu gure pentsaera, izaera eta desioak.

JARRAITU «PENTSAERA ALDATZEN»

3. Zer esan nahi du pentsaera aldatzea? (Erromatarrei 12:2)

3 Zer egin behar dugu gure pentsaera aldatzeko? (Irakurri Erromatarrei 12:2). Grekerazko «pentsaera aldatu» esamoldea «pentsaera berritu» ere itzuli daiteke. Beraz, ez da nahikoa gure bizitza ekintza on gutxi batzuekin apaintzea. Horren ordez, barru-barruan garena aztertu eta beharrezko aldaketak egin behar ditugu gure bizitza Jehobaren arauetara ahalik eta gehien moldatzeko. Hau ez da behin bakarrik egin behar den gauza, etengabe baizik.

Zer ikasiko duzun aukeratzean, erakusten al duzu Erreinua lehen postuan dagoela? (Ikusi 4 eta 5 paragrafoak) c

4. Zer egin dezakegu mundu honek gure pentsaera ez moldatzeko?

4 Perfektuak izatera iristean, Jehobari atsegin zaion guztia egingo dugunez, begi onez ikusiko gaitu. Bitartean, gogor egin behar dugu lan. Erromatarrei 12:2⁠an ikusi dugun bezala, Paulok dio gure pentsaera aldatu behar dugula, Jainkoak nahi duena zer den jakiteko. Besterik gabe mundu gaizto honi gugan eragina izaten utzi beharrean, geure burua aztertu behar dugu Jainkoaren pentsaera, ez munduarena, gure helburu eta erabakietan zenbateko eragina izaten ari den ikusteko.

5. Nola jakin dezakegu Jehobaren eguna hurbil dagoela benetan sinesten dugun ala ez? (Ikusi irudia)

5 Adibidez, Jehobak bere «egunaren presentzia […] kontu-kontuan» hartu dezagun nahi du (2 P 3:12NWT). Pentsatu: «Zer esaten du nitaz nire bizimoduak? Sistema honen amaiera gertu dagoela ikusten dudala? Ikasketak eta lana aukeratzean, Jehobaren zerbitzua bizitzako gauzarik inportanteena dela erakusten al dut? Benetan sinesten al dut Jehobak nik eta nire familiak behar duguna emango digula? Edo gauza materialei buruz kezkatuta nago beti?». Pentsa zein pozik egongo den Jehoba egiten dugun guztian bere nahia kontuan hartzen dugunean (Mt 6:25-27, 33; Flp 4:12, 13).

6. Zer egiten jarraitu behar dugu?

6 Gure pentsaera aztertzeko ohitura izan behar dugu, eta gero beharrezko aldaketak egin. Paulok korintoarrei esan zien: «Jarraitu zeuen buruak aztertzen fedean zaudeten jakiteko. Jarraitu benetan zaretena egiaztatzen» (2 Ko 13:5NWT). Zer da fedean egotea? Noizean behin bileretara joatea eta predikatzea baino gehiago izan behar da. Gure pentsaera, joera eta motibazioekin ere lotuta dago. Beraz, gure pentsaera aldatzen jarraitu behar dugu Biblia irakurriz, Jehobak pentsatzen duen moduan pentsatzen ikasiz eta bere nahia betetzeko beharrezkoa den guztia eginez (1 Ko 2:14-16).

«JANTZI IZAERA BERRIA»

7. ⁠Efesoarrei 4:31, 32⁠aren arabera, zer gehiago egin behar dugu, eta zergatik izan daiteke zaila?

7 Irakurri Efesoarrei 4:31, 32. Gure pentsaera aldatzeaz gain, beste gauza bat ere egin behar dugu: «Izaera berria […] jantzi» (Ef 4:24). Hori ez da lan makala. Gogor egin behar dugu lan, batzuetan haserretu, sutu eta amorratu egiten garelako. Zergatik da zaila? Askotan, gure barruan horrelako gauzak oso errotuta daudelako. Adibidez, Bibliak dio pertsona batzuek «odol-beroak» eta «suminkorrak» izateko joera dutela (Es 29:22). Bataiatu ondoren ere, horrelako joerak kentzeko etengabeko ahaleginak egin behar dira. Horixe da hurrengo esperientziak erakutsiko diguna.

8, 9. Nola erakusten du Stepheni gertatutakoak izaera berria janzten jarraitu behar dugula?

8 Stephen izeneko anaia bat odol berokoa zen. Arazo bat zuen, jenio bizia kontrolatzea kostatu egiten zitzaiolako. «Bataiatu ondoren ere, nire izaera hobetzen jarraitu behar izan nuen» dio berak. «Adibidez, behin etxez-etxe predikatzen geundela, nire kotxeko irratia lapurtu zuenaren atzetik korrika joan nintzen. Berarengana hurbiltzean, irratia bota eta ihes egin zuen. Besteei gertatutakoa eta irratia nola berreskuratu nuen kontatzen nien bitartean, taldeko adindun batek galdetu zidan: “Stephen, zer egingo zenukeen harrapatu izan bazenu?”. Galdera honek pentsarazi egin zidan eta izaera baketsua lantzen jarraitzera motibatu ninduen». b

9 Zer erakusten digu Stepheni gertatutakoak? Gure izaeraren gauza txar bat gutxien espero dugunean agerian geratu daitekeela, nahiz eta guk kontrolpean dugula pentsatu. Hori gertatzen bazaizu, ez desanimatu eta ez pentsatu kristau bezala porrot egin duzunik. Paulo apostoluak ere borroka hori zuen: «Lege hau sumatzen dut neuregan: ongia egin nahi dudalarik, gaizkia bakarrik dudala neure esku» (Erm 7:21-23). Etxeko hautsa eta zikinkeria bezala, inperfektuak garenez, gure izaeraren gauza txarrak berriro agertzen dira. Beraz, garbi mantentzeko lan egiten jarraitu behar dugu. Nola?

10. Nola borrokatu dezakegu ezaugarri txarren aurka? (1 Joan 5:14, 15)

10 Otoitz egin Jehobari kentzea kostatzen ari zaizun ezaugarri txar horri buruz. Ez izan zalantzarik; entzun eta lagunduko dizu (Irakurri 1 Joan 5:14, 15). Ez da mirari baten bidez desagertuko, baina Jehobak kontrolatzeko indarra emango dizu (1 P 5:10). Hala ere, otoitz egiteaz gain, zure partetik ere jarri behar duzu. Ez bota ezaugarri horri bizirik mantenduko duen erregairik. Kontuz ibili ezaugarri txar hori ona dela erakutsi nahi duten pelikula, telebista programa edo istorioekin. Ez eduki desio txar horiek zeure buruan bueltaka (Flp 4:8; Kol 3:2).

11. Zer egin dezakezu izaera berria janzten jarraitzeko?

11 Izaera zaharra kentzeaz gain, izaera berria jantzi behar dugu. Hau egiteko, Jehobaren ezaugarriak aztertu eta hauek praktikan jartzeko helburua jarri (Ef 5:1, 2). Adibidez, Jehobaren barkamenari buruzko pasarte bat irakurtzean, pentsatu: «Barkatzen al diet nik besteei?». Jehobak pobreei erakusten dien errukiari buruz irakurtzean, pentsatu: «Antzeko interesa erakusten al diet horrelako egoeran dauden anai-arrebei? Egiten dudanarekin frogatzen al dut?». Jarraitu zure pentsaera aldatzen, eta egiten duzun bitartean, zeure buruarekin pazientzia izan.

12. Nola ikusi zuen Stephenek Bibliak bizitzak aldatzeko duen boterea?

12 Lehen aipatutako Stephenek pixkanaka-pixkanaka izaera berria jantzi zuela konturatu zen. Berak dio: «Bataiatu nintzenetik, modu biolentoan erantzun ahal nituen egoera asko izan ditut, baina egoera hauetatik ihes egiten edo modu baketsuan erantzuten ikasi dut. Askok, nire emazteak barne, zoriondu naute egoera hauei aurre egiteko moduarengatik. Ni ere harrituta nago neure buruarekin, baina neure kabuz ezingo nituzkeen aldaketa hauek egin nire izaeran. Horren ordez, aldaketa hauek Bibliak bizitzak aldatzeko duen boterearen froga besterik ez direla sinesten dut».

SEGI DESIO TXARREN AURKAKO BORROKAN

13. Zerk lagunduko digu desio egokiak izaten? (Galaziarrei 5:16)

13 Irakurri Galaziarrei 5:16. Ongi dagoena egiten laguntzeko, Jehobak eskuzabaltasunez espiritu santua ematen digu. Alde batetik, Jainkoaren Hitza aztertzen dugunean, espiritu honi guregan eragina izaten uzten diogu. Beste aldetik, bileretara joaten garenean ere espiritu santua jasotzen dugu. Bertan, ongi dagoena egiteko gogor saiatzen ari diren anai-arrebekin egoteak animatu egiten gaitu (Heb 10:24, 25; 13:7). Gainera, ahulezia bati aurre egiteko laguntza erregutzean, Jehobak bere espiritu santuarekin borrokan jarraitzeko indarra emango digu. Segur aski, desio txarrak ez dira desagertuko ikasi, bileretara joan edo otoitz egiteagatik. Baina hauei aurre egiteko indarra izango dugu. Galaziarrei 5:16⁠ak dioen bezala, espirituan ibiltzen direnak ez dira «giza grinei jarraituz» bizi.

14. Zergatik da inportantea ondo dagoena egiteko desioa lantzen jarraitzea?

14 Ohitura espiritual onak hartu ditugunean, behar-beharrezkoa da hauek mantentzea. Gainera, ongi dagoena egiteko desioa lantzen segi behar dugu, gaizki dagoena egiteko tentazioa beti hor dagoelako. Hau gure etsaietako bat da eta ez du inoiz atsedenik hartzen. Bataiatu ondoren ere, baztertu behar genituzkeen gauzek agian oraindik erakartzen gaituzte, adibidez, jokoa, alkohola edo pornografia (Ef 5:3, 4). Anaia gazte batek aitortzen du: «Nire sexu bereko pertsonek erakartzen naute, eta hauxe izan da nire borroka handienetako bat. Denborarekin pasako zela uste nuen, baina sentimendu horiek oraindik hortxe segitzen dute». Zerk lagundu zaitzake desio txarra bereziki handia bada?

Desio txarren bat azaltzen bada, ez pentsatu porrot egin duzunik. Beste batzuek ere borroka bera izan dute eta gainditu dute. (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak)

15. Zergatik da animagarria desira txarrak «gizakiarentzat ohikoak» direla jakitea? (Ikusi irudia)

15 Desira txar baten aurka borroka egitea oso gogorra egiten bazaizu, gogoratu ez zaudela bakarrik. Bibliak dio: «Ez duzue tentaldirik jasan gizakiarentzat ohikoak direnak izan ezik» (1 Ko 10:13⁠a, NWT). Hitz hauek Korinton bizi ziren kristau gizon-emakumeei zuzenduta zeuden. Hauetako batzuk adulteroak, homosexualak eta mozkorrak izan ziren (1 Ko 6:9-11). Bataiatu ondoren, izango al zituzten desio txarrak? Segur aski bai, ezta? Egia da gantzutuak zirela, baina gizaki inperfektuak ere. Seguru beraiek ere, noizean behin, borroka hori izango zutela. Hau jakitea animagarria da guretzat. Zergatik? Desio txar baten aurkako borroka oso zaila izan arren, gu baino lehenago beste norbaitek ere gainditu duela dakigulako. Izan ere, fedean sendo iraun dezakegu «munduan zabaldurik diren beste senideak ere guk bezalakoxe sufrimendua jasaten ari direla jakinik» (1 P 5:9).

16. Zerekin ibili behar dugu kontuz eta zergatik?

16 Kontuz, ez pentsatu pasatzen ari zaren egoera ez duela beste inork ulertuko. Horrek zure egoerak erremediorik ez duela eta gainditzeko indarrik ez duzula pentsatzera eraman zaitzake. Bibliak kontrakoa esaten du: «Leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko» (1 Ko 10:13b). Beraz, nahiz eta desira txarra oso indartsua izan, Jehobaren laguntzarekin gainditu dezakegu, bai horixe.

17. Desio txarrak ez agertzea ezinezkoa izan arren, zer dago gure esku?

17 Gogoratu: inperfektuak garenez, agian ezinezkoa izango zaigu desio txarrik ez agertzea. Baina azaltzean, segituan baztertu dezakegu, Josek Potifarren emaztearengandik ihes egin zuen bezala (Has 39:12). Ez duzu desio txarren atzaparretan erori beharrik.

ETENGABEKO ESFORTZUA

18, 19. Gure pentsaera aldatzeko lanean ari garela, zer galderatan pentsatu dezakegu?

18 Beraz, zer da pentsaera aldatzea? Pentsatzen duguna eta egiten duguna Jehobaren atseginekoa izatea. Etengabeko ahalegina egin behar dugu horretarako. Hortaz, behin eta berriz zeure burua aztertu eta pentsatu: «Zer erakusten du egiten dudanak? Sistema honen amaierarako gutxi falta dela? Izaera berria janzteko aurrerapausoak ematen al ditut? Uzten al diot Jehobari nire bizitza zuzentzen eta horrela desio txarrak gainditzen?».

19 Azterketa hori egitean, ez pentsatu perfektua izan behar duzunik. Egin duzun aurrerapenarekin pozik egon. Hobetu behar duzula ikusten baduzu, ez desanimatu. Segi honako aholkua: «Nolanahi ere, zenbat aurreratu dugun axola gabe, segi dezagun zuzen bide beretik ibiltzen» (Flp 3:16NWT). Hori egin ezkero, seguru Jehobak zure pentsaera aldatzeko esfortzua bedeinkatuko duela.

sn 52. KANTA Zaindu zure gogo-bihotzak

a Paulo apostoluak bere anai-arrebei argi eta garbi esan zien ez zutela mundu gaizto honen pentsaerara moldatu behar. Egia esan, gaur egunerako aholku ederra da. Kontu handiarekin ibili behar dugu mundu honek gugan eraginik izan ez dezan. Beraz, gure pentsaerak Jainkoaren pentsaerarekin bat egiten ez duen bakoitzean, zuzendu egin behar dugu. Artikulu honetan, nola egin aztertuko dugu.

b Ikusi «Nire bizitza gero eta okerrago zihoan» artikulua jw.org-ko «Bibliak bizitzak aldatzen ditu» atalean.

c IRUDIAREN AZALPENA: Anaia gazte bat unibertsitatera joango den ala aitzindaritza hasiko duen pentsatzen ari da.