Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jesu Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu

Jesu Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu

«Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu [...] bizi direnak ez daitezen berentzat bizi» (2 KO 5:14, 15).

sn 5. KANTA Jesu Kristo, gure eredua

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. a) Zer sentitzen dugu Jesusi buruz hausnartzen dugunean? b) Zer ikusiko dugu artikulu honetan?

 MAITE dugun norbait heriotzean galtzen dugunean, asko botatzen dugu faltan. Hasieran, hil aurreko egunetan pentsatzen dugunean, eta bereziki sufritu bazuen, mina besterik ez dugu sentitzen. Hala ere, denborarekin, irakatsi zigun zerbaitetan, gure ahoan irribarre bat marrazteko egin zuen gauzaren batean edo gu animatzeko esandako hitz batzuetan pentsatzen dugunean, poz apur bat sentitzen hasten gara.

2 Guk ere pena sentitzen dugu Jesusek hiltzean zenbat sufritu zuen pentsatzean. Oroitzapenaren garaian, bere sakrifizioari buruz hausnartzeko denbora hartzen dugu (1 Ko 11:24, 25). Hala ere, pozgarria da Jesusek lurrean egon zenean esan eta egin zituen gauzetan pentsatzea. Gainera, orain egiten ari dena eta etorkizunean egingo duena gogoan izateak asko animatzen gaitu. Erakutsi zigun maitasunak gure esker ona erakustera bultzatzen gaitu. Zer egin dezakegu bihotzean duguna erakusteko? Ikus dezagun.

ESKER ONAK JESUS JARRAITZERA BULTZATZEN GAITU

3. Zer arrazoi ditugu erreskatea eskertzeko?

3 Oso eskertuta sentitzen gara Jesusen bizitza eta heriotzean pentsatzen dugunean. Lurrean egon zenean, Jainkoaren Erreinuak lortuko duena erakutsi zuen eta guk asko estimatzen ditugu irakaspen horiek. Erreskatea ere asko eskertzen dugu, Jehoba eta Jesusen lagun minak izateko aukera ematen digulako. Gainera, Jesusengan fedea erakusteak betirako bizitzeko eta maite ditugunak berpiztuta ikusteko itxaropena ematen digu (Jn 5:28, 29; Erm 6:23). Ez dugu bedeinkapen horiek merezitzeko ezer egin eta ezingo diegu inoiz Jehoba eta Jesusi gugatik egindakoa ordaindu (Erm 5:8, 20, 21). Baina bada egin dezakegun zerbait: zenbateraino eskertzen dugun erakustea. Nola?

Nola motibatzen zaitu esker ona adieraztera Magdalako Mariaren ereduan hausnartzeak? (Ikusi 4 eta 5 paragrafoak)

4. Nola erakutsi zuen Magdalako Mariak Jesusek bere alde egindakoa eskertzen zuela? (Ikusi irudia)

4 Ikus dezagun emakume judu baten eredua, Magdalako Mariarena. Egoera tamalgarrian zegoen, zazpi deabruk zigortzen baitzuten. Konponbiderik ez zegoela sentituko zuen. Beraz, pentsa zein eskertuta sentituko zen Jesusek deabruengandik askatu zuenean. Ondorioz, Jesusen jarraitzaile izatera bultzatuta sentitu zen. Horregatik denbora, indarra eta ondasunak erabili zituen berari predikazioan laguntzeko (Lk 8:1-3). Nahiz eta bere alde egindakoa asko eskertu, segur aski oraindik ez zuen ulertzen Jesusek etorkizunean askoz gehiago egingo zuela. Bere bizia gizadi osoaren alde emango zuen «berarengan fedea erakusten» duten guztiek betiko bizia izan dezaten (Jn 3:16). Hori ez konprenitu arren, Jesus estimatzen zuenez, leiala izan zen. Jesus habean zintzilik zegoenean, Maria bere alboan egon zen berari eta inguruan zeudenei laguntza emozionala emanez (Jn 19:25). Jesus hil ondoren ere, Maria eta beste bi emakumek ukenduak eraman zituzten hilobira (Mk 16:1, 2). Leiala izan zenez, Jehobak saritu egin zuen. Ikasle gehienek izan ez zuten ohorea izan zuen: Jesus berpiztu zenean ikusi eta berarekin hitz egin ahal izan zuen (Jn 20:11-18).

5. Nola erakutsi dezakegu gure esker ona Jehoba eta Jesusek gure alde egindakoagatik?

5 Guk ere Jehoba eta Jesusek gure alde egindakoagatik eskertuta gaudela erakutsi dezakegu denbora, indarra eta ondasunak Erreinuaren alde erabiliz. Adibidez, eraikuntza eta mantentze proiektuetan parte hartzeko eskaini gaitezke.

JEHOBA ETA JESUSI DIEGUN MAITASUNAK BESTEAK MAITATZERA BULTZATZEN GAITU

6. Zergatik esan dezakegu erreskatea opari pertsonala dela?

6 Jehoba eta Jesusek zenbat maite gaituzten pentsatzeak beraiek maitatzera bultzatzen gaitu (1 Jn 4:10, 19). Eta maitasun hori are gehiago handitzen da Jesus gutako bakoitzarengatik pertsonalki hil zela konturatzen garenean. Paulo apostoluak Jainkoaren Semearengatik bere esker ona erakutsi zuen galaziarrei hau idaztean: «Maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen» (Ga 2:20). Erreskateari esker, Jehobak berarengana erakarri zaitu bere laguna izan zaitezen (Jn 6:44). Ez al zaitu hunkitzen Jehobak zugan zerbait ona ikusi izanak? Zer sentitzen duzu berarengana gerturatzeko zugatik preziorik handiena ordaintzeko prest egon dela jakitean? Ez al du are gehiago indartzen Jehoba eta Jesusi diezun maitasuna? Beraz geure buruari galdetu beharko genioke: «Zer egitera bultzatuko nau maitasun horrek?».

Jainkoa eta Jesusi diegun maitasunak mota guztietako jendeari predikatzera bultzatzen gaitu (Ikusi 7. paragrafoa)

7. Irudian ikusten den bezala, nola erakutsi dezakegu guztiok Jehoba eta Jesus maite ditugula? (2 Korintoarrei 5:14, 15; 6:1, 2)

7 Jehoba eta Jesusi diegun maitasunak besteei maitasuna erakustera bultzatzen gaitu (Irakurri 2 Korintoarrei 5:14, 15; 6:1, 2). Maitasun hori erakusteko modu bat predikazioan gogo biziz aritzea da. Ez dugu inor arraza, tribu, maila ekonomiko edo sozialagatik diskriminatzen. Mundu guztiari predikatzen diogu. Horrela Jehobaren helburuarekin bat egiten dugu, berak «gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi baitu» (1 Tm 2:4).

8. Nola erakutsi dezakegu gure anai-arrebak maite ditugula?

8 Jehoba eta Jesus maite ditugula erakusteko beste modu bat gure anai-arrebei maitasuna erakustea da (1 Jn 4:21). Beraietaz asko kezkatzen gara eta momentu zail bat pasatzen ari badira, lagundu nahi diegu. Heriotzean norbait galdu badute kontsolatzen ditugu, gaixo badaude bisitan joaten gara eta lur jota sentitzen badira animatzen saiatzen gara (2 Ko 1:3-7; 1 Ts 5:11, 14). Beraien alde otoitz egiten jarraitzen dugu. Izan ere, «indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak» (St 5:16).

9. Zer beste modutan erakutsi dezakegu anai-arrebak maite ditugula?

9 Anai-arrebak maite ditugula erakusteko beste modu bat beraiekin bakean egoteko gogor lan egitea da. Jehobaren eredua jarraitu nahi dugu, bere Semea gure bekatuengatik hiltzera bidaltzeko prest egon baitzen. Horregatik, gure anai-arrebek zerbait txarra egiten badigute, nola ez diegu ba barkatuko? Ez dugu Jesusen parabolako esklabo gaiztoa bezalakoak izan nahi. Nahiz eta nagusiak zor izugarria barkatu, esklaboak ez zion beste esklabo bati zor txiki bat barkatu nahi izan (Mt 18:23-35). Kongregazioko norbaitekin gaizki-ulertu bat izan baduzu, eman al dezakezu lehenengo pausoa Oroitzapena baino lehenago bakeak egiteko? (Mt 5:23, 24). Hori egiten baduzu, Jehoba eta Jesus bihotz-bihotzez maite dituzula erakutsiko duzu.

10, 11. Nola erakutsi dezakete adindunek Jehoba eta Jesus maite dituztela? (1 Pedro 5:1, 2)

10 Zer egin dezakete adindunek Jehoba eta Jesus maite dituztela erakusteko? Adibidez, oso inportantea da Jesusen ardiak zaintzea (Irakurri 1 Pedro 5:1, 2). Pedro apostoluari argi geratu zitzaion hau Jesusek esan zionagatik. Bere maisua hiru aldiz ukatu ondoren, Pedrok izugarrizko gogoa izango zuen zenbat maite zuen erakusteko. Jesusek, berpiztu ondoren, galdetu zion: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Dudarik gabe, edozer gauza egiteko prest egongo zen Jesusi zion maitasuna frogatzeko. Jesusek, orduan, esan zion: «Zaindu nire ardiak» (Jn 21:15-17). Handik aurrera, Pedrok bizitza osoan zehar bere Jaunaren ardiak goxo-goxo zaindu zituen. Horrela argi erakutsi zuen Jesusi zion maitasuna.

11 Adindunok, zer egin dezakezue Oroitzapen garaian Jesusek Pedrori esandakoa kontuan hartzen duzuela erakusteko? Jehoba eta Jesus maite dituzuela erakutsi dezakezue anai-arrebak animatzeko bisita gehiago eginez. Gainera, inaktiboei Jehobarengana itzultzen laguntzeko ahalegin berezia egin dezakezue (Ez 34:11, 12). Oroitzapenera etortzen diren Biblia ikasleak eta interesa erakutsi duten beste batzuk animatzen saiatu zaitezkete. Agian beraiek ere Jesusen ikasle bihurtu daitezke. Beraz, ahal duzuen guztia egin gure artean gustura sentitu daitezen.

JESU KRISTORI DIOGUN MAITASUNAK AUSARTAK IZATERA BULTZATZEN GAITU

12. Zergatik ematen digu ausardia Jesusek hil aurreko gauean esandako hitzetan hausnartzeak? (Joan 16:32, 33)

12 Hil aurreko gauean Jesusek esan zien bere ikasleei: «Munduan larrialdirik izango duzue; baina izan adore! Nik garaitua dut mundua» (Irakurri Joan 16:32, 33). Zerk lagundu zion Jesusi bere etsaien aurrean adorea edo ausardia erakusten eta hil arte leial mantentzen? Bere burua Jehobaren eskuetan jartzeak. Bazekien bere jarraitzaileek antzeko probak pasako zituztela. Horregatik, bere Aitari hauek zaintzeko eskatu zion (Jn 17:11). Ez al gaitu ausardiaz betetzen Jehobak gu zaintzen gaituela jakiteak? Izan ere, edozein etsai baino indartsuagoa da (1 Jn 4:4). Jehobak den-dena ikusten du. Beraz, bere eskuetan jartzen bagara, ziur gaude beldurra gainditzen eta ausardia erakusten lagundu ahal izango digula.

13. Nola erakutsi zuen ausardia Arimateako Josek?

13 Pentsa ezazu zer gertatu zen Arimateako Joserekin. Juduen artean ospe handiko gizona zen. Sanedrineko, hau da, juduen epaitegi goreneko kide zen. Baina Jesus lurrean predikatzen egon zen bitartean, Jose ez zen batere ausarta izan. Joanek esan zuen: «Jose Jesusen ikasleetakoa zen, baina isilpean, judu-agintarien beldurrez» (Jn 19:38). Erreinuko mezuan interesa zuen, baina isilean zeraman Jesusengan fedea zuela. Jendeak Jesusen ikaslea zela jakiten bazuen, bere posizioa galtzeko beldur zen. Kontuak kontu, Jesusen heriotzaren ondoren honakoa gertatu zela kontatzen du Bibliak: «Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera» (Mk 15:42, 43). Dagoeneko ez zen sekretua Jose Jesusen alde zegoela.

14. Zer egin dezakezu gizakiari beldur izateko joera baduzu?

14 Agian Joseren antzeko sentimenduak dituzu. Lotsa ematen al dizu eskolan edo lanean Jehobaren lekukoa zarela esateak? Berriemaile izatea edo bataiatzea atzeratzen ari al zara besteek pentsatuko dutenak kezkatzen zaituelako? Ez zaitzala gizakiari beldurrak geldiarazi. Zuk badakizu zer dagoen ondo. Ireki bihotza otoitzean Jehobari eta bere borondatea egiteko ausardia eskatu. Jehobak zure otoitzak nola erantzuten dituen ikusi ahala, gero eta indartsuagoa eta ausartagoa izango zara (Is 41:10, 13).

POZAK JEHOBA ETENGABE ZERBITZATZERA BULTZATZEN GAITU

15. Jesus ikasleei agertu zitzaienean, zer egitera bultzatu zituen pozak? (Lukas 24:52, 53)

15 Jesus hil zenean, bere ikasleak oso triste geratu ziren. Jarri zaitez beraien tokian. Ez zuten bakarrik beraien lagun maitea galdu. Itxaropena galdu zutela ere sentitzen zuten (Lk 24:17-21). Baina Jesus agertu zitzaienean, Bibliako profeziak berarengan nola betetzen ari ziren azaldu zien eta, gainera, lan garrantzitsu bat eman zien (Lk 24:26, 27, 45-48). 40 egun beranduago, Jesus zerura igo zenerako, ikasleak triste egotetik poz-pozik egotera pasa ziren. Bazekiten Jesus bizirik zegoela eta beraien lana betetzen laguntzeko prest zegoela. Zoriontsu ziren. Pozak Jehoba etengabe gorestera bultzatu zituen (Irakurri Lukas 24:52, 53; Eg 5:42).

16. Nola imitatu ditzakegu Jesusen ikasleak?

16 Nola imitatu ditzakegu Jesusen ikasleak? Jehoba urte osoan zerbitzatuz lortu dezakegu poza, ez bakarrik Oroitzapenaren garaian. Horretarako, Erreinua izan behar da gure lehentasuna. Adibidez, gure lan ordutegia moldatu dezakegu bileretan, predikazioan eta familia adorazioan parte hartzeko ohitura izateko. Batzuk beharrezko gauzekin bizitzeko prest daude. Horrela, kongregazioan gehiago egin dezakete edo behar handiagoa dagoen toki batera joan daitezke. Agian ez da erraza izango Jehoba etengabe zerbitzatzea. Baina Erreinua bizitzan lehenengo postuan jartzen badugu, Jehobak izugarri bedeinkatuko gaituela promestu digu (Es 10:22; Mt 6:32, 33).

Oroitzapen garaian zehar, hartu denbora Jehobak eta Jesusek zure alde egindakoan hausnartzeko (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Oroitzapen garaian zer egiteko determinazioa duzu? (Ikusi irudia)

17 Irrikaz espero dugu Oroitzapena apirilaren 4⁠an, asteartean. Hala ere, ez dugu ordurarte itxaron beharrik Jesusen bizitza eta heriotzari buruz hausnartzeko. Berak eta Jehobak erakutsi diguten maitasunari buruz ere pentsatu dezakegu. Beraz, Oroitzapen garai osoan zehar ahal duzun guztietan egin. Adibidez, 2019⁠ko apirileko Lan-koadernoan, laugarren orrialdean, Jesusek lurrean pasatu zuen azken asteari buruzko taula bat dago. Zergatik ez duzu gertaera hauei buruz irakurtzeko eta hausnartzeko denbora hartzen? Hori egitean, bilatu esker ona, maitasuna, ausardia eta poza handitzen lagunduko dizuten pasarteak. Orduan, pentsatu zer gauza egin ditzakezun eskertuta zaudela adierazteko. Dudarik gabe, Jesusentzat oso baliotsuak izango dira Oroitzapen garaian bera gogoan izateko egiten dituzun ahalegin guztiak (Ap 2:19).

sjj 17. KANTA «Nahi dut»

a Oroitzapenaren garaian, Jesusen bizitzan eta heriotzean eta berak eta Jehobak erakutsitako maitasunean hausnartu behar genuke. Hori egitean, gure esker ona handitu egiten da eta zerbait egitera bultzatzen gaitu. Zer egin dezakegu erreskatea eskertzen dugula eta Jehoba eta Jesus maite ditugula erakusteko? Zerk bultzatu gaitzake anai-arrebak maitatzera, ausart izatera eta gure zerbitzuan pozik aritzera? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu.