Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

6. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zer erakusten du Bibliak bere autoreari buruz?

Zer erakusten du Bibliak bere autoreari buruz?

«Idatzi liburu batean nik eman dizkizudan mezu guztiak» (JR 30:2).

sjj 96. KANTA Jainkoaren liburua altxor bat da

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik estimatzen duzu Biblia?

 ZENBAT eskertzen diogun Jehobari Biblia eman izana! Bertan aurkitzen ditugun aholkuei esker, Jehobak gaur egungo arazoei aurre egiteko laguntza ematen digu. Gainera, etorkizunerako esperantza polit bat ematen digu eta, oraindik inportanteagoa, Jehobak Biblia erabili du bere pertsonalitatea zein den erakusteko. Bere ezaugarri ederretan hausnartzen dugunean, hunkitu egiten gara eta berarengana gehiago hurbildu nahi dugu bere lagunak izateko (Sal 25:14).

2. Zein modu desberdinetan komunikatu da Jehoba gizakiekin?

2 Jehobak jendeak bera ezagutzea nahi du. Nola egin zuen hau iraganean? Ametsen, ikuskarien eta aingeruen bidez (Zen 12:6; Eg 10:3, 4). Baina nola aztertuko genituzke horrelako gauzak inork idatzi izan ez balitu? Horrexegatik, bera ezagutu ahal izateko, gizon batzuei «liburu batean» idazteko agindu zien (Jr 30:2). «Jainkoaren bidea ezin hobea» denez, ziur egon gaitezke berarekin komunikatzeko modu hau paregabea eta oso lagungarria dela (Sal 18:31, EABLB [18:30, NWT]).

3. Zer egin du Jehobak Bibliak gaur egun arte irauteko? (Isaias 40:8)

3 Irakurri Isaias 40:8. Jainkoaren Hitzak milaka urtetan zehar eman die gida gizon-emakume leialei. Nola izan da hau posible? Azken finean, aspaldi idatzi zen eta, hondatzen den materialetan idatzi zenez, dokumentu originalak ez dira gaur eguneraino iritsi. Baina Jehobak kopiak egiteko agindu zuen, eta nahiz eta kopista hauek inperfektuak izan, kontu handiz egiten zuten beraien lana. Adibidez, aditu batek dio Idazki Hebrearrei buruz: «Ziur gaude ez dagoela hain zehazki kopiatutako antzinako libururik». Beraz, Biblia idatzi zenetik denbora asko pasatu da, testua hondatzen diren materialetan idatzi zen eta kopiatzaileak inperfektuak izan ziren. Hala ere, ziur gaude gaur egun Biblian irakurtzen duguna bere autorearen, hau da, Jehobaren pentsamenduak direla.

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Jehoba da «opari on eta dohain perfektu» guztien jatorria (St 1:17NWT). Jehobak eman digun opari onenetariko bat Biblia da. Imajinatu opari bat jasotzen duzula. Oparia nolakoa den ikusita, argi ikusten duzu eman dizun pertsonak ondo ezagutzen zaituela eta ongi dakiela zer behar duzun. Gauza bera esan dezakegu Biblia eman digunari buruz. Opari hau aztertzean, Jehobak zein ondo ezagutzen gaituen eta zer behar dugun ongi dakiela konturatzen gara. Artikulu honetan, Bibliak Jainkoaren hiru ezaugarri nola erakusten dituen ikusiko dugu: bere jakinduria, justizia eta maitasuna. Goazen banan-banan aztertzera. Hasi gaitezen Jainkoaren jakinduriarekin.

BIBLIAK JAINKOAREN JAKINDURIA ERAKUSTEN DU

5. Zein modutan erakusten du Bibliak Jainkoaren jakinduria?

5 Jehobak badaki bizitzarako jakinduria beharrean gaudela, eta bere oparia, Biblia, jakinduria horretaz beteta dago. Bere aholkuek eragin ona dute jendearengan. Bibliak bizitzak aldatzen ditu. Moisesek Bibliako lehen liburuak idatzi zituenean, israeldarrei esan zien hitz horiek ez zirela «funsgabeko» hitzak; beraien biziak jokoan zeuden (Dt 32:47). Obeditzen bazituzten, bizitza zoriontsua izango zuten (Sal 1:2, 3). Denborak ez dio Jainkoaren Hitzari indarrik kendu. Pertsonen bizitzak hobetzen jarraitzen du. Esaterako, jw.org webgunean «Bibliak bizitzak aldatzen ditu» sailean, honen 30 adibide baino gehiago ditugu. Kasu hauetan argi ikusi dezakegu Bibliak «lan ederra» egiten duela jendearengan (1 Ts 2:13).

6. Zergatik esan dezakegu Biblia bezalako libururik ez dagoela?

6 Ez dago Biblia bezalako libururik. Zergatik esan dezakegu hori? Bere autorea, Jehoba, Ahalguztiduna delako, betidanik eta betirako bizi delako eta bere jakinduriak parekorik ez duelako. Beste liburuen autoreak, berriz, hil egiten dira, eta jendeak beraien liburuak irakurri arren, denborarekin, zaharkituta gelditzen dira. Baina Bibliaren aholkuak, bestalde, beti dira praktikoak eta garai guztietako pertsonei lagundu die. Liburu santu hau irakurtzean eta ikasitakoan hausnartzean, bere autoreak bere espiritu santu boteretsua erabiltzen du Bibliako aholkuak gure bizitzan praktikan nola jarri ikusten laguntzeko (Sal 119:27; Ml 3:16; Heb 4:12). Bai, Bibliaren autorea bizirik dago eta zu laguntzeko irrikitan gainera. Hau bai arrazoi ona Biblia egunero-egunero irakurtzeko, ezta?

Nola elkartu du Bibliak Jehobaren herria iraganean eta gaur egun? (Ikusi 7 eta 8 paragrafoak)

7. Nola lagundu zion Bibliak Jainkoaren herriari elkartuta egoten?

7 Badago Bibliak Jainkoaren jakinduria erakusten duela esateko beste froga bat: Jainkoaren herria elkartzen du. Israeldarrak promestutako lurraldean sartu zirenean, eremu handi batean jarri ziren bizitzen. Tokiaren arabera, lanbide desberdinak aukeratu zituzten: arrantza, abeltzaintza edo nekazaritza. Bata bestearengandik urruti bizi zirenez, bakoitzak berea egin eta beste israeldarrengan interesa galdu zezaketen. Baina Jehobak ez zuen hori gertatzen utzi. Bere Hitza irakurri eta azaltzen zen momentuetan elkartzeko agindu zien (Dt 31:10-13; Ne 8:2, 8, 18). Beraz, Jerusalemen Israel osoko milioika lagun elkartuko ziren Jehoba adoratzeko. Imajinatu nola sentituko zen israeldar bat hara iristean eta hainbeste fedekide ikustean! Modu honetan, Jehobak bere herriari denboran zehar elkarturik egoten lagundu zion. Gero, kristau kongregazioa sortu zenean, hizkuntza desberdin asko eta maila sozial eta ekonomiko desberdinak zituzten gizon-emakumeek osatu zuten. Baina Idazkiak maite zituztenez, Jainkoa bat eginda adoratzen zuten. Jainkoaren Hitza ulertzeko besteen laguntza behar zuten, eta bileretan elkartu behar ziren (Eg 2:42; 8:30, 31).

8. Nola laguntzen dio Bibliak Jehobaren herriari elkartuta egoten?

8 Gaur egun gure Jainkoak gauza bera egiten jarraitzen du Bibliaren bidez. Bere herriari irakasten dio eta elkartuta mantentzen du. Jainkoaren Hitza da gozatzen dugun janari espiritualaren jatorria. Bileretan eta biltzarretan elkartu ohi gara Biblia irakurri, azaldu eta aztertzen denean entzuteko. Beraz, Biblia ezinbestekoa da Jehoba denok bat eginik zerbitza dezagun (So 3:9).

9. Zer da beharrezkoa Bibliaren mezua ulertzeko? (Lukas 10:21)

9 Ikus dezagun Jehobaren jakinduriaren beste froga bat. Bibliako zati asko jende xumeak bakarrik ulertzeko moduan idatziak izan ziren (Irakurri Lukas 10:21). Toki guztietako jendeak irakurtzen du Biblia. Aditu baten arabera, Biblia «ez da gehien irakurri den liburua bakarrik, kontu handienarekin irakurri den liburua ere bada». Hala ere, umilak bakarrik dira ulertu eta bere esana praktikan jartzen dutenak (2 Ko 3:15, 16).

10. Beste zein modutan erakusten du Bibliak Jehobaren jakinduria?

10 Oraindik badago Biblian Jehobaren jakinduria antzematen laguntzen digun beste zerbait. Jehobak ez du bere Hitza talde bati bakarrik irakasteko erabiltzen, baizik eta gutako bakoitzari irakasteko eta kontsolatzeko ere erabiltzen du. Irakurtzen dugunean, guztiok sentitu dezakegu Jehobaren interes pertsonala (Is 30:21). Arazo bati aurre egitean, zenbatetan gertatu zaizu bertset bat irakurri eta zuretzat idatzia izan zela pentsatzea? Baina Biblia milioika pertsonari zuzendua dago. Orduan, nola izan daiteke posible informazio hori zuk gaur egun behar duzuna izatea? Bibliaren autorea unibertsoko pertsonarik jakintsuena delako (2 Tm 3:16, 17).

BIBLIAK JAINKOAREN JUSTIZIA ERAKUSTEN DU

11. Nola erakutsi zuen Jainkoak inpartziala dela Biblia idatzi zenean?

11 Jehobaren beste ezaugarri bat bere justizia da (Dt 32:4). Justiziaz jokatzen duen pertsona normalean inpartziala da. Jehoba horrelakoxea da; ez du bereizketarik egiten (Eg 10:34, 35; Erm 2:11). Hau argi ikusten da Biblia idazteko erabili ziren hizkuntzetan. Lehen 39 liburuak hebreeraz idatzi ziren gehienbat eta hizkuntza hau garai hartako Jainkoaren herriak erraz ulertu zezakeen. Lehen mendean, berriz, grekoa zen gehien erabiltzen zen hizkuntza. Bibliaren azken 27 liburuak hizkuntza horretan idatzi ziren nagusiki. Beraz, Jehobak ez du hizkuntza bakarra erabili bere Hitza idazteko. Gaur egun, hala ere, ia 8.000 milioi pertsona bizi dira lurrean eta hizkuntza askotan mintzo dira. Nola izan daiteke posible hainbeste jendek Jehobari buruz ikastea?

12. Zeri esker bete da neurri batean Daniel 12:4 azken egun hauetan?

12 Daniel profetaren bidez, Jehobak azken egunetan Bibliaren «benetako ezagutza ugaritu» egingo zela esan zuen, hau da, askok ulertuko zutela (Irakurri Daniel 12:4NWT b). Hori, neurri batean, Biblia eta Biblia argitalpenen itzulketa, argitaratzea eta banaketari esker izan da. Gainera, Biblia munduan zehar gehien itzuli eta zabaldu den liburua izan da. Baina arazo bat dago. Argitaletxeek oso garesti saltzen dituzte batzuetan. Jehobaren herriak, berriz, 240 hizkuntza baino gehiagotan itzuli du Biblia osoa edo honen zatiren bat, eta edonork lortu dezake ezer ordaindu gabe. Ondorioz, mundu osoko jendea «Jainkoaren erregetzaren berri on[ak]» onartzen ari da azkena etorri baino lehen (Mt 24:14). Azken finean, gure Jainkoa justiziaren Jainkoa da eta bere Hitza irakurriz bera ezagutzeko aukera eman nahi dio ahalik eta jende gehienari. Ez al da hau asko maite gaituen seinale?

BIBLIAK JAINKOAREN MAITASUNA ERAKUSTEN DU

13. Zergatik esan dezakegu Bibliak Jehobaren maitasuna agerian uzten duela? (Joan 21:25)

13 Bibliak bere autorearen ezaugarri handiena agerian uzten du: maitasuna (1 Jn 4:8). Pentsa Jehobak zer informazio sartu duen Biblian: berarekin harremana izateko zer egin behar dugun, nola izan gaitezkeen zoriontsu orain, eta betiko bizia nola lortu dezakegun. Pentsatu orain zer ez duen sartu. Ez dizkigu asimilatu ditzakegun xehetasunak baino gehiago eman. Zenbat maite gaituen, ezta? (Irakurri Joan 21:25).

14. Zerk gehiagok erakusten du Biblian Jainkoak maite gaituela?

14 Jehobak maitasuna erakutsi digu gurekin komunikatu den moduagatik ere. Gure duintasuna errespetatu du beti. Zergatik esan dezakegu hori? Biblian ez digulako arau zerrenda amaigabe bat eman gure bizitzako xehetasun guztiak kontrolatzeko. Horren ordez, gure pentsatzeko gaitasuna pizten saiatu da eta, horretarako, gu bezalako pertsonen istorioak, profezia txundigarriak eta aholku praktikoak eman dizkigu. Ez al gaitu Jainkoaren Hitzak Bera bihotzez maitatzera eta obeditzera bultzatzen?

Zergatik hausnartu beharko genuke Jehobak iraganean bere zerbitzariak tratatu zituen moduan? (Ikusi 15. paragrafoa)

15. a) Nola erakusten du Jehobak bere Hitza irakurtzen dutenengan interes bizia duela? b) Irudian ikusten denez, zein Biblia pertsonaietan ari dira hausnartzen neskatxa, anaia gaztea eta adinekoa? (Has 39:1, 10-12; 2 Erg 5:1-3; Lk 2:25-38)

15 Bibliak argi erakusten du Jehobak gugan interes bizia duela. Zergatik esan dezakegu hori? Giza emozioak erakutsi zituzten gizon-emakumeen istorioz beteta dagoelako. Guk bezalako sentimenduak zituztenez, beraien tokian jarri gaitezke (St 5:17). Gainera, Jehobak gu bezalako jendearekin nola jokatu zuen ikustean, argiago ikusten dugu «bihozbera eta errukiorra» dela (St 5:11).

16. Nola tratatu zituen Jehobak bekatu egin zutenak, eta zer ikasten dugu guk? (Isaias 55:7)

16 Bibliak Jainkoaren maitasuna beste modu batean ere erakusten du. Bekatu bat egiten dugunean, Jainkoak ez gaituela utziko ziurtatzen digu. Israeldarrek, adibidez, behin eta berriz Jehobaren aurka egin zuten bekatu. Baina, hala ere, benetan damutu zirenean, barkatu egin zien (Irakurri Isaias 55:7). Lehen mendeko kristauek ere argi zuten nolakoa zen Jainkoaren maitasuna. Adibidez, Korintoko gizon bat bekatu larria egiten aritu zen, baina damutu egin zen. Paulo apostoluak, Jainkoak inspiratuta, gizonari «barkatu eta adorea» emateko eskatu zien Korintoko anai-arrebei (2 Ko 2:6, 7; 1 Ko 5:1-5). Ez al da nabarmena Jehobak ez dituela bere adoratzaileak huts egiteagatik baztertzen? Kontrakoa, laguntzen eta zuzentzen zituen, eta bere beso goxoetara itzultzera gonbidatu zituen. Gaur egun ere, damutzen diren guztiekin gauza bera egingo duela hitz eman du (St 4:8-10).

ESTIMATU JAINKOAREN HITZAREN OPARI ONA

17. Zergatik da Biblia hain opari berezia?

17 Jehobak opari ederra eman digu. Zergatik da hain berezia bere Hitza? Ikasi dugun bezala, Bibliak Jainkoaren jakinduria, justizia eta maitasuna erakusten du. Liburu honek argi uzten du Jehobak guk bera ezagutzea nahi duela. Bere lagunak izan gaitezen nahi du.

18. Nola erakutsi dezakegu Jehobak emandako opari ona eskertzen dugula?

18 Jainkoaren opari ona, hau da, bere Hitza, ez dugu balio gutxiko zerbait bezala hartu behar (St 1:17NWT). Segi dezagun, beraz, Biblia eskertzen dugula erakusten. Nola? Irakurriz eta bere Hitz sakratuetan hausnartuz. Hori eginez gero, ziur egon gaitezke bere autoreak gure ahaleginak bedeinkatuko dituela eta «Jainkoa ezagutzera iritsiko» garela (Es 2:5).

sn 37. KANTA Biblia, Jainkoak inspiratua

a Bibliak Jehobarengana hurbiltzen laguntzen gaitu. Zer ikasi dezakegu liburu santu honetatik Jainkoaren jakinduria, justizia eta maitasunari buruz? Ikasten dugunak Jainkoaren Hitza gehiago estimatzen eta gure zeruko Aitaren oparia dela ikusten lagunduko digu.

b Daniel 12:4NWT: «Eta zuk, Daniel, gorde isilpean mezu hau eta itxi zigiluz liburua azken garaia arte. Orduan, askok aztertuko dute eta benetako ezagutza ugarituko da».