Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

9. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Estimatu bizia, Jainkoaren oparia

Estimatu bizia, Jainkoaren oparia

«Zeren berari esker bizi, mugitu eta existitzen gara» (EG 17:28NWT).

sjj 141. KANTA Bizia, mirari zoragarria

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zenbat balio du Jehobarentzat gure biziak?

 IMAJINATU lagun batek margolan bat oparitzen dizula. Nahiz eta zaharra izan, oso baliotsua da. Toki batzuetan kolorea galdu du, eta pixka bat hondatua dago. Egoera perfektuan ez egon arren, milioika euro balio du. Ez al zenuke eskertu eta babestuko artelan hau? Jehobak ere opari baliotsu bat egin digu: bizia. Izan ere, bere Semea erreskate bezala eman izanak, gure bizia zenbat baloratzen duen erakusten du (Jn 3:16).

2. ⁠2 Korintoarrei 7:1⁠aren arabera, zer espero du Jehobak gutaz?

2 Jehoba da biziaren iturria (Sal 36:10 [36:9, NWT]). Paulo apostolua horrekin ados zen, eta horregatik esan zuen: «Zeren berari esker bizi, mugitu eta existitzen gara» (Eg 17:28NWT; 17:25). Beraz, horregatik esaten dugu gure bizia Jainkoaren oparia dela. Maitasunez, bizirik egoteko behar duguna ematen digu (Eg 14:15-17). Baina ez du miraririk egiten guk bizirik segitzeko. Horren ordez, gure osasun espirituala eta fisikoa zaintzeko ahal dugun guztia egitea espero du (Irakurri 2 Korintoarrei 7:1). Zergatik babestu behar dugu gure osasuna eta bizia? Eta nola egin dezakegu hori?

ESTIMATU BIZIAREN OPARIA

3. Zein da osasuntsu egon nahi izateko arrazoi bat?

3 Osasuntsu egoteko arrazoi bat Jehobaren zerbitzuan ahal dugun guztia eman nahi izatea da (Mk 12:30). Geure gorputzak «opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri» izatea nahi dugu (Erm 12:1). Beraz, geure osasuna kaltetuko duen ezer ez egiten saiatzen gara. Hala ere, nahiz eta asko zaindu, ezerk ezin digu ziurtatu ez garenik gaixotuko. Baina Jehobari biziaren oparia estimatzen dugula erakutsi nahi diogu. Horregatik, ahal dugun guztia egiten dugu osasuntsu mantentzeko.

4. Zer egin nahi zuen Dabid erregeak?

4 Dabid erregeak hitz hauekin azaldu zuen biziaren oparia zenbat maite zuen: «Zer irabazten duzu ni hilda, ni hilobira sartuta? Hautsak zu goretsiko ote? Zure leialtasuna iragarriko ote?» (Sal 30:10 [30:9, NWT]). Baliteke Dabidek hitz hauek bere bizitzaren amaiera aldera idatzi izana. Argi zeukan, Jehoba zerbitzatzeko, ahalik eta denbora gehien nahi zuela bizirik eta osasuntsu egon. Zalantzarik gabe, horixe da guk ere nahi duguna.

5. Zer egin dezakegu zahartzaroa edo gaixotasunak iristean ere?

5 Agian, gaixotasuna edo adinagatik ezin dugu lehen egiten genuen bezainbeste egin. Ondorioz, etsita eta triste sentitu gaitezke. Baina ahal dugun guztia egin beharko genuke gure osasuna zaintzen jarraitzeko. Zergatik? Gure egoera zein den axola gabe, Dabidek bezala Jehoba goresten jarraitu dezakegulako. Zein hunkigarria den, nahiz eta gaixo egon edo edadetua izan, Jehobarentzat oso baliotsuak garela jakitea! (Mt 10:29-31). Hiltzen bagara ere, gu pizteko irrikan dago (Jb 14:14, 15). Beraz, bizirik gauden bitartean, gure osasuna eta bizia babesteko ahal dugun guztia egin nahi dugu.

ALDE BATERA UTZI OHITURA TXARRAK

6. Jan eta edateari buruzko erabakiak hartzerakoan, zer egiteko esaten digu Jehobak?

6 Osasun eta dieta liburu bat ez izan arren, Bibliak argi uzten du Jehobak jan eta edateari buruz zer pentsatzen duen. Adibidez, gorputza kaltetu dezaketen ohitura txarrak baztertzeko esaten digu (Koh 11:10). Gehiegi jan eta edateak bizia arriskuan jarri dezakeenez, Bibliak horren aurka hitz egiten du (Es 23:20). Zer eta zenbat jan eta edango dugun erabakitzean, Jehobak autokontrola izateko esaten digu (1 Ko 6:12; 9:25).

7. Nola laguntzen digu Esaera Zaharrak 2:11⁠ko aholkuak osasunari buruzko erabakiak hartzerakoan?

7 Gure erabakiekin erakutsi dezakegu Jehobaren oparia eskertzen dugula. Erabaki horiek hartzeko zentzu ona erabili behar dugu (Sal 119:99, 100; Irakurri Esaera Zaharrak 2:11). Adibidez, ondo pentsatu behar dugu zer jan behar dugun. Imajinatu janari bat gustatzen zaigula baina ez digula onik egiten. Noski, zentzu ona erabiltzen badugu, ez dugu jango, ezta? Gainera, zentzudunak garela erakutsiko dugu nahiko deskantsatuz, kirola egiteko ohitura izanez, eta etxea eta gure gorputza garbi mantenduz.

SEGURTASUN NEURRIAK HARTU

8. Nola erakusten du Bibliak Jehobak segurtasunari buruz zer pentsatzen duen?

8 Jehobak israeldarrei eman zien Legean, etxean eta lantokian istripu larriak ez izateko instrukzioak eman zizkien (Ir 21:28, 29; Dt 22:8). Pertsona batek beste bat hiltzen bazuen, nahigabe izanda ere, ondorio larriak jasan beharko zituen (Dt 19:4, 5). Jaiogabeko haur bati ere istripu batean zerbait gertatzen bazitzaion, Legeak errudunarentzat zigorra ezartzen zuen (Ir 21:22, 23NWT). Bibliak argi eta garbi erakusten du Jehobak segurtasunari garrantzi handia ematen diola eta guk ere ematea nahi duela.

Nola erakutsi dezakegu egoera hauetan bizia errespetatzen dugula? (Ikusi 9. paragrafoa)

9. Zer egin dezakegu ahal dugun neurrian istripurik ez izateko? (Ikusi irudiak ere)

9 Etxean eta lanean segurtasun neurriak hartuz, biziaren oparia asko estimatzen dugula erakusten dugu. Adibidez, zerbait bota behar dugunean, besteak ez kaltetzeko moduan egingo dugu, agian objektu zorrotzak, produktu kimikoak edo botikak bezalakoak. Gainera, kontu handia izango dugu horrelako gauzak haurren eskura ez uzteko. Sua piztean, ura irakitean eta erreminta elektrikoak erabiltzean ere, adi ibiltzen gara eta ez ditugu begi bistatik galtzen. Honetaz gain, zenbait egoeratan ez dugu autoa gidatuko, esaterako, botika zehatz batzuk edo alkohola hartu ondoren, edo logura dugunean. Eta, noski, gidatzen ari garen bitartean, ez genuke mugikorra eskuetan ibiliko.

LARRIALDI BAT DAGOENEAN

10. Zer egin dezakegu hondamendi bat gertatu aurretik eta gertatzen ari den bitartean?

10 Batzuetan ezin dugu asko egin arriskuetatik guztiz libratzeko. Hala gertatzen da hondamendi naturalekin, epidemiekin eta istilu biolentoekin. Baina, hala ere, gertatzean, arriskua murriztu eta babesa handitu dezakegu, adibidez, etxeratze edo ebakuazio aginduak eta murrizketak obedituz (Erm 13:1, 5-7). Beste batzuetan, hondamendi baterako prestatu gaitezke agintariek esaten dutena eginez. Esaterako, praktikoa izan daiteke etxean ura, hondatzen ez den janaria eta botikin bat edukitzea.

11. Gaixotasun kutsakor bat agertzen bada, zer egin beharko genuke?

11 Zer egin behar dugu bizi garen tokian gaixotasun kutsakor bat zabaltzen bada? Agintariek esaten dutena, adibidez, eskuak garbitzea, segurtasun distantzia mantentzea, musukoa erabiltzea eta koarentena betetzea. Gauza guzti hauek serio hartzean, Jainkoaren oparia maite dugula erakusten ariko gara.

12. Nola laguntzen digu Esaera Zaharrak 14:15⁠ak zer informazio entzun behar dugun erabakitzen?

12 Larrialdietan, egia ez den informazioa zabaldu daiteke. Hori komunikabideetan, eta lagunen eta bizilagunen artean gertatu daiteke. Esaten den guztia sinetsi beharrean, gobernu eta medikuengandik datorren informazio fidagarrienera jo beharko genuke (Irakurri Esaera Zaharrak 14:15). Zuzendari Batzordeak eta sukurtsalek ahal duten guztia egiten dute informazio zehatza lortzeko. Horrela, bileretarako eta predikaziorako argibide egokiak eman ditzakete (Heb 13:17). Obeditzen badugu, geure burua eta besteak babestuko ditugu. Gainera, bizi garen tokian kongregazioaren izen ona handituko da (1 P 2:12).

ODOLIK EZ ONARTZEKO PRESTAKETAK EGIN

13. Odolari dagokionez, nola erakutsi dezakegu Jainkoaren oparia maite dugula?

13 Jehobaren lekukoentzat odola sakratua da. Jende askok daki ez dugula odol transfusiorik onartzen. Jainkoaren agindu hau larrialdi medikuetan ere betetzen dugu (Eg 15:28, 29). Baina horrek ez du esan nahi hil nahi dugunik, ezta gutxiago ere. Jainkoaren oparia maite dugu. Horregatik, odol gabeko eta kalitatezko tratamenduak eskaintzeko prest dauden profesionalak bilatzen ditugu.

14. Nola murriztu ditzakegu tratamendu edo ebakuntza serio bat behar izateko aukerak?

14 Artikulu honetan aipatutako ideiak jarraitzen baditugu, aukera gutxiago egongo dira tratamendu edo ebakuntza serio bat behar izateko. Zenbat eta osasuntsuago egon, orduan eta azkarrago eta hobeto osatuko gara ebakuntza baten ondoren. Etxea eta lantokia toki segurua bihurtuz eta trafikoko legeak zorrotz obedituz, emergentziako ebakuntzak behar izateko aukerak asko murriztuko ditugu.

Biziaren oparia estimatzen dugunez, odola ez onartzeko txartela bete eta gurekin eramaten dugu beti (Ikusi 15. paragrafoa) d

15. a) Zergatik da garrantzitsua odola ez onartzeko txartela gurekin eramatea beti? (Ikusi irudia ere) b) Bideoaren arabera, nola hartu ditzakegu odolari buruzko erabaki onak?

15 Biziaren oparia maite dugunez, odola ez onartzeko txartela bete eta gurekin eramaten dugu beti. b Dokumentu honen bidez, odol transfusio eta beste tratamenduei buruzko gure nahia azaltzen dugu. Eguneratuta al dugu? Hala ez bada, denbora pasatzen utzi gabe egin dezagun. Zure borondatea zein den idazten baduzu, medikuek zer nahi duzun jakingo dute eta, horrela, ez duzu tratamendua beharrik gabe atzeratuko. Gainera, mediku taldeari gaizki-ulertu arriskutsuak saihesten laguntzen diogu. c

16. Zer egin dezakegu odola ez onartzeko txartela nola bete ez badakigu?

16 Denok izan ditzakegu istripuak eta gaixotasunak, baita gazte eta osasuntsu daudenek ere (Koh 9:11NWT). Beraz, inportantea da odola ez onartzeko txartela betetzea. Ez badakizu nola bete, adindunei galdetu; beraiek jakin ohi dute. Baina kontuan hartu zure erabakiak ez dituztela beraiek hartuko. Hori zure ardura da (Ga 6:4, 5). Hala ere, dituzun aukerak ulertzen eta zure nahia idatziz adierazten lagundu ahal dizute.

ARRAZOITSUA IZAN

17. Nola erakutsi dezakegu osasun kontuetan arrazoitsuak garela?

17 Gure osasun eta medikuntza tratamenduei buruzko erabakiak Biblian ikasitako gauzetan oinarritzen ditugu (Eg 24:16; 1 Tm 3:9). Erabakiak hartzean eta besteekin horiei buruz hitz egitean, honako printzipio hau hartu beharko genuke kontuan: «Guztiek jakin dezatela arrazoitsuak zaretela» (Flp 4:5NWT). Arrazoitsuak bagara, gure osasun fisikoak ez gaitu beharrezkoa dena baino gehiago kezkatuko. Gainera, ez diegu ingurukoei presiorik egingo gure ikuspuntu berdina izan dezaten. Anai-arrebak maitatzen eta errespetatzen ditugu, nahiz eta beraien erabakiak guk hartuko genituzkeenak ez izan (Erm 14:10-12).

18. Nola erakutsi dezakegu biziaren oparia eskertzen dugula?

18 Jehobari, biziaren Iturriari, eskertuta gaudela erakusten diogu gure bizia babestuz eta berari dugun onena emanez (Ap 4:11). Momentuz, gaixotasunak eta zoritxarrak ditugu, eta hauei aurre egin behar diegu. Baina hau ez da Jehobak bizia sortu zuenean guretzat nahi zuena. Laster, minik eta heriotzarik gabeko betiko bizia emango digu (Ap 21:4). Bitartean, zein ona den bizirik egotea eta Jehoba zerbitzatzea!

sn 55. KANTA Betiko bizia!

a Artikulu honek, Jehobak eman digun bizia gehiago maitatzen lagunduko digu. Larrialdi baten aurrean gure bizitza eta gure osasuna babesteko zein pauso eman ikusiko dugu. Gainera, istripu larriak nola gutxitu aztertuko dugu. Bukatzeko, osasun larrialdi baten aurrean prest izateko zer egin gogoratuko dugu.

b Txartel hau DPA bezala ere ezagutzen dugu.

d IRUDIAREN AZALPENA: Anaia gazte batek odola ez onartzeko txartela bete eta berarekin eramaten du.