Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehoba hobeto ezagutu kreazioaren bidez

Jehoba hobeto ezagutu kreazioaren bidez

«Berez ikusezina dena, […] ikusgarri gertatzen zaio [Jainkoaren] egintzak aztertzen dituenari» (ERM 1:20).

sjj 6. KANTA «Zeruek Jainkoaren aintza kontatzen dute»

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zeri esker ezagutu zuen hobeto Jobek Jehoba?

 JOBEK elkarrizketa asko izan zituen bere bizitzan zehar, baina Jehobarekin izandakoak eragin sakona izan zuen berarengan. Jehobak jakinduria handia du, eta bere zerbitzariak zaintzeko beharrezkoa dena egin dezake. Horixe zen Jobi erakutsi nahi ziona eta, horretarako, natura erabili zuen. Adibidez, Jainkoak animalien beharrak zaintzen bazituen, bera ere zainduko zuela ziurtatu zion (Jb 38:39-41; 39:1, 5, 13-16). Natura aztertzean, Jobek asko ikasi zuen Jehobaren ezaugarriei buruz.

2. Zergatik ez da beti erraza Jehobaren kreazioa aztertzea?

2 Guk ere asko ikasi dezakegu Jehobari buruz bere sorkuntza aztertzean. Baina, batzuetan, ez da erraza izaten. Agian hirian bizi garelako edo, naturatik hurbil bizi arren, aztertzeko denbora falta zaigulako. Beraz, ikusi dezagun zergatik merezi duen esfortzua egiteak. Honetaz gain, Jehobak eta Jesusek natura nola erabili zuten guri gauza inportanteak irakasteko aztertuko dugu. Bukatzeko, kreazioaren bidez Jehobari buruz gehiago ikasteko zer egin dezakegun ikasiko dugu.

ZERGATIK AZTERTU KREAZIOA?

Adamek kreazioaz gozatzea eta animaliei izenak jartzea nahi zuen Jehobak (Ikusi 3. paragrafoa)

3. Jehobak lehenengo gizakia sortu zuenean, nola dakigu kreazioaz gozatzea nahi zuela?

3 Jehobak lehenengo gizakia sortu zuenean, kreazioaz gozatzea nahi zuen. Paradisu zoragarri batean jarri zuen esploratu, landu eta zabaldu zezan (Has 2:8, 9, 15). A zer emozioa sentituko zuen Adamek loreak loratzen eta hazietatik landaretxoak ateratzen ikustean! Adamek sekulako ohorea zeukan: Edengo lorategia zaintzea. Gainera, Jehobak animaliei izena jartzeko eskatu zion (Has 2:19, 20). Jehobak ez zuen hori egiteko inoren beharrik, baina lana Adami ematea erabaki zuen. Izenak jarri aurretik, Adamek animalia bakoitzaren itxura eta portaera kontu handiz aztertuko zituen. Hori bai lan polita! Jehobaren jakinduria, artea eta kreatibitatea ezagutzeko eta baloratzeko aukera paregabea izan zuen.

4. a) Zergatik aztertu beharko genuke kreazioa? b) Jehobak sortutako gauzetatik, zein da gehien gustatzen zaizuna?

4 Zergatik aztertu beharko genuke kreazioa? Jehobak hala nahi duelako. Begira zein gonbidapen egiten digun: «Jaso begiak gorantz eta ikus». Eta gero galdetzen du: «Nork egin zuen hori guztia?». Argi dago! (Is 40:26). Baina Jehobak ez du zerua bakarrik bere sorkuntzaz bete. Lurra eta itsasoan ere gauza asko egin ditu, eta hauetatik asko ikasi dezakegu (Sal 104:24, 25). Gure kasuan ere, ez al gaitu naturan ikusten dugun edertasunak hunkitzen? Jehobak horrela egin gaitu, eta kreazioan dagoen aniztasunaz gozatzeko bost zentzumen eman dizkigu: ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena.

5. ⁠Erromatarrei 1:20⁠aren arabera, nola laguntzen digu Jehobaren kreazioa aztertzeak?

5 Bibliak kreazioa aztertzeko beste arrazoi on bat ematen digu: Jehoba nolakoa den esaten digu (Irakurri Erromatarrei 1:20). Adibidez, naturan ikusten ditugun diseinuek, ez al digute Jainkoaren jakinduria erakusten? Edo pentsa zenbat janari goxo dugun gure eskura. Ez al digu honek Jehobak maite gaituela frogatzen? Jehobaren pertsonalitatea egin dituen gauzetan antzematean, hobeto ezagutzen dugu eta berarengana gehiago hurbildu nahi dugu. Ikus dezagun orain Jehobak nola erabili duen kreazioa guri gauza inportanteak erakusteko.

JEHOBAK KREAZIOA ERABILTZEN DU BERARI BURUZ IRAKASTEKO

6. Zer ikasten dugu migratzen duten hegaztiak aztertzean?

6 Jehobak egutegi bat finkatu du. Urtero-urtero, otsailetik maiatza erdialdera, israeldarrek zikoinak ikusten zituzten zeruan iparraldera migratzen. «Zikoinak ere, zeruan, sasoinen berri badaki», esan zien Jehobak israeldarrei (Jr 8:7, EABLB). Jehobak hegaztien migraziorako egun zehatzak aukeratu dituen bezala, bere epaiketetarako ere, egun zehatzak finkatu ditu. Beraz, zeruan hegaztiak ikusten ditugunean, gogoratu dezagun «epea» burutzen denean, Jehobak mundu gaizto honen amaiera ekarriko duela (Hab 2:3).

7. Zer ziurtasun dugu hegaztien hegaldia ikustean? (Isaias 40:31)

7 Jehobak bere zerbitzariak indartzen ditu. Isaias profetaren bidez, Jehobak ahul eta desanimatuta zeudenak indartzeko, «arrano-hegoak» emango zizkiela promestu zuen (Irakurri Isaias 40:31). Arranoak hegoen esfortzu txiki batekin aire korronteetan gora joaten zirela ikusteko ohitura zuten israeldarrek. Jehobak arranoei horrela hegan egiteko indarra eman badie, nola ez die ba, bere zerbitzariei emango? Hegazti bat hegoak ia mugitu gabe gora eta gora joaten ikusten duzunean, gogoratu Jehobak zure arazoen gainetik hegan egiteko indarra emango dizula.

8. Zer ikasi zuen Jobek Jehobaren kreazioa aztertzean eta zer ikasten dugu guk?

8 Jehobak gure konfiantza merezi du. Jehobak berarengan konfiantza handitzen lagundu zion Jobi (Jb 32:2; 40:6-8). Berarekin izandako elkarrizketan, sorkuntzari buruz hitz egin zion, besteak beste, izarrei, hodeiei eta tximistei buruz. Animaliak ere aipatu zituen, adibidez, zezen basatia eta zaldia (Jb 38:32-35; 39:9, 19, 20). Dudarik gabe, gauza hauek bere boterea erakusten dute, baina baita bere maitasuna eta jakinduria ere. Elkarrizketa honi esker, Jobek Jehobarengan zuen konfiantza izugarri handitu zen (Jb 42:1-6). Orduan, zer ikasten dugu kreazioa aztertzean? Jehoba gu baino askoz jakintsuagoa eta boteretsuagoa dela, gure arazo guztiekin amaitu dezakeela eta hau egingo duela. Zalantzarik gabe, berarengan dugun konfiantza handitzen lagunduko digu honek.

JESUSEK KREAZIOA ERABILI ZUEN BERE AITARI BURUZ IRAKASTEKO

9, 10. Zer ikasten dugu Jehobari buruz eguzkia eta euria ikustean?

9 Jesusek ondo baino hobeto ezagutzen zuen natura. «Obra-maisu» bezala, bere aitarekin elkarlanean aritzeko ohorea izan zuen unibertsoa sortu zuenean (Es 8:30). Eta lurrera etorri zenean, kreazioa erabili zuen bere Aitari buruz irakasteko. Ikusi ditzagun bere ikasleei irakatsi zizkien gauza batzuk.

10 Jehobak denoi erakusten digu maitasuna. Mendiko Hitzaldian Jesusek eguzki eta euriari buruz hitz egin zuen. Jende askorentzat gauza hauek ez dira bereziak, baina ezingo genuke beraiek gabe bizi. Bera zerbitzatzen ez dutenei euria eta eguzkia ez ematea erabaki zezakeen. Baina, maitasunez, guztioi ematen dizkigu (Mt 5:43-45). Zer irakatsi nahi izan zuen Jesusek honekin? Jehobak mundu guztiari erakusten diola maitasuna eta guk ere hori egitea nahi duela. Egunsenti eder bat ikustean edo egun sargori baten ondoren xirimiri freskagarria sentitzean, gogora dezagun Jehobaren maitasuna inpartziala dela. Bere ereduak denei maitasuna erakustera animatzen gaitu. Hori egiteko modu on bat, mundu guztiari predikatzea da.

11. Zergatik da animagarria zeruko txoriei begiratzea?

11 Jehobak bizitzeko behar duguna ematen digu. Emandako hitzaldi hartan, Jesusek ere esan zuen: «Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu». Jesusen entzuleak ziur aski, hegan ari ziren txoriei begira egongo ziren Jesusek hau galdetu zienean: «Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek?» (Mt 6:26). Jehobak behar duguna emango digula ziurtatzeko modu polita da hau, ezta? (Mt 6:31, 32). Gaur egun ere, ideia honek asko animatzen gaitu. Espainiako aitzindari gazte bat desanimatuta zegoen ez zuelako etxebizitza aproposik topatzen. Baina, asko lasaitu zen txoriak haziak eta fruituak jaten ikusi zituenean. Berak dio: «Txori haiek ikusteak, Jehobak beraiek zaintzen bazituen, ni ere zainduko ninduela gogoratu zidan». Handik gutxira, gure arrebak bizitzeko toki aproposa aurkitu zuen.

12. ⁠Mateo 10:29-31⁠ren arabera, zer erakusten digute txolarreek Jehobari buruz?

12 Jehobarentzat gutako bakoitza da baliotsua. Bere apostoluak predikatzera bidali aurretik, Jesusek oposizioaren beldur ez izaten lagundu zien (Irakurri Mateo 10:29-31). Horretarako, Israelen zegoen txori txikienetako bati buruz hitz egin zien: txolarre edo artatxoriari buruz. Garai hartan txoritxo hauek oso gutxi balio zuten arren, Jesusek esan zuen: «Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe». Eta gero esan zuen: «Zuek txori guztiek baino gehiago balio duzue». Jesusek gauza inportante bat erakutsi zien: banan-banan guztiak zirela Jehobarentzat baliotsuak. Beraz, ez zuten pertsekuzioaren beldur izateko arrazoirik. Ikasleek herriz herri predikatzean txolarreak ikusten zituztenean, Jesusek esandakoa gogoratuko zuten. Orduan, txoritxo bat ikusten duzun bakoitzean, gogoratu zu zeu ere Jehobarentzat baliotsua zarela, «txori guztiek baino gehiago balio» duzula. Bere laguntzarekin, oposizioari aurre egiteko konfiantza izan dezakezu (Sal 118:6).

JAINKOA HOBETO EZAGUTU KREAZIOAREN BIDEZ

13. Zerk lagunduko digu kreaziotik ikasten?

13 Kreazioa aztertzean, beste gauza asko ikasi ditzakegu Jehobari buruz. Nola egin dezakegu hau? Lehenengo, kreazioari adi-adi begiratzeko denbora atera behar dugu. Gero, Jehobari buruz zer irakasten digun pentsatu behar dugu. Agian, bi gauza hauek egitea ez da beti erraza izango. Géraldine izeneko Kamerungo arreba batek dio: «Beti hiri batean bizi izan naizenez, ahalegin handiak egin behar ditut natura ikusi ahal izateko». Alfonso izeneko adindun batek aitortzen du: «Bakarrik egoteko denbora antolatu behar izaten dut. Momentu horietan, Jehobaren kreazioa aztertu eta berari buruz zer irakasten didan hausnartzen dut».

Dabidek bere inguruko kreazioa ikustean, Jehobari buruz zer irakasten zion pentsatzen zuen (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Zer ikasi zuen Dabidek Jehobaren kreazioan hausnartu zuenean?

14 Dabidek asko hausnartu zuen Jehobak sortutakoari buruz. Esan zion: «Zeure behatzez eratu duzun ortzia eta ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita, zer da gizona, zu hartaz oroitzeko?» (Sal 8:4, 5 [8:3, 4, NWT]). Zenbat gozatuko zuen Dabidek gau izartsu haietan! Baina, ez hori bakarrik, izarretatik Jehobari buruz zer ikasten zuen ere pentsatu zuen. Jehobak parekorik ez duela ikasi zuen. Beste batzuetan, amaren umetokian forma hartzen nola joan zen pentsatzen zuen. Bere gorputza zein ondo egina zegoen ikustean, Jehobaren jakinduria ikusi, eta gero eta gehiago baloratu zuen (Sal 139:14-17NWT).

15. Nola ikusi dituzu Jehobaren ezaugarriak kreazioan? Eman adibideak (148. Salmoa 7-10)

15 Dabidek bezala, guk ere ez dugu oso urruti joan behar Jehobaren kreazioan hausnartzeko. Begiratu zure ingurura; Jehobaren ezaugarriei buruz ikasteko aukera asko aurkituko dituzu. Adibidez, eguzkiaren goxotasuna gure azalean sentitzean, gogoratu Jehobak duen boterea (Jr 31:35). Txori bat kabia egiten ikustean, pentsatu zenbateko jakinduria duen Jehobak. Txakurtxo bat bere isatsaren atzetik ikustean, antzeman Jehobaren umorea. Eta ama bat bere haurtxoarekin jolasten ikusten duzun bakoitzean, eskertu Jehobaren maitasuna. Jehobak sortu dituen gauza guztiek, berdin dio gertukoak, urrunekoak, handiak edo txikiak izan, denek bera goraipatzen dute. Zenbat aukera dauden berari buruz ikasteko! (Irakurri 148. Salmoa 7-10).

16. Artikulu hau aztertu eta gero, zer nahi duzu egin?

16 Gure Jainkoa pentsa dezakeguna baino askoz jakintsuagoa, maitekorragoa, artistikoagoa eta indartsuagoa da. Inguruan dagoen natura aztertzean, ezaugarri hauek eta beste asko deskubrituko ditugu. Hartu dezagun denbora kreazioaz gozatzeko eta Jehobari buruz zer irakasten digun hausnartzeko. Horrela, berarengana gero eta gehiago hurbilduko gara (St 4:8). Hurrengo artikulua gurasoei zuzenduta dago. Nola erabili dezakete kreazioa seme-alabei Jehobarengana hurbiltzen laguntzeko?

sjj 5. KANTA Jainkoaren ekintza liluragarriak

a Jehobaren kreazioa txundigarria da. Eguzkiaren indarretik hasita, loretxo baten petaloetaraino, Jehobak sortutako gauzek asko esaten digute bere pertsonalitateari buruz. Zergatik atera beharko genuke denbora kreazioa aztertzeko? Nola laguntzen digu honek Jehobarengana hurbiltzen? Artikulu honetan bi galdera hauek erantzungo ditugu.