Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

44. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Sakonki aztertu Jainkoaren Hitza

Sakonki aztertu Jainkoaren Hitza

«Ulertu ahal izango duzue […] zein zabal eta luze, garai eta sakon den» (EF 3:18).

sjj 95. KANTA Argia zabaltzen ari da

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zein da Biblia irakurri eta aztertzeko modurik onena? Jarri adibide bat.

 IMAJINATU etxe bat erosi nahi duzula. Zer ikusi nahiko zenuke erabaki bat hartu aurretik? Etxearen aurrealdearen argazkia besterik ez? Dudarik gabe, etxea zure begiekin ikusi, bertan sartu, gela guztiei begirada bat bota eta etxeko txoko guztiak arakatu nahiko dituzu. Agian, etxeko planoak ere ikusi nahiko dituzu, etxea nola eraiki zuten jakiteko. Argi dago; erosiko duzun etxearen detaile guztiak ezagutu nahi dituzu.

2 Antzeko zerbait egin dezakegu Biblia irakurri eta aztertzen dugunean. Biblia aditu batek «dorre altuak eta oinarri sakonak dituen eraikin zabal» batekin konparatzen du Bibliaren mezua. Orduan, nola ezagutu dezakezu ondo Bibliaren edukia? Korrika eta presaka irakurtzen baduzu, oinarrizko egiak, hau da, «Jainkoaren mezuaren gauzarik funtsezkoenak» bakarrik ikasiko dituzu (Heb 5:12). Izan ere, etxearen detaile guztiak ezagutzeko, «barrutik» ikusi behar dugu. Antzera, Biblia hobeto ulertzeko, sakonki aztertu behar dugu. Biblia aztertzeko modu bikain bat bere mezuaren alderdi ezberdinak elkarren artean nola lotzen diren ikustea da. Saiatu zer sinesten duzun ulertzen, baita horretan zergatik sinesten duzun ere.

3. Zer egitera animatu zituen Paulo apostoluak bere anai-arrebak, eta zergatik? (Efesoarrei 3:14-19)

3 Jainkoaren Hitza erabat ulertzeko, Bibliako egiak sakonki aztertu behar ditugu. Paulo apostoluak Jainkoaren Hitza gogotsu aztertzera animatu zituen bere anai-arreba kristauak, egia «zein zabal eta luze, garai eta sakon» den guztiz ulertzeko. Horrela, beraien fedeak «erro eta oinarri» oraindik sendoagoa izango zuen (Irakurri Efesoarrei 3:14-19). Guk ere berdina egin behar dugu. Ikus dezagun nola aztertu dezakegun Jainkoaren Hitza bere mezua are gehiago ezagutzeko.

AZTERTU BIBLIAREN EGIA SAKONAK

4. Zer egin dezakegu Jehobarengana gehiago hurbiltzeko? Jarri adibide batzuk.

4 Kristauok ez gara Bibliako oinarrizko irakaspenak ulertzearekin bakarrik konformatzen. Espiritu santuaren laguntzarekin, «Jainkoaren barne-sakona ere» ezagutzeko irrikan gaude (1 Ko 2:9, 10). Zergatik ez duzu Jehobarengana gehiago hurbilduko zaituen ikasketa proiektu bat prestatzen? Adibidez, Jehobak iraganeko zerbitzariei maitasuna nola erakutsi zien aztertu dezakezu, baita horrek zu maite zaituela nola frogatzen duen ere. Israelen Jehoba adoratzeko zegoen antolaketa aztertzeaz gain, gaur egun kristauok Jehoba adoratzeko dugun moduarekin konparatu dezakezu. Edo, beharbada, Jesusek lurrean egon zenean bete zituen profeziak sakonki aztertu ditzakezu.

5. Ba al dago ikertzea gustatuko litzaizukeen gairik?

5 Biblia sakonki aztertzea gustatzen zaien batzuei honakoa galdetu zitzaien: «Bibliako zer gai ezagutu nahiko zenuke hobeto?». Beraien erantzunetako batzuk « Biblia sakonki aztertzeko ideiak» taulan azaltzen dira. Asko gozatu dezakezu gai hauei buruz gehiago ikasteaz. Horretarako, Índice de las publicaciones Watch Tower edo Guía de estudio para los testigos de Jehová b erabili dezakezu. Biblia sakonki aztertuz, zure fedea sendotuko duzu eta «Jainkoa ezagutzera iritsiko zara» (Es 2:4, 5). Ikus dezagun ikertu ditzakegun egia sakon batzuk.

SAKONKI HAUSNARTU JAINKOAREN HELBURUAN

6. a) Zer desberdintasun dago plan bat eta helburu baten artean? b) Zergatik esan dezakegu Jehobak gizakiarentzat eta lurrarentzat duen helburua «eternala» dela? (Efesoarrei 3: 11, NWT)

6 Azter dezagun, adibidez, zer dioen Bibliak Jainkoaren helburuari buruz. Desberdintasun handia dago plan bat eta helburu bat izatearen artean. Plan bat, zehaztasunez antolatu dugun bide batekin konparatu daiteke. Bide honetatik, nahi dugun helmugara iritsi gaitezke. Hala ere, gure planak porrot egin dezake bidean oztoporen bat topatzen badugu. Helburu bat, aldiz, iritsi nahi dugun helmugarekin lotuta dago. Badakigu zehazki nora iritsi nahi dugun, baina hainbat bide hartu ditzakegu bertara iristeko. Asko eskertzen dugu Jehobak bere «helburu eternala» Biblian pixkanaka-pixkanaka azaldu izana (Ef 3:11, NWT). Era batera edo bestera, Berak beti arrakasta izango du, «bere helburua betetzeko egin ditu[elako] gauza guztiak» (Es 16:4, NWT). Gainera, Jehobak egiten duen guztiak betirako iraungo du. Zein da Jehobaren helburua? Eta zer moldaketa egin ditu hau betetzeko?

7. Adam eta Eba matxinatu ondoren, nola moldatu zuen Jehobak bere helburua betetzeko modua? (Mateo 25:34)

7 Jainkoak Adam eta Ebari beraientzat zer helburu zuen esan zien: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi; mendera itzazue […] piztia guztiak» (Has 1:28). Adam eta Eba Jainkoaren aurka matxinatu zirenean, gizakia bekatari bihurtu zen. Baina, honek ez zuen Jehobaren helburua zapuztu. Jainkoak bere helburua betetzeko modua moldatu zuen. Nola? Segituan, zeruan erreinu bat ezartzea erabakiz, gizakiarentzat eta lurrarentzat zuen hasierako helburua betetzeko (Irakurri Mateo 25:34). Jehobak erabakitako garaian, maitasuna erakutsiz, bere Lehen Semea bidali zuen lurrera. Zertarako? Jendeari Erreinu honi buruz irakasteko eta, bere bizia emanez, gu bekatutik eta heriotzatik erreskatatzeko. Berpiztua izan ondoren, Jesus zerura itzuli zen Jainkoaren Erreinuko Errege bezala agintzeko. Baina, oraindik gehiago ikasi dezakegu Jainkoaren Erreinuari buruz.

Imajinatu zeruko eta lurreko izaki adimentsu guztiak Jehobari leial eta elkartuta izango diren garaia! (Ikusi 8. paragrafoa)

8. a) Zein da Bibliaren gai nagusia? b) Efesoarrei 1:8-12 (1:8-11, NWT) pasartearen arabera, zer gehiago lortuko du Jehobak lurra paradisu bihurtu ondoren? (Ikusi azaleko irudia)

8 Hau da Bibliaren gai nagusia: Jehobak bere izena aldarrikatzea eta bere Erreinuaren bidez lurrarentzat duen helburua betetzea. Gainera, Jehobaren helburua aldaezina da. Izan ere, dena berak esan duen bezala gertatuko dela promestu du (Is 46:10, 11, NWT, oharrak; Heb 6:17, 18, NWT). Denborarekin, lurra paradisu bihurtuko da, eta Adam eta Ebaren ondorengo perfektu eta leialek «bizitzaz betirako gozatu[ko]» dute (Sal 22:26, NWT). Baina, hau ez da Jehobak lortuko duen gauza bakarra. Zeruko eta lurreko izaki adimentsu guztiak batuko ditu. Orduan, guztiek Jehoba beraien subiranoa dela onartuko dute eta leialki obedituko diote (Irakurri Efesoarrei 1:8-12 [1:8-11, NWT]). Ez al zaitu liluratzen Jehobak bere helburua betetzeko duen modu harrigarriak?

SAKONKI HAUSNARTU ZURE ETORKIZUNEAN

9. Zenbat jakin dezakegu etorkizunari buruz Biblia irakurriz?

9 Azter dezagun Jehobak Edengo lorategian esandako profezia. Profezia hau Hasiera 3:15​ean c irakurri dezakegu. Bertan, Jehobaren helburua betetzeko zer gertatuko zen aipatzen da. Hala ere, gauza hauek milaka urte beranduago gertatuko ziren. Adibidez, Jehobak Abrahami ondorengotza izango zuela promestu zion. Ondorengotza horretatik Jesu Kristo etorriko zen (Has 22:15-18). Beranduago, K.o. 33. urtean, aurresan bezala, Jesusi orpotik heldu zitzaion (Eg 3:13-15). Profezia honen amaiera Satanasen burua zapaltzean gertatuko da. Baina, momentu hau iristeko, oraindik 1.000 urte baino gehiago falta dira (Ap 20:7-10). Hala ere, Satanasen sistemaren eta Jehobaren erakundearen arteko gatazka bere amaierara heltzen den bitartean, Bibliak beste gauza asko ere gertatuko direla azaltzen du.

10. a) Zer gertatuko da laster? b) Nola prestatu ditzakegu gure buru-bihotzak? (Ikusi oharra)

10 Pentsatu Bibliak aurresaten dituen gertakari txundigarri hauetan. Lehenik, nazioek «bakea eta segurtasuna» aldarrikatuko dute (1 Ts 5:2, 3). «Ustekabean», nazioek erlijio faltsua erasotuko dute eta larrialdi handia hasiko da (Ap 17:16). Gero, agian naturaz gaindiko gertakari batzuen bidez, «Gizonaren Semea zeruko hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik» etorriko da (Mt 24:30). Jesusek gizadia epaituko du, ardiak eta ahuntzak bereiziz (Mt 25:31-33, 46, NWT). Garai hartan, Satanas Jainkoaren aurka arituko da. Gorrotoaren gorrotoz, Satanasek Magog herrialdeko Gog izeneko nazio koalizio bat bultzatuko du Jehobaren adoratzaileak erasotzeko (Ez 38:2, 10, 11). Larrialdi handiko momenturen batean, lurrean geratzen diren gantzutuak zeruan bilduak izango dira. Hauek, Jesu Kristorekin eta zeruko gudarostearekin batera, Harmagedon gerran borroka egingo dute. Hau izango da larrialdi handiaren amaiera d (Mt 24:31; Ap 16:14, 16, NWT). Ondoren, Jesu Kristok 1.000 urtez aginduko du lurra (Ap 20:6).

Imajinatu al dezakezu zein gertu sentituko zaren Jehobarengandik berari buruz bilioika urtez ikasi ondoren? (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Zer esanahi izango du betirako bizitzak zuretzat? (Ikusi irudia ere)

11 Orain, pentsa dezagun haratago, 1.000 urte horien ostean. Bibliak honakoa dio: «[Jainkoak gure] bihotzean jarri du eternitatea» (Koh 3:11, NWT). Pentsatu zer eragin izango duen honek Jehobarekin duzun harremanean. Acerquémonos a Jehová e liburuak, 319. orrialdean, gure jakinmina pizten du honakoa esanez: «Ehunka, milaka, milioika edota bilioika urtez bizi ondoren, Jehobari buruz orain dakiguna baino askoz ere gehiago jakingo dugu. Baina, Jehobari buruz oraindik gauza zoragarri gehiago ezagutu ditzakegula sentituko dugu. […] Ezin dugu imajinatu ere egin zein harrigarria eta interesgarria izango den betirako bizitza paradisuan. Hala ere, gauza guztien artean ederrena, Jehobarengandik geroz eta hurbilago egongo garela izango da». Bitartean, Jainkoaren Hitza aztertzen dugun heinean, zer gehiago ikertu dezakegu?

ALTXATU BEGIAK ZERUETARA

12. Nola altxatu ditzakegu begiak zeruetara? Jarri adibide bat.

12 Biblian, «goi-goian» dagoen Jehobaren presentziari buruzko detaile gutxi batzuk azaltzen dira (Is 33:5). Gainera, gauza harrigarriak aipatzen dira Jehoba eta bere erakundearen zeruko alderdiari buruz (Is 6:1-4; Dn 7:9, 10, NWT; Ap 4:1-6). Adibidez, Ezekielek «zerua zabaldu eta Jainkoarengandiko ikuskaria izan» zuenean ikusi zituen gauza txundigarriei buruz irakurri dezakegu Biblian (Ez 1:1-3 [1:1, NWT]).

13.Hebrearrei 4:14-16​ pasartean oinarrituta, zer estimatzen duzu Jesusek zeruan duen eginkizunari buruz?

13 Bestalde, pentsatu Jesusek zeruan Errege eta Apaiz Nagusi errukitsu bezala duen eginkizunean. Berari esker, «Jainkoaren onginahiaren tronura» hurbildu gaitezke otoitzean eta, «premialdian», errukia eta laguntza eskatu dezakegu (Irakurri Hebrearrei 4:14-16). Egunero-egunero hausnartu behar dugu Jehobak eta Jesusek zeruetatik gure alde egin duten, eta orain ere egiten ari diren, guztian. Beraien maitasunak gure bihotza ukitu beharko luke eta Jehoba gogotsu adoratzera bultzatu beharko gintuzke (2 Ko 5:14, 15).

Imajinatu mundu berrian sentituko duzun poztasuna besteei Jehobaren lekuko eta Jesusen dizipulu izaten lagundu diezula jakinda! (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Zein da Jehobak eta Jesusek gure alde egin duten guztia estimatzen dugula adierazteko modurik onenetariko bat? (Ikusi irudiak ere)

14 Zein da Jehobak eta Jesusek gure alde egin duten guztia estimatzen dugula adierazteko modurik onenetariko bat? Besteei Jehobaren lekuko eta Jesusen dizipulu izaten laguntzea (Mt 28:19, 20). Hau da Paulo apostoluak esker onez beterik egin zuena. Berak bazekien Jehobaren nahia «gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel[tzea]» zela (1 Tm 2:3, 4). Ondorioz, gogor egin zuen lan predikazioan, ahalik eta pertsona gehien «salbatzeko» (1 Ko 9:22, 23).

GOZATU JAINKOAREN HITZA AZTERTZEAZ

15. 1. Salmoa 2​aren arabera, zerk egingo gaitu zoriontsu?

15 «Jaunaren hitza atsegin duena […] eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena» pertsona zoriontsua eta arrakastatsua dela dio salmogileak (Sal 1:1-3, oharra). Joseph Rotherham Biblia itzultzaileak honela azaltzen du aipu hau (Studies in the Psalms): «Pertsona batek Jainkoaren gida hainbeste estimatu [beharko luke], non bere gida bilatu, aztertu eta honetan pentsatzeko denbora hartuko luke». Honakoa ere esan zuen: «Norbaitek Biblia irakurri gabe egun bat pasatzen uzten badu, egun hori alferrikakoa izango da». Biblian agertzen diren hainbat eta hainbat detaile interesgarri ikertzen eta hauen arteko lotura ikusten baduzu, Biblia aztertzeaz gozatuko duzu. Zein pozgarria den Jainkoaren Hitza sakonki aztertzea!

16. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

16 Jehobak bere Hitzean irakasten dizkigun egia zoragarriak ez dira ulertzeko zailegiak. Hurrengo artikuluan, egia sakon horietako bat jorratuko dugu: Paulok kristau hebrearrei idatzitako gutunean deskribatu zuen Jehobaren tenplu espiritual gorena. Gai honen ikerketaz gozatzea opa dizugu!

sjj 94. KANTA Jainkoaren Hitzarengatik esker ona

a Biblia aztertzeak, poztasuna emateaz gain, lagundu egiten digu eta gure Zeruko Aitarengana oraindik gehiago gerturatzen gaitu. Artikulu honetan, Jainkoaren Hitzaren zabalera, luzera, garaiera eta sakonera nola aztertu ditzakegun ikusiko dugu.

b Index des publications des Témoins de Jéhovah edo Guide de recherche pour les Témoins de Jéhovah.

c Ikusi «Gugan eragin handia duen aspaldiko profezia» artikulua, aldizkari honetako 2022​ko uztaileko alean.

d Etorkizunean izango diren gertakari txundigarrietarako prest nola egon jakiteko, ikusi El Reino de Dios ya está gobernando (Le Royaume de Dieu en action !) liburuko 230. or.

e Approchez-vous de Jéhovah.