Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

Zure beldurrak gainditu Jehobarengan konfiantza izanez

Zure beldurrak gainditu Jehobarengan konfiantza izanez

2024KO URTEKO AIPUA: «Beldur naizenean, zuregan dut konfiantza» (SAL. 56:4 [56:3, NWT]).

IDEIA NAGUSIA

Ikasi nola sendotu dezakegun Jehobarengan dugun konfiantza eta nola gainditu ditzakegun gure beldurrak.

1. Zergatik sentitu dezakegu beldurra batzuetan?

 GUZTIOK sentitu dugu beldurra noizbait. Baina, noski, Bibliak dioena aztertu dugunez, orain ez gara heriotzaren, deabruen edo etorkizunaren beldur; gauza hauetatik askatu gaitu. Hala ere, «gauza ikaragarriak», hau da, gerrak, delituak eta gaixotasunak gertatzen ari diren garaian bizi gara oraindik (Luk. 21:11). Gainera, gizakiei, adibidez estutzen gaituzten agintariei edo egiaren kontra dauden familia kideei, beldurra diegu agian. Ondorioz, batzuek ez dakite gaur egungo edo etorkizuneko zailtasunen aurrean iraungo ote duten ala ez.

2. Azaldu zer gertatu zitzaion Dabidi Gaten egon zenean.

2 Dabidek beldurra sentitu zuen batzuetan. Adibidez, Saul erregea bera hil nahian ibili zenean, Dabidek filistearren Gat hirira ihes egitea erabaki zuen. Gateko Akix erregeak Dabidek «hamar mila» filistear garaitu zituela jakin zuenean, Dabidek «beldur handia» sentitu zuen (1 Sam. 21:11-13 [21:10-12, NWT]). Dabid kezkatuta zegoen, ez baitzekien zer egingo zuen Akixek berarekin. Nola gainditu zituen Dabidek bere beldurrak?

3.56. Salmoa 2-4, 12 (1-3, 11, NWT) aipuaren arabera, nola gainditu zituen Dabidek bere beldurrak?

3 56. Salmoan, Dabidek Gaten izan zituen sentimenduez hitz egiten du. Zergatik zen beldur argi azaltzeaz gain, beldur horiek gainditzen zerk lagundu zion ere adierazi zuen. Beldurra sentitu zuenean, Jehobarengan jarri zuen konfiantza (Irakurri 56. Salmoa 2-4, 12 [56:1-3, 11, NWT]). Berak konfiantza hori izateko arrazoi onak zituen. Jehobaren laguntzarekin, Dabidek oso arraroa zen zerbait egitea erabaki zuen: Zoro itxurak egin zituen! Akixek ez zuen Dabid mehatxu bat bezala ikusten, eta bertatik alde egitea besterik ez zuen nahi. Horrela, Dabidek ihes egin ahal izan zuen (1 Sam. 21:14-22:1 [21:13-22:1, NWT]).

4. Nola sendotu dezakegu Jehobarengan dugun konfiantza? Jarri adibide bat.

4 Guk ere Jehobarengan konfiantza badugu, gure beldurrak gainditu ahal izango ditugu. Baina nola sendotu dezakegu Jehobarengan dugun konfiantza, batez ere beldur garenean? Azter dezagun adibide bat. Gaixotasun bat diagnostikatu badizute, hasiera batean beldurra sentitu dezakezu. Baina lasaiago egongo zara zure medikuarengan konfiantza baduzu. Beharbada, antzeko gaixotasuna izan duten paziente askori lagundu die dagoeneko. Arretaz entzun dizu eta zutaz arduratzen dela sentitu duzu. Gainera, efikaza den tratamendu bat proposatu dizu. Era berean, Jehobarengan dugun konfiantza sendotu dezakegu gure alde dagoeneko egin dituen, orain egiten ari den eta etorkizunean egingo dituen gauzetan pentsatuz. Horixe da Dabidek egin zuena. 56. Salmoan aurkitzen ditugun Dabiden hitz batzuk aztertu ahala, pentsatu nola sendotu dezakezun Jehobarengan duzun konfiantza eta nola gainditu ditzakezun zure beldurrak.

ZER EGIN DU JEHOBAK DAGOENEKO?

5. Zertan hausnartu zuen Dabidek bere beldurrak gainditzeko? (56. Salmoa 13, 14 [56:12, 13, NWT])

5 Bere bizia arriskuan zegoela, Dabidek Jehobak dagoeneko egindako gauzetan jarri zuen arreta (Irakurri 56. Salmoa 13, 14 [56:12, 13, NWT]). Bere bizitza osoan egin zuen hau; bere ohitura zen. Adibidez, batzuetan Jehobaren sorkuntzan hausnartzen zuen. Honek Jehoba zein boteretsua den eta gizakiak zenbat maite dituen gogorarazi zion (Sal. 65:7-10 [65:6-9, NWT]). Bestalde, Jehobak besteen alde egindakoan ere hausnartu zuen (Sal. 31:20 [31:19, NWT]; 37:25, 26). Eta, batez ere, Jehobak dagoeneko bere alde pertsonalki egindako gauzetan hausnartu zuen. Jehobak txiki-txikitatik lagundu eta babestu zuen Dabid (Sal. 22:10, 11 [22:9, 10, NWT]). Imajinatu hauek bezalako hausnarketek zenbat sendotuko zuten Dabidek Jehobarengan zuen konfiantza!

Dabidek Jehobarengan zuen konfiantza sendotu zuen Jainkoak bere alde iraganean egindako, egiten ari zen eta etorkizunean egingo zituen gauzetan arreta jarriz (Ikusi 5, 8 eta 12 paragrafoak) e

6. Beldur garenean, zerk lagunduko digu Jehobarengan konfiantza izaten?

6 Beldur zarenean, galdetu zeure buruari: «Zer egin du dagoeneko Jehobak nire alde?». Pentsatu Jehobak sortu dituen gauzetan. Adibidez, «begiratu adi-adi» txori eta loreei. Hauek ez ziren Jehobaren ezaugarriekin eta Bera adoratzeko gaitasunarekin sortuak izan. Hala ere, Jehobak zaindu egiten ditu. Beraz, nola ez gaitu ba Jehobak gu zainduko! Honetan hausnartzeak berarengan dugun konfiantza are gehiago sendotzen du (Mat. 6:25-32). Bestalde, gogoan izan zer egin duen Jehobak bere adoratzaileen alde. Agian, fede paregabea erakutsi duen Biblia pertsonaia bat aztertu duzu edo gaur egungo anai-arrebaren baten bizipena irakurri duzu. a Horretaz gain, hausnartu Jehobak dagoeneko zaindu zaituen moduan. Nola erakarri zintuen egiara? (Joan 6:44). Nola erantzun ditu zure otoitzak? (1 Joan 5:14). Zer probetxu ateratzen duzu egunero-egunero bere Seme kuttunaren sakrifizioari esker? (Efe. 1:7; Heb. 4:14-16).

Jehobarengan dugun konfiantza sendotzen dugu Berak gure iraganean egindako, orain egiten ari den eta etorkizunean egingo dituen gauzetan arreta jarriz (Ikusi 6, 9, 10, 13 eta 14 paragrafoak) f


7. Nola lagundu zion Vanessari Daniel profetaren ereduak bere beldurra gainditzen?

7 Haitiko Vanessa b izeneko arreba batek egoera beldurgarri bati aurre egin behar izan zion. Auzoko gizon batek egunero-egunero deitu eta mezuak bidaltzen zizkion, berarekin harremanak izateko presioa eginez. Vanessak argi eta garbi ezetz esan zion. Baina gizona agresiboagoa izaten hasi zen, eta Vanessa mehatxatzera ere iritsi zen. «Oso beldurtuta nengoen», dio berak. Zer egin zuen Vanessak bere beldurra gainditzeko? Bere burua babesteko neurri praktikoak hartu zituen. Adindun baten laguntzarekin, autoritateekin jarri zen kontaktuan. Gainera, Jehobak iraganeko bere zerbitzariak babestu zituen moduan hausnartu zuen. Vanessak dio: «Burura etorri zitzaidan lehen eredua Daniel profetarena izan zen. Nahiz eta errugabea izan, gose zeuden lehoien zulo batera jaurti zuten. Hala ere, Jehobak zaindu egin zuen. Beraz, Jehobari egoera osoaz arduratzeko eskatu nion. Horren ostean, ez nuen berriro beldurrik sentitu» (Dan. 6:13-23 [6:12-22, NWT]).

ZER EGITEN ARI DA JEHOBA ORAIN?

8. Zertaz zegoen ziur Dabid? (56. Salmoa 9 [56:8, NWT])

8 Gat hirian, hil edo biziko egoera baten aurrean, Dabidek ez zuen bere beldurren preso izaten utzi. Izan ere, Jehoba momentu hartan bere alde egiten ari zen gauzetan pentsatzea erabaki zuen. Jehobaren gida eta babesa zuela sentitzeaz gain, bere sentimenduak ulertzen zituela ere konturatu zen (Irakurri 56. Salmoa 9 [56:8, NWT]). Gainera, Dabidek Jonatan eta Ahimelek bezalako lagunak izan zituen. Lagun leial hauek babesa eta laguntza praktikoa eman zioten (1 Sam. 20:41, 42; 21:7, 9, 10 [21:6, 8, 9, NWT]). Eta Saul erregea bera hil nahian egon zenean, Dabidek ihes egin zuen. Ziur zegoen Jehobak bere zailtasunak zehazki ezagutzen zituela eta hauen ondorioz bere egoera emozionala zein zen bazekiela.

9. Zertaz ohartzen da Jehoba?

9 Beldurtzen zaituen zailtasun baten aurrean zaudenean, gogoratu Jehoba zuk duzun zailtasunaz ohartzen dela, baita zailtasun honek nola sentiarazten dizun ere. Adibidez, israeldarrek Egipton jaso zituzten tratu txarrak ezagutzeaz gain, Jehoba «haien oinazeaz» ere ohartu zen (Irt. 3:7). Jehobak bere «atsekabea» eta «larrialdia» ikusi zituela abestu zuen Dabidek (Sal. 31:8 [31:7, NWT]). Eta Jainkoaren herriak sufritu zuenean, «berak ere larritasuna sentitu zuen», nahiz eta batzuetan beraien erabaki txarren ondorioengatik izan (Is. 63:9, NWT). Beraz, beldur zarenean, gogoan izan Jehobak nola sentitzen zaren ulertzen duela eta zure beldurrak gainditzen laguntzeko irrikan dagoela.

10. Zergatik egon zaitezke ziur Jehoba zutaz arduratzen dela eta edozein zailtasuni aurre egiteko laguntza emango dizula?

10 Beldurgarria den zailtasun baten aurrean bazaude, agian zaila egiten zaizu Jehoba zutaz nola arduratzen ari den konturatzea. Beraz, bere babesa ikusten laguntzeko eskatu (2 Err. 6:15-17). Ondoren, pentsatu honetan: Sendotu al zaitu bileran entzundako hitzaldi edo komentarioren batek? Animatu al zaitu argitalpen, bideo edo abestiren batek? Konpartitu al du norbaitek zurekin indarberritu zaituen ideia edo aipurik? Baliteke anai-arreben artean dugun maitasuna eta jasotzen dugun janari espirituala normaltzat hartzea. Baina gogoan izan behar dugu Jehobaren opari baliotsuak direla (Is. 65:13; Mar. 10:29, 30). Izan ere, gauza hauek bera gutaz arduratzen den seinale dira (Is. 49:14-16). Eta Jehobak gure konfiantza merezi duela frogatzen dute.

11. Zerk lagundu zion Aidari bere beldurrak gainditzen?

11 Senegalen bizi den Aida izeneko arreba batek zailtasun baten aurrean Jehobak nola lagundu zion ikusi zuen. Ahizpa nagusiena denez, Aidak familia osoa ekonomikoki mantentzea espero zuten gurasoek. Baina aitzindari izateko bere bizimodua sinplifikatu ondoren, arazo ekonomikoak izaten hasi zen. Orduan, familiak, haserreturik, kritikatu egin zuen. «Beldurra nuen. Ez nekien nire gurasoei laguntzeko gai izango nintzenik eta ez nuen inork ni baztertzerik nahi», dio berak. «Errua eta guzti bota nion Jehobari egoera puntu horretaraino iristea uzteagatik». Orduan, hitzaldi bat entzun zuen bilera batean. «Jehobak gure bihotzeko zauriak ezagutzen dituela gogorarazi zigun anaiak. Pixkanaka-pixkanaka, adindunen eta besteen aholkuen bidez, Jehobak maite nauen konfiantza berreskuratu nuen. Konfiantza handiagoarekin hasi nintzen otoitz egiten Jehobari eta nire otoitzak erantzun zituela ikustean, sekulako bakea sentitu nuen». Denborarekin, Aidak aitzindari izaten jarraitzeko eta bere gurasoei ekonomikoki laguntzen jarraitzeko lana topatu zuen. Berak dio: «Jehobarengan erabateko konfiantza izaten ikasi nuen. Orain, otoitz egin ondoren, nire beldurrak desagertu egiten dira askotan».

ZER EGINGO DU JEHOBAK ETORKIZUNEAN?

12.56. Salmoa 10 (56:9, NWT) aipuaren arabera, zertaz zegoen ziur Dabid?

12 Irakurri 56. Salmoa 10 [56:9, NWT]. Bertset honetan, Dabidi bere beldurrak gainditzen lagundu zion beste zerbait aipatzen da. Bere bizia oraindik arriskuan zegoen arren, Jehobak etorkizunean bere alde egingo zituen gauzetan hausnartu zuen. Berak bazekien Jehobak momentu egokian salbatuko zuela. Azken finean, Dabid Israelgo hurrengo erregea izango zela esan zuen Jehobak (1 Sam. 16:1, 13). Dabid ziur zegoen Jehobak promestu zuen guztia beteko zela.

13. Zer konfiantza dugu Jehobarengan?

13 Zer promestu du Jehobak egitea zure alde? Ez dugu espero gure arazo guztietatik babestea. c Baina gogoan izan sistema honetan zer zailtasuni aurre egin behar diogun axola gabe, Jehobak iristear dagoen mundu berrian arazo guztiak ezabatuko dituela (Is. 25:7-9). Gure Sortzailea oso boteretsua da eta, dudarik gabe, hildakoak berpiztu, gure gaixotasun guztiak sendatu eta bere aurkariak ezabatu egingo ditu (1 Joan 4:4).

14. Zertan hausnartu dezakegu?

14 Beldurra sentitzen duzunean, hausnartu Jehobak etorkizunean egingo dituen gauzetan. Pentsatu nola sentituko zaren Satanas egongo ez denean, zuzenek gaiztoak ordezkatuko dituztenean eta inperfekzioa egunetik egunera desagertzen joango den heinean. 2014​ko lurralde biltzarreko antzezpen batean, gure itxaropenean nola hausnartu dezakegun azaldu zen. Aita batek bere familiarekin 2 Timoteori 3:1-5​ko pasartea aztertu zuen, eta bertako hitzei buelta eman zien paradisua nolakoa izango den deskribatuz: «Mundu berria inoiz izan den garairik zoriontsuena izango da. Izan ere, gizakiek batak bestea eta egia maitatuko dute, modesto, apal, Jainkoaren adoratzaile, gurasoen esaneko, esker oneko eta leialak izango dira, familiari berezko maitasuna izango diote, adostasunetara iristeko prest egongo dira, besteei buruz beti ondo hitz egin eta autokontrola izango dute, lasaiak izango dira, ona dena maitatuko dute, fidagarri eta malguak izango dira, ez dute euren burua handietsiko, Jainkoa maitatuko dute eta ez gozamenak, eta Jainkoari benetako debozioa izango diote; eta hauengandik gertu mantendu». Hitz egiten al duzu zure familia eta anai-arreba maiteekin mundu berriko bizitzari buruz?

15. Tanjak beldurra sentitu arren, zerk lagundu zion bere beldurrak gainditzen?

15 Azter dezagun Ipar Mazedoniako Tanja izena duen arreba baten bizipena. Biblia aztertzen hasi zenean, bere gurasoengandik oposizio latza jasan zuen. Nola gainditu zituen Tanjak bere beldurrak? Jehobak etorkizunean egingo dituen gauzetan hausnartuz. Berak dio: «Gertatu ahal ziren gauzen beldur nintzen eta, azkenean, horietako batzuk gertatu ziren. Amak bilera guztien ondoren jo egiten ninduen. Gainera, gurasoen mehatxua jaso nuen: Jehobaren lekuko egiten banintz, hil egingo ninduten». Azkenean, Tanja etxetik bota zuten. Zer egin zuen orduan? Berak dio: «Nire integritateari eustea erabakitzeagatik etorkizunean izango nuen zoriontasunean jarri nuen arreta. Bestalde, sistema honetan galdu ditzakedan gauzengatik mundu berrian Jehobak saritu ahal nauen moduan pentsatzen nuen, baita gauza txar guztiak ahaztuko ditugula ere». Tanjak bere integritateari eutsi zion eta, Jehobaren laguntzarekin, bizileku bat aurkitu zuen. Gaur egun, anaia leial batekin ezkonduta dago eta biak oso pozik daude denbora osoko zerbitzuan.

SENDOTU ZURE KONFIANTZA ORAIN

16. Zerk lagunduko digu ausart mantentzen Lukas 21:26-28​ko gertaerak ikustean?

16 Larrialdi handian, jendea orokorrean «ikaraz eta larriz» egongo da. Jainkoaren herria, aldiz, sendo eta ausart mantenduko da (Irakurri Lukas 21:26-28). Zergatik ez gara gure beldurren preso izango? Dagoeneko Jehobarengan konfiantza izaten ikasiko dugulako. Lehen aipatutako Tanjak iraganean izan zituen bizipenek beste egoera zail batzuei aurre egiten laguntzen diotela esaten du. «Honakoa ikasi dut: Ez dago Jehobak konpondu ezin dezakeen egoerarik. Batzuetan, besteak direla gauzak kontrolatzen dituztenak eman dezake. Baina, errealitatean, Jehobak uzten diena bakarrik kontrolatzen dute. Eta zailtasun bat gogorra izan daitekeen arren, amaitu egingo da».

17. Nola lagunduko digu 2024​ko urteko aipuak? (Ikusi azaleko irudia ere)

17 Normala da beldurra izatea. Baina, Dabidek bezala, gure beldurren preso izatea saihestu dezakegu. 2024​ko urteko aipua Dabidek Jehobari egindako otoitz bat da: «Beldur naizenean, zuregan dut konfiantza» (Sal. 56:4 [56:3, NWT]). Biblia erreferentzia-lan batek honakoa dio aipu honen inguruan: «Dabidek ez du beldurtzen dituen gauzetan edo bere arazoetan pentsatzen jarraitzen. Horren ordez, salbatuko duen Harengan jartzen du konfiantza». d Pentsatu urteko aipuan datozen hilabeteetan, baina bereziki egoera beldurgarriei aurre egiten ari zarenean. Hartu denbora Jehobak iraganean egindako, orain egiten ari den eta etorkizunean egingo dituen gauzetan hausnartzeko. Horrela, Dabidek bezala honakoa esan ahalko duzu: «Jainkoarengan dut konfiantza, ez naiz ezeren beldur» (Sal. 56:5 [56:4, NWT]).

Arreba batek urteko aipuan hausnartzen du hondamendi baten erdian (Ikusi 17. paragrafoa)

NOLA LAGUNDU GAITZAKE GURE BELDURRAK GAINDITZEN ONDORENGOAN HAUSNARTZEAK?

  • Zer egin du Jehobak dagoeneko?

  • Zer egiten ari da Jehoba orain?

  • Zer egingo du Jehobak etorkizunean?

sn 38. KANTA Jarri Jehobaren eskutan

a JW.ORG webgunean, gure fedea sendotzen duen informazioa aurkitu dezakezu, bilatzailean «Ejemplos de fe» («Imitez leur foi») edo «Bizipenak» idatziz. JW Library® aplikazioko «Artikulu sailak» atalean, «Ejemplos de fe» («Imitez leur foi») edo «Jehobaren lekukoen bizipenak» bilatu dezakezu.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.

c Ikusi Acerquémonos a Jehová (Approchez-vous de Jéhovah) liburuko 7. kap, 13-22 orr.

d The Expositor’s Bible Commentary, Frank E. Gaebelein.

e IRUDIAREN AZALPENA: Dabidek gauza hauetan hausnartu zuen: Jehobak hartz bat menderatzeko nola indartu zuen, Ahimeleken bidez laguntza praktikoa nola ematen ari zitzaion eta errege nola egingo zuen.

f IRUDIAREN AZALPENA: Kartzelan dagoen anaia batek gauza hauetan hausnartzen du: Jehobak erretzeari uzten nola lagundu zion, bera maite dutenek gutun baten bidez nola animatzen duten eta Jehobak paradisuan betiko biziko dela nola promestu dion.