Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zoriontasuna aurkitu Jehobarengan pazientziaz itxaroten duzun bitartean

Zoriontasuna aurkitu Jehobarengan pazientziaz itxaroten duzun bitartean

IRRIKAZ al zaude Jehobak gaiztakeria ezabatzeko eta gauza guztiak berriak egiteko? (Ap. 21:1-5). Ziur baietz! Hala ere, ez da beti erraza Jehobarengan pazientziaz itxaroten jarraitzea, bereziki zailtasunak ditugunean. Izan ere, espero dugun zerbait atzeratzen denean, bihotzean pena sentitu dezakegu (Esa. 13:12).

Hala ere, Jehobak erabakitako eguna iritsi arte, guk pazientziaz itxarotea espero du berak. Zergatik espero du hau guregandik? Zerk lagundu gaitzake zoriontsuak izaten itxaroten dugun bitartean?

ZERGATIK ESPERO DU JEHOBAK GUK ITXAROTEA?

Bibliak honakoa dio: «Jehoba pazientziaz itxaroten ari da zuei mesede egiteko, eta zuei errukia erakusteko altxatuko da, Jehoba justiziaren Jainkoa baita. Zoriontsuak irrikaz bera itxaroten ari diren guztiak» (Is. 30:18, NWT). 30. kapituluko hitzak judu burugogorrei zuzendu zizkien Isaiasek (Is. 30:1). Baina 18. bertsetean itxaropenez beteriko mezu bat azaltzen da judu leialentzat. Gaur egun, Jehobaren zerbitzari leialoi ere itxaropena ematen digute.

Beraz, Jehoba pazientziaz itxaroten ari denez, guk ere pazientziaz itxaron behar dugu. Berak sistema honi amaiera emango dion eguna dagoeneko ezarri du, eta momentu hori iristeko esperoan dago (Mat. 24:36). Garai hartan, argi geratuko da Deabruak Jehobaren eta bere zerbitzarien aurka egindako salaketak faltsuak direla. Orduan, Jehobak Satanas eta bere alde dauden guztiak ezabatuko ditu. Guri, aldiz, «errukia eraku[tsiko]» digu.

Bitartean, Jehobak agian ez dizkigu gure arazoak kenduko. Baina itxaroten dugun bitartean, zoriontsuak izan ahal garela ziurtatzen digu. Isaiasek esan zuen bezala, zoriontsuak izan gaitezke zerbait gertatzeko irrikan gauden bitartean (Is 30:18, NWT). Nola lortu dezakegu zoriontasun hori? Hurrengo lau pauso hauek lagundu gaitzakete.

NOLA IZAN GAITEZKE ZORIONTSU ITXAROTEN DUGUN BITARTEAN?

Zentratu gauza positiboetan. Dabid erregeak gaiztakeria ikusi zuen bere bizitzan zehar (Sal. 37:35). Hala ere, honakoa idatzi zuen: «Egon lasai Jaunarengan, itxaron berarengan; ez zaitez sutu arrakasta duenaren aurka, maltzurkeriaz dabilenaren kontra» (Sal. 37:7). Dabidek aholku hau praktikan jarri zuen, arreta Jehobak bera salbatuko zuen promesean jarriz. Gainera, Jehobarengandik jasotako bedeinkapen guztiengatik eskertuta zegoen (Sal. 40:6 [40:5, NWT]). Gu ere, gure bizitzako gauza positiboetan zentratzen bagara, eta ez gauza txarretan, errazagoa izango da guretzat Jehobarengan itxarotea.

Aprobetxatu Jehoba goresteko aukera guztiak. 71. Salmoaren idazleak, dirudienez Dabidek, honakoa esan zion Jehobari: «Nik […] itxaroten jarraituko dut, gero eta areago zu goretsiko» (Sal. 71:14). Nola goretsi zuen Jehoba? Besteei Jehobari buruz hitz eginez eta Jehobari gorespen kantak abestuz (Sal. 71:16, 23). Dabiden antzera, gu ere pozik egon gaitezke Jehobarengan itxaroten dugun bitartean. Jehoba goresten dugu besteei predikatzean, lagunei eta familiari Berari buruz hitz egitean, eta gorespen kantak abestean. Gure kantetako bat abesten duzun hurrengoan, zergatik ez duzu hauen letra animagarrietan hausnartzen?

Utzi anai-arrebek zu animatu zaitzaten. Dabidek zailtasunak izan zituenean, honakoa esan zion Jehobari: «Zure leialen aurrean zure izenean jarriko dut nire esperantza» (Sal. 52:9, NWT). Guk ere anai-arreba leialengandik animoa jaso dezakegu, ez bakarrik bileretan eta predikatzen gaudenean, baita aisialdi momentuetan ere (Erm. 1:11, 12).

Sendotu zure esperantza. 62. Salmoa 5 (NWT) bertsetak honakoa dio: «Jainkoarengan itxaroten dut isilpean, nire esperantza berarengandik datorrelako». Oso inportantea da gure esperantza sendo egotea, bereziki azkena guk uste baino beranduago iristen bada. Zenbat itxaron behar dugun axola gabe, ziur egon behar dugu Jehobaren promesak beteko direla. Baina nola sendotu dezakegu gure esperantza? Jainkoaren Hitza aztertuz. Adibidez, honetan hausnartu dezakegu: profezietan, Bibliako idazle ezberdinek elkarren artean bat egiten duten moduan edo Jehobak berari buruz aipatzen dituen detaileetan (Sal. 1:2, 3). Gainera, betiko biziko garen promesa bete arte, espiritu santua eskatzen jarraitu behar dugu otoitzean. Honek Jehobarekin dugun harreman ona mantentzen lagunduko digu (Jud. 20, 21).

Dabid erregea bezala, egon ziur Jehobaren begiak errespetu handia diotenen gainean daudela, eta bere maitasun leiala erakusten diela (Sal. 33:18, 22, NWT). Beraz, jarraitu pazientziaz Jehobarengan itxaroten gure bizitzako gauza positiboetan zentratuz, bera goretsiz, anai-arrebengandik animoa jasoz eta esperantza sendo mantenduz.