Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Zer esaten du Bibliak Jehobak etorkizuna aurresateko duen gaitasunari buruz?

Bibliak argi uzten du Jehobak etorkizunean gertatuko dena aurresan dezakeela (Is. 45:21). Baina ez ditu xehetasun guztiak zehatz-mehatz azaltzen, adibidez, nola edo noiz jakiten duen etorkizunean gertatuko dena, ezta zenbat jakitea erabakitzen duen ere. Beraz, ezin dugu erabat ulertu Jehobak etorkizuna aurresateko duen gaitasuna. Hala ere, badaude ulertu ditzakegun gauza batzuk.

Jehobak nahi duena egin ahal duen arren, gauza batzuk ez egitea erabakitzen du. Bere jakinduriak mugarik ez duenez, edozer gauza aurretik jakitea erabaki dezake (Erm. 11:33). Baina autokontrola modu perfektuan erakusten duenez, zer gertatuko den ez jakitea ere erabaki dezake (Konparatu Isaias 42:14).

Jehobak bere nahia betetzea eragiten du. Nola laguntzen digu honek Jehobak etorkizuna aurresateko duen gaitasuna ulertzen? Isaias 46:10 bertsetak honakoa azaltzen du: «Hasieratik iragarri dut etorkizuna, lehendanik oraindik gertatzekoa dena. Hauxe diot: “Nire egitasmoa beteko da, nik nahi guztia burutuko dut».

Beraz, Jehobak gauzak gertatzea eragin dezakeenez, etorkizuna aurresan dezakeela esan dezakegu. Batzuetan, pelikula baten amaiera ikusten dugu zer gertatuko den jakiteko. Baina Jehobak ez du hau egiteko beharrik etorkizunean zer gertatuko den jakiteko. Horren ordez, Jehobak gauza bat momentu zehatz batean gertatzea erabaki dezake eta, gero, momentua iristean, gertatzea eragin dezake (Irt. 9:5, 6; Mat. 24:36; Eg. 17:31).

Horregatik, Bibliak «prestatu», «eratu» eta «erabaki» bezalako hitzak erabiltzen ditu Jehobak etorkizuneko gertakari batzuekin egiten duena deskribatzeko (2 Err. 19:25, NWT; oharra; Is. 46:11). Hitz hauek jatorrizko hizkuntzean «eltzegile», edo buztingile, esan nahi duen hitzarekin lotuta daude (Jer. 18:3, 4). Eltzegile trebe batek buztin zati bati forma eman ahal dio ontzi eder bat egiteko. Antzera, nolabait esateko, Jehobak egoera bati forma eman ahal dio bere nahia betetzeko (Efe. 1:11-12 [1:11, NWT]).

Jehobak erabakitzeko dugun askatasuna errespetatzen du. Berak ez du pertsona bakoitzaren bizitzan zer gertatuko den aldez aurretik erabakitzen. Ondorioz, ez du inor erabaki onak, ezta erabaki txarrak ere, hartzera bultzatzen. Jehobak bizitzeko modu zuzena zein den irakasten digun arren, bakoitzari nola bizi nahi dugun erabakitzen uzten digu.

Azter ditzagun bi adibide. Lehenengoa, Niniveko biztanleena da. Jehobak, bertan zegoen gaiztakeriarengatik, hiri hura suntsitua izango zela aurresan zuen. Baina bertako biztanleak damutu egin zirenez, Jehoba ere «damutu egin zen haiei egindako mehatxuaz eta ez zuen bete» aurresandakoa (Jns. 3:1-10). Beraz, aurresan zuenaren inguruan, Jehoba iritziz aldatu zen. Zergatik? Jehobaren mezua entzun ondoren, Niniveko biztanleek jokabidez aldatzea erabaki zutelako.

Bigarren adibidea Ziro izeneko konkistatzailearen profezia da. Berak gatibu zeuden juduak askatu eta Jehobaren tenplua berreraikitzeko agindua emango zuen (Is. 44:26-45:4). Persiako Ziro erregeak profezia hura bete zuen (Esd. 1:1-4). Hala ere, Zirok ez zuen egiazko Jainkoa adoratu. Beraz, Jehobak Ziro bere profezia betetzeko erabili zuen arren, ez zuen bera adoratzea behartu (Esa. 21:1).

Noski, Jehobak etorkizuna aurresaten duenean, ez ditu gauza hauek bakarrik kontuan hartzen. Egia esan, inork ezin du Jehobak pentsatzen eta egiten duen guztia erabat ulertu (Is. 55:8, 9). Hala ere, Jehobari buruz dakigunak argi uzten digu berak beti egokiena dena egiten duela, baita etorkizuna aurresaten duenean ere.