Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Ba al zenekien?

Ba al zenekien?

Zergatik errepikatzen dira esaldi batzuk Biblian?

NOIZEAN BEHIN, Biblia idazleek esaldi berberak hitzez hitz errepikatzen zituzten. Azter ditzagun agian hau egitera bultzatu zituzten hiru arrazoi:

Noiz idatzi zen Biblia. Antzina Israelen, pertsona gehienek ez zuten Legearen kopia propiorik. Orduan, nola ezagutu zezaketen Legeak esaten zuena? Bereziki nazioa tabernakuluan eta tenpluan biltzen zenean, Legea irakurri egiten zen (Deu. 31:10-12). Baina ziurrenik distrakzioak egongo ziren hainbat orduz jendetza handi baten artean zutik egotean (Neh. 8:2, 3, 7). Egoera horietan, esaldi garrantzitsuenak errepikatzea oso lagungarria zen. Horrela, jendeak aipuak gogoratzeaz gain, hauek praktikan jarri ahal zituen. Hitz zehatz batzuk errepikatzeak seguruenik asko lagunduko zien Jehobak emandako legeen xehetasunak gogoratzen (Leb. 18:4-22; Deu. 5:1).

Nola idatzi zen Biblia. Bibliaren % 10 inguru kantak dira. Hauen artean, Salmoak, Kantarik Ederrena eta Negar Kantak liburuak daude. Kantek, batzuetan, errepika bat zuten. Honek kantaren gaia azpimarratzen zuen eta entzuleei letra buruz ikasten laguntzen zien. Adibidez, erreparatu 115. Salmoa 9-11 aipuan aurkitzen ditugun hitzei: «Israeldarrok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle! Aarondar apaizok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle! Jaunari begirune diozuenok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle!». Hitz horiek errepikatzeak abeslariei ideia eder horiek beraien buru-bihotzetan gordetzen lagunduko zien.

Zergatik idatzi zen Biblia. Bibliako idazleek batzuetan esaldi garrantzitsuak errepikatzen zituzten. Adibidez, Jehobak israeldarrei odolik ez jateko agindu zienean, Moisesi lege horren arrazoia hainbat alditan errepikatzeko esan zion. Haragiaren bizia odolean dagoela, hau da, odolak bizia irudikatzen duela azpimarratu nahi zuen Jainkoak (Leb. 17:11, 14). Beranduago, Jerusalemgo apostolu eta adindunek Jainkoa pozteko baztertu beharreko gauzen zerrenda bat egin zutenean, odola baztertzearen beharra azpimarratu zuten berriz ere (Eg. 15:20, 29).

Biblian esaldi batzuk errepikatzen diren arren, honek ez du esan nahi Jehobak guk esaldi hauek errepikatzeko ohitura izatea nahi duenik. Esaterako, Jesusek esan zuen: «Otoitz egitean, ez errepikatu hitz berberak behin eta berriz» (Mat. 6:7). Ondoren, gure otoitzetan aipatu ditzakegun gai batzuk azaldu zituen (Mat. 6:9-13). Beraz, gure otoitzetan hitz berberak denbora guztian errepikatzen ez ditugun arren, gai berberen inguruan behin eta berriz otoitz egin dezakegu (Mat. 7:7-11).

Argi dago Jainkoak bere Hitzean hitz eta esaldi zehatz batzuk errepikatzeko arrazoi onak dituela. Izan ere, Maisu Bikainak guri irakasteko erabiltzen duen metodoetako bat da hau (Is. 48:17, 18).