Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 124. KANTA Beti leial izan

Sendotu zure konfiantza Jehobaren erakundearengan

Sendotu zure konfiantza Jehobaren erakundearengan

«Gogoratu zaitezte zuen artean aurrea hartzen dutenez. Hauek Jainkoaren hitzari buruz hitz egin dizuete» (HEB. 13:7, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Nola sendotu eta mantendu dezakegun Jehobaren erakundearengan dugun konfiantza.

1. Nola zegoen antolatuta Jehobaren herria lehen mendean?

 JEHOBAK bere herriari eginkizun bat ematen dionean, hau modu antolatu batean betetzea espero du (1 Ko. 14:33). Adibidez, Jainkoaren helburua bere herriak mundu osoan zehar berri onak zabaltzea da (Mat. 24:14). Lan hau zuzentzeko ardura Jesusi eman dio, eta Jesus lan hau modu antolatuan betetzeaz ziurtatu da. Lehen mendean, apostoluez eta esperientzia zuten adindunez osaturiko zuzendari batzordea zegoen Jerusalemen. Talde honek kongregazio guztiek jarraitzen zituzten erabakiak hartzen zituen (Eg. 15:2; 16:4). Aldi berean, toki desberdinetan zeuden kongregazioetako adindunek erabaki hauen berri ematen zieten anai-arrebei (Eg. 14:23). Anai-arrebek jasotako gida obeditzen zutenez, «kongregazioak fedean sendotzen eta egunetik egunera handitzen joan ziren» (Eg. 16:5).

2. Nola eman du Jehobak gida eta janari espirituala 1919. urtetik aurrera?

2 Jehobak gaur egun ere bere herria antolatzen jarraitzen du. Jesus, 1919. urtetik aurrera, anaia gantzutuz osaturiko talde txiki bat erabiltzen ari da predikazioa antolatzeko eta bere jarraitzaileei janari espirituala emateko a (Luk. 12:42). Argi dago Jehoba talde honen lana bedeinkatzen ari dela (Is. 60:22; 65:13, 14).

3, 4. a) Nola laguntzen digu antolatuta egoteak? Jarri adibide bat. b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Antolatuta egongo ez bagina, ezingo genukeen Jesusek emandako eginkizuna burutu (Mat. 28:19, 20). Demagun, adibidez, predikatzeko eremuak antolatuta egongo ez balira eta anai-arrebek nahi duten tokian predikatuko balute. Anai-arrebek eremu batzuk behin eta berriro predikatuko lituzkete, eta beste batzuk, aldiz, inoiz ere ez. Bururatzen al zaizkizu antolatuta egoteak ekartzen dituen bedeinkapen gehiago?

4 Lurrean egon zenean, Jesusek modu zehatz batean antolatu zituen bere jarraitzaileak. Gaur egun, Jainkoaren herriak modu berdinean antolatzen jarraitzen du. Artikulu honetan honakoa aztertuko dugu: 1) Jesusek ezarri zuen eredua, 2) Jehobaren erakundeak eredu hori nola jarraitzen duen eta, 3) nola erakutsi dezakegun Jehobaren erakundearengan konfiantza dugula.

ERAKUNDEAK JESUSEN EREDUA JARRAITZEN DU

5. Zein da erakundeak Jesusen eredua jarraitzen duen modu bat? (Joan 8:28)

5 Jesusek egin eta esan behar zuena bere Aitarengandik ikasi zuen. Jesusen eredua jarraituz, erakundeak Jainkoaren Hitza erabiltzen du guri ondo eta gaizki dagoena ezagutzen laguntzeko eta gida emateko (Irakurri Joan 8:28; 2 Tim. 3:16, 17). Erakundeak Biblia irakurtzearen eta ikasten duguna praktikan jartzearen garrantzia gogorarazten digu askotan. Zer probetxu ateratzen dugu aholku hau jarraitzen dugunean?

6. Zein da Biblia aztertzeak laguntzen digun modu garrantzitsu bat?

6 Probetxu handia ateratzen dugu gure argitalpenen laguntzarekin Biblia aztertzen dugunean. Adibidez, Bibliak irakasten duena erakundeak argitalpenen bidez ematen digun gidarekin konparatu dezakegu. Gida hau Biblian oinarrituta dagoela ikusten dugunean, Jehobaren erakundearengan dugun konfiantza sendotu egiten da (Erm. 12:2).

7. Zeri buruz predikatu zuen Jesusek, eta nola jarraitzen du Jehobaren erakundeak bere eredua?

7 Jesusek «Jainkoaren Erreinuaren berri onak» predikatu zituen (Luk. 4:43, 44, NWT). Gainera, Erreinuari buruz predikatzeko agindu zien bere dizipuluei (Luk. 9:1, 2; 10:8, 9). Gaur egun, Jehobaren erakundearen parte diren guztiek predikatzen dute, non bizi diren edo erakundean zer ardura duten axola gabe.

8. Zer ohore jaso dugu?

8 Jainkoaren Erreinuari buruz besteei hitz egitea izugarrizko ohorea da guretzat! Edonork ez du ohore hau jaso. Esaterako, Jesus lurrean egon zenean, ez zien espiritu gaiztoei berari buruz hitz egiten utzi (Luk. 4:41). Gaur egun, pertsona batek Jehobaren lekukoekin batera predikatzen hasi nahi badu, Jehobari atsegin zaion moduan bizi behar du. Ahal dugun guztietan predikatzean, ohore hau zenbat estimatzen dugun erakusten dugu. Jesusen antzera, gure helburua jendearen bihotzean Erreinuaren hazia landatzea eta ureztatzea da (Mat. 13:3, 23; 1 Ko. 3:6).

9. Nola eman du ezagutzera erakundeak Jainkoaren izena?

9 Jesusek Jainkoaren izena ezagutzera eman zuen. Bere zeruko Aitari otoitz egitean, honakoa esan zuen Jesusek: «Zure izena ezagutzera eman diet» (Joan 17:26, NWT). Jesusen ereduarekin bat eginik, erakundea ahal duen guztia egiten ari da besteei Jainkoaren izena ezagutzen laguntzeko. Hau lortzeko modu garrantzitsu bat Traducción del Nuevo Mundo b itzulpena erabiltzea izan da. Gaur egun, Biblia itzulpen hau 270 hizkuntza baino gehiagotan dago eskuragarri, osorik edo atalen batean. Ahalegin handiak egin dira itzulpen honetan Jainkoaren izena dagokion tokian jartzeko. Itzulpen honen A4 eta A5 eranskinetan, Biblian Jainkoaren izena zergatik eta nola berrezarri zen azaltzen da. Bestalde, itzulpen honen ikasketarako Biblian dagoen C eranskinean, Idazki Greko Kristauetan Jainkoaren izena 237 aldiz zergatik agertu beharko litzatekeen azaltzen da.

10. Zer ikasten duzu Myanmar-eko emakume batek esandako hitzetatik?

10 Jesusek bezala, guk ere ahalik eta pertsona gehiagori Jainkoaren izena ezagutzen lagundu nahi diegu. Zergatik da hau egitea hain inportantea? Jarri dezagun adibide bat. Myanmar-eko 67 urteko emakume batek Jainkoaren izena ezagutu zuenean negarrari eman zion, eta honakoa esan zuen: «Hau da Jainkoaren izena Jehoba dela entzun dudan lehenengo aldia. […] Ikasi ahal nuen gauzarik inportanteena irakatsi didazue». Bizipen honek erakusten duen moduan, Jainkoaren izena ezagutzeak eragin ikaragarri handia izan dezake bihotz oneko pertsonengan.

JARRAITU JEHOBAREN ERAKUNDEARENGAN DUZUN KONFIANTZA SENDOTZEN

11. Nola erakutsi dezakete adindunek Jehobaren erakundearengan konfiantza dutela? (Ikusi irudia ere)

11 Nola erakutsi dezakete adindunek Jainkoaren erakundearengan konfiantza dutela? Gida jasotzen dutenean, jarraibideak arretaz irakurriz eta hauek praktikan jartzeko ahal duten guztia eginez. Esaterako, adindunek honako gauzen inguruan jasotzen dute gida: bileretako atalak nola aurkeztu, kongregazioaren aurrean nola egin otoitz eta Jesusen ardiak nola zaindu. Adindunek erakundeak ematen dizkien jarraibideak praktikan jartzen dituztenean, anai-arrebek Jehobak maite dituela eta beraietaz arduratzen dela sentitzen dute.

Adindunek Jehobaren erakundeak ematen duen gidan konfiantza erakusten laguntzen digute (Ikusi 11. paragrafoa) d


12. a) Zergatik aritu beharko ginateke aurrea eramaten dutenekin elkarlanean? (Hebrearrei 13:7, 17, NWT) b) Zergatik zentratu beharko ginateke aurrea eramaten dutenen ezaugarri positiboetan?

12 Adindunen gida gogo onez jarraitu beharko genuke. Horrela, aurrea eramaten dutenei errazagoa egingo zaie euren lana betetzea. Bibliak aurrea hartzen dutenei obeditzera eta sumisioa erakustera animatzen gaitu (Irakurri Hebrearrei 13:7, 17, NWT c). Hau batzuetan zaila izan daiteke. Zergatik? Gizon hauek inperfektuak direlako. Hala ere, adindunen ezaugarri positiboetan zentratu beharrean negatiboetan zentratuko bagina, geure etsaiei laguntzen ariko ginateke. Zergatik esaten dugu hau? Hau egiten badugu, erakundearengan dugun konfiantza galdu dezakegulako. Hori da justu gure aurkariek nahi dutena. Beraz, zer egin dezakegu gure etsaiek zabaltzen duten propaganda faltsua identifikatzeko eta baztertzeko?

EZ UTZI BESTEEI ZURE KONFIANTZA AHULTZEN

13. Nola zikindu dute Jainkoaren aurkariek erakundearen izen ona?

13 Jainkoaren aurkariek modu negatiboan hitz egiten dute Jehobaren erakundeak dituen gauza positiboez. Esaterako, honakoa ikasi dugu Biblian: Jehobak bere adoratzaileok fisikoki, moralki eta espiritualki garbi egotea espero duela. Gainera, damutu gabe gaizki dagoena egiten jarraitzen duena kongregaziotik kanporatua izan behar dela eskatzen du (1 Ko. 5:11-13; 6:9, 10). Guk Biblia arau hori obeditzen dugu. Baina gure aurkariak hau gure kontra erabiltzen saiatzen dira, intoleranteak garela, besteak epaitzen ditugula eta maitekorrak ez garela esanez.

14. Nor da erakundeari buruzko gezurren atzean dagoena?

14 Identifikatu nor den benetan gu erasotzen gaituena. Satanas da Jehobaren erakundeari buruzko gezurren atzean dagoena, bera baita «gezurraren aita» (Joan 8:44; Has. 3:1-5). Beraz, Jehobaren erakundeari buruzko gezurrak zabaltzeko, Satanasek bere jarraitzaileak erabiltzea espero beharko genuke. Hauxe bera gertatu zen Jesusen eta lehen mendeko kristauen garaian.

15. Zer egin zieten erlijioburuek Jesusi eta bere jarraitzaileei?

15 Nahiz eta Jainkoaren Semea perfektua izan eta mirari harrigarriak egin, Satanasek pertsona batzuk erabili zituen Jesusi buruz gezurrak zabaltzeko. Adibidez, lehen mendeko erlijioburuek honakoa esan zioten jendeari: «deabruen agintaria[k]» eman ziola Jesusi deabruak kanporatzeko boterea (Mar. 3:22). Jesus epaitzen ari zirenean, erlijioburuek Jesus blasfemiaz salatu eta jendea bere heriotza eskatzeko konbentzitu zuten (Mat. 27:20). Beranduago, Jesusen jarraitzaileak berri onak predikatzen hasi zirenean, euren aurkariek «nazioetako jendea aztoratu eta anaien aurka jarri zuten» (Eg. 14:2, 19). Argitalpen honetako 1998​ko abenduaren 1​eko alean, honako azalpena eman zen Eginak 14:2 aipuari buruz: «Judu aurkariek, kristauek predikatzen zuten mezua baztertzeaz gain, difamazio kanpaina bat hasi zuten, nazioetako jendea kristauen aurka jartzen saiatuz».

16. Zer gogoratu beharko genuke Jehobaren erakundeari edo aurrea hartzen duten anaiei buruz gezurrak entzuten baditugu?

16 Satanasek gaur egun ere gezurrak zabaltzen jarraitzen du, «mundu guztia engaina[tuz]» (Ap. 12:9). Beraz, erakundeari edo aurrea eramaten duten anaiei buruz gauza negatiboak entzuten badituzu, gogoan izan Jainkoaren aurkariek Jesusi eta lehen mendeko kristauei buruz ere antzeko gauzak esan zituztela. Bibliak aurresan bezala, gaur egun ere Jehobaren aurkariek bere herria pertsegitu eta guri buruz gezurrak zabaltzen dituzte (Mat. 5:11, 12). Gezur hauen atzean nor dagoen identifikatzen badugu eta neurriak segituan hartzen baditugu, ez gaituzte engainatuko. Zer neurri hartu beharko genituzke?

17. Zer egin dezakegu istorio faltsuek gu ez kaltetzeko? (2 Timoteori 1:13) (Ikusi « Zer egin beharko genuke istorio faltsuen aurrean?» taula ere)

17 Baztertu istorio faltsuak. Paulo apostoluak argi utzi zuen nola jokatu beharko genukeen istorio faltsuak entzuten ditugunean. Kristau batzuei honako agindua emateko esan zion Timoteori: «Istorio faltsuetan arretarik ez jar[tzeko]» eta «istorio faltsu lotsagabeak bazter[tzeko]» (1 Tim. 1:3, 4; 4:7, NWT). Pentsatu honetan: haurtxo batek lurrean dagoen zerbait hartzen duenean, askotan ahora eramaten du. Baina pertsona heldu batek horren atzean dagoen arriskua ikusten du eta, beraz, ez luke hori inoiz egingo. Antzera, guk ere istorio faltsuak nondik datozen badakigunez, baztertu egiten ditugu. Izan ere, egiazko «hitz osasungarriak» bakarrik entzun nahi ditugu (Irakurri 2 Timoteori 1:13).

18. Nola erakutsi dezakegu Jehobaren erakundearengan konfiantza dugula?

18 Ikusi dugun moduan, erakundeak Jesus imitatzen du. Artikulu honetan hiru modu aztertu ditugu, baina ez dira bakarrak. Biblia aztertzen duzun heinean, saiatu beste modu batzuk ere topatzen. Lagundu kongregazioko anai-arrebei erakundearengan duten konfiantza sendotzen. Argi dago Jehobak bere erakundea erabiltzen duela bere nahia betetzeko. Beraz, jarraitu konfiantza erakusten Jehoba leialki zerbitzatuz eta bere erakundearengandik gertu mantenduz (Sal. 37:28). Erakutsi dezagun beti esker ona Jehobaren herri maitekor eta leialaren parte izateko dugun ohorearengatik.

NOLA ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Zein modutan imitatzen du erakundeak Jesus?

  • Nola jarraitu dezakegu erakusten Jehobaren erakundearengan konfiantza dugula?

  • Zer egin beharko genuke istorio faltsuen aurrean?

sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira

a Ikusi «¿Y por qué 1919?» («Pourquoi 1919 ?») taula La adoración pura de Jehová: ¡por fin restaurada! (Le culte pur de Jéhovah enfin rétabli !) liburuan 102-103 orr..

b Traduction du monde nouveau.

c Hebrearrei 13:7, 17, NWT: «Gogoratu zaitezte zuen artean aurrea hartzen dutenez. Hauek Jainkoaren hitzari buruz hitz egin dizuete. Eta, beraien jarrerak ekartzen dituen emaitzetan arreta jarriz, imitatu euren fedea. Obeditu zuen artean aurrea hartzen dutenei eta erakutsi sumisioa, zuetaz arduratzen ari baitira eta kontuak eman beharko dituzte honengatik. Horrela, pozik egingo dute hau, eta ez hasperenka, hau zuentzat kaltegarria izango litzateke eta».

d IRUDIAREN AZALPENA: Adindunek predikazio publikorako antolaketei buruz hitz egin dute. Ondoren, predikazio talde baten arduradunak, hartu diren erabakiak jarraituz, berriemaileei beraien atzean pareta bat izan behar dutela esaten die.