Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

19. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 22. KANTA Etor bedi Jainkoaren Erreinua!

Zer dakigu Jehobak larrialdi handian pertsonak epaituko dituen moduari buruz?

Zer dakigu Jehobak larrialdi handian pertsonak epaituko dituen moduari buruz?

«[Jehobak] ez [du] inor suntsitua izaterik nahi» (2 PED. 3:9, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Ziur egon gaitezke Jehobak etorkizunean pertsonak epaitzean, modu justuan jokatuko duela.

1. Zergatik esan dezakegu garai zirraragarriak bizitzen ari garela?

 GARAI zirraragarriak bizitzen ari gara! Bibliak aurresan zituen gauzak betetzen ari direla ikusten dugu egunero. Adibidez, mundua kontrolatu nahian, «iparraldeko erregea» eta «hegoaldeko erregea» euren artean borrokatzen ikusten ditugu (Dan. 11:40). Aldi berean, Jainkoaren Erreinuaren berri onak mundu osoan predikatzen ari dira eta milioika pertsonek Jehoba zerbitzatzea aukeratu dute (Is. 60:22; Mat. 24:14). Gainera, elikagai espiritual ugari jasotzen ari gara «une egokian» (Mat. 24:45-47).

2. Zertaz egon gaitezke ziur, baina zer onartu behar dugu?

2 Jehobak laster izango diren gertaera garrantzitsuak argiago ulertzen laguntzen digu (Esa. 4:18; Dan. 2:28, NWT). Ziur egon gaitezke honetaz: larrialdi handia hasten denerako, jakin behar dugun guztia jakingo dugula leialki irauteko eta garai zail horretan elkartuta jarraitu ahal izateko. Hala ere, onartu behar dugu ez dugula etorkizunean gertatuko den guztia ezagutzen. Artikulu honetan, lehenik, gertaera horietako batzuei buruz genuen ulermena zergatik aldatu den aztertuko dugu. Ondoren, etorkizunari buruz badakizkigun gauza batzuk berrikusiko ditugu, baita gure zeruko Aitak nola jokatuko duen ere.

ZER DA EZ DAKIGUNA?

3. Iraganean, zer uste genuen gertatuko zaiola jendeari larrialdi handia hastean? Eta zergatik pentsatzen genuen horrela?

3 Iraganean, honakoa pentsatzen genuen: larrialdi handia hastean, pertsonek ez dutela Jehobaren alde jartzeko eta Harmagedonetik bizirik ateratzeko aukerarik izango. Zergatik? Uholdearen pasartea tipo profetiko bat dela, hau da, Uholdean izandako pertsona eta gertakari bakoitzak etorkizunean gertatuko den zerbait irudikatzen duela pentsatzen genuelako. Esaterako, Uholdea hasi aurretik, Jehobak arkako atea itxi zuen eta inork ez zuen bertan sartzeko aukerarik izan. Antzera, larrialdi handia hastean, nolabait esateko, Jehobak «atea itxiko» duela eta inork ezin izango duela salbamena lortu uste genuen (Mat. 24:37-39).

4. Tipo profetiko bat al da Uholdearen pasartea? Azaldu.

4 Orduan, tipo profetiko bat al da Uholdearen pasartea? Ez. Zergatik? Bibliak ez duelako hori esaten. a Egia da Jesusek bere presentziaren garaia «Noeren garaia[rekin]» konparatu zuela. Baina horrek ez du esan nahi Uholdea tipo profetiko bat denik. Beste modu batera esanda, Jesusek ez zuen esan nahi izan Uholdean izandako pertsona eta gertakari bakoitzak etorkizunean gertatuko den zerbait irudikatzen duenik. Gainera, Jesusek ez zuen esan arkako atea ixteak esanahi profetikorik duenik. Hala ere, asko ikasi dezakegu Noe eta Uholdearen pasartetik.

5. a) Nola erakutsi zuen Noek fedea zuela Uholdea aurretik? (Hebrearrei 11:7; 1 Pedro 3:20) b) Zertan dira antzekoak Noek burututako predikazioa eta guk gaur egun burutzen duguna?

5 Noek Jehobaren abisu mezua entzun zuenean, fedea zuela erakutsi zuen. Nola? Arka eraikiz (Irakurri Hebrearrei 11:7; 1 Pedro 3:20). Antzera, Jainkoaren Erreinuari buruzko berri onak entzuten dituztenek fedea erakutsi behar dute. Nola? Entzundakoa praktikan jarriz (Eg. 3:17-20). Bestalde, Pedrok «justiziaren predikatzaile» deitu zion Noeri (2 Ped. 2:5, Ur). Hala ere, aurreko artikuluan aztertu genuen bezala, ez dakigu Noek Uholdearen aurretik lurreko pertsona guztiei predikatu zien ala ez. Gaur egun, gu munduko pertsona guztiei predikatzen saiatzen ari gara, eta gogotsu egiten dugu lan hau. Hala ere, gogor saiatu arren, azkena heldu aurretik, ezin izango diegu munduko pertsona guzti-guztiei predikatu. Zergatik ez?

6, 7. Zergatik esan dezakegu ezin izango diegula munduko pertsona guzti-guztiei predikatu? Azaldu.

6 Azter dezagun zer esan zuen Jesusek burutuko genuen predikazioari buruz. Honakoa aurresan zuen: «Berri onak lur osoan predikatuko dira nazio guztiek entzun ditzaten» (Mat. 24:14). Profezia hau inoiz ez bezala betetzen ari da gaur egun. Erreinuaren mezua 1.000 hizkuntza baino gehiagotan dago eskuragarri. Eta jw.org webgunearen bidez, lurreko biztanle gehienek berri onak ezagutu ditzakete.

7 Hala ere, Jesusek honakoa esan zien bere dizipuluei: bera itzuli aurretik, ez zutela «hiri guztietan lana bukatuko», hau da, ez zietela pertsona guzti-guztiei predikatuko (Mat. 10:23; 25:31-33). Jesusek esandakoa gaur egun gertatzen ari da. Milioika pertsona, predikatzea erabat debekatuta dagoen tokietan bizi dira. Gainera, minuturo, ehunka haur jaiotzen dira. Egia da ahal dugun guztia egiten dugula berri onak «arraza, hizkuntza eta herri guztiei» zabaltzeko (Ap. 14:6). Baina errealitatea honakoa da: Azkena iritsi aurretik, ezin izango diegu munduko pertsona guzti-guztiei berri onak predikatu.

8. Zer galdera izan ditzakegu Jehobak etorkizunean pertsonak epaituko dituen moduaren inguruan? (Ikusi irudiak ere)

8 Ondorioz, honako galderak izan ditzakegu: Zer gertatuko zaie larrialdi handia hasi aurretik berri onak entzuteko aukera izan ez dutenei? Nola jokatuko dute beraiekin Jehobak eta Jesusek, epaitzeko ardura jaso duenak? (Joan 5:19, 22, 27; Eg. 17:31). Artikulu honetako aipu nagusiak honakoa dio: «[Jehobak] ez [du] inor suntsitua izaterik nahi». Izan ere, «guztiek damutzea» nahi du (2 Ped. 3:9, NWT; 1 Tim. 2:4). Jehobari buruz gauza hauek dakizkigun arren, berak oraindik ez digu esan nola jokatuko duen pertsona horiekin. Eta, noski, bera ez dago guri dena kontatzera behartuta.

Zer gertatuko zaie larrialdi handia hasi aurretik berri onak entzuteko aukera izan ez dutenei? Nola jokatuko du Jehobak beraiekin? (Ikusi 8. paragrafoa) c


9. Zer azaldu digu Jehobak bere Hitzean?

9 Jehobak, etorkizunean egingo dituen gauza batzuk azaldu dizkigu bere Hitzean. Adibidez, «injustu[ak]» berpiztuko dituela esan du. Hauen artean, berri onak ezagutzeko eta euren jokaera aldatzeko aukerarik izan ez duten pertsonak daude (Eg. 24:15; Luk. 23:42, 43). Honek, aldi berean, beste galdera garrantzitsu batzuetan pentsatzera eraman gaitzake.

10. Zer beste galdera suertatu daitezke?

10 Betirako suntsituak izango al dira larrialdi handian zehar hilko direnak? Izango al dute berpizteko esperantzarik? Bibliak honakoa argi uzten du: Jehoba eta bere gudarosteak Harmagedonen suntsituko dituzten aurkari amorratuak ez direla berpiztuak izango (2 Tes. 1:6-10, NWT). Baina zer gertatuko da, esaterako, gaixotasun edo adinagatik, istripu batengatik edo besteen erruz hil direnekin? (Ekl. [Koh.] 9:11, NWT; Zak. 14:13). Mundu berrian berpiztuak izango diren «injustu[en]» artean egongo al dira? Egia esan, ez dakigu.

ZER DA BADAKIGUNA?

11. Zeren arabera izango dira pertsonak epaituak Harmagedonen?

11 Etorkizuneko gertakarien inguruan, gauza batzuk badakizkigu. Adibidez, badakigu pertsonak honen arabera epaituak izango direla Harmagedonen: Jesu Kristoren anaiak nola tratatu dituzten (Mat. 25:40). Ardi bezala epaitutako pertsonek, gantzutuen eta Jesu Kristoren alde daudela erakutsi behar izan dute. Gainera, badakigu ere larrialdi handia hasi ondoren, Jesu Kristoren anaia batzuek lurrean egoten jarraituko dutela. Hauek zerura bilduak izango dira Harmagedon hasi baino pixka bat lehenago. Beraz, lurrean egoten jarraitzen duten bitartean, bihotz oneko pertsonek, agian, Jesu Kristoren anaien eta hauek egiten duten lanaren alde daudela erakusteko aukera izango dute (Mat. 25:31, 32; Ap. 12:17). Zergatik dira garrantzitsuak gauza hauek?

12, 13. Nola erantzungo dute beharbada «Babilonia Handia[ren]» suntsipena ikusiko duten batzuek? (Ikusi irudiak ere)

12 Larrialdi handia hasi ondoren ere, posible da «Babilonia Handia[ren]» suntsipena ikusiko duten batzuek, Jehobaren lekukoek hainbeste urtetan gertakari honi buruz esandakoa gogoratzea. Jarriko al dute batzuek fedea Jainkoarengan gertakari hau ikustean? (Ap. 17:5; Eze. 33:33).

13 Hau hala bada, Moisesen garaian Egipton gertatutakoaren antzekoa izan daiteke. Israeldarrak Egiptotik ateratzean, «jende-multzo» handi bat hauekin batera atera zen (Irt. 12:38). Beharbada, horietako batzuk Moisesek aipatutako Hamar Izurriak bete zirela ikustean, Jehobarengan fedea jartzen hasi ziren. Beraz, Babilonia Handia suntsitua izan ondoren, agian antzeko zerbait gertatuko da, hau da, Harmagedon iritsi baino pixka bat lehenago pertsona batzuk beharbada gurekin elkartuko dira. Horrela bada, hau bidezkoa ez dela pentsatuko al dugu? Noski ezetz! Gure zeruko Aitaren izaera imitatu nahi dugu. Bera «Jainko bihozbera eta errukitsua, pazientziaz, maitasun leialez eta egiaz betea» da b (Irt. 34:6, NWT).

Posible da «Babilonia Handia[ren]» suntsipena ikusiko duten batzuek, Jehobaren lekukoek hainbeste urtetan gertakari honi buruz esandakoa gogoratzea (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak) d


14, 15. Pertsona bat noiz hil den edo non bizi den oinarrituta erabakiko al du Jehobak betiko biziko den ala ez? Azaldu. (33. Salmoa 4, 5)

14 Batzuetan, honakoa entzun izan dugu: «Nahiago nuke Jehoba zerbitzatzen ez duten nire senideak larrialdi handia hasi baino lehen hiltzea. Horrela, berpiztuak izateko aukera izan dezakete». Dudarik gabe, hitz hauen atzean, motibazio zintzoa dago. Baina Jehobak ez du pertsona bat betirako biziko den ala ez erabakiko noiz hil den oinarrituta. Jehoba Epaile perfektua da, eta beti erabaki justuak hartzen ditu (Irakurri 33. Salmoa 4, 5). Ondorioz, ziur egon gaitezke «lur osoko Epaileak» zuzena dena egingo duela (Has. 18:25).

15 Hurrengoa pentsatzea ere arrazoizkoa da: Jehobak ez du pertsona bat betirako biziko den ala ez erabakiko non bizi den oinarrituta. Toki batzuetan, milioika pertsonek ez dute inoiz Erreinuaren mezua ezagutzeko aukerarik izan. Pentsaezina da Jehobak pertsona hauek guztiak automatikoki «ahuntz» bezala epaitzea (Mat. 25:46). Izan ere, Jehoba, lur osoko Epaile zuzena, asko arduratzen da pertsona hauetaz, guk inoiz egin ahalko genukeena baino gehiago. Ez dakigu Jehobak nola gidatuko dituen gertakariak larrialdi handian zehar. Garai horretan ikusitako gertakariek eragina izan dezakete pertsona hauengan. Ondorioz, Jehobak nazioen aurrean bere izena santutuko duenean, baliteke pertsona hauetako batzuek berarengan fedea jartzea (Eze. 38:16).

Larrialdi handia hasi ondoren, […] jarriko al dute batzuek fedea Jainkoarengan gertakari hau ikustean?

16. Zer ikasi dugu Jehobari buruz? (Ikusi irudia ere)

16 Biblia aztertzean, Jehobarentzat gizakion bizia zein baliotsua den ikasi dugu. Bere Semearen bizia eman zuen gutako bakoitzak betirako bizitzeko aukera izan dezagun (Joan 3:16). Jehobaren maitasun goxoa bete-betean sentitzen dugu (Is. 49:15). Berak izenez ezagutzen gaitu. Are gehiago, hiltzen bagara ere, oso ondo ezagutzen gaituenez, gure izaeraren bereizgarri eta oroitzapen guzti-guztiekin berpiztu gaitzake (Mat. 10:29-31). Dudarik gabe, ziur egon gaitezke gure zeruko Aita maitekorrak pertsona bakoitza modu perfektuan epaituko duela, bera zuhurra, zuzena eta errukitsua baita (St. 2:13).

Ziur egon gaitezke Jehobak pertsona bakoitza modu perfektuan epaituko duela bera zuhurra, zuzena eta errukitsua delako (Ikusi 16. paragrafoa)


17. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

17 Ulermen berri hauek aztertu ondoren, predikazioa inoiz baino urgenteagoa dela ikusten dugu. Zergatik diogu hau? Eta zerk motibatzen gaitu berri onak gogotsu predikatzen jarraitzera? Galdera hauen erantzunak hurrengo artikuluan aztertuko ditugu xehetasunez.

sjj 76. KANTA Zer sentitzen duzu?

a Ulermen aldaketa hau zergatik izan den jakiteko, ikusi argitalpen honetako «A Jehová le gusta enseñar de forma sencilla» (« Tu as trouvé bon d’agir ainsi ») artikuluaren azalpena, 2015​eko martxoaren 15​eko alean, 7-11 orr..

b Babilonia Handia suntsitua izan ondoren, Jehobaren zerbitzari guztiak probapean jarriak izango dira Magog herrialdeko Gogek erasotzen dituenean. Babilonia Handia suntsitua izan ondoren Jainkoaren herriarekin elkartuko diren guztiak ere probapean jarriak izango dira.

c IRUDIAREN AZALPENA: Baliteke arrazoi ezberdinengatik predikazioa munduko leku batzuetara ez iristea. Ondorengo irudietan arrazoi hauetako batzuk azaltzen dira: 1) Emakumea bizi den tokian, bertako erlijio nagusiaren eraginez, predikatzea arriskutsua da; 2) bikotea bizi den tokian, bertako sistema politikoaren eraginez, predikatzea ilegala eta arriskutsua da; eta 3) gizona bizi den tokia oso-oso urrun eta isolatuta dagoenez, zaila da bertara iristea.

d IRUDIAREN AZALPENA: Jehobari zerbitzatzeari utzi zion emakume gazte batek «Babilonia Handia[ren]» suntsipenari buruz ikasi zuena gogoratzen du. Ondorioz, Jehobarengana itzultzea erabakitzen du eta Lekukoak diren bere gurasoengana bueltatzen da. Horrelakorik gertatzen bada, gure zeruko Aitaren errukia imitatu eta bekatari bat itzuli delako poztu nahi dugu.