Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

25. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 7. KANTA Jehoba, gure indarra

Gogoratu Jehoba «Jainko bizia» dela

Gogoratu Jehoba «Jainko bizia» dela

«Jehoba bizirik dago!» (SAL. 18:46, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Adoratzen dugun Jainkoa, «Jainko bizia» dela gogoratzeak asko laguntzen gaitu.

1. Zerk laguntzen dio Jehobaren herriari Bera zerbitzatzen jarraitzen arazoak izan arren?

 BIBLIAK «une latz[etan]» bizi garela dio (2 Tim. 3:1). Sistema honetako pertsona guztiek dituzten arazoez gain, Jehobaren zerbitzariok oposizioa eta pertsekuzioa sufritzen dugu. Zerk laguntzen digu Jehoba zerbitzatzen jarraitzen zailtasunak izan arren? Arrazoi garrantzitsu bat honakoa da: Jehoba «Jainko bizia» dela dakigula (Jer. 10:10; 2 Tim. 1:12).

2. Zein zentzutan da Jehoba Jainko bizia?

2 Jehoba Pertsona erreal bat da. Berak gure zailtasun guztiak ikusten ditu eta gu laguntzeko prest dago beti (2 Kro. 16:9; Sal. 23:4). Jainko bizia dela gogoratzen badugu, edozein zailtasunen aurrean irautea lortuko dugu. Azter dezagun nola bete zen hau Dabid erregearen kasuan.

3. Zer esan nahi izan zuen Dabidek «Jehoba bizirik dago» esatean?

3 Dabidek Jehoba ezagutzen zuen eta berarengan konfiantza zuen. Saul erregea eta beste batzuk Dabid hil nahian ibili zirenean, berak Jehobari otoitz egin zion laguntza eske (Sal. 18:7 [18:6, NWT]). Jainkoak bere etsaiengandik salbatu zuenean, Dabidek esan zuen: «Jehoba bizirik dago!» (Sal. 18:46, NWT). Hitz hauekin, Dabidek ez zuen soilik Jainkoa existitzen dela onartu. Erreferentzia lan baten arabera, Dabidek honakoa azpimarratu zuen aipu honetan: Jehoba egiazko Jainkoa dela eta bere zerbitzariei beti lagunduko diela. Dabidek, bere bizipenei esker, bazekien Jehobak gertatzen zitzaiona ezagutzen zuela eta bera laguntzeko prest zegoela. Honi esker, Dabidek Jehoba zerbitzatzen eta goresten jarraitu ahal izan zuen (Sal. 18:29, 30, 50 [18:28, 29, 49, NWT]).

4. Nola laguntzen digu Jehoba Jainko bizia dela jakiteak?

4 Jehoba Jainko bizia dela konbentzituta egoteak bera gogotsu zerbitzatzen lagundu ahal digu. Horrela, zailtasunen aurrean iraun ahal izango dugu. Gainera, Jainkoaren alde gogor lan egiten jarraitzeko motibatuta sentituko gara. Eta, azkenik, Jehobarengandik gertu mantentzeko determinazioa ere izango dugu.

JAINKO BIZIAK SENDOTUKO ZAITU

5. Zerk eman ahal digu konfiantza zailtasunei aurre egin behar diegunean? (Filipoarrei 4:13, NWT)

5 Jehoba bizirik dagoela eta gu laguntzeko prest dagoela gogoratzen badugu, edozein zailtasun gaindituko dugu, handia edo txikia den axola gabe. Azken finean, edozein arazo, oso handia bada ere, ez da ezer gure Jainkoarentzat (Irakurri Filipoarrei 4:13, NWT a). Izan ere, bera Ahalguztiduna da eta irauteko boterea eman ahal digu. Honek konfiantza ematen digu zailtasunei aurre egin behar diegunean. Zailtasun txikien aurrean Jehobak laguntzen gaituela ikusten badugu, ziur egongo gara zailtasun handien aurrean ere lagunduko gaituela.

6. Dabidek gaztetan izandako zer bizipenek sendotu zuten Jehobarengan zuen konfiantza?

6 Dabidek izandako bizipen batzuek Jehobarengan zuen konfiantza sendotu zuten. Adibidez, artzain gazte bat zenean, hartz batek bere aitaren artaldeko ardi bat harrapatu zuen eta, beste behin, lehoi batek gauza bera egin zuen. Bi kasuetan, Dabidek, ausardiaz, animalia basati hauek pertsegitu eta ardiak salbatu zituen. Hala ere, Dabidek ez zuen meritua eraman nahi izan. Bazekien Jehobak eman ziola hori egiteko indarra (1 Sam. 17:34-37). Dabidek ez zituen bizipen hauek inoiz ahaztu. Hauetan hausnartzen zuenez, ziur zegoen Jainko biziak etorkizunean ere sendotuko zuela.

7. Nola lagundu zion Dabidi arreta toki egokian izateak Goliati aurre egiten?

7 Beranduago, ziurrenik adoleszentea zenean, Dabidek israeldar gudarostearen kanpamendua bisitatu zuen. Soldaduak beldurrez jota zeudela ikusi zuen, Goliat erraldoi filistearrak Israelgo gudarosteari erronka bat bota baitzion (1 Sam. 17:10, 11). Zergatik zeuden soldaduak beldurrez jota? Goliaten tamainan eta bota zuen erronkan jarri zutelako arreta (1 Sam. 17:24, 25). Dabidek, aldiz, arreta Jehobarengan jarri zuen. Bazekien Goliat Israelgo gudarosteaz burlatzen ari zenean, errealitatean, «Jainko biziaren gudarostea[z]» burlatzen ari zela (1 Sam. 17:26). Artzaina zenean Jainkoak lagundu zionez, Dabid ziur zegoen egoera honetan ere lagunduko ziola. Jainkoaren babesa zuela jakinik, Goliaten aurka borrokatu eta, noski, irabazi zuen! (1 Sam. 17:45-51).

8. Zailtasunei aurre egin behar diegunean, nola izan dezakegu beti gogoan Jehoba? (Ikusi irudia ere)

8 Jainko bizia gu laguntzeko prest dagoela gogoratzen badugu, guk ere zailtasunak gainditu ahal izango ditugu (Sal. 118:6). Jehobaren laguntzan dugun konfiantza sendotzeko, iraganean egin zituen gauzetan hausnartu dezakegu. Adibidez, Jehobak bere zerbitzariak nola salbatu zituen azaltzen duten Biblia pasarteak irakurri ditzakegu (Is. 37:17, 33-37). Gainera, jw.org webgunean, Jehobak gaur eguneko anai-arreba batzuei nola laguntzen dien irakurri dezakegu. Bestalde, Jehobak zure alde egin duena ere gogoratu dezakezu. Eta ez larritu Jehobak, nolabait esateko, ez bazaitu lehoi edo hartz batengandik salbatu, hau da, ez badu zure alde modu harrigarri batean jokatu. Zergatik ez? Jehobak zure alde gauza asko egin dituelako! Adibidez, bere laguna izatera gonbidatu zaitu (Joan 6:44). Orain ere, bere laguntzari esker bakarrik jarraitu dezakezu bera zerbitzatzen. Gainera, Jehobak behin baino gehiagotan zure otoitzak erantzun ditu. Behar zenuena momentu egokian ere eman dizu edo, agian, egoera zail baten aurrean zaindu zaitu. Beraz, eskatu Jehobari momentu hauek gogoratzeko laguntza. Momentu hauetan hausnartzen baduzu, ziur egongo zara Jehobak zure alde jokatzen jarraituko duela.

Nola sentitzen da Jehoba zailtasunei nola egiten diegun aurre ikustean? (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)


9. Nola ikusi behar ditugu gure zailtasunak? (Esaera Zaharrak 27:11)

9 Jehoba bizirik dagoela gogoratzeak gure zailtasunak modu egokian ikusten laguntzen digu. Zergatik? Gure zailtasunak Jehoba eta Satanasen arteko gatazkaren parte direla ulertzen dugulako. Satanasek, zailtasunak baditugu, Jehoba abandonatuko dugula dio (Job 1:10, 11; irakurri Esaera Zaharrak 27:11). Baina zailtasunak izan arren, leial mantentzen garenean, Jehoba maite dugula erakutsi eta Satanas gezurti bat dela frogatzen dugu. Beharbada, gobernuaren oposizioa edo arazo ekonomikoak jasaten ari zara. Edo, agian, zure eremuko pertsonek ez dute predikatzen dugun mezuan interesik erakusten. Honelako egoeraren bat edo antzekoren bat sufritzen ari bazara, gogoratu Jehobaren bihotza pozteko aukera duzula. Gogoratu ere, Jehobak ez dizula gainditu ezin duzun proba bat sufritzen utziko (1 Ko. 10:13, NWT). Berak irauteko indarra emango dizu.

JAINKO BIZIAK SARITUKO ZAITU

10. Zer egingo du bizirik dagoen Jainkoak bera adoratzen dutenen alde?

10 Jehobak bera adoratzen dituenak beti saritzen ditu (Heb. 11:6). Berak orain bakea eta poztasuna ematen dizkigu eta, etorkizunean, betirako bizia emango digu. Guztiz ziur gaude Jehobak gu saritzeko nahia eta boterea dituela. Horregatik, iraganeko bere zerbitzariek egin zuten bezala, gure onena ematen dugu Jehoba adoratzean. Hauxe bera da Timoteok egin zuena (Heb. 6:10-12).

11. Zerk bultzatu zuen Timoteo kongregazioan gogor lan egitera? (1 Timoteo 4:10)

11 Irakurri 1 Timoteori 4:10. Timoteo ziur zegoen Jainko biziak sarituko zuela. Horregatik, gogor egin zuen lan Jehobaren eta besteen alde. Zer lan egin zituen Timoteok? Paulo apostoluak kongregazioan eta predikazioan irakasle hobea izaten saiatzera animatu zuen. Gainera, anai-arreba gazte eta nagusientzat eredu ona izateko esan zion. Eginkizun zailak ere jaso zituen, adibidez, aholku argiak ematea, baina aldi berean, maitekorrak (1 Tim. 4:11-16; 2 Tim. 4:1-5). Batzuetan, besteek ez zuten Timoteoren lana ikusten edo eskertzen, baina bera ziur zegoen Jehobak sarituko zuela (Erm. 2:6, 7).

12. Zerk motibatu ahal ditu adindunak kongregazioan gogor lan egitera? (Ikusi irudia ere)

12 Gaur egun ere, adindunak ziur egon daitezke Jehobak beraien lan ona ikusi eta estimatzen duela. Adindunek irakasteko, predikatzeko eta anai-arrebak sendotzeko ardura dute. Baina adindun askok, hau egiteaz gain, eraikuntza proiektuetan eta larrialdi lanetan ere laguntzen dute. Beste batzuk Gaixoak Bisitatzeko Taldeen eta Ospitale Harremanetarako Batzordeen parte dira. Euren burua eskaintzen duten adindunek badakite kongregazioa Jehobarena dela, eta ez gizakiarena. Ondorioz, buru-belarri aritzen dira kongregazioko lanetan eta guztiz ziur daude Jainkoak sarituko dituela egiten duten lanarengatik (Kol. 3:23, 24).

Kongregazioaren alde gogor lan egin ahala, Jainko biziak sarituko zaitu (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak)


13. Nola sentitzen da Jehoba bera adoratzeko egiten ditugun ahaleginak ikusten dituenean?

13 Denak ezin dira adindunak izan, baina denok eskaini ahal diogu zerbait Jehobari. Jainkoa oso pozik jartzen da bera adoratzean gure onena ematen dugunean. Mundu mailako lanerako egiten ditugun dohaintzak ikusten ditu, nahiz eta hauek oso txikiak izan. Asko pozten da, lotsatiak izan arren, bileretan komentatzeko eskua altxatzen dugunean, baita ofenditzen gaituztenei barkatzen diegunean ere. Jehobaren alde nahiko zenukeena baino gutxiago egiten duzula sentitzen baduzu ere, ziur egon zaitezke berak egin dezakezuna estimatzen duela. Egiten dituzun ahaleginengatik maite zaitu eta sarituko zaitu (Luk. 21:1-4).

JAINKO BIZIARENGANDIK GERTU MANTENDU

14. Nola laguntzen digu leial mantentzen Jehobarekin adiskidetasun estua izateak? (Ikusi irudia ere)

14 Jehoba guretzat pertsona erreal bat bada, errazagoa egingo zaigu berari leial mantentzea. Halaxe gertatu zen Joseren kasuan. Bera tinko mantendu zen eta moralgabekeria baztertu zuen. Jehoba berarentzat erreala zen eta ez zuen atsegin ez zaion ezer egin nahi (Has. 39:9). Nola lortu dezakegu Jehoba guretzat erreala izatea? Berari otoitz egiteko eta bere Hitza aztertzeko denbora hartuz. Hau egiten badugu, berarekin dugun adiskidetasuna hazi egingo da. Beraz, Joseren antzera, Jehobarekin adiskidetasun estua badugu, ez dugu berari atsegin ez zaion ezer egin nahiko (St. 4:8).

Jainko biziarengandik gertu mantentzeak leial jarraitzen lagunduko dizu (Ikusi 14 eta 15 paragrafoak)


15. Zer ikasi dezakegu israeldarrei basamortuan gertatutakoaz? (Hebrearrei 3:12)

15 Jehoba Jainko bizia dela ahazten dutenak berarengandik erraz aldendu daitezke. Azter dezagun zer gertatu zitzaien israeldarrei basamortuan egon zirenean. Beraiek bazekiten Jehoba existitzen zela. Baina beraien beharrez arduratuko zen ala ez zalantzan jartzen hasi ziren. Honakoa galdetzera ere iritsi ziren: «Jauna geurekin dugu, bai ala ez?» (Irt. 17:2, 7). Azkenean, Jainkoaren aurka jarri ziren. Dudarik gabe, ez dugu beraien eredu txarra imitatu nahi (Irakurri Hebrearrei 3:12).

16. Zerk jarri dezake probapean gure fedea?

16 Satanasen munduaren eraginez, zaila egin ahal zaigu Jehobarengandik gertu mantentzea. Askok ez dute Jainkoa existitzen dela sinesten. Gainera, Jainkoaren arauak errespetatzen ez dituztenak ondo bizi direla eman dezake. Hori ikusten dugunean, gure fedea probapean jarri daiteke. Noski, guk ez genuke pentsatuko Jainkoa existitzen ez denik. Baina gu lagunduko gaituen ala ez zalantzan jartzen hasi gaitezke. Denbora batez, 73. Salmoaren idazlea horrela sentitu zen. Bere inguruko pertsonek Jainkoaren arauak ez errespetatu arren, bizitzaz gozatzen zutela ikusi zuen. Ondorioz, Jehoba zerbitzatzeak merezi ote zuen zalantzan jartzen hasi zen (Sal. 73:11-13).

17. Zerk lagunduko digu Jehobarengandik gertu mantentzen?

17 Zerk lagundu zion salmogileari bere ikuspuntua aldatzen? Jainkoaz ahazten direnei gertatzen zaizkien gauzetan hausnartzeak (Sal. 73:18, 19, 27). Jehoba zerbitzatzeak dakartzan gauza onetan ere pentsatu zuen (Sal. 73:24). Guk ere Jehobak eman dizkigun bedeinkapenetan hausnartu dezakegu. Aldi berean, Jehoba zerbitzatuko ez bagenu gure bizitza nolakoa izango zen imajinatu dezakegu. Jehoba zerbitzatzea guretzat zergatik den ona gogoratzeak berari leial mantentzen lagunduko digu. Horrela, salmogileak bezala, guk ere honakoa esango dugu: «Nire zoriona, berriz, Jainkoaren ondoan egotea da» (Sal. 73:28).

18. Zergatik ez dugu etorkizunaren beldur izan behar?

18 «Jainko bizi eta egiazkoa […] zerbitzatze[n]» dugunez, azken egun hauetan izan dezakegun edozein zailtasun gainditu dezakegu (1 Tes. 1:9). Gure Jainkoa Pertsona erreala da, eta beti lagunduko die bera adoratzen dutenei. Iraganean, bere zerbitzarien ondoan egon zen, eta gauza bera egiten du gaur egun ere gurekin. Laster, lurrean inoiz egon den larrialdirik handienari egingo diogu aurre. Baina ez gara bakarrik egongo, Jehoba gure alboan egongo baita (Is. 41:10). «Uste osoz esan dezakegu: “Jauna dut neure alde, ez naiz beldur”» (Heb. 13:5, 6).

sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza

a Filipoarrei 4:13, NWT: «Gauza guztiak egiteko indarrak ditut, boterea ematen didan horri esker».