Saltatu edukira

Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua onartzen dut

Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua onartzen dut

Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua onartzen dut

MEDIKU BATEK BERE BIZIPENA KONTATZEN DU

OSPITALEKO entzungelan nengoen mediku talde bati autopsia baten emaitzak aurkezten. Pazienteak tumore gaizto bat zuen eta honakoa azaldu nien: «Heriotzaren arrazoi zuzenak hemolisia (globulu gorrien suntsipena) eta giltzurrun gutxiegitasun larria izan direla ondorioztatu dezakegu, biak odol transfusio ugariak sortuak».

Haserre, irakasleetako bat altxatu eta honakoa oihukatu zidan: «Odol mota okerra jarri geniola esaten ari al zara?». «Hori ez da esan nahi dudana», erantzun nion. Pazientearen giltzurrunaren atal txiki batzuen diapositibak erakusten nituen bitartean, honakoa gehitu nuen: «Giltzurrunaren hainbat globulu gorriren lisia (suntsipena) ikusi dezakegu eta honek giltzurrun gutxiegitasuna sortu zuela ondorioztatu dezakegu». a Giroa ez zen bat ere atsegina eta urduritzen hasi nintzen. Irakasle baten aurrean zegoen mediku gazte bat nintzen arren, ez nuen atzera egingo.

Hori gertatu zitzaidanean, ez nintzen Jehobaren lekukoa. Sendai-n, Japoniaren iparraldean dagoen hiri batean, jaio nintzen 1943an. Aita patologoa eta psikiatra izan zenez, medikuntza ikastea erabaki nuen. Karreraren bigarren urtean, 1970ean, Masuko izeneko neska batekin ezkondu nintzen.

Patologia ikasten hasten naiz

Masukok lan egiten zuen nik karrera amaitu ahal izateko. Medikuntza asko gustatzen zitzaidan. Giza gorputza nola eginda zegoen ikusteak liluratu egiten ninduen! Hala ere, ez nuen inoiz Sortzaile bat zegoenik pentsatu. Medikuntza ikerketak nire bizitzari zentzua eman ahal ziola uste nuen. Hortaz, karrera amaitu ondoren, patologian espezializatzea erabaki nuen. Medikuntzaren arlo honek, gaixotasunen ezaugarriak, zergatiak eta ondorioak aztertzen ditu.

Minbiziarengatik hil ziren pazienteen autopsiak egiterakoan, odol transfusioak lagungarriak ziren edo ez pentsatzen hasi nintzen. Minbizia aurreratua duten pazienteek anemia izan dezakete odol jarioaren ondorioz. Kimioterapiak anemia handitzen duenez, medikuek askotan odol transfusioak ematen dituzte. Hala ere, transfusioek minbizia zabaltzen zuten susmoa nuen. Gaur egun, medikuek badakite odol transfusioek minbizia duten pazienteak ahuldu ditzaketela, minbizia berriro agerrarazi dezaketela eta pazienteak bizirautea zaildu dezaketela. b

1975ean izan nuen artikuluaren hasierako bizipena. Irakaslea, kasuaren arduraduna izan zen eta hematologian espezialista zen. Beraz, ez da harritzekoa haserre bizian egotea nik pazientea odol transfusio baten erruz hil zela esan nuenean. Hala ere, aurkezpenarekin jarraitu nuen eta pixkanaka-pixkanaka lasaitu egin zen.

Ez gaixotasunik ezta heriotzarik ere

Garai horretan, nire emazteak Jehobaren lekukoa zen adineko emakume baten bisita jaso zuen. Emakumeak «Jehoba» aipatu zuen eta nire emazteak zer esanahi zuen galdetu zion. «Jehoba benetako Jainkoaren izena da», erantzun zion Lekukoak. Masukok txikitatik irakurtzen zuen Biblia, baina bere Bibliak Jainkoaren izena «JAUNA» hitzarekin ordezkatzen zuen. Orain bazekien Jainkoak izena zuela!

Masuko berehala hasi zen Lekukoarekin Biblia aztertzen. Ospitaletik etxera goizeko ordubatak inguruan heldu nintzenean, nire emazteak gogo biziz esan zidan: «Gaixotasunak eta heriotza desagertuko direla dio Bibliak». «Hori zoragarria izango litzateke», esan nion nik. Baina orduan berak, honakoa esan zidan: «Mundu berria laster helduko denez, ez dut zuk denbora galtzerik nahi». Nik mediku izateari uztea nahi zuela ulertu nion. Horrek haserretu egin ninduen eta, ondorioz, bion arteko harremana kaltetu egin zen.

Hala ere, nire emazteak ez zuen amorerik eman. Otoitzean niri erakusteko Biblia aipu egokiak aurkitzen laguntzeko eskatzen zion Jainkoari. Kohelet 2:22, 23ko hitzek bereziki nire bihotza ukitu zuten: «Zer gelditzen zaio gizakiari eguzkipean egin duen hainbeste lan eta eginahaletatik? […] Gauez ere ez du atsedenik hartzen haren bihotzak. Hau bai dela huskeria!». Horixe zen nik sentitzen nuena. Gau eta egun lan egiten nuen, baina ez nintzen benetan zoriontsu.

1975eko uztaileko igande goiz batean, nire emaztea Jehobaren lekukoen bilera aretora joan zenean, nik ere joatea erabaki nuen bat-batean. Masuko asko harritu zen ni han ikusteaz eta Lekukoek ongietorri beroa eman zidaten. Handik aurrera, igandero joaten hasi nintzen bilerara. Hilabete bat beranduago, Lekuko batekin Biblia aztertzen hasi nintzen. Jehobaren lekukoek bisitatu eta hiru hilabetera, nire emaztea bataiatu egin zen.

Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua onartzen dut

Laster, kristauek Bibliako ondorengo agindua bete behar dutela ikasi nuen: «Ez dezazuela jan […] odolik» (Eginak 15:28, 29; Hasiera 9:4). Ordurako odol transfusioen inguruan zalantzak nituenez, niretzat erraza izan zen Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua onartzea. «Jainkorik badago eta hori bada berak esaten duena, orduan zuzena izan behar du», pentsatu nuen.

Honetaz gain, gaixotasunen eta heriotzaren jatorria Adamengandik jasotako bekatua dela ere ikasi nuen (Erromatarrei 5:12). Garai hartan, arteriosklerosiaren inguruko ikerketa bat egiten ari nintzen. Zahartzen garen heinean, gure arteriak gogortu eta estutu egiten dira, gaixotasunak sortuz, esaterako bihotzeko gaixotasunak, gaixotasun zerebro baskularrak eta giltzurruneko gaixotasunak. Adamengandik jasotako inperfekzioa guzti honen erruduna izatea zentzuzkoa zen. Horren ondoren, medikuntzan nuen interesa galtzen hasi nintzen. Izan ere, Jehobak bakarrik amaitu dezake gaixotasunekin eta heriotzarekin.

1976ko martxoan, Biblia ikastaroa hasi eta zazpi hilabetera, ospitalean egiten nuen ikerketa bertan behera utzi nuen. Beldur nintzen berriro mediku lanetan ibili ezingo nintzela uste nuelako. Baina beste ospitale batean lana aurkitu nuen. 1976ko maiatzean bataiatu nintzen. Nire bizitza erabiltzeko modurik onena denbora osoko zerbitzuan aritzea zela erabaki nuen. Beraz, 1977ko uztailean aitzindaritza hasi nuen.

Odolari buruzko Jainkoaren ikuspuntua defendatzen dut

1979ko azaroan, Masuko eta biok Chibako prefekturako kongregazio batera joan ginen zerbitzatzera, bertan berriemaile gehiagoren beharra zegoelako. Lanera joan nintzen lehenengo egunean, zirujau talde batek inguratu ninduen. Behin eta berriz galdetzen zidaten: «Zu Jehobaren lekukoa izanda, paziente batek odol transfusioa behar badu, zer egingo duzu?».

Errespetu handiz, odolari buruzko Jainkoaren ikuspuntua jarraituko nuela azaldu nien. Odol transfusioen ordezko tratamenduak zeudela eta pazienteei laguntzeko ahal nuen guztia egingo nuela ere azaldu nien. Ordu bete inguru hitz egin ondoren, zirujau buruak honakoa esan zidan: «Ulertzen dut, baina odol ugari galdu duen paziente bat heltzen bada, gu arduratuko gara». Zirujau burua ez zen eraman erraza. Baina elkarrizketa honen ondoren harreman ona izan genuen eta nire sinesmenak beti errespetatu zituen.

Odolari errespetua azaltzen diot zaila izan arren

Chiban zerbitzatzen genuen bitartean, Ebinan Jehobaren lekukoen Japoniako sukurtsal berria eraikitzen ari ziren. Nire emaztea eta biok astean behin sukurtsala, Betel izena jasotzen duena, eraikitzen ari ziren boluntarioen osasuna zaintzera joaten ginen. Hilabete batzuk beranduago, Ebinako Betelen denbora osoz zerbitzatzeko gonbidapena jaso genuen. Hortaz, 1981eko martxoan, eraikuntza gunera bizitzera joan ginen. Ordurako, bertan 500 boluntario baino gehiago bizi ziren. Goizetan, komunak garbitzen nituen eta, arratsaldetan, mediku lanak egiten nituen.

Nire pazienteetako bat Ilma Iszlaub zen. Bera Australiatik Japoniara 1949an etorritako misiolari bat zen. Leuzemia zuen eta medikuek hilabete batzuk bakarrik gelditzen zitzaizkiola esan zioten. Ilmak ez zuen bizitza luzatuko zion odol transfusiorik onartu eta hil arte Betelen bizitzea erabaki zuen. Garai hartan ez zegoen eskuragarri globulu gorrien sorkuntza bultzatzen duen sendagairik, esaterako eritropoietina. Ondorioz, batzuetan bere hemoglobina hiru edo lau gramora jaisten zen (normalean 12-15 tartean egoten den bitartean). Hala ere, ahal nuen guztia egin nuen bera zaintzeko. Ilmak Jainkoarengan fede sendoa izaten jarraitu zuen, 1988ko urtarrilean, zazpi bat urte beranduago, hil zen arte.

Urteak pasa ahala, Jehobaren lekukoen Japoniako sukurtsaleko hainbat boluntariok ebakuntzak behar izan dituzte. Oso eskertuta gaude inguruko ospitaleetako medikuak odolik gabeko ebakuntzak egiteko prest egon direlako. Askotan kirofanora ebakuntza ikustera gonbidatu naute eta batzuetan parte hartzera ere. Asko eskertzen diet mediku hauei odolari buruzko gure sinesmenak errespetatzea. Beraiekin lan egiteak nire sinesmenak azaltzeko aukera asko eman dizkit. Orain dela gutxi medikuetako bat Jehobaren lekuko izateko bataiatu da.

Medikuek Jehobaren lekukoen kasuetan odolik gabeko ebakuntzak egiten ikasi dute. Hau lagungarria izan da beste paziente askorentzat ere. Izan ere, orain badakigu ebakuntzen ondoren pazienteak azkarrago osatzen direla odol transfusiorik jasotzen ez badute.

Mediku Onenarengandik ikasten jarraitzen dut

Medikuntzaren azkenengo aurrerakuntzekin egunean egoten saiatzen naiz. Baina, era berean, Jehobarengandik ikasten jarraitzen dut, Medikurik Onena. Berak ez du kanpoko itxura bakarrik ikusten, pertsona osoa baizik (1 Samuel 16:7). Ni ere pazienteak modu berdinean ikusten saiatzen naiz, gaixotasunetan bakarrik arreta jarri beharrean. Honi esker, zaintza hobea ematen diet.

Betelen zerbitzatzen jarraitzen dut eta nire poz handienetako bat Jehobari eta honek odolari buruz duen legeari buruz besteei irakastea da. Nire otoitzetan Mediku Handiari, Jehobari, gaixotasunekin eta heriotzarekin laster amaitu dezan eskatzen diot. Yasushi Aizawa-k kontatua.

[Oin-Oharrak]

a Aditu baten arabera, aurretik haurdun egon den, edo odol transfusio edo transplante bat jaso duen pazienteak, beranduago jasotzen duen odol transfusioarengatik erreakzio larria sufritu dezake, esaterako globulu gorrien suntsiketa. Kasu hauetan, transfusioa egin aurreko odol analisiek ez dute erakusten arazo bat sortu daitekeenik. Dailey’s Notes on Blood (Dailey-ren Odolaren Inguruko Oharrak) liburuaren arabera, hemolisia, hau da globulu gorrien suntsipena, bateraezina den odol kopuru txiki bat jartzean ere gertatu daiteke. Giltzurrunek lan egiteari uzten diotenean, ezin dute odola garbitu eta organismoa pozoitu egiten da.

b Journal of Clinical Oncology aldizkariak 1988ko abuztuko alean, ondorengoa esan zuen: «Minbizi ebakuntzetan, ebakuntza aurretik odol transfusioa jaso duten pazienteek transfusiorik jaso ez duten pazienteek baino pronostiko okerragoa dute».

[Iruzkina]

«Odol transfusioen ordezkoa tratamenduak zeudela eta pazienteei laguntzeko ahal nuen guztia egingo nuela ere azaldu nien»”

[Iruzkina]

«Orain badakigu ebakuntzen ondoren pazienteak azkarrago osatzen direla odol transfusiorik jasotzen ez badute»

[Irudiak]

Goian: Biblia hitzaldi bat ematen

Eskuinean: Masuko, nire emaztearekin, gaur egun