Saltatu edukira

Nolakoa da Jainkoa?

Nolakoa da Jainkoa?

Pertsona baten ezaugarrietan zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta hobeto ezagutzen dugu eta, horrela, gure adiskidetasuna estutu egiten da. Era berean, Jehobaren ezaugarriak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta hobeto jakingo dugu nolakoa den eta, horrela, gure adiskidetasuna estutu egiten da. Jainkoaren ezaugarri zoragarri guztien artean, lau paregabeak dira: ahalmena, jakinduria, justizia eta maitasuna.

JAINKOA AHALTSUA DA

«Ene Jauna! Zuk egin dituzu zeru-lurrak zeure ahalmen eta indar handiaz» (JEREMIAS 32:17).

Jainkoaren ahalmena sorkuntzan ikusten da. Adibidez, udako egun eguzkitsu batean kanpoan zaudenean, zer sentitzen duzu azalean? Eguzkiaren berotasuna. Jehobaren sortzeko ahalmenaren ondorioak sentitzen ari zara. Zenbateko indarra du eguzkiak? Bere nukleoaren tenperatura 15.000.000°C ingurukoa da. Segundoro, eguzkiak botatzen duen energia milioika bonba nuklearrek botatzen dutenaren berdina da.

Hala ere, gure eguzkia unibertsoko milioika izarrekin konparatuta txikia da. Zientzialarien arabera, UY Scuti, unibertsoko izar handienetako bat, gure eguzkia baino 1.700 aldiz handiagoa da. UY Scuti eguzkiaren lekuan jarriko balitz, Lurra irentsi eta Jupiterren orbita baino harantzago iritsiko litzateke. Hau jakiteak Jeremiasek esan zuena hobeto ulertzen laguntzen digu, hau da, Jehobak zeru-lurrak, edo unibertsoa, bere ahalmen handiaz egin zituela.

Nola laguntzen digu Jainkoaren ahalmenak? Gure bizia Jainkoaren sorkuntzaren baitan dago. Adibidez, behar-beharrezkoak ditugu eguzkia eta Lurreko baliabide zoragarri guztiak. Gainera, Jainkoak bere ahalmena gutako bakoitzari laguntzeko erabiltzen du. Nola? Lehen mendean, Jainkoak Jesusi mirariak egiteko ahalmena eman zion. Bibliak dio: «Itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira» (Mateo 11:5). Eta gaur egun? Bibliaren arabera, «nekatuari indarrak berritzen dizkio» eta «Jaunarengan itxaro dutenek indarrak berritzen dituzte» (Isaias 40:29, 31). Jainkoak «indar harrigarria» eman ahal digu arazo eta erronkei aurre egiteko (2 Korintoarrei 4:7, EABLB). Gure alde mugarik ez duen bere ahalmena erabiltzen du maitasun handia erakutsiz. Ez al zaitu honek Jainkoarengana erakartzen?

JAINKOA JAKINTSUA DA

«Bai ugariak, Jauna, zuk eginak! Denak jakinduriaz egin dituzu» (104. SALMOA 24).

Jainkoaren sorkuntzari buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago txunditzen gaitu bere jakinduriak. Izan ere, biomimetika deritzon arloan, zientzialariek Jehobaren sorkuntza aztertzen dute eta naturan dauden diseinuak kopiatzen dituzte beraien diseinuak hobetzeko. Hauen artean belkroaren diseinu sinplea dago, baita hegazkinen diseinu konplexua ere.

Gizakion begia kreazio miragarria da

Jainkoaren jakinduriaren adibiderik harrigarriena giza gorputza da. Esaterako, pentsatu haurrak garatzen diren moduan. Prozesua ernaldutako zelula batekin hasten da. Honek behar den informazio genetiko guztia dauka. Zelula hau antzekoak diruditen zelula askotan banatzen da. Baina momentu egokian, zelulak aldatzen hasten dira eta ehunka zelula mota desberdin sortzen dira, adibidez, odol, nerbio eta hezur zelulak. Laster, organo-sistemak sortu eta funtzionatzen hasten dira. Bederatzi hilabetetan, hasierako zelula hura milioika zelulaz osatutako haurtxo txiki bihurtzen da. Diseinu honen jakinduria ikustean, askok biblia-idazle batekin bat egiten dute: «Gora zu, egin nauzulakotz hain harrigarri» (139. Salmoa 14, EABLB).

Nola laguntzen digu Jainkoaren jakinduriak? Gure Sortzaileak badaki zoriontsuak izateko zer behar dugun. Ezagutza eta ulermen handia daukanez, aholku zuhurrak ematen dizkigu bere Hitzaren bidez. Adibidez, honakoa dio Bibliak: «Barkatu batak besteari» (Kolosarrei 3:13). Zuhurra al da aholku hori? Noski. Medikuek barkamena izateak hobeto lo egiten eta odol presioa jaisten laguntzen duela aurkitu dute. Gainera, depresioa eta beste osasun arazo batzuk izateko arriskua murriztu dezake. Jainkoa gutaz kezkatzen den lagun jakintsua bezalakoa da; beti ematen dizkigu aholku lagungarri eta praktikoak (2 Timoteori 3:16, 17). Ez al litzaizuke gustatuko horrelako lagun bat izatea?

JAINKOA JUSTUA DA

«Justizia eta zuzenbidea maite ditu» (33. SALMOA 5).

Jainkoak beti egiten du zuzena dena. Izan ere, Bibliak dio: «Urruti Jainkoarengandik gaiztakeria, urruti Ahaltsuagandik bidegabekeria!» (Job 34:10). Bere epaiak zuzenak dira, Jehobari buruz hitz egitean salmogile batek esan zuen bezala: «Herriak justiziaz gobernatzen baitituzu» (67. Salmoak 5 [67:4, NWT]). Jehobak «bihotza» ikusten duenez, ez du itxurakeriak engainatzen. Horren ordez, badaki zer den egia eta epai zuzenak egiten ditu (1 Samuel 16:7). Are gehiago, Jainkoa Lurrean gertatzen den injustizia eta gaiztakeria ekintza bakoitzaz konturatzen da eta gaizkileak laster suntsituko dituela promestu du (Esaera Zaharrak 2:22).

Hala ere, Jainkoa ez da zigortzeko irrikan dagoen epaile gogorra. Egokia denean, errukia erakusten du. Bibliaren arabera, Jehoba «bihozbera eta errukiorra da», baita bihotzez damutzen diren gaizkileekin ere. Ez al da hau benetako justizia? (103. Salmoa 8; 2 Pedro 3:9).

Nola laguntzen digu Jainkoaren justiziak? Pedro apostoluak hau esan zuen: «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan» (Eginak 10:34, 35). Jainkoak ez duenez inoiz bereizketarik egiten, guztiontzako da lagungarria bere justizia. Gure arraza, nazionalitatea, hezkuntza edo ekonomia maila zein den inporta gabe onartzen gaitu eta bere adoratzaileak izaten uzten digu.

Jainkoak ez du bereizketarik egiten eta bere bedeinkapenak jaso ditzakegu gure arraza edo ekonomia maila zein den axola gabe

Jainkoak guk bere justizia ulertzea eta guretzako lagungarria izatea nahi duenez, kontzientzia eman digu. Bibliaren arabera, kontzientzia «bihotzetan idatzia» dagoen legea da eta gure jokaera zuzena edo okerra den «aitortzen du» (Erromatarrei 2:15). Nola laguntzen gaitu honek? Modu egokian trebatuta, gure kontzientziak kaltegarriak edo bidegabeak diren ekintzetatik urruntzera eraman gaitzake. Eta akatsen bat egiten badugu, damutzera eta gure bidea zuzentzera ere bultzatu gaitzake. Hala da, Jainkoaren justizia ulertzeak lagundu egiten digu eta berarengana erakartzen gaitu.

JAINKOA MAITASUNA DA

«Jainkoa maitasuna baita» (1 JOAN 4:8).

Jainkoak ahalmena, jakinduria eta justizia erakusten ditu. Baina Bibliak ez du esaten ahalmena, jakinduria edo justizia denik. Jainkoa maitasuna dela dio. Zergatik? Egia da bere ahalmenari esker ekintzak aurrera eramateko gai dela, eta bere jakinduria eta justiziak bere ekintzak gidatzen dituztela. Baina Jehobaren maitasunak ekitera bultzatzen du. Maitasunak egiten duen guztian du eragina.

Nahiz eta Jehobak ez duen ezer edo inor behar, bere maitasunak zeruan eta Lurrean izaki adimentsuak sortzera bultzatu zuen, hauek bere maitasun eta zaintzaz gozatu zezaten. Berak, eskuzabaltasunez, Lurra prestatu zuen gizakiontzat etxe paregabea izateko. Eta gizaki guztioi maitasuna erakusten jarraitzen du «zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria» (Mateo 5:45).

Gainera, Jehoba «bihozbera eta errukiorra» da (Santiago 5:11). Bera ezagutzeko eta berarengana hurbiltzeko pausoak bihotzez ematen dituztenei bihozbera dela adierazten die. Pertsona horietako bakoitza ezagutzen du. Izan ere, «ez dago guretako bakoitzarengandik urruti» (Eginak 17:27).

Nola laguntzen digu Jainkoaren maitasunak? Ilunabarraren edertasunaz gozatzen dugu. Haur baten irria entzutea izugarri gustatzen zaigu. Gertuko senide baten maitasuna asko estimatzen dugu. Hauek ez dira ezinbesteko gauzak, baina gure bizitza erabat aberasten dute.

Jainkoaren maitasunaren beste adierazpen batek ere laguntzen gaitu: otoitzak. Bibliak honakoa egitera animatzen gaitu: «Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez». Aita maitekor batek bezala, Jehobak gure kezkarik sakonenak kontatzea eta laguntza eskatzea nahi du. Hau eginez gero, «guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakea» emango digula promesten digu (Filipoarrei 4:6, 7).

Artikulu honetan Jainkoaren ezaugarri nagusiak aztertu ditugu: bere ahamena, jakinduria, justizia eta maitasuna. Lagundu al dizu honek Jainkoa nolakoa den hobeto ulertzen? Jainkoari diozun estimua areagotzeko, zure alde egin duena eta egingo duena aztertzera gonbidatzen zaitugu.

NOLAKOA DA JAINKOA? Jehoba beste inor baino ahaltsuagoa, jakintsuagoa eta justuagoa da. Baina bere ezaugarririk erakargarriena bere maitasuna da