Zein da azken egunen seinalea?
Bibliaren erantzuna
Bibliak «munduaren azkena» deritzon garaian, zer-nolako egoerak, gertaerak eta jarrerak egongo ziren deskribatzen du (Mateo 24:3). Bibliak garai honi «azken egunak» edo «azkena» deitzen dio (2 Timoteori 3:1; Daniel 8:19).
Zeintzuk dira azken egunei buruzko biblia-profezia batzuk?
Bibliak gauza asko aldi berean gertatuko zirela aurresan zuen. Gauza hauek guztiak azken egunak identifikatzeko «seinale[a]» izango ziren (Lukas 21:7, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta). Ikus ditzagun adibide batzuk:
Gerrak egongo ziren mundu osoan zehar. Jesusek aurresan zuen: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira» (Mateo 24:7). Era berean, Apokalipsia 6:4ak gerra irudikatzen duen zaldun sinboliko batek «lurretik bakea kentzeko ahalmena» izango zuela aurresan zuen.
Goseteak izango ziren. Jesusek aurresan zuen: «Goseteak […] izango dira» (Mateo 24:7). Apokalipsia liburuak beste zaldun sinboliko bati buruz hitz egiten du. Zaldun honen eragina dela eta, leku askotan goseteak izango ziren (Apokalipsia 6:5, 6).
Lurrikara handiak gertatuko ziren. Jesusek honakoa esan zuen: «Lurrikarak izango dira han eta hemen» (Mateo 24:7; Lukas 21:11). Mundu osoan zehar gertatuko ziren lurrikara handi hauek inoiz baino sufrimendu eta heriotza gehiago eragingo zituzten.
Gaixotasunak egongo ziren. Jesusen arabera, epidemiak edo «izurrite» ikaragarriak gertatuko ziren (Lukas 21:11).
Delituak gertatuko ziren. Mendeetan zehar krimena izan bada ere, Jesusek azken egunetan gaiztakeria ugalduko zela aurresan zuen (Mateo 24:12).
Lurra hondatua izango zen. Apokalipsia 11:18ak gizakiak lurra hondatuko zuela aurresan zuen. Ekintza biolento eta ustelkeriaz gain, ingurumena ere kaltetuko zuen.
Jendearen jarrerak okerrera egingo zuen. 2 Timoteori 3:1-4 aipuaren arabera, Bibliak jendea orokorrean «anker, gaizki-esale, lizun, basati eta onaren etsai; traidore, ausartegi eta itsu» izango zela aurresan zuen. Jarrera hauek zeharo areagotuko zirenez, garai hauek «une latzak» izango zirela deskribatu zuen Bibliak.
Familiak hautsi egingo ziren. 2 Timoteori 3:2, 3aren arabera, pertsona asko euren familiarekin «bihotz-gogor» izango ziren. Seme-alabak «gurasoentzat errebelde» izango zirela ere aurresan zen.
Pertsona askok Jainkoa maitatzeari utziko zioten. Jesusek honakoa aurresan zuen: «Gehienen maitasuna hoztu egingo da» (Mateo 24:12). Pertsona gehienek Jainkoarenganako zuten maitasuna hoztuko zela esan nahi zuen Jesusek. Era berean, 2 Timoteori 3:4aren arabera, azken egunetan pertsona hauek «Jainkoaren baino atseginen maitaleago» izango ziren.
Itxuraz erlijiozale agertuko ziren. 2 Timoteori 3:5aren arabera, jendeak Jainkoa adoratuko zuela adierazi arren, ez zela bere arauen arabera biziko aurresan zuen Bibliak.
Biblia-profeziak hobeto ulertuko ziren. Azken garaian Bibliako egien ezaguera handituko zela aurresan zuen Daniel liburuak. Biblia-profezien ulermena zehatzagoa izango zen (Daniel 12:4).
Mundu-mailako predikatze-lana egingo zen. Jesusek aurresan zuen: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau» (Mateo 24:14).
Bibliak azkenari buruz aurresandakoari burla egingo zioten eta interes falta erakutsiko zuten. Jendeak, orokorrean, azkena iristear dagoen ebidentzia argiak baztertuko zituela aurresan zuen Jesusek (Mateo 24:37-39). Are gehiago, 2 Pedro 3:3, 4ak pertsona batzuek ebidentzia hauei burla egingo zietela aurresan zuen, hauek ez dutela ezer frogatzen adieraziz.
Profezia guztiak beteko ziren. Jesusek azken egunei buruzko profezia hauek guztiak aldi berean beteko zirela esan zuen, ez bakarrik hauetariko batzuk edo gehienak (Mateo 24:33).
Bizi al gara «azken egunetan»?
Bai. Munduaren egoerak eta biblia-kronologiak azken egunak 1914an, Lehen Mundu Gerra hasi zen urtean, hasi zirela adierazten dute. Munduaren egoerak azken egunetan bizi garela erakusten du. Hau jakiteko, ikusi hurrengo bideoa:
1914an, Jainkoaren Erreinua zeruan agintzen hasi zen. Erreinu honek egin zuen lehenengo gauzetariko bat, Satanas eta deabruak zerutik botatzea izan zen. Ondorioz, Lurrean bakarrik izango zuten eragina (Apokalipsia 12:7-12). Satanasek gizakiengan duen eragina, hauen jarrera eta ekintza txarretan argi ikusi daiteke. Jarrera txar hauen ondorioz, «azken egunetan une latzak izango» ziren (2 Timoteori 3:1).
Garai latz hauek ikusita, jende asko larrituta dago eta gizartea okerrera egiten ari delako kezkatuta dago. Batzuek gizadiak ez duela biziraungo ere uste dute.
Beste batzuek munduaren egoeragatik kezkatuta egon arren, etorkizunerako esperantza dute. Ziur daude Jainkoaren Erreinuak laster munduko arazoak konponduko dituela (Daniel 2:44; Apokalipsia 21:3, 4). Jainkoak bere promesak betetzen dituen bitartean, pazientziaz itxaroten dute eta Jesusen ondorengo hitzetan kontsolamendua aurkitzen dute: «Azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua» (Mateo 24:13; Mikeas 7:7).