Zer dio Bibliak pandemiei buruz?
Bibliaren erantzuna
Bibliak aurresan zuen, azken egunetan izurrite eta pandemiak egongo zirela (Lukas 21:11). Baina honek ez du esan nahi pandemiak Jainkoaren zigorra direla. Guztiz kontrakoa, Jainkoak bere erreinuaren bitartez gaixotasun eta pandemia guztiekin bukatuko du.
Bibliak pandemiak aurresan al zituen?
Bibliak ez zituen aurresan pandemia eta gaixotasun zehatzak, COVID-19, IHESa eta Espainiako gripea besteak beste. Baina izurriteak egongo zirela aurresan zuen (Lukas 21:11; Apokalipsia 6:8). Gertakari hauek «azken egun» edo «munduaren azkenaren» ezaugarrien parte dira (2 Timoteori 3:1; Mateo 24:3).
Jainkoak noizbait zigortu al du jendea gaixotasunekin?
Bibliak dio Jainkoak kasu zehatz batzuetan gaixotasunekin zigortu zuela jendea. Adibidez, batzuetan leprarekin zigortu zituen (Zenbakiak 12:1-16; 2 Erregeak 5:20-27; 2 Kronikak 26:16-21). Baina gaixotasun hauek ez ziren jende errugabearen artean zabaldu; Jainkoaren aurka altxatu zirenen artean bakarrik zabaldu ziren.
Gaur egungo pandemiak Jainkoaren zigorra al dira?
Ez. Batzuek diote Jainkoak gaur egungo jendea pandemia eta beste gaixotasunen bitartez zigortzen duela. Baina Bibliak ez du hori azaltzen, orduan zer dio Bibliak?
Alde batetik, antzinako eta gaur egungo Jainkoaren zerbitzari leialak noizbait gaixotu egin dira. Adibidez, Timoteo gizon leiala gaixotu zen (1 Timoteori 5:23). Baina Bibliak ez du aipatzen Timoteo Jainkoaren onespena galdu zuelako gaixotu zela. Era berean, gaur egun Jainkoaren zerbitzari leialak ere gaixotu egiten dira. Gehienetan hauei «aldi txarrak bat-batean» harrapatu die (Kohelet 9:12).
Beste aldetik, Bibliak dio Jainkoak garai batean gaixotasunak kenduko dituela. Garai hori iritsi arte «salbamen-egunean» bizi gara (2 Korintoarrei 6:2). Garai honetan, berarekin harremana estutzeko eta horrela salbatzeko gonbidapena luzatzen digu. Gonbidapen hau mundu osoari eskaintzen zaio Jainkoaren erregetzaren berri onen mezuaren bitartez (Mateo 24:14).
Noizbait amaituko ote dira pandemiak?
Bai. Bibliak aurresaten du laster ez dela gaixotasunik egongo. Jainkoaren Erreinuari esker osasun arazoak desagertuko dira (Isaias 33:24, IZB; 35:5, 6). Bibliak dio: «Ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik» (Apokalipsia 21:4). Heriotzan galdu ditugunak berpiztuko ditu eta beraiekin batera hemen lurrean perfekzioaz eta osasun ezin hobeaz gozatuko dugu (Esaera Zaharrak 2:21; Eginak 24:15, NWT).
Gaixotasunei buruzko biblia-aipuak
Mateo 4:23: «Jesus Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen».
Esanahia: Jesusen mirariak, Jainkoaren erreinuak etorkizunean mundu guztiaren alde egingo duenaren adibide txiki bat izan ziren.
Lukas 21:11: «Lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko».
Esanahia: Gaur egun mundu osoan dauden osasun arazoak azken egunetako seinaleak dira.
Apokalipsia 6:8, EB: «Begiratu ta zaldi berdizka [edo horixka] bat ikusi neban; eta aren gaiñean jarriak Eriotza eban izena, eta Lezeak jarraitzen eutsan. Eta lurreko laurenaren gaiñean gizakiak ezpataz, gosez, izurriz eta lurreko basapistiz ilteko aal-izatea emon izan yaken».
Esanahia: Apokalipsiko lau zaldunen profeziak, gaur egun pandemiak egongo zirela dio.