Saltatu edukira

Nola hartu ditzaket erabaki onak?

Nola hartu ditzaket erabaki onak?

Bibliaren erantzuna

 Bibliak erabakiak hartzeko gida bikaina ematen digu. «Zuhur eta adimentsu» izaten lagundu gaitzake (Esaera Zaharrak 4:5). Kasu batzuetan, erabaki onena zein den esaten digu. Besteetan, erabaki zuhurra hartzeko aholkuak ematen dizkigu.

Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:

 Erabaki onak hartzeko aholku lagungarriak

  •   Ez hartu azkarregi erabaki garrantzitsurik. Bibliak honakoa dio: «Nondik ibiliko aztertzen zentzudunak» (Esaera Zaharrak 14:15). Erabaki bat azkarregi hartuz gero, agian garrantzitsua den informazioa ez duzu kontuan hartuko. Horren ordez, behar duzun denbora hartu aukerak arretaz aztertzeko (1 Tesalonikarrei 5:21).

  •   Ez hartu zure emozio edo sentimenduetan bakarrik oinarritutako erabakirik. Bibliak erabaki bat hartzean ezin garela beti gure sentimenduetan oinarritu esaten digu (Esaera Zaharrak 28:26NWT; Jeremias 17:9). Adibidez, ez ditugu erabaki onak hartuko haserre, deprimituta, desanimatuta, urduri edo nekatuegi bagaude (Esaera Zaharrak 24:10; 29:22).

  •   Jakinduria eskatu otoitzean (Santiago 1:5). Jainkoa asko pozten da otoitz hauek erantzuteaz. Bere seme-alabez arduratzen den Aita maitekor bat bezala, beharrezkoak ez diren arazoak saihesten laguntzen digu. Bibliak honakoa dio: «Jauna [Jehoba a] baita zuhurtzia ematen duena, berarengandik datoz ezaguera eta zentzu ona» (Esaera Zaharrak 2:6). Bereziki Bibliaren bidez ematen digu Jainkoak jakinduria (2 Timoteori 3:16, 17).

  •   Ikerketa egin. Erabaki on bat hartzeko, fidagarria den informazioa behar duzu. Bibliak honakoa dio: «Zuhurrak entzun bitza eta zuhurrago bihurtuko da» (Esaera Zaharrak 1:5). Non aurkitu dezakezu lagungarria eta fidagarria den informazioa?

     Hasteko, ikusi ezazu Bibliak gai horri buruz zer dioen. Jainkoa gure sortzailea denez, berak inork baino hobeto daki zer komeni zaigun. Horregatik, bere Hitzaren bitartez, fidagarrienak diren aholkuak ematen dizkigu (25. Salmoa 12). Erabaki batzuk hartzerakoan, Bibliak argi esaten digu nola jokatu behar dugun. Izan ere, batzuetan, gida hau arau edo legeen bidez ematen digu (Isaias 48:17, 18). Beste egoera askotan, aldiz, Bibliak ez du zehatz-mehatz esaten zer egin behar dugun, eta gida hau printzipioen bidez ematen digu. Honek erabaki onak hartzen lagundu gaitzake, nahiz eta beste norbaitek erabaki desberdin bat hartu. Nahi duzun gaiari buruzko Bibliako pasarteak aurkitzeko, Biblian oinarritutako artikulu eta argitalpenetan egin dezakezu bilaketa. Artikulu mota hauek webgune honetan aurkitu ditzakezu. b

     Erabaki batzuk hartzerakoan, komenigarria da beste iturri fidagarrietara jotzea. Adibidez, zerbait erosi aurretik, bereziki garestia bada, ongi etorriko zaizu produktua eta fabrikatzaileari buruzko informazioa jakitea. Horretaz gain, erosi nahi duzun produktuaren garantia eta itzultzeko baldintzak begiratu ditzakezu. Noski, produktuaren xehetasunak zure beharretara moldatzen direla ere ziurtatu behar duzu.

     Bibliak honakoa dio: «Plangintzarik gabe egitasmoek porrot, askoren aholkuez arrakasta» (Esaera Zaharrak 15:22). Beraz, erabaki bat hartu aurretik, fidagarriak diren pertsonen aholkuak eskatu. Adibidez, medikuarengana jo dezakezu osasunarekin lotutako erabaki bat hartu aurretik (Mateo 9:12). Kasu batzuetan, zure antzeko egoera izan duen norbaitekin hitz egin dezakezu. Baina gogoan izan erabakia zuk hartu behar duzula eta zu izango zarela erabaki horren erantzulea (Galaziarrei 6:4, 5).

  •   Alderdi guztiak kontuan hartu. Jaso duzun informazioan oinarrituta, zure aukeren zerrenda bat egin eta bakoitzaren abantailak eta desabantailak kontuan izan ditzakezu. Zure erabakiek izan ditzaketen ondorioak zintzotasunez aztertu (Deuteronomioa 32:29). Esaterako, zer eragin izan dezake zure erabakiak zugan, zure familiarengan edota besteengan? (Esaera Zaharrak 22:3; Erromatarrei 14:19). Hau bezalako galderetan hausnartu eta biblia-printzipioetan pentsatzen baduzu, erabaki zuhur eta maitekorrak hartuko dituzu.

  •   Erabakia hartu ezazu. Batzuetan, zalantzak izan ditzakegu erabaki bat hartzerakoan. Baina zalantzak izaten jarraitzen badugu, aukera bat galdu dezakegu edota nahi ez dugun egoera batera iritsi gaitezke. Beste era batera esanda, erabaki bat ez hartzea, erabaki txar bat hartzea bezain zentzugabea izan daiteke. Bibliak ideia hau azaltzeko, nekazaritzarekin lotutako hurrengo konparazioa erabiltzen du: «Haizeari begira dagoenak ez du ereiten, ezta lainoei begira dagoenak ere uztarik biltzen» (Kohelet 11:4).

 Bestalde, gogoratu erabakirik onena ere ez dela perfektua izango. Askotan, zerbait aukeratzen dugunean, beste zerbait sakrifikatu beharko dugu. Gainera, espero ez ditugun gauzak ere gertatu daitezke (Kohelet 9:11NWT). Beraz, fidagarria den informazioan oinarrituta, hartu ezazu ahal duzun erabakirik onena.

 Aldatu behar al nuke aurretik hartutako erabaki bat?

 Erabaki guztiak ez dira behin betikoak. Zure egoera aldatu daiteke edo hasiera batean hartu zenuen erabakiak espero ez zenituen ondorioak izan ditzake. Beraz, ondo egongo litzateke egoera berriro aztertzea eta egokiagoa den beste erabaki bat hartzea.

 Hala ere, erabaki batzuk ez genituzke aldatu beharko (15. Salmoa 4). Adibidez, Jainkoak ezkontideak bata besteari leial izatea espero du (Malakias 2:16; Mateo 19:6). c Arazoak sortzean, ezkontza eten beharrean, ezkontideek ahal duten guztia egin behar dute arazo hauek konpontzeko.

 Zer egin dezaket aldatu ezin dudan erabaki txar bat hartu badut?

 Denok hartu dugu noizbait erabaki txarren bat (Santiago 3:2). Erabaki txar bat hartzen dugunean, normala da errudun edo damututa sentitzea (69. Salmoa 6 [69:5, NWT]). Neurri bateraino, horrelako sentimenduak izatea ona izan daiteke. Izan ere, honek akats bera berriro ez egiten lagundu gaitzake (Esaera Zaharrak 14:9NWT). Baina Bibliak gehiegizko errua sentitzeari buruz ohartarazten gaitu. Hau mentalki eta emozionalki kaltegarria izan daiteke (2 Korintoarrei 2:7). d Bibliak honakoa dio: «Bihozbera eta errukiorra da Jauna» (103. Salmoa 8-13). Beraz, aldatu ezin duzun erabaki txar batetik ikasten saiatu eta zure esku dagoena egin egoera hobetzeko.

a Bibliaren arabera, Jehoba da Jainkoaren izena (Informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 4. ikasgaia: Nor da Jainkoa?).

b Hartu nahi duzun erabakiari buruzko informazioa bilatu nahi baduzu, jo jw.org-ra eta bilatu gai horrekin zerikusia duen hitz edo esaldia. Webgune honek Biblian oinarritutako aholkuak ditu gai askoren inguruan. Gainera, hitz zehatzak bilatu ditzakezu La Biblia. Traducción del Nuevo Mundo edo La Bible. Traduction du monde nouveau-ko Índice de palabras bíblicas edo Index des termes bibliques atalean.

c Jainkoak ezkondutako bikoteak bizirik dauden bitartean elkarrekin egotea nahi du. Dibortziatzea eta berriro ezkontzea ondorengo egoera honetan bakarrik onartzen du: ezkontideetako bat sexu moralgabekerian erortzen denean (Mateo 19:9NWT). Zure ezkon-bizitzan arazoak badituzu, Bibliak modu maitekor eta zuhurrean hauek konpontzen lagundu zaitzake.