Existitzen al da infernua? Zer dio Bibliak infernuari buruz?
Bibliaren erantzuna
Biblia-itzulpen batzuek, esaterako Jean Duvoisin-en Bible Saindua-k, «infernu» hitza erabiltzen dute bertset batzuetan (15. Salmoa 10, Du [16:10, NWT] a; Eginak 2:27, Du). Artikulu honetako hasierako irudian ikusi daitekeen bezala, pertsona askok infernua gaiztoak betiko zigortuak diren suzko toki bat dela uste dute. Baina irakasten al du hau Bibliak?
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Betiko sufritzen den tokia al da infernua?
Ez. Antzinako biblia-itzulpen batzuetan «infernu» bezala itzuli diren jatorrizko hitzek (hebreeraz «Seol»; grekoz «Hades») «hilobi» edo «hobi» esan nahi dute, hau da, hildakoak deskantsatzen ari diren leku sinbolikoa. Bibliak «hilobian» daudenak ez daudela bizirik eta ez direla existitzen erakusten du.
Hildakoak ez dira ezertaz ohartzen; beraz, ezin dute minik sentitu. «Ez obrarik, ez arrazoirik, ez jakinduriarik, ez aditzarik izango da hobian [“infernuan”, Jünemann]» (Kohelet 9:10, Biblia, José Antonio Uriarte [Ur], euskara batura egokituta). Infernua ez dago min-garrasiz beterik. Horren ordez, Bibliak honakoa dio: «Gaixtoeri, bai, huts egin diezotela beren usteak, joan bite Hilen Egoitz [“infernu”, Ur] ixilerat!» (31. Salmoa 18, EAB, lapurtar-behenafarrerara egokitua [31:17, NWT]; 115. Salmoa 17).
Jainkoak bekatu egiteagatik ezarritako zigorra heriotza da, eta ez suzko infernua. Jainkoak bere arauak ez obeditzearen zigorra heriotza izango zela esan zion Adami, lehenengo gizakiari (Hasiera 2:17). Ez zion betiko sufritzeko infernurik aipatu. Beranduago, Adamek bekatu egin eta gero, Jainkoak bere zigorra zein izango zen esan zion: «Hautsa zara eta hautsera itzuliko zara» (Hasiera 3:19). Adamek existitzeari utziko zion. Izan ere, Jainkoak suzko infernu batera bidaliko balu, ziurrenik aipatuko ziokeen. Jainkoak ez du bere arauak desobeditzearen zigorra aldatu. Adamek bekatu egin eta denbora luze pasa eta gero, Jainkoak honakoa idazteko adierazi zion biblia-idazle bati: «Bekatuak dakarren ordaina heriotza da» (Erromatarrei 6:23). Zigor hori nahikoa zen, «norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen» baita (Erromatarrei 6:7).
Betiko sufritzearen ideian beran pentsatzeak nazka eragiten dio Jainkoari (Jeremias 32:35). Infernuaren ideia hau Bibliak irakasten duenaren kontra dago, «Jainkoa maitasuna baita» (1 Joan 4:8). Jainkoak maitasunak bultzatuta bera zerbitzatzea nahi du, eta ez betiko sufritzearen beldur izateagatik (Mateo 22:36-38).
Pertsona onak infernura joan ziren. «Infernu» hitza erabiltzen duten Bibliek, Jakob eta Job bezalako gizon leialek infernura joatea espero zutela esaten dute (Hasiera 37:35, NWT; Job 14:13, NWT). Jesus bera ere, hil ondoren eta berpiztua izan aurreko denbora-tartean, infernuan egon zela esaten da (Eginak 2:31, 32). Beraz, argi dago Biblia hauek, «infernu» hitza erabiltzen dutenean, hilobiaz b ari direla.
Zer esan nahi du gizon aberatsa eta Lazarori buruzko Jesusen parabolak?
Jesusek kontatutako parabola hau Lukas 16:19-31 pasartean aurkitu daiteke. Parabolak irakaspen moral edo espirituala duten fikziozko istorioak dira. Gizon aberatsa eta Lazaroren parabola ez zen benetan gertatu (Mateo 13:34). Parabola honi buruz gehiago jakiteko, ikusi «Nortzuk izan ziren gizon aberatsa eta Lazaro?» artikulua.
Irudikatzen al du infernuak Jainkoarengandik urrun gaudela?
Ez. Batzuek hildakoek Jainkoarengandik urrun daudela jakin dezaketela uste dute. Baina doktrina hau ez dator bat Bibliak irakasten duenarekin. Bibliak hildakoek ez dutela egitasmorik eta ez dakitela ezer irakasten du (146. Salmoa 3, 4; Kohelet 9:5).
Itzuli al da inor infernutik?
Bai. Bibliak hil ziren eta hilobira (biblia-itzulpen batzuek «infernu» bezala itzuli dute) joan ziren bederatzi pertsonen xehetasunak ematen ditu. Hauek beranduago berpiztuak izan ziren. c Infernura joan izan balira, bertan ikusitakoaz hitz egingo zuketen. Baina inork ez zuen aipatu torturatua izan zenik edo antzeko zerbait sufritu zuenik. Zergatik? Bibliak argi irakasten duen moduan, ez zirelako ezertaz ohartzen; lotan egongo balira bezala zeuden (Joan 11:11-14; 1 Korintoarrei 15:3-6, NWT).
a Euskara eta gaztelaniazko biblia-itzulpen batzuek 15. Salmoa 10 [16:10, NWT] bertsetean ez dute «infernu» hitza erabiltzen. Horren ordez, batzuek honako esamoldeak erabiltzen dituzte: «sepulkroa» (Nueva Versión Internacional, Dios habla hoy); «Hilen Egoitza» (EAB, lapurtar-behenafarrerara egokitua); «heriotza» (Euskal Biblia, Jaime Kerexeta). Beste batzuek, besterik gabe, «Seol» hebreerazko hitza erabiltzen dute (Itun Zâr eta Berria, Erramun Olabide).
b Ikusi « Jatorrizko biblia-terminoak» taula.
c Ikusi hurrengo pasarteak: 1 Erregeak 17:17-24; 2 Erregeak 4:32-37; 13:20, 21; Mateo 28:5, 6; Lukas 7:11-17; 8:40-56; Joan 11:38-44; Eginak 9:36-42; 20:7-12.