Nola lagundu ahal dizu Bibliak gaixotasun bati aurre egiten?
Bibliaren erantzuna
Jainkoa gaixo dauden bere zerbitzariez kezkatzen da. Honakoa dio Bibliak zerbitzari leialei buruz: «Ohean minez dagoela, Jaunak lagunduko dio eta gaixoaldian oneratuko» (41. Salmoa 4 [41:3, NWT]). Gaixotasun kronikoa baduzu, hurrengo hiru aholku hauek lagungarri izan daitezke:
Irauteko indarra eskatu otoitzean. «Guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakea» lortu dezakezu (Filipoarrei 4:6, 7). Bake honek antsietatea gutxitzen eta zailtasunei aurre egiten lagundu ahal dizu.
Positiboa izan. Bibliak dio bihotz alaiak osasuna ekartzen duela, baina bihotz tristeak ahultzen duela (Esaera Zaharrak 17:22). Umore ona izaten saiatu. Honek, tristurari aurre egiten lagunduko dizu eta zure osasunari on egingo dio.
Etorkizuneko esperantza indartu. Nahiz eta gaixotasun kronikoa eduki, esperantzak pozik egoten lagundu zaitzake (Erromatarrei 12:12). Bibliak dio etorkizunean inor ez dela gaixotuko (Isaias 33:24). Gaur egun medikuak gaixotasun kronikoak sendatzen saiatzen dira, baina ez dute lortzen. Jainkoak, aldiz, gaixotasun hauek sendatzeko ahalmena du. Are gehiago, honako esperantza ematen die Bibliak adinekoei: «Orduan, gaztetasunaren indarra berreskuratuko du, nerabezaroko [edo gaztaroko] egunetara itzuliko berriro» (Job 33:25).
Oharra: Jainkoak ematen dizkigun aholkuak jarraitzeaz gain, Jehobaren lekukook gaixotasun kronikoentzako medikuak gomendatutako tratamenduak ere jarraitzen ditugu (Markos 2:17). Hala ere, ez dugu tratamendu zehatzik gomendatzen. Bakoitzaren ardura da osasunari buruzko erabakiak hartzea.