Zein da Halloweenaren jatorria?
Bibliaren erantzuna
Halloween pertsona askok urtero urriaren 31n ospatzen duten jaia da. Bibliak Halloween aipatzen ez duen arren, ospakizun honen jatorria eta tradizioak ez datoz bat Bibliak irakasten duenarekin.
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Halloweenaren historia eta tradizioak
Samhain: Mitos Celtas liburuaren arabera, duela 2000 urte baino gehiago ospatzen zen Samhain festa paganoan, «beste munduko espirituak lurrean zehar ibili ahal zirela eta gizakiek hildakoen mundua bisitatu zezaketela» sinisten zuten. «Samhainaren tradizioak gaurdaino biziraun du Halloween eta Hilen Egunaren festetan» a (Ikusi « Nondik dator Halloween izena?» taula).
Mozorrotzea eta etxez etxe gozokiak eskatzea (trick or treat, edo saria ala ziria): Liburu baten arabera, «zeltak […] munstroz mozorrotzen ziren» lurretik aske ibiltzen ziren «izaki gaiztoen artean oharkabean pasatzeko». b Hau egiteaz gain, espiritu hauek baretzeko gozokiak ere eskaintzen zizkieten.
Erdi Aroko Europan, Eliza katolikoak ohitura pagano asko hartu zituen. Ez hori bakarrik, bere jarraitzaileei gau hartan mozorrotzera eta etxez etxe hildakoen aldeko otoitzen truke oparitxoak eskatzera animatu zien.
Mamuak, banpiroak, gizotsoak, sorginak eta zonbiak: Hauek espiritu gaiztoen munduarekin lotu izan dira aspalditik. Halloween Trivia liburuak, «naturaz gaindiko munstro» izenarekin identifikatzen dituen izaki hauek «heriotzarekin, hildakoekin eta heriotzaren beldur izatearekin lotura estua» dutela dio. c
Halloweeneko kalabazak edo Jack linternak: Liburu baten arabera, Erdi Aroko Britainian, jendea «etxez etxe joaten zen janari eske hildakoen aldeko otoitz baten truke». Gainera, «barnetik hustutako arbiekin egindako linternak, edo faroltxoak», eramaten zituzten. «Barnean zeramaten kandelak purgatorioan arrapatutako arima irudikatzen zuen». d Historialari batzuen arabera, faroltxoak espiritu gaiztoak aldentzeko erabiltzen ziren. XIX. mendean zehar, Ipar Amerikan arbiak kalabazengatik ordezkatu ziren asko zeudelako eta husteko eta forma emateko errazagoak zirelako.
Garrantzirik al du Halloween ospakizunaren jatorri paganoak?
Bai. Pertsona batzuek Halloween kalterik egiten ez duen ospakizun dibertigarri bat baino ez dela pentsatzen dute. Baina Halloweenen egiten diren gauzak Bibliak dioenaren aurka doaz. Halloween espiritu edo deabruei, eta hildakoei buruzko sinesmen faltsuetan oinarrituta dago.
Hurrengo aipuetan, Jainkoak Halloweenarekin lotutako sinesmenei buruz pentsatzen duena ikusiko dugu:
«Ez bedi izan zuen artean […] espirituei [“mamuak”, The Jerusalem Bible] edo hildakoei deika dabilkeenik ere» (Deuteronomioa 18:10, 11).
Esanahia: Jainkoak ez du onartzen hildakoekin kontaktuan jartzen saiatzea, ezta hauekin kontaktuan jartzearen itxurak egitea ere.
«Hilek […] ez dakite ezer» (Kohelet 9:5).
Esanahia: Hildakoek ez dutenez pentsatzen, ezta sentitzen ere, ezin dira bizirik daudenekin kontaktuan jarri.
«Ez dut nahi zuek deabruarekin bat egiterik. Ezin duzue edan Jaunaren kopatik eta deabruenetik» (1 Korintoarrei 10:20, 21).
Esanahia: Jainkoaren onespena nahi duenak, deabruekin edozein harreman saihestu behar du.
«Deabruaren maltzurkeriei aurre egiteko gai izan» behar zarete. «Gure borroka […] goiko espiritu gaiztoen aurkakoa» da (Efesoarrei 6:11, 12).
Esanahia: Kristauek espiritu gaiztoen aurka egin beharko lukete eta ez lukete beraiekin zerbait ospatzen arituko balira bezala jokatu beharko.
a Mitos celtas, 62. or., Miranda Jane Green, Itz.: Ana Pérez Humanes
b Planeta insólito, 284. or., Carlos Mesa
c Halloween Trivia: Ghosts, Ghouls, Skeletons, Vampires, Witches, Graveyards, Spiders, Zombies, Haunted Houses, 114. or., Tonya Lambert
d Halloween: From Pagan Ritual to Party Night, 29. or., Nicholas Rogers