Zer dio Bibliak adiskidetasunari buruz?
Bibliaren erantzuna
Adiskidetasunei esker, zoriontsu izan gaitezke eta bizitzan arrakasta izan dezakegu. Lagun onek eragin ona dute bata bestearengan eta pertsona hobeak izaten laguntzen diote elkarri (Esaera Zaharrak 27:17).
Horregatik, Bibliak lagunak kontu handiz aukeratzea oso garrantzitsua dela esaten digu. Gainera, lagun txarrak izatearen ondorioez ohartarazten gaitu (Esaera Zaharrak 13:20; 1 Korintoarrei 15:33). Horrelako lagunek erabaki txarrak hartzera edo ezaugarri onak galtzera bultzatu gaitzakete.
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Zer da lagun ona izatea?
Bibliaren arabera, adiskidetasun onak ezin dira antzeko interes edo hobbyak izatean bakarrik oinarritu. Adibidez, 119. Salmoa 63ak honela dio: «Begirune dizuten guztien lagun naiz, zure legeak betetzen dituztenen lagun». a Zer-nolako lagunak aukeratu zituen biblia-idazle honek? Jainkoa poztu eta bere arauekin bat bizi nahi zutenak.
Bibliak lagun on batek izan behar dituen ezaugarriak ere azpimarratzen ditu. Adibidez:
«Adiskideak beti zaitu maite, anaia larrialditarako jaioa da» (Esaera Zaharrak 17:17).
«Badira adiskideak elkar hondatzen dutenak; baita anaia baino lagun minagoak direnak ere» (Esaera Zaharrak 18:24).
Bertset hauek lagun on bat leiala, maitekorra, atsegina eta eskuzabala dela irakasten digute. Benetako laguna gure ondoan dago beti, baita arazoak ditugunean ere. Gainera, gaizki dagoen zerbait egiten ari bagara edo erabaki txar bat hartzear bagaude, ausardiaz hitz egingo du gurekin (Esaera Zaharrak 27:6, 9).
Adiskidetasunaren zer eredu on agertzen dira Biblian?
Biblian adiskide onen ereduak aurkitzen ditugu. Hauek adin, jatorri, kultura eta autoritate maila desberdinak zituzten. Ikus ditzagun hiru eredu:
Rut eta Noemi. Rut Noemiren erraina zenez, baliteke beraien arteko adin-aldea handia izatea. Are gehiago, Ruten jatorri kulturala desberdina zen. Nahiz eta desberdintasun hauek izan, adiskidetasun estua zuten eta elkar asko maite zuten (Rut 1:16).
Dabid eta Jonatan. Jonatan eta Dabidek 30 urteko aldea izan arren, Bibliak honakoa dio beraiei buruz: «Adiskide min egin ziren» (1 Samuel 18:1).
Jesus eta bere apostoluak. Jesusek bere apostoluen gain autoritatea zuen, beraien Maisu eta Jauna zelako (Joan 13:13). Baina inoiz ez zuen pentsatu bere adiskidetasuna merezi ez zutenik. Horren ordez, bere irakaspenak jarraitzen zituztenekin adiskidetasun estua zuen. Berak honakoa esan zuen: «Zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet» (Joan 15:14, 15).
Izan al gaitezke Jainkoaren lagunak?
Bai. Bibliak hau dio: «Gorroto dio Jaunak maltzurrari, baina bere konfiantza [“adiskidetasuna”, NWT] ematen zuzenari» (Esaera Zaharrak 3:32). Beste hitz batzuetan, Jainkoak zuzen, zintzo eta bere arauen arabera bizitzen direnak aukeratzen ditu bere lagunak izateko. Adibidez, leial izan zen Abrahami «Jainkoaren adiskide» deitzen zaio Biblian (2 Kronikak 20:7; Isaias 41:8; Santiago 2:23).
a Salmo honen testuinguruak bertset hau Jainkoari buruz ari dela erakusten du.