Saltatu edukira

Lagundu ahal dit Bibliak suizidioan pentsatzen ari banaiz?

Lagundu ahal dit Bibliak suizidioan pentsatzen ari banaiz?

Bibliaren erantzuna

 Bai! Biblia «bihozgabetuei adore ematen dien» Jainkoarengandik dator (2 Korintoarrei 7:6). Biblia osasun mentalari buruzko liburua ez izan arren, pentsamendu suizidak izan dituztenei lagundu die. Bertan agertzen diren aholku praktikoek zu ere lagundu zaitzakete.

 Zer aholku praktiko ematen ditu Bibliak?

  • Azaldu nola sentitzen zaren.

     Bibliak esaten duena: «Adiskideak beti zaitu maite, anaia larrialditarako jaioa da» (Esaera Zaharrak 17:17).

     Esanahia: Besteen laguntza behar dugu larrituta sentitzen garenean.

     Inori ez badiozu kontatzen nola sentitzen zaren, jasanezina bihurtu daitekeen zama eramango duzu. Baina zure sentimenduak azaltzen badituzu, pixka bat hobeto sentituko zara eta zure egoera modu positiboagoan ikusiko duzu.

     Saiatu honakoa: Gaur bertan norbaitekin hitz egin, agian familia kide edo konfiantzazko lagun batekin. a Idatziz ere azaldu dezakezu nola sentitzen zaren.

  • Bilatu laguntza profesionala.

     Bibliak esaten duena: «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik» (Mateo 9:12).

     Esanahia: Gaixorik gaudenean, medikura jo behar dugu.

     Pentsamendu suizidak gaixotasun mental edo emozional baten sintoma izan daitezke. Gaixotasun fisikoekin gertatzen den bezala, ez dugu lotsatu beharrik. Gaixotasun mental eta emozionalek tratamendua dute.

     Saiatu honakoa: Bilatu lehenbailehen mediku espezialista baten laguntza.

  • Gogoratu Jainkoa zutaz arduratzen dela.

     Bibliak esaten duena: «Ez ote dira bost txori bi sosetan saltzen? Alabaina, haietako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik. […] Ez izan beldur: txori guztiek baino gehiago balio duzue» (Lukas 12:6, 7).

     Esanahia: Oso baliotsua zara Jainkoarentzat.

     Bakarrik sentitu arren, Jainkoak pasatzen ari zarena ikusten du. Bizitzeko gogoa galdu baduzu ere, bera zutaz arduratzen da. «Zuk ez duzu gutxiesten, ene Jainko, bihotz-hautsi eta umildua», dio Bibliak (51. Salmoa 19 [51:17NWT]). Jainkoak maite zaituenez, zuk bizitzen jarraitzea nahi du.

     Saiatu honakoa: Jainkoak maite zaituela erakusten duten frogak aztertu Biblian. Adibidez, ikusi Acerquémonos a Jehová edo Approchez-vous de Jéhovah liburuaren 24. kapitulua.

  • Jainkoari otoitz egin.

     Bibliak esaten duena: «Utzi Jainkoari zeuen kezka guztiak, bera baita zuetaz arduratzen» (1 Pedro 5:7).

     Esanahia: Jainkoak benetan nola sentitzen zaren eta zure kezkak zeintzuk diren azaltzea nahi du.

     Jainkoak barneko bakea eta aurrera egiteko indarrak eman ahal dizkizu (Filipoarrei 4:6, 7; 4:13NWT). Modu honetara laguntzen die Jainkoak berarengana otoitzean jotzen dutenei (55. Salmoa 23 [55:22NWT]).

     Saiatu honakoa: Gaur bertan egin otoitz Jainkoari. Bere izena, Jehoba, erabili eta nola sentitzen zaren azaldu (83. Salmoa 18NWT). Eskatu iezaiozu aurrera jarraitzeko laguntza.

  • Hausnartu Bibliak etorkizunerako ematen duen esperantzan.

     Bibliak esaten duena: «Itxaropen hau geure bizitzaren aingura tinko eta segurua dugu» (Hebrearrei 6:19).

     Esanahia: Zure emozioek gorabeherak izan ditzakete, ekaitz baten erdian dagoen txalupa batek bezala. Baina Bibliak ematen duen esperantzak oreka mantentzen lagundu ahal dizu.

     Esperantza hau ez da amets hutsa, Jainkoaren honako promesan oinarrituta baitago: mina sortzen digun guztia ezabatuko du (Apokalipsia 21:4).

     Saiatu honakoa: Bibliaren itxaropenari buruz gehiago jakiteko, irakurri Berri onak Jainkoaren eskutik! liburuxkaren 5. ikasgaiak esaten duena.

  • Gustatzen zaizun zerbait egin.

     Bibliak esaten duena: «Bihotz alaiak osasuna ekarri» (Esaera Zaharrak 17:22).

     Esanahia: Poza ematen diguten gauzak egiten ditugunean, gure osasun mentala eta emozionala hobetu daiteke.

     Saiatu honakoa: Gustatzen zaizun zerbait egin, adibidez, ondo sentiarazten zaituen musika entzun, animatzen zaituen zerbait irakurri edo hobby bat izan. Gainera, zoriontsuagoa izango zara besteak laguntzeko zerbait egiten baduzu, gauza txikia bada ere (Eginak 20:35).

  • Zure osasuna zaindu.

     Bibliak esaten duena: «Ariketa fisikoak […] laguntzen du» (1 Timoteori 4:8NWT).

     Esanahia: Oso lagungarria da ariketa fisikoa egitea, nahiko lo egitea eta osasuntsu jatea.

     Saiatu honakoa: Azkar ibili, nahiz eta 15 minutu bakarrik izan.

  • Gogoratu sentimenduak, bizitzako beste gauza batzuk bezala, aldatu egiten direla.

     Bibliak esaten duena: «Ez dakizue zuen bizitza bihar zer izango den» (Santiago 4:14).

     Esanahia: Larritzen zaituen arazo batek konponbiderik ez duela uste baduzu ere, denborarekin desagertu daiteke.

     Zure egoera oso larria iruditu arren, bihar aldatu daiteke. Beraz, ez amore eman (2 Korintoarrei 4:8). Larritzen zaituen egoera, ziurrenik, denborarekin aldatuko da, baina suizidioari ezin zaio bueltarik eman.

     Saiatu honakoa: Oso desanimatuta zeuden eta hil nahi zuten pertsonei buruz irakurri dezakezu Biblian. Beraien bizitza denborarekin hobera egin zuela ikusi dezakezu, askotan espero ez zuten moduan. Aztertu ditzagun adibide batzuk.

 Hitz egiten al du Bibliak hil nahi zuten pertsonei buruz?

 Bai. Bibliak hil nahi zuten batzuei buruz hitz egiten du. Jainkoak ez zien errietarik egin. Justu kontrakoa, bere laguntza eskaini zien. Berak gauza bera egin dezake zure alde.

Elias

  •  Nor izan zen? Elias profeta ausart bat izan zen. Baina batzuetan desanimatuta sentitu zen. «Gu bezalako gizakia zen Elias ere», dio Santiago 5:17⁠ak.

  •  Zergatik hil nahi zuen? Bere bizitzako garai batean Elias bakarrik eta beldurtuta sentitzeaz gain, ez zuela ezertarako balio uste zuen. Hortaz, Jehobari erregutu zion: «Jauna, hartzazu ene bizia» (1 Erregeak 19:4).

  •  Zerk lagundu zion? Eliasek Jainkoari zehazki nola sentitzen zen azaldu zion. Nola animatu zuen Jainkoak? Berataz arduratzen zela erakusteaz gain, zein boteretsua zen ere erakutsi zion. Gainera, oso beharrezkoa zela ziurtatu zion eta bera zainduko zuen laguntzaile bihozbera eta trebea eman zion.

  •  Irakurri Eliasi buruz: 1 Erregeak 19:2-18.

Job

  •  Nor izan zen? Job familia handia zuen gizon aberats bat izan zen eta Jainkoa leialki zerbitzatu zuen.

  •  Zergatik hil nahi zuen? Jobi bat-batean gauza txar asko gertatu zitzaizkion. Bere ondasun guztiak galdu zituen eta seme-alaba guztiak hondamendi batean hil zitzaizkion. Gainera, oso mingarria zen gaixotasun bat izan zuen. Hori nahikoa ez zela, izan zituen arazoak berak eragin zituela salatu zuten faltsuki eta krudelkeriaz. Horregatik, Jobek esan zuen: «Nire bizitza gorroto dut, ez dut bizitzen jarraitu nahi» (Job 7:16NWT).

  •  Zerk lagundu zion? Jobek Jainkoari otoitz egin zion eta besteekin hitz egin zuen (Job 10:1-3). Elihu izeneko lagunak errukia erakutsi zion eta animatu egin zuen. Gainera, bere egoeraren beste ikuspuntu bat izaten lagundu zion. Baina garrantzitsuena Jobek Jainkoaren aholkuak eta laguntza onartu zituela izan zen.

  •  Irakurri Jobi buruz: Job 1:1-3, 13-22; 2:7; 3:1-13; 36:1-7; 38:1-3; 42:1, 2, 10-13.

Moises

  •  Nor izan zen? Moises antzinako Israelgo buruzagi bat eta profeta leial bat izan zen.

  •  Zergatik hil nahi zuen? Moisesek zama izugarria zeramanez eta askotan kritikatzen zutenez, leher eginda sentitu zen. Horregatik, Jainkoari eskatu zion: «Ken iezadazu bizia, arren» (Zenbakiak 11:11, 15).

  •  Zerk lagundu zion? Moisesek nola sentitzen zen azaldu zion Jainkoari. Jainkoak Moisesi zama arindu zion estres gutxiago izan zezan.

  •  Irakurri Moisesi buruz: Zenbakiak 11:4-6, 10-17.

a Pentsamendu suizidak areagotu bazaizkizu eta konfiantzazko norbait gertu ez baduzu, deitu suizidioa saihesteko telefonora edo larrialdietarako zenbakira.