Mito bat al da Noeren garaiko Uholdea?
Bibliaren erantzuna
Uholdea benetan gertatu zen. Jainkoak jende maltzurra suntsitzeko sortu zuen, baina Noeri arka bat eraikitzeko eskatu zion, jende ona eta animaliak salbatzeko (Hasiera 6:11-20). Ziur egon gaitezke Uholdea benetan gertatu zela Bibliak esaten duelako, eta hau «Jainkoak inspiratua» da (2 Timoteori 3:16).
Gertaera historikoa ala mitoa?
Bibliak dio Noe existitu zela eta Uholdea benetan gertatu zela. Beraz, Uholdea ez da ipuin edo mito bat.
Biblia idazleek Noe benetan existitu zela sinesten zuten. Adibidez, Esdras eta Lukas historialari trebeak ziren eta Noe Israelgo nazioaren genealogien parte zela idatzi zuten (1 Kronikak 1:4; Lukas 3:36). Mateok eta Lukasek beraien ebanjelioetan idatzita utzi zuten Jesusek Noe eta Uholdeari buruz esan zuena (Mateo 24:37-39; Lukas 17:26, 27).
Gainera, Ezekiel profeta eta Paulo apostoluak Noe fede eta zintzotasun eredua zela aipatu zuten (Ezekiel 14:14, 20; Hebrearrei 11:7). Zentzuzkoa al da idazle hauek inoiz existitu ez den pertsona bat eredu bezala jartzea? Argi dago Noe eta beste gizon eta emakume fededun batzuk imitatzea merezi duten ereduak direla benetan existitu zirelako (Hebrearrei 12:1; Santiago 5:17).
Bibliak xehetasun zehatzak ematen ditu Uholdeari buruz. Bibliak Uholdearen gertaerari buruz kontatzen duena ez du hasten «bazen behin» esanez, ipuin bat izango balitz bezala. Bibliak, Uholdearekin lotutako gertaeren urtea, hilabetea eta eguna aipatzen ditu (Hasiera 7:11; 8:4, 13, 14). Noek eraikitako arkaren neurriak ere ematen ditu (Hasiera 6:15, NWT). Zehaztasun hauek erakusten dute Bibliak Uholdea gertaera historiko bat bezala azaltzen duela, eta ez mito edo ipuin bat bezala.
Zergatik gertatu zen Uholdea?
Bibliaren arabera, Uholdea gertatu aurretik, gizakiaren gaiztakeria «handituz» zihoan (Hasiera 6:5). Jainkoak lurra biolentziaz eta sexu moralgabekeriaz beteta zegoela ikusi zuen (Hasiera 6:11; Judas 6, 7).
Bibliak dio aingeru gaizto batzuk zerutik lurrera jaitsi zirela emakumeekin sexu harremanak izateko. Aingeru hauen eraginez, lurra biolentziaz eta sexu moralgabekeriaz bete zen. Aingeru hauek nefilim izenez deituriko seme batzuk izan zituzten eta hauek sufrimendu asko eragin zuten (Hasiera 6:1, 2, 4, NWT). Jainkoak pertsona gaiztoak kentzea erabaki zuen, pertsona onek influentzia txarrik gabe hasiera berri bat izateko (Hasiera 6:6, 7, 17).
Ba al zekien jendeak Uholdea etorriko zela?
Bai. Jainkoak Noeri gertatuko zena azaldu zion eta arka bat eraikitzeko agindu zion bere familia eta animaliak biziraun zezaten (Hasiera 6:13, 14; 7:1-4). Noek jendeari Uholdea etorriko zela esan zion, baina jendeak ez zien bere abisuei kasurik egin (2 Pedro 2:5, Biblia, José Antonio Uriarte). Bibliak dio: «Ez zuten kasurik egin, Uholdea etorri eta guztiak suntsitu zituen arte» (Mateo 24:37-39).
Nolakoa zen Noeren arka?
Noeren arkak kutxa laukizuzen baten forma zuen: 133 metroko luzera, 22 metroko zabalera eta 33 metroko altuera zituen, gutxi gorabehera a. Arka erretxina-egurrez egina eta barrutik eta kanpotik bikez edo breaz estalita zegoen. Hiru solairu eta hainbat gela zituen. Arkaren alde batean ate bat zegoen eta, dirudienez, goialdean leiho luze bat. Ziurrenik, arkaren teilatuaren erdialdea teilatuaren alboak baino pixka bat altuagoa zen, bertan ura ez pilatzeko (Hasiera 6:14-16).
Zenbat denbora behar izan zuen Noek arka eraikitzeko?
Bibliak ez du esaten. Baina, dirudienez, hainbat hamarkada behar izan zituen eraikitzeko. Noek 500 urte baino gehiago zituen bere lehen semea jaio zenean, eta Uholdea gertatu zenean 600 urte zituen b (Hasiera 5:32; 7:6).
Jainkoak Noeri arka eraikitzeko esan zionean, dagoeneko bere hiru semeak helduak ziren eta ezkonduta zeuden (Hasiera 6:14, 18). Honetarako, ziurrenik, 50 edo 60 urte inguru behar izan ziren. Horrela izan balitz, arka eraikitzeko 40 edo 50 urte behar izan zituen.
a Bibliak ukondoetan ematen ditu arkaren neurriak. «Ukondo hebrear estandarra 44,45 zentimetro ziren» (The Illustrated Bible Dictionary, N. Hillyer, berrikusitako edizioa, 3. atala, 1635. or.).
b Noeren garaian bizi itxaropena handiagoa zen. Gehiago jakiteko, ikusi 2010eko abenduak 1eko La Atalaya aldizkariaren “Los personajes bíblicos: ¿de veras vivieron tanto?” artikulua.