Zer da espiritualtasuna? Izan al naiteke pertsona espirituala erlijio baten parte izan gabe?
Bibliaren erantzuna
Bibliaren arabera, espiritualtasuna Jainkoa pozteko eta bere pentsaera izateko benetako desioa da. Pertsona espirituala Jainkoaren printzipioak eta espiritu santuaren a gida jarraituz bizi da (Erromatarrei 8:5; Efesoarrei 5:1).
Bibliak askotan kontrasteak erabiltzen ditu espiritualtasuna azaltzeko. Adibidez, pertsona espiritualak ez bezala, pertsona fisikoak ez ditu Jainkoaren irakaspenak onartzen (1 Korintoarrei 2:14-16, NWT). Gainera, giza grinen menpeko den jendeak inbidia eta eztabaidak izaten ditu, bakea eta eskuzabaltasuna erakutsi beharrean (1 Korintoarrei 3:1-3). Lagun minak banatuz liskarrak sortzen dituztenei «jende animaliak, Espiritua ez dutenak» edo espiritualtasuna ez dutenak deitzen zaie (Judas 19, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, Joanes Leizarraga [Le], euskara batura egokituta; Esaera Zaharrak 16:28). b
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Zein da espiritualtasunaren jatorria?
Espiritualtasuna garatzeko gaitasuna dugu Jainkoaren irudira eginak gaudelako (Hasiera 1:27). Horregatik ez da harritzekoa jende gehienak ikusi edo ukitu ezin daitezkeen gauzei buruz ikasi nahi izatea.
Jaiotzen garenetik Jehobaren c antzeko ezaugarriak erakusteko gaitasuna dugu, adibidez, bakea, errukia eta inpartzialtasuna (Santiago 3:17). Gainera, bere legeak egiten saiatzen direnei Jainkoak bere espiritu santua ematen die (Eginak 5:32).
Zergatik da inportantea espiritualtasuna?
Espiritualtasunak «bizitzara eta bakera» darama (Erromatarrei 8:6). Bizitza eta bakea Jainkoarengandik datozen opari apartak dira.
Bizitza: Jainkoak pertsona espiritualei betiko bizia promesten die (Joan 17:3; Galaziarrei 6:8).
Bakea: Pertsona espiritualak Jainkoarekin bakean daude. Behar fisikoez bakarrik arduratzen direnak, aldiz, Jainkoaren etsaiak dira (Erromatarrei 8:7). Are gehiago, Jainkoak espiritualtasuna garatzen dutenak saritzen ditu, «guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakea» emanez (Filipoarrei 4:6, 7). Barneko bake honek bizitzan zoriontsu izaten laguntzen die (Mateo 5:3, NWT).
Nola garatu dezaket espiritualtasuna?
Jainkoaren legeak ikasi eta obeditu. Hau Biblia irakurriz lortu dezakezu. Bertan «Espiritu Santuak gidaturiko» gizonek Jainkoaren pentsamenduak idatzi zituzten (2 Pedro 1:21). Biblian ikasiko duzunak Jainkoa «egiaren arabera eta Espirituak eraginda», hau da, espiritu santuaren gida jarraituz eta Jainkoaren nahiarekin bat biziz adoratzen lagunduko dizu (Joan 4:24).
Jainkoari otoitz egin laguntza eske (Lukas 11:13). Jainkoak pertsona espiritualaren izaera izaten lagunduko dizu (Galaziarrei 5:22, 23). Bizitzako erronkei aurre egiteko jakinduria ere eman ahal dizu (Santiago 1:5).
Pertsona espiritualekin elkartu. Pertsona espiritualek zure espiritualtasuna sendotzen lagunduko dizute (Erromatarrei 1:11, 12). Jainkoaren aurkako pentsaera duen jendearekin elkartzeak, aldiz, zure espiritualtasuna ahuldu dezake (Santiago 4:4).
Nahikoa al da erlijio baten parte izatea pertsona espirituala izateko?
Erlijio baten parte izatea soilik ez da nahikoa pertsona espirituala izateko. Izan ere, Bibliak dio: «Norbaitek, bere burua erlijiozaletzat jotzen badu, baina mihiari eusten ez badaki, bere burua engainatzen du, eta horren erlijioak ez du ezertarako balio» (Santiago 1:26).
Bibliak erakusten du pertsona espiritualek Jainkoak berak onartzen duen moduan adoratzen dutela. Espiritu bakarra dagoela aitortzen dute: Jainkoaren espiritu santua. Espiritu honek Jainkoa gorputz bakar bat bezala adoratzera bultzatzen ditu. Honela, talde antolatu honek «Espirituak ematen duen batasunari eusten» dio elkartzen dituen bakeaz (Efesoarrei 4:1-4).
Espiritualtasunari buruzko ideia okerrak
Ideia okerra: Espiritualtasuna zure buruarekin pozik egotea eta zure potentziala garatzea da.
Ideia zuzena: Bibliaren arabera, espiritualtasuna bizitzan Jainkoaren pentsamenduen gida jarraitzea da. Bibliak ez du esaten gure potentziala Jainkorik gabe garatu dezakegunik. Pertsona espiritualak Jehoba Sortzailea dela onartzen du eta Jainkoaren helburuarekin bat bizi da. Era horretara, bere biziak zentzua du (100. Salmoa 3).
Ideia okerra: Espiritualtasuna garatzeko, plazerrak alde batera utzi eta zeure buruari min eragin behar diozu.
Ideia zuzena: Zeure gorputza gogorki tratatzea norberak inposatutako adorazio forma bat da eta hori gizakiaren burutazio bat da (Kolosarrei 2:18, 23). Bibliak zoriontasunarekin lotzen du espiritualtasuna, ez minarekin (Esaera Zaharrak 10:22).
Ideia okerra: Espiritualtasuna espirituen munduarekin lotuta dago, esaterako, espiritismoarekin edo espiritualismoarekin.
Ideia zuzena: Espiritismoak edo espiritualismoak hildakoen espirituak bizirik daudenekin komunikatu daitezkeela erakusten du. Baina Bibliak hildakoek ez dakitela ezer irakasten du (Kohelet 9:5). Espiritismoa Jainkoaren aurka dauden izaki espiritualekin komunikatzea da. Jainkoak espiritismoa gorroto duenez, espiritismoa praktikatzen duena ezin da pertsona espirituala izan (Lebitarrena 20:6; Deuteronomioa 18:11, 12).
Ideia okerra: Izaki bizidun guztiek berezko espiritualtasuna dute.
Ideia zuzena: Jainkoak sortutako guztiak bera goresten du (145. Salmoa 10; Erromatarrei 1:20). Baina adimena duten izakiek bakarrik garatu dezakete espiritualtasuna. Animaliek, aldiz, senaz jokatzen dute euren behar fisikoak asetzeko eta ez dute Jainkoaren lagun izateko ahalmenik (2 Pedro 2:12). Bibliak espiritualtasunaren eta animalien pentsaera eta jokaeren arteko kontrastea egiten du (Santiago 3:15, NWT; Judas 19, Le).
a Biblian agertzen den «espiritu» terminoak «arnasa» esan nahi du jatorrizko hizkuntzan; hau da bere oinarrizko esanahia. Baina termino honek beste ideia hau ere adierazi dezake: ikusezina den eta mugimenduan dagoen indarra. Bibliak Jainkoa Izaki Espiritual Gorena dela dio. Pertsona espiritualak Jainkoaren nahia egiten du eta bere espiritu santuaren gida jarraitzen du.
b Biblian, «fisiko» eta «giza grina» terminoak gizakiekin lotuta daudenean, hurrengo pertsonei buruz ari da: euren pentsaera eta jokaera behar fisikoek bultzatzen dituztenak. Pertsona hauek ez dituzte Jainkoaren arauak estimatzen.
c Bibliaren arabera, Jehoba da Jainkoaren izena (Informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 4. Ikasgaia: Nor da Jainkoa?).