GAZTEEN GALDERAK
Zergatik ez dut lagunik?
Interneten zabiltza, duela gutxi ospatu den festa bateko argazkiak begiratzen. Zure lagun guztiak bertan daude eta, noski, oso ondo pasatzen ari dira. Baina, zerbait falta da. Edo hobeto esanda, norbait falta da: zu!
Pentsatzen duzu: «Zergatik ez naute gonbidatu?».
Zure jakinmina min sakona bihurtzen da. Traizionatuta sentitzen zara. Bat-batean, kartaz egindako etxe ahul bat erortzean gertatzen den bezala, zure lagun guztiak galdu dituzula sentitzen duzu. Bakardade sentimenduak menderatzen zaitu, eta zeure buruari galdetzen diozu: «Zergatik ez dut lagunik?».
Bakardadearen galdetegia
Egia ala gezurra:
1) Lagun asko badituzu, ez zara inoiz bakarrik sentituko.
2) Sare sozialak badituzu, ez zara inoiz bakarrik sentituko.
3) Mezu asko bidaltzen badituzu, ez zara inoiz bakarrik sentituko.
4) Besteen alde gauzak egiten badituzu, ez zara inoiz bakarrik sentituko.
Lau esaldi hauek gezurra dira.
Zergatik?
Adiskidetasunari eta bakardadeari buruzko egiak
Lagun asko izan arren, bakarrik sentitu zaitezke.
«Nire lagunez arduratzen naiz, baina batzuetan ez dut arreta hori bueltan jasotzen. Izan dezakezun bakardade sentimendurik okerrena honakoa da: lagunez inguratuta egotea, baina maite edo behar ez zaituztela nabaritzea» (Anne).
Sare sozialak izan arren, bakarrik sentitu zaitezke.
«Figurak biltzen diren bezala, batzuek lagunak biltzen dituzte. Baina figuren bilduma bat izateagatik ez da inor maitatua sentitzen. Ez baduzu benetako adiskiderik, Interneteko lagunak figura horiek bezalakoak izango dira» (Elaine).
Mezu asko bidali arren, bakarrik sentitu zaitezke.
«Batzuetan, bakarrik sentitzen zarenean, denbora guztian mugikorrari begiratzen diozu norbaitek idatzi dizun jakiteko. Eta, inork idatzi ez dizula ikusten duzunean, orduan eta okerrago sentitzen zara» (Serena).
Besteen alde gauzak egin arren, bakarrik sentitu zaitezke.
«Nire lagunekin beti eskuzabala izaten saiatu naiz, baina nabaritu dut beraiek ez didatela berdin tratatu. Ez naiz damutzen beraiekin eskuzabala izateaz, baina arraroa egiten zait besteek niregatik ezer ez egitea» (Richard).
Laburbilduz: Bakardadea, batez ere, pentsaera bat da. «Norberaren barrenetik dator, ez kanpotik», dio Jeanette izeneko neska gazte batek.
Zer egin dezakezu lagunik gabe edo bakarrik sentitzen bazara?
Borroka nola irabazi
Landu zure autoestimua.
«Bakardadea segurtasun faltaren ondorio bat izan daiteke. Nola egingo dituzu lagunak, besteentzat baliorik ez duzula pentsatzen baduzu?» (Jeanette).
Bibliak dio: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Galaziarrei 5:14). Lagun onak edukitzeko, gure burua maite behar dugu, baina egozentrikoak izan gabe (Galaziarrei 6:3, 4).
Ez zaitez biktimizatu.
«Bakardadea harea mugikorrak bezalakoa da. Geroz eta buelta gehiago eman, orduan eta zailagoa izango da bertatik ateratzea. Zenbat eta gehiago biktimizatu, orduan eta jende gehiago aldenduko da zugandik, eta ondorioz bakardade gehiago sentituko duzu» (Erin).
Bibliak dio: Maitasuna ez da berekoia (1 Korintoarrei 13:4, 5). Geure buruan gehiegi zentratzen bagara, besteenganako erruki gutxiago izango dugu eta zailagoa izango da lagunak erakartzea (2 Korintoarrei 12:15). Egia esanda, gustura sentitzeko besteek egiten dutenaren menpe bazaude, zureak egin du! Izan ere, «Inork ez nau deitzen» eta «Inork ez nau gonbidatzen» bezalako pentsamenduek, zure zoriontasuna besteen esku uzten dute. Hori al da nahi duzuna?
Ez onartu edonor lagun moduan.
«Bakarrik sentitzen direnek, besteen arreta nahi dute eta edonon bilatzera ere iritsi daitezke. Baloratuak direla sentitu nahi dute. Baina batzuek zu erabiltzeko asmoarekin baloratuta sentiaraziko dizute. Ondorioz, inoiz baino bakardade gehiago sentituko duzu» (Brianne).
Bibliak dio: «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da, zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen» (Esaera Zaharrak 13:20). Gose denak ia edozer gauza bilatu dezake jateko. Era berean, lagunak izateko larritasuna duenak, lagunak leku okerretan bilatu ditzake. Manipulatzaileen esku erraz geratu daiteke ere. Horrela, beraiekin duen harremana normala dela eta ezer hoberik lortu ezin duela pentsatu dezake.
Laburbilduz: Batzuetan guztiok sentitu gaitezke bakarrik, batzuk besteak baino gehiago. Egia da sentimendu honek lur jota utzi ahal gaituela, baina, azkenean, sentimendu bat besterik ez da. Gure sentimenduak, normalean, gure pentsamenduen ondorioak dira, eta pentsamenduak kontrolatu ditzakegu.
Errealista izan besteengandik espero duzunarekin ere. «Guztiak ez dira zure betirako lagunik onenak izango», dio lehen aipatutako Jeanettek, «baina zutaz arduratuko diren pertsonak aurkituko dituzu. Eta zutaz arduratzen direnean, zailagoa izango da zu bakarrik sentitzea».
Gehiago jakin nahi al duzu? Irakurri « Lagunak egiteko beldurra gainditu dezakezu». Gainera, «Qué puedes hacer para no sentirte tan solo» edo «Comment faire face au sentiment de solitude» PDFa ere jaitsi dezakezu.