GAZTEEN GALDERAK
Nola saihestu ditzaket pentsamendu negatiboak?
Nolakoa zarela uste duzu?
Optimista
«Zoriontsu eta lasai bizitzen saiatzen naiz. Zergatik ez nuke ba egunero irribarre egin beharko?» (Valerie).
Pesimista
«Ona den zerbait gertatzen den bakoitzean, egia izateko onegia dela pentsatzen dut» (Rebecca).
Errealista
«Optimista banaiz, beti sentituko naiz dezepzionatuta gauzak ondo ez doazenean. Eta pesimista banaiz, ez naiz inoiz zoriontsu sentituko. Horregatik, errealista izateak, gauzak benetan diren moduan ikusten laguntzen dit» (Anna).
Zergatik da inportantea?
Bibliak dio «zoriontsuarentzat etengabeko festa» direla egun guztiak (Esaera Zaharrak 15:15). Hau da, pentsamendu negatiboak baztertzen eta bizitza modu positiboan ikusten dutenak zoriontsuagoak dira. Gainera, lagun gehiago izaten dituzte normalean. Izan ere, nork nahi du beti negatiboak diren pertsonekin denbora pasatu?
Oso optimista bazara ere, bizitzan zailtasunak sortzen dira. Adibidez:
Berrietan agian gerrei, terrorismoari eta delinkuentziari buruz etengabe entzuten duzu.
Baliteke zure familian arazoei aurre egin behar izatea.
Ziur akatsak eta ahuleziak dituzula eta hauek gainditzeko ahaleginak egiten ari zarela.
Lagun batek beharbada mindu egin zaitu, esan edo egin duen zerbaitekin.
Zailtasun hauek alde batera utzi beharrean edo hauetan gehiegi zentratu ordez, saiatu modu orekatsuan edo errealistan ikusten. Honek, pentsamendu negatiboegiak baztertzen eta gauzak diren bezala onartzen lagunduko dizu gehiegi desanimatu gabe.
Zer egin dezakezu?
Zure inperfekzioak modu errealistan ikusi.
Bibliak dio: «Ez da lurrean gizaki zuzenik hutsik gabe on dagienik» (Eklesiastes [Kohelet] 7:20). Akatsak egiteak, gizakia zarela erakusten du, besterik ez. Ez du esan nahi ez duzula ezer ondo egiten.
Nola izan errealista: Saiatu hobetzen, baina gogoratu ez zarela perfektua. «Ez desanimatzeko, arreta nire akatsetan ez jartzen saiatzen naiz», dio Caleb izeneko gazte batek. «Horren ordez, akatsetatik ikasten saiatzen naiz nola hobetu ikusteko».
Ez konparatu besteekin.
Bibliak dio: «Ez gaitezela izan harroxko, elkarren lehian eta elkarren inbidian ibiliz» (Galaziarrei 5:26). Sare sozialetan gonbidatu ez dizuten planen argazkiak begiratzen dituzunean, haserre eta dezepzionatuta sentitu ahal zara. Ondorioz, zure lagunak benetako lagunak ez direla pentsatzen hasi zaitezke.
Nola izan errealista: Onartu ez zaituztela plan guztietara gonbidatuko. Gainera, sare sozialetako argazkiek pertsona baten bizitzaren parte batzuk bakarrik erakusten dituzte. «Sare sozialetan, jendeak normalean bere bizitzako gauza onenak bakarrik erakusten ditu», dio Alexis izeneko adoleszente batek. «Normalean jendeak ez ditu gauza arruntak erakusten».
Bakegilea izan, bereziki zure familian.
Bibliak dio: «Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin» (Erromatarrei 12:18). Ezin duzu besteek egiten dutena kontrolatu. Baina zure erreakzionatzeko modua kontrolatu dezakezu. Bakea bilatzea zure esku dago.
Nola izan errealista: Ahalegindu zaitez zure familiako arazoak ez areagotzen. Horren ordez, bilatu bakea familian zure lagunekin egingo zenukeen bezala. «Inor ez da perfektua eta momenturen batean esaten edo egiten dugunarekin norbait minduko dugu», esaten du Melinda izeneko adoleszente batek. «Guk erabaki behar dugu modu baketsuan erantzungo dugun edo ez».
Esker onekoa izaten ikasi.
Bibliak dio: «Izan zaitezte esker oneko» (Kolosarrei 3:15). Esker onekoa bazara, zure bizitzako gauza onetan jarriko duzu arreta, gustatzen ez zaizkizun gauzetan jarri beharrean.
Nola izan errealista: Kontuan hartu zure arazoak, baina bizitzan dituzun gauza onak ere. «Egunero gauza on bat idazten dut nire egunerokoan», dio Rebecca izeneko gazte batek. «Gauza on asko ditudala gogoratu nahi dut eta hauetan pentsatu».
Pentsatu zer lagun mota dituzun.
Bibliak dio: «Lagun txarrek ohitura onak usteldu egiten dituzte» (1 Korintoarrei 15:33). Kritikoak, sarkastikoak edo haserrekorrak diren pertsonekin denbora pasatzen baduzu, beraien jarrera negatiboek zugan eragina izango dute.
Nola izan errealista: Zure lagunek arazo larriak dituztenean, denbora batez triste eta desanimatuta sentitu daitezke. Ahal duzuna egin laguntzeko, baina ez utzi beraien arazoek zugan eragin gehiegi izaten. «Ez genuke gure denbora pertsona negatiboekin bakarrik pasatu beharko», dio Michelle izeneko gazte batek. «Matematikan bi zenbaki negatibo gehitzen dituzunean, zenbaki negatibo handiago bat lortzen duzu».
Honi buruzko informazio gehigarria
Bibliaren arabera, «azken egunetan» bizi gara eta hauek «une latzak izango» dira (2 Timoteori 3:1). Munduan dauden arazoak ikusita, zaila egiten al zaizu jarrera positiboa izatea? Irakurri «Zergatik dago horrenbeste sufrimendu?»