GAZTEEN GALDERAK
Norbaitekin irtetea (1. zatia): Prest al nago norbaitekin irteteko?
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Zer da norbaitekin irtetea?
Batzuentzat norbaitekin irtetea ondo pasatzeko modu bat besterik ez da. Hala ere, artikulu honetan bikote batek ezkontide egokiak diren ikusteko helburuarekin elkarrekin denbora pasatzea esan nahi du. Beraz, norbaitekin irteteak helburu zehatz bat du, ez da bakarrik beste pertsonen arreta jasotzeko modu bat.
Norbaitekin irtetean, denborarekin erabaki bat hartu beharko duzu: ezkontzea edo harreman erromantikoa bertan behera uztea. Orduan, norbaitekin irteten hastean bi ondorio hauetarako prest egon beharko zinateke.
Laburbilduz: Norbaitekin irteteko prest zaudela uste baduzu, ezkontzeko prest zaudela ere pentsatu beharko zenuke.
Prest al zaude norbaitekin irteteko?
Norbaitekin irteten hasteak ezkontzara eraman dezakeenez, ezkon bizitzan lagungarriak diren zer ezaugarri dituzun aztertu beharko zenuke. Adibidez, ikusi ondorengoak:
Familia harremanak. Zure gurasoak eta anai-arrebak tratatzeko moduak, bereziki presiopean zaudenean, zure ezkontidea nola tratatuko duzun erakutsi dezake.
Biblia printzipioa: «Ez bedi izan zuen artean zakarkeriarik, ez haserrerik, ez gorrotorik, ez garrasirik, ez irainik, ezta inolako gaiztakeriarik ere» (Efesoarrei 4:31).
Galdetu zeure buruari: «Nire gurasoek eta anai-arrebek errespetuz tratatzen ditudala esango lukete? Beraiekin desadostasun bat daukadanean, gauzak lasai argitzeko gai naiz edo haserretu eta eztabaidan hasten naiz?».
Sakrifikatzeko jarrera. Ezkonduta zaudenean askotan zure ezkontidearen nahia zure nahiaren aurretik jarri beharko duzu.
Biblia printzipioa: «Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik» (1 Korintoarrei 10:24).
Galdetu zeure buruari: «Gauzak beti nire erara egin nahi izaten ditut? Besteek arrazoitsua naizela uste al dute? Nola erakutsi dut besteen beharrak nire beharren aurretik jartzen ditudala?».
Apaltasuna. Ezkontide on batek bere akatsak onartzen ditu eta hauengatik barkamena eskatzen du.
Biblia printzipioa: «Denok baitugu askotan huts egiten» (Santiago 3:2).
Galdetu zeure buruari: «Berehala onartzen ditut nire akatsak edo aitzakiak jartzen ditut? Norbaitek zerbaitetan hobetzeko aholku bat ematen badit, haserretu egiten al naiz?».
Diruaren erabilera. Ezkonduek diruaren erabilerari buruz eztabaidak izatea oso ohikoa da. Beraz, dirua ondo erabiltzen baldin badakizu, honen inguruan eztabaida gutxiago izango dituzu.
Biblia printzipioa: «Zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko?» (Lukas 14:28).
Galdetu zeure buruari: «Gastatzen dudan diru kopurua kontrolatzen dut, edo askotan zorrak izaten ditu? Nola erakutsi dut dirua ondo erabiltzen dudala?».
Espiritualtasuna. Jehobaren lekuko bazara, Biblia ikasteko eta kristau bileretara joateko errutina izan beharko zenuke.
Biblia printzipioa: «Zorionekoak dira euren behar espiritualaz jabetzen direnak» (Mateo 5:3, NWT).
Galdetu zeure buruari: «Esfortzuak egiten al ditut nire fedea sendo mantentzeko? Lehentasuna ematen al diot nire errutina espiritualari, edo beste gauza batzuei garrantzia handiagoa ematen diet?».
Laburbilduz: Ezkontzen zarenean, zure bikoteak ezkontide on bat merezi du. Aipatutako ezaugarriak lantzen ahalegintzen bazara, ezaugarri hauek dituen norbait erakartzeko aukera gehiago izango dituzu.