GAZTEEN GALDERAK
Norbaitekin irtetea (2. zatia): Zer izan behar dut kontuan norbaitekin irtetean?
Ezkontide egokiak zareten ikusteko elkarrekin irtetea erabaki baduzue, zer izan behar duzu kontuan elkar ezagutzen zareten bitartean?
Artikulu honetan, honakoa ikusiko duzu:
Kontuan izan elkarrizketa zintzoak izan beharko dituzula
Elkarrekin denbora pasatzeak, batak bestea hobeto ezagutzen lagunduko dizue. Gauza batzuk, adibidez, besteak egoera desberdinetan nola jokatzen duen ikusiz ezagutuko dituzu.
Hala ere, beste gauza batzuk ezagutzeko, elkarrekin zintzotasunez hitz egin beharko duzue. Hau egitean, buruz jokatu eta ez utzi sentimenduek zure erabakietan eragina izaten.
Besteak beste, hurrengo gaiei buruz hitz egin beharko zenukete:
Dirua. Zorrik ba al duzu? Gastatzen duzuna kontrolatzea zaila egiten al zaizu? Ezkontzen bazarete, nola hartuko dituzue diru-sarrerei eta gastuei buruzko erabakiak?
Osasuna. Osasuntsu al zaude? Osasun arazo larriren bat izan al duzu noizbait?
Helburuak. Zer helburu dituzu bizitzan? Zure neska-lagun edo mutil-lagunaren antzekoak al dira? Ezkondu eta gero zoriontsu izaten jarraitu ahalko duzu egoerak zure helburuak lortzea oztopatzen badizu ere?
Familia. Familia arduraren bat al duzu? Etorkizunean arduraren bat izango duzula aurreikusten al duzu? Haurrak izan nahi dituzu? Hala bada, zenbat?
Gai hauei buruz hitz egiterakoan, guztiz zintzoa izan; ez itzazu gauzak aldatu edo ezkutatu bestearentzat erakargarriagoa izan nahian (Hebrearrei 13:18).
Pentsatu honetan: Zer jakin beharko zenuke beste pertsonari buruz? Zer jakin beharko luke berak zuri buruz? Nola lagunduko dizue zintzoak izateak komunikazio ona izaten geroago ezkontzen bazarete?
Biblia printzipioa: «Esan egia nork bere lagun hurkoari» (Efesoarrei 4:25).
«Neskak agian hurrengoa pentsatzen du: “Sei hilabete barru ziurrenik ezkontzeko hitza emango dugu”. Baina mutilak beharbada urte bat barru egingo dutela pentsatzen du. Kasu horretan, neska minduta eta nahastuta sentitu daiteke konpromezua lehenago espero duelako. Inportantea da biontzat honi buruz bakoitzak pentsatzen duena ezagutzea» (Ariana, urte batez ezkonduta).
Kontuan izan ikuspuntu desberdina izango duzuela
Pertsona guztiak desberdinak dira. Beraz, ez pentsatu zuek biok ados egongo zaretela beti, edo iritzi bera izango duzuela gai desberdinei buruz. Adibidez, zure kultura eta heziketak zure ikuspuntuan eragina izan dezakete.
Pentsatu honetan: Garrantzi gutxiko gaietan ados ez zaudetenean eta hauekin loturiko Biblia printzipiorik ez dagoenean, bakea mantendu ahal izateko prest al zaudete bestearen ikuspuntura moldatzeko?
Biblia printzipioa: «Guztiek jakin dezatela arrazoitsuak zaretela» (Filipoarrei 4:5, NWT).
«Zuen artean dena “perfektua” dela iruditu arren, desberdintasunak izan ditzakezue. Antzekotasunak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoak dira desadostasunak daudenean norberak erakusten dituen ezaugarriak» (Matthew, bost urtez ezkonduta).
Kontuan izan norbaitekin irteteak estresa ekarri dezakeela
Norbaitekin irteten zarenean, denbora asko dedikatu behar diozu, eta honek estresa sortu dezake. Zerk lagundu zaitzake?
Arrazoitsuak diren mugak jarri. Ez jarri zure arreta guztia harreman berri honetan, eta gogoratu beste eginkizun edo lagunak ere dituzula. Alana-k, bost urtez ezkonduta dagoenak, dio: «Ezkondu ondoren ere, oraindik zure lagunak beharko dituzu, eta beraiek beharko zaituzte. Beraz, ez itzazu alde batera utzi norbaitekin irteten hasi zarelako».
Gogoratu, ezkontzean, zure bizitzako arlo guztiak orekatu beharko dituzula. Horregatik, zergatik ez zara orain oreka hau lantzen hasten?
Pentsatu honetan: Irteten ari zaren pertsonari denbora eta atentzio gehiegi eskatzen al diozu? Besteak asko eskatzen dizula uste al duzu? Nola izan zaitezkete orekatsuak emozionalki oso nekatuta ez sentitzeko?
Biblia printzipioa: «Denak du bere sasoia, gauza bakoitzak bere garaia du» (Eklesiastes [Kohelet] 3:1).
«Bikote bat aisialdirako bakarrik elkartzen bada, ezkon bizitza gogorra izan daiteke. Bikote batentzat ona da eguneroko jardueretan talde lanean aritzea. Adibidez, erosketak eta etxeko lanak egitea, baita Jainkoa zerbitzatzea ere. Horrela, elkarrekin lan egiten ikasiko dute, eta hau oso lagungarria izango zaie ezkon bizitzarako» (Daniel, bi urtez ezkonduta).
Gogoratu, norbaitekin irtetea denbora batez egingo duzun zerbait dela, pertsona horrekin ezkonduko zaren edo harremana amaituko duzun erabaki arte. Sail honetako 3. zatiak, erabaki hau hartzerakoan kontuan hartu beharrekoak azalduko ditu.