Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

«Arte martzialei zaletasun handia nien»

«Arte martzialei zaletasun handia nien»
  • Jaiotze-urtea: 1962

  • Jatorrizko herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak

  • Historia: Arte martzialetan murgildua

NIRE IRAGANA

 Entrenamendu batean nire borroka-kideari egindako mina uste nuena baino larriagoa izan zen. Nahi gabe sudurrean ostikada bat eman nion. Honek errudun sentiarazi ninduen eta arte martzialekin jarraitu edo ez pentsatzen hasi nintzen. Akats honen ondorioz, urtetan gogo biziz praktikatu nuen kirola uztea pentsatu nuen. Baina zergatik? Arte martzialetan nola murgildu nintzen azalduko dut lehenengo.

 Bufalotik gertu hazi nintzen, New York-en, fede handiko familia katoliko eta baketsu batean. Eskola katolikoetan ikasi nuen eta meza-laguntzailea izan nintzen. Nire gurasoek bizitza arrakastatsua nahi zuten nire arrebarentzat eta biontzat. Horregatik, eskola ondoren kiroletan aritzea edo egun erdiz lan egitea uzten zidaten, eskolan nota onak ateratzen baldin banituen, noski. Honek autodiziplina garatzen lagundu zidan gaztetatik.

 17 urte nituenean arte martzialak ikasten hasi nintzen. Urte askotan zehar, egunean hiru orduz entrenatzen nuen, asteko sei egunetan. Astero, hobetzeko helburuarekin, orduak pasatzen nituen teknikak eta mugimenduak buruz errepikatzen eta bideoak ikusten. Begiak estalita entrenatzea gustatzen zitzaidan, nahiz eta batzuetan armekin entrenatu. Taulak edo adreiluak hautsi ahal nituen eskuko kolpe batez. Kirol honetan onenen artean egotera iritsi nintzen eta lehiaketetan sariak irabazi nituen. Arte martzialak nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena bihurtu ziren.

 Bizitzan arrakasta lortu nuela uste nuen. Unibertsitateko titulua eskuratu nuen nota altuekin. Ondoren, garrantzi handiko enpresa bateko ingeniari informatikoa izan nintzen eta enpresako irabaziak eskuratzen nituen. Gainera, etxe bat erosi nuen eta neska-laguna neukan. Nire bizitza arrakastatsua zirudien, baina erantzunik gabeko galdera garrantzitsuak nituen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

 Galdera horien erantzunak jakiteko, astean bitan hasi nintzen elizara joaten eta Jainkoari otoitzean laguntza eskatzen. Egun batean lagun batekin izandako elkarrizketak bizitza aldatu zidan. Honakoa galdetu nion: «Pentsatu al duzu inoiz zein den bizitzaren helburua?». Ondoren, hauxe esan nion: «Izan ere, arazo eta injustizia asko daude!». Antzeko galderak izan zituela eta erantzunak Biblian aurkitu zituela esan zidan berak. Usted puede vivir para siempre en el paraíso en la Tierra edo Vous pouvez vivre éternellement sur une terre qui deviendra un paradis a izenburua duen liburua eman zidan. Jehobaren lekukoekin Biblia ikasten egon zela azaldu zidan. Hasiera batean zalantza egin nuen, beste erlijio bateko argitalpenak irakurri behar ez nituela pentsatzen nuelako. Hala ere, galderen erantzunak jakiteko nahiak Jehobaren lekukoek irakasten zutena zentzuzkoa zen edo ez ikustera bultzatu ninduen.

 Bibliak benetan irakasten duenak asko harritu ninduen. Jainkoak gizakiontzat paradisuan bilakatutako lurrean betiko bizitzea nahi zuela eta helburu hori ez dela aldatu ikasi nuen (Hasiera 1:28). Nire Biblian, King James Version biblia-itzulpenean, Jainkoaren izena, Jehoba, ikusteak harriturik utzi ninduen. Aitagurean aipatzen nuen Jainkoaren izena zen hura! (83. Salmoa 18NW; Mateo 6:9). Honetaz gain, Jainkoak zergatik uzten duen denbora batez sufrimendua izaten ulertu nuen azkenean. Ikasitako guztiak zentzu osoa zuen! Hunkiturik nengoen.

 Ez dut inoiz ahaztuko nola sentitu nintzen Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi nintzenean. Guztiak atseginak ziren eta nire izena jakin nahi zuten. Nire lehen bileran Jainkoak entzuten dituen otoitzei buruzko jendaurreko hitzaldi berezia entzun nuen. Gai horretan interesa nuen, Jainkoari laguntza eske otoitz egiten ari nintzelako. Ondoren, Jesusen heriotzaren oroitzapenean egon nintzen. Bilera hauetan, haurrek ere biblia-aipuak beraien kabuz bilatzen zituztela ikusteak harritu ninduen. Hasieran ez nekien biblia-aipuak bilatzen, baina Jehobaren lekukoek nola egin irakatsi zidaten.

 Bileretara joaten nintzen heinean, Jehobaren lekukoen irakaskuntza-maila altua gero eta gehiago estimatzen nuen. Asko ikasten nuen bilera guztietan eta beti indarberrituta irteten nintzen. Gainera, biblia-ikastaro bat eskaini zidaten.

 Jehobaren lekukoen artean ikusten nuena eta aurreko elizan ikusten nuena guztiz desberdina zen. Jehobaren lekukoek elkarturik zerbitzatzen duten talde zintzoa osatzen dutela ikusi nuen. Izan ere, Jehoba pozteko ahaleginak egiten dituzte. Zalantzarik gabe, benetako kristauak identifikatzen dituen marka erakusten zuten, hau da, beraien arteko maitasuna (Joan 13:35).

 Biblia ikasten nuen heinean, aldaketak egin nituen Bibliako printzipioekin bat bizitzeko. Hala ere, arte martzialak uztea ezinezkoa izango zela sentitzen nuen. Izan ere, entrenatzea eta lehiaketetan parte hartzea asko gustatzen zitzaidan. Biblia-irakasleari nire sentimenduak adierazi nizkionean, goxotasunez hauxe esan zidan: «Lasai. Ikasten jarraitu eta ziur nago erabaki egokia hartuko duzula». Hori entzutea behar nuen. Gero eta gehiago ikasi, orduan eta Jehoba pozteko gogo handiagoa nuen.

 Hasieran aipatu dudan istripuak erabakiak hartzeko unea iritsi zela konturatzen lagundu zidan, nahi gabe borroka-kideari sudurrean ostikada eman nionean. Arte martzialekin jarraitzen banuen, nola izan ahal nintzen Jesu Kristoren jarraitzaile baketsua? Isaias 2:3, 4 aipuan ikasi nuen Jehobaren printzipioak jarraitzen dituztenak ez direla «gehiago gudurako prestatuko». Nahiz eta injustiziak jasan, biolentziaz ez erantzuteko irakatsi zuen ere Jesusek (Mateo 26:52). Beraz, hainbeste gustatzen zitzaidan kirola uztea erabaki nuen.

 Handik aurrera, Bibliako printzipioak jarraituz, nire lehentasuna Jainkoari leialtasuna erakustea izan da (1 Timoteori 4:7). Arte martzialetan murgildurik pasa dudan denbora eta esfortzu guztia, orain Jainkoarengana hurbiltzen eta bera zerbitzatzen ematen dut. Nire neska-laguna ez zegoen ados Biblian ikasten ari nintzenarekin. Beraz, gure harremana haustea erabaki genuen. 1987⁠ko urtarrilaren 24⁠an Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen. Handik gutxira, denbora osoz zerbitzatzen hasi nintzen besteei Biblia irakasteko. Geroztik denbora osoz zerbitzatzen jarraitu dut. Gainera, garai batean, New York-eko Jehobaren lekukoen egoitza nagusian zerbitzatu nuen.

JASO DITUDAN ONURAK

 Orain, Jainkoari buruzko egia ezagutzen dudanez, bizitzan falta zitzaidana aurkitu dut. Ez naiz gehiago hutsik sentitzen. Horren ordez, bizitza esanguratsua eta etorkizunerako benetako esperantza dut. Benetan zoriontsua naiz orain. Kirola egiteaz gozatzen jarraitzen dut. Baina orain, entrenamendu fisikoa ez da nire lehentasuna, Jehoba zerbitzatzea baizik.

 Arte martzialak praktikatzen nituenean, erne nengoen beti inguruko jendearekin, norbaitek erasotzen bazidan neure burua nola defendatu etengabe pentsatuz. Gaur egun, inguruko jendearekin erne egoten jarraitzen dut, baina laguntzeko asmoarekin. Bibliak eskuzabala eta senar hobea izaten lagundu dit.

 Arte martzialei zaletasun handia nien. Hala ere, hobeagoa den zerbaitekin ordezkatu ditut. Bibliak oso ondo azaltzen du hau: «Gorputz-ariketek ezer gutxirako balio dute; jainkozaletasunak, berriz, guztirako balio du, oraingo eta geroko biziaren agintzaria baitu berekin» (1 Timoteori 4:8).

a Jehobaren lekukoek argitaratua, baina jadanik ez da inprimatzen.