Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

Benetako aberastasuna aurkitu nuen

Benetako aberastasuna aurkitu nuen
  • Jaiotze-urtea: 1968

  • Jatorrizko herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak

  • Historia: Enpresa bateko zuzendaria izanik, aberats izateko otoitz egin zuen

NIRE IRAGANA

 Erlijio katolikoan hezi ninduten Rochester-en (New York). Zortzi urte nituenean, nire gurasoak banatu egin ziren. Beraz, astean zehar amarekin bizi nintzen etxe xume batean. Asteburuak, berriz, aitarekin pasatzen nituen auzo aberatsago batean. Amarentzat oso zaila zen sei seme-alaba heztea. Horregatik, familiari laguntzeko, nire desioa aberats bihurtzea zen.

 Aitak bizitza arrakastatsua nahi zuen niretzat. Beraz, hotelen zuzendaritza ikasten den eskola famatu bat bisitatzera eraman ninduen. Izugarri gustatu zitzaidan eta matrikula egin nuen, Jainkoa ni aberats eta zoriontsu izateko otoitza erantzuten ari zela pentsatuz. Hotelen administrazioa, merkataritza-zuzenbidea eta finantzak ikasi nituen bost urtez. Aldi berean, kasinoa zuen hotel batean egiten nuen lan Las Vegas-en (Nevada).

Nire lana, jokoan ibiltzen ziren aberatsen nahiak eta beharrak asetzea zen

 22 urte nituenean, kasinoa zuen hotel bateko presidenteorde izatera iritsi nintzen. Besteek aberatsa nintzela eta arrakasta handia nuela uste zuten. Elikagai hoberenak eta ardo nahiz likore garestienak eskuratzen nituen askotan. Lankideek dirua munduko gauzarik garrantzitsuena zela gogorarazten zidaten. Beraien ustetan, dirua zen benetako zoriontasunaren gakoa.

 Nire lana Las Vegas-era jokoan ibiltzera etortzen ziren aberatsen nahiak eta beharrak asetzea zen. Aberatsak izan arren, ez ziruditen batere zoriontsu eta ni ere ez nintzen zoriontsu sentitzen. Izan ere, gero eta diru gehiago eduki, orduan eta antsietate handiagoa nuen eta ezin nuen ondo lo egin. Nire burua hiltzea ere pentsatu nuen. Eramaten ari nintzen bizimoduarekin nahigabeturik, hauxe galdetu nion Jainkoari: «Non aurkitu dezaket benetako zoriontasuna?».

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

 Jehobaren lekukoak ziren bi arreba nituen. Garai hartan, Las Vegas-era joan ziren bizitzera. Beraien argitalpenak onartzen ez nituen arren, elkarrekin nire Biblia irakurtzen hasi ginen. Bertan, Jesusen hitzak gorriz zeuden idatzita. Jesusek esandako guztia onartzen nuenez, nire arrebek berari buruz hitz egiten zidaten batez ere. Nire kabuz ere irakurtzen nuen Biblia.

 Irakurri nituen gauza askok harritu egin ninduten. Adibidez, Jesusek honakoa esan zuen: «Otoitz egitean, ez ari esan eta esan, jentilek ohi duten bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak» (Mateo 6:7). Iraganean, apaiz batek Jesusen irudi bat eman zidan. Honen aurrean hamar aitagure eta hamar abemaria esaten banituen otoitzean, Jainkoak behar nuen diru guztia emango zidala esan zidan. Baina otoitz hauek esatean, esanahirik gabeko hitzak esan eta esan ari nintzela konturatu nintzen. Gainera, Jesusen hitz hauek ere irakurri nituen: «Ez deitu lurrean inori “aita”, bat bakarra baita zuen aita, zerukoa» (Mateo 23:9). Beraz, honakoa galdetzen nion neure buruari: «Zergatik deitzen diegu “aita” apaizei katolikook?».

 Bibliako Santiago liburua irakurtzean, nire bizitzarekin zer egiten ari nintzen hasi nintzen pentsatzen. Laugarren kapituluan hauxe idatzi zuen Santiagok: «Ez al dakizue munduaren adiskide izatea Jainkoaren etsai izatea dena? Munduaren adiskide izan nahian dabilena Jainkoaren etsai egiten da» (Santiago 4:4). Are gehiago harritu ninduen 17. bertsetak dioena: «Nola on egin jakin eta egiten ez duenak bekatu egiten du». Orduan, nire arrebei deitu nien kasinoa zuen hoteleko lana utzi behar nuela esateko. Izan ere, lan hori, dagoeneko niretzat onartezinak ziren gauzekin erlazionaturik zegoen, besteak beste, jokoarekin eta diru-gosearekin.

«Bibliako Santiago liburua irakurtzean, nire bizitzarekin zer egiten ari nintzen hasi nintzen pentsatzen»

 Jainkoarekin eta familiarekin nuen harremana hobetu nahi nuen. Beraz, hau egiteko helburuarekin, bizitza sinplifikatzea erabaki nuen. Baina aldaketak egitea ez zen erraza izan. Adibidez, lanpostu tentagarriak eskaini zizkidaten. Lanpostu hauetan soldata bikoitza edo hirukoitza irabazteko aukera izango nuke. Honi buruz otoitz egin ondoren, ez nuela horrelako bizimodurik nahi erabaki nuen. Lanpostua utzi eta amaren garajera joan nintzen bizitzera. Bestalde, jatetxeetako menuak plastifikatzeko negozio txiki bat hasi nuen.

 Bibliak erabaki onak hartzen lagundu zidan arren, oraindik ez nintzen Jehobaren lekukoen bileretara joaten. Beraien aurka zer nuen galdetu zidaten nire arrebek. Hauxe erantzun nien: «Zuen Jainkoak, Jehobak, familiak banatzen ditu. Familiarekin Gabonetan eta urtebetzeetan bakarrik egon naiteke eta zuek ez dituzue ospatzen». Arrebetako batek, negarrez, honakoa galdetu zidan: «Non zaude urteko beste egunetan? Zurekin egoteko irrikaz gaude beti. Baina zuk, egun zehatz horietan bakarrik etorri nahi duzu, etorri behar duzula pentsatzen duzulako». Bere hitzek nire bihotza ukitu zuten eta berarekin batera negarrez hasi nintzen.

 Oker nengoela konturatu nintzen. Jehobaren lekukoek euren familiak maite dituztela ulertu nuen. Beraz, beraien bilera batera joan nintzen. Bertan, Kevin izeneko biblia-irakasle trebea ezagutu nuen eta berarekin hasi nintzen Biblia ikasten.

 Kevin eta bere emazteak bizimodu orekatsua zuten. Horri esker, denbora gehiena besteei Biblia irakasten ematen zuten. Irabazten zuten diruarekin, Afrika eta Erdialdeko Amerikara joateko bidaia ordaintzen zuten, bertan Jehobaren lekukoen sukurtsalak eraikitzen laguntzeko. Oso zoriontsuak ziren eta elkar maite zuten. «Nik ere horrelako bizitza izan nahi dut», pentsatu nuen.

 Kevinek misiolari izateak dakarren zoriontasunari buruzko bideo bat erakutsi zidan eta nik ere misiolari izan nahi nuela erabaki nuen. Sei hilabetez Biblia gogotsu ikasi ondoren, 1995⁠ean bataiatu nintzen Jehobaren lekuko izateko. Jainkoari aberastasuna eskatu ordez, otoitzean honakoa eskatzen hasi nintzen: «Ez nazazu egin ez txiro, ez aberats» (Esaera Zaharrak 30:8).

JASO DITUDAN ONURAK

 Orain, aberatsa naiz benetan, baina ez ekonomikoki, espiritualki baizik. Hondurasen ezagutu nuen Nuria, nire emazte maitea, eta elkarrekin izan gara misiolariak Panaman eta Mexikon. Benetan betetzen dira Bibliako hitz hauek: «Jaunaren bedeinkazioak aberasten du, eta ezer ez gure nekeak gehitzen» (Esaera Zaharrak 10:22).