BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU
«Krimenak eta diru-goseak sufrimendua ekartzen du»
Jaiotze-urtea: 1974
Jatorrizko herrialdea: Albania
Historia: Lapurra, droga saltzailea eta presoa
NIRE IRAGANA
Tiranan jaio nintzen, Albaniako hiriburuan. Nire familiak oso diru gutxi zuen. Nire aita gizon zintzoa zen eta lan asko egiten zuen gu zaintzeko. Baina ez genuen bizirauteko diru askorik. Txikia nintzenean oso triste sentitzen nintzen pobreak ginelako. Haurtzaro gehiena oinetakorik gabe pasa nuen. Gainera, gosea pasatzen nuen.
Oso gazte hasi nintzen lapurretan. Familiari laguntzen ari nintzela pentsatzen nuen. Baina, azkenean, poliziak harrapatu ninduen. Beraz, 1988an,14 urte nituela nire aitak erreformatoriora bidali ninduen. Bi urte egon nintzen bertan eta soldatzen ikasi nuen. Irten nintzenean, zintzo jokatu eta lan bat bilatzen hasi nintzen. Baina ez nuen aurkitu. Garai hartan, Albanian lana aurkitzea oso zaila zen arazo politikoengatik. Desanimatu egin nintzen. Nire lehengo lagunekin elkartu eta lapurretan hasi ginen berriro. Azkenean, harrapatu eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri ziguten.
Kartzelatik atera nintzenean, krimenak egiten jarraitu nuen. Albaniako ekonomia oso larria zen eta herrialdea desastre bat zen. Egoera ezegonkor hartan, ilegalki diru asko irabazi nuen. Lapurreta armatu baten ondoren, nire konplizeetako bi kartzelatuak izan ziren. Baina nik, kartzelatik libratzeko, herrialdetik ihes egin nuen. Ordurako, nire emazte Julindarekin ezkonduta nengoen eta haurtxo bat geneukan.
Ingalaterran amaitu genuen. Ezkonduta eta seme bat izanda, ez nuen bizimodu horrekin jarraitu nahi. Baina oso zaila egiten zitzaidan nire ohitura txarrak uztea. Laster, krimenekin hasi nintzen berriro. Baina oraingoan, drogak saltzen ibili nintzen eta diru asko mugitzen nuen.
Zer iruditzen zitzaion Julindari ni drogak saltzen ibiltzea? Berak dio: «Albanian hezi nintzenez, nire ametsa pobreziatik ateratzea zen. Bizitza hobea lortzeko ahaleginak egiten nituen. Diruak gure bizitza hobetuko zuela uste nuen. Horregatik, Artan gezurrak esatera, lapurtzera eta drogetan ibiltzera animatzen nuen. Dirua irabazteko, edozer!».
2002an gure bizitza aldatu zen eta etorkizun hobe baten esperantza galdu genuen. Droga askorekin harrapatu ninduten eta kartzelatua izan nintzen berriro.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN
Ni konturatu orduko, Bibliak nire bizimoduan eragina izan zuen. 2000. urtean Julindak Jehobaren lekukoak ezagutu eta beraiekin Biblia ikasten hasi zen. Ez zitzaidan Bibliari buruz hitz egitea gustatzen, aspergarria iruditzen zitzaidan. Baina Julindari asko gustatzen zitzaion. Berak dio: «Nire familia beti erlijiosoa izan da eta nik Biblia estimatzen nuen. Beti jakin nahi izan dut Bibliak irakasten duena eta irrikaz ikasten nuen Jehobaren lekukoekin. Ikasten nuenak bizitzan aldaketak egitera bultzatzen ninduen. Behar nuena zen! Baina diruak poztasuna ematen zuela pentsatzen jarraitzen nuen, Artan kartzelatua izan zen arte. Honek, ikuspuntua zeharo aldatu zidan. Bat-batean, Bibliak diruari buruz zioena egia zela konturatu nintzen. Gure esku zegoen guztia egin genuen aberatsak izateko, baina ez genuen inoiz zoriontsu izatea lortu. Orduan konturatu nintzen Jainkoak esaten duena bete behar nuela».
2004ean, kartzelatik irten eta gutxira, berriro drogen salmentan hasten saiatu nintzen. Baina Julindak ikuspuntu berria zuen eta esan zidanak pentsarazi egin ninduen: «Ez dut zure dirua nahi. Nire senarra itzultzea nahi dut, nire haurren aita beraiekin egotea». Harrituta nengoen, baina arrazoia zuen. Urteak pasa nituen familiarengandik urrun. Dirua ilegalki irabazteak eragindako sufrimenduan ere hausnartu nuen. Beraz, nire jokaera aldatu eta lehengo lagunekin nuen harremana moztu nuen.
Nire emazte eta bi semeekin Jehobaren lekukoen bilera batera joan nintzen. Bertan ezagutu nuen jende zintzoaren jarrerak, izugarri eragin zidan. Azkenean, Biblia ikasten hasi nintzen.
Diru asko izateak poztasuna ekartzen zuela uste nuen
Bibliatik hau ikasi nuen: «Diru-gosea baita gaitz guztien sustraia; diruaren irrikagatik [...] atsekabe asko bereganatu du zenbaitek» (1 Timoteori 6:9, 10). Bizitakoagatik hitz hauek egia direla esan dezaket! Oso damututa nago iraganean egindako akatsengatik, nire familia eta neure buruari ekarritako sufrimenduarengatik (Galaziarrei 6:7). Jehobak eta Jesu Kristok diguten maitasunari buruz ikastean, nire izaera aldatzen hasi nintzen. Nire buruarengan pentsatzen jarraitu ordez, besteengan pentsatzen eta nire familiarekin denbora gehiago pasatzen hasi nintzen.
NIRE ONERAKO IZAN DA
Bibliako aholku hau jarraitzeak asko lagundu dit: «Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin» (Hebrearrei 13:5). Orain kontzientzia lasaia dut. Inoiz sentitu ez dudan poztasuna eman dit honek. Nire emaztea eta familia guztiarekin dudan harremana estuagoa da.
Diru asko izateak poztasuna ekartzen zuela uste nuen. Orain, argi ikusten dut krimenak eta diru-goseak sufrimendua ekartzen duela. Ez gara aberatsak, baina hau baino garrantzitsuagoa den zerbait lortu dugu: Jehobarekin dugun adiskidetasuna. Jehoba guztiok batera zerbitzatzeak benetan zoriontsu egiten gaitu.