Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

Nire bizitzaren kontrola galdu nuen

Nire bizitzaren kontrola galdu nuen
  • Jaiotze⁠-⁠urtea: 1971

  • Jatorrizko herrialdea: Tonga

  • Historia: Drogazalea, kartzelaratua

NIRE IRAGANA

 Nire familia Tongakoa da, 170 bat uhartez osatutako herrialde batekoa, Pazifiko itsasoaren hego⁠-⁠mendebaldean dagoena. Tongan bizimodu sinplea genuen, elektrizitate eta autorik gabe. Baina gure etxeak txorrotako ura zuen, eta oilo gutxi batzuk ere bagenituen. Eskola oporraldietan nire bi anaiek eta nik aita laguntzen genuen bananak, batatak, ñameak eta maniokak hazten familia plantazioan. Hauei esker lortutako dirua aitak beste lan batzuekin irabazten zuen soldata eskasari gehitzen zitzaion. Uharteko bizilagun askok bezala, gure familiak Bibliari errespetu handia zion eta elizara joateko ohitura genuen. Hala ere, bizimodu ona edukitzeko bide bakarra herrialde aberatsago batera joatea zela uste genuen.

 16 urte nituenean, nire osabak Estatu Batuetako Kaliforniara bizitzera joaten lagundu gintuen. Zer zaila izan zen guretzat kultura berri hartara moldatzea! Gure egoera ekonomikoa hobetu zen arren, leku behartsu batean bizi ginen eta bertan drogen erabilera eta delituak neurrigabeak ziren. Gau askotan tiroak entzuten genituen eta gure bizilagun gehienak gaizkile taldeen beldur ziren. Jende askok suzko armak erabiltzen zituen bere burua babesteko edota eztabaidak irabazteko. Haietako eztabaida baten ondorioz bala bat daukat nire bularrean oraindik ere.

 Institutuan nengoenean, beste gazteekin egon nahi nuen. Pixkanaka, gero eta gehiago aritu nintzen kontrolik gabeko jaietan, alkohol gehiegi edaten, indarkeriaz jokatzen eta legez kanpoko drogak erabiltzen. Denborarekin kokainazale bihurtu nintzen. Drogak erosteko lapurtzen hasi nintzen. Nire senideak elizazaleak izan arren, inork ez zidan irakatsi oker jokatzeko talde presioari aurre egiten. Askotan atxiloturik bukatu nuen biolentziaz jokatzeagatik. Nire bizitzaren kontrola galdu nuen! Azkenean kartzelan amaitu nuen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

 1997⁠ko egun batean, kartzelan nengoen bitartean, beste preso bat Biblia bat eskuetan nuela konturatu zen. Gabonak ziren, Tongatar gehienentzat sakratuak diren egunak. Jesu Kristoren jaiotegunari buruz Bibliak benetan esaten duena ba al nekien galdetu zidan, baina ez nuen ideiarik ere. Biblian agertzen den Jesusen jaiotzaren kontaketa sinplea erakutsi zidan eta Gabonetako ohitura asko ez zirela aipatu ere egiten ikusi nuen (Mateo 2:1-12; Lukas 2:5-14). Erabat harriturik geratu nintzen eta Bibliak zer gehiago irakasten ote duen galdetu nion neure buruari. Presoa Jehobaren lekukoek kartzelan bertan astero ospatzen zituzten bileretara joaten ibili zen eta berarekin joatea erabaki nuen. Bibliako Apokalipsia liburuari buruz hitz egin zuten. Esandakoaz oso gutxi ulertu nuen arren, irakasten zuten guztia Biblian oinarrituta zegoela konturatu nintzen.

 Lekukoek Biblia ikastaro bat eskaini zidatenean, atseginez onartu nuen. Bibliaren etorkizunerako promesari buruz, hau da, lurreko paradisuari buruz ikasi nuen lehenengo aldiz (Isaias 35:5-8). Berehala ulertu nuen Jainkoaren oniritzia izateko nire bizimoduan aldaketa handiak egin behar nituela. Jehobak promestutako paradisuan ez zituela nire bizioak onartuko konturatu nintzen (1 Korintoarrei 6:9, 10). Beraz, nire jenio txarra kontrolatzea erabaki nuen eta erretzeari, gehiegi edateari eta drogak erabiltzeari utzi nion.

 1999. urtean, kartzelako egonaldia bukatu baino lehen, agintariek etorkinen esparru batera bidali ninduten. Ez nuen Lekukoekin kontakturik izan urte bete baino gehiagoz. Baina nire bizitzan aldaketak egiten jarraitzeari eutsi nion. 2000. urtean, gobernuak Estatu Batuetan bizitzeko baimena kendu zidan eta Tongara bidali ninduen.

 Han Jehobaren lekukoak gogo biziz bilatu nituen eta nire biblia⁠-⁠ikastaroarekin jarraitu nuen. Ikasten ari nintzena maite nuen eta uharteko Lekukoek, Estatu Batuetako Lekukoek bezala, irakasten zuten guztia Biblian oinarritzen zutela ikusteak harritu ninduen.

 Nire aita bere elizan postu garrantzitsua zuelako zen ezaguna komunitatean. Horregatik, hasiera batean, nire familia zeharo harrituta eta haserretuta zegoen Jehobaren lekukoekin elkartzen nintzelako. Baina, geroago, nire gurasoak poztu egin ziren biblia⁠-⁠printzipioek nire bizitza garbitzen laguntzen ari zirelako.

Tongatar gizon asko bezala, orduak ematen nituen astero kava edaten.

 Niretzat, aldaketa zailenetako bat nire kulturan gehiegizko erabilera duen edari bati buruzkoa izan zen. Tongatar gizon askok orduak ematen dituzte astero kava edaten, hau da, piper⁠-⁠landarearen sustraiekin prestatutako edari lasaigarri bat edaten. Nire jaioterrira itzulirik, ia gauero kava klub batera joateko ohitura hartu nuen eta kava edaten nuen ia konortea galtzera arte. Neurri batean, biblia⁠-⁠arauak errespetatzen ez zituzten lagunekin elkartzeagatik nuen arazo hau. Azkenean, nire ohiturek Jainkoa mintzen zutela ulertzen lagundu zidaten Lekukoek. Aldaketak egin nituen Jainkoaren bedeinkapena eta onarpena izateko.

 Jehobaren lekukoen bilera guztietara joaten hasi nintzen. Jainkoa pozteko ahaleginak egiten ari zirenekin elkartzeak tentazioei aurre egiten lagundu ninduen. 2002. urtean Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.

JASO DITUDAN ONURAK

 Jainkoaren pazientzia lagungarria izan da niretzat. Izan ere, Bibliak dioen bezala Jehobak «pazientzia» du gurekin, «ez baitu inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik» (2 Pedro 3:9). Dudarik gabe, mundu zahar eta ustel honekin duela asko bukatu izan zezakeen, baina jarraitzen utzi du, ni bezalakoak direnek bere adiskide izateko aukera izan dezaten. Agian besteak laguntzeko erabiltzen nauela pentsatzea gustatzen zait.

 Jehobaren laguntzari esker nire bizitzaren kontrola berreskuratu nuen. Ez dut gehiago lapurtzen adizio hilgarri bat mantendu ahal izateko. Horren ordez, nire bizilagunak ere Jehobaren lagunak izaten laguntzen saiatzen naiz. Jehobaren lekukoekin elkartuz nire emazte maitagarria, Tea, ezagutu nuen. Gure seme gaztearekin batera, oso familia zoriontsua daukagu. Elkarrekin, besteei Bibliak etorkizunari buruz esaten duena irakasten diegu, hain zuzen, paradisu baketsu batean betiko bizitzeko dugun esperantzari buruz.