Apaiza zela pentsatu zuten
Osman, bere emaztea eta alaba Txileko hilerri baten kanpoaldean zeuden argitalpen-erakusgailu batekin predikatzen. Bat-batean, hileta-prozesio luze bat iritsi zen hilerrira, musika altua jotzen. Haietako batzuek Osman beraien apaiz ebanjelikoa zela pentsatu zuten, beraz beregana hurbildu, besarkatu eta honakoa esan zioten: «Eskerrik asko garaiz iristeagatik, zure zain geunden!»
Nahiz eta Osman gaizkiulertua argitzen saiatu, jendetzaren zaratarekin ez zuten ezer entzuten. Taldea hilerrian sartu eta minutu batzuetara batzuk kanpora irten eta hau esan zioten Osmani: «Apaiz, zure zain gaude hilerrian».
Zarata baretu zenean, nor zen eta zergatik zegoen han azaldu ahal izan zuen Osmanek. Beraien apaiza ez etortzeagatik haserrea erakutsi ondoren, honakoa eskatu zioten Osmani: «Etorriko zinateke barrura eta Bibliako zenbait hitz esango zenizkioke taldeari?» Baietz esan zuen honek.
Hilobira zihoazela, Osmanek hildakoari buruzko galderak egin zizkien eta aipatuko zituen hainbat biblia-aipuri buruz pentsatzen aritu zen. Hara iristean, taldearen aurrean aurkeztu zuen bere burua eta, Jehobaren lekuko gisa, berri onak zabaltzen zituela azaldu zuen.
Ondoren, Apokalipsia 21:3, 4 eta Joan 5:28, 29 bertsetak erabiliz, gizakia hiltzea ez dela inoiz Jainkoaren helburua izan adierazi zuen. Gainera, Jainkoak laster hildakoak berpiztuko dituela eta hauek lurrean betiko bizitzeko aukera izango dutela esan zuen. Bere hitzak amaitzean, askok Osman besarkatu zuten eta eskerrak eman zizkioten «Jehobaren berri onen mezuarengatik». Orduan argitalpen-erakusgailura itzuli zen.
Hiletaren ondoren, hildakoaren adiskide batzuk argitalpen-erakusgailura hurbildu eta Bibliari buruzko galderak egin zizkieten Osman eta honen familiari. Elkarrizketa luzea izan zuten eta argitalpen-erakusgailuan zeuden argitalpen gehienak eraman zituzten.