Triangelu morea eramaten zuten
Maud Frantzian bizi da eta eskola batean egiten du lan desgaituak diren haurrei laguntzen. Duela gutxi, ikasleak holokaustoari eta nazien kontzentrazio-esparruei buruz ikasten ari ziren klase batean. Esparruko presoek jantzi behar zuten uniformeak kolorezko tela zati bat zuen josita. Tela zatiaren kolore eta formak espetxeratzearen zergatia adierazten zuen.
Preso batzuek uniformean zuten triangelu moreari buruz, honakoa esan zuen irakasleak: «Homosexualak zirelako eramaten zutela uste dut». Klasea amaitzean, Maud-ek irakaslearekin hitz egin eta naziek triangelu morea Jehobaren lekukoak identifikatzeko erabiltzen zutela azaldu zion a. Hurrengo batean gaiari buruzko informazioa eramatea eskaini zion. Irakasleak proposamena onartu zuen eta ikasleei informazioa azaltzea eskatu zion.
Gai berdinari buruzko beste klase batean, beste irakasle batek taula bat erabili zuen presoen uniformeko ikur desberdinak erakusteko. Taulak argi erakutsi zuen triangelu moreak Jehobaren lekukoak identifikatzen zituela. Klasea amaitzean, Maud-ek gaiari buruzko informazioa eskaini zion irakasleari. Honek proposamena onartu zuen eta Maud-ek ikasleei hitz egiteko prestaketak egin zituen.
Maud-ek 15 minutuko aurkezpena prestatu zuen lehenengo klaserako, baina denbora amaitzean, honakoa esan zion irakasleak: «Ordu osoa erabili dezakezu hitz egiteko». Jehobaren lekukoek nazien eskutik jasandako pertsekuzioari buruzko dokumental bat erakutsiz hasi zuen Maud-ek aurkezpena. Dokumentalean naziek Lekukoen 800 haur gurasoengandik aldendu zituztela azaldu zenean, Maud-ek bideoa gelditu eta haur haietako hiruren bizipenak irakurri zituen. Bideoa erakutsi ondoren, Maud-ek 1940an 19 urteko austriar Lekuko batek idatzitako gutun bat irakurriz amaitu zuen aurkezpena. Gerhard Steinacher izeneko gazte honek bere gurasoei agur esateko idatzi zuen gutun hau, naziek exekutatu baino ordu batzuk lehenago b.
Maud-ek antzeko informazioa aurkeztu zuen bigarren klasean. Bere ausardiari esker, bi irakasleek orain, Jehobaren lekukoak aipatzen dituzte nazien kontzentrazio-esparruen biktimei buruz irakastean.
a Bigarren Mundu Gerran zehar Alemaniako Jehobaren lekukoak, Bibelforscher (Biblia-ikasleak) izenaz ere ezagutuak, espetxeratuak izan ziren nazien alde ez egoteagatik.
b Gerhard Steinacher-i heriotza zigorra eman zioten Alemaniako armadaren parte ez izatea erabaki zuelako. Agur esateko gutunean, honakoa idatzi zuen: «Gaztetxoa naiz oraindik. Jaunaren indarrari esker bakarrik mantendu naiteke tinko, eta horixe eskatzen diot». Hurrengo goizean Gerhard exekutatua izan zen. Bere hilobian hau dago idatzita: «Jainkoaren aintzarako hil zen».