Besteak kontsolatzen ditu osasun arazoak izan arren
Clodean Hego Afrikan bizi den Jehobaren lekukoa da. Ospitalera joan behar izan zuen ebakuntza garrantzitsu bat izateko. Osasun arazo ugari zituen eta hainbat tratamenduren artean egokiena aukeratu behar zuen. Honen ondorioz, ebakuntzaren aurretik eta ondoren nekea, mina eta estresa izan zituen. Etxera itzuli eta hamar aste ingurura, oraindik ez zen esertzeko gai. Gainera, COVID-19aren ondorioz, ezin zituen bisitarik jaso.
Clodean-ek ez zuen bere buruaz errukitu nahi. Hortaz, Jainkoari indarrak eskatu zizkion besteei lagundu ahal izateko. Esertzeko gai izan bezain pronto, garai batean Lekukoekin ikasi zuen emakume batekin kontaktuan jarri zen. Emakume hau Clodean-en bizilagun baten ahizpa zen eta Clodean-ek Bibliako ideia animagarri bat azaldu zionean, berriro ikasteko nahia piztu zitzaion. Clodean-ek bileretara joatea oso lagungarria zela azaldu zion. Gainera, bilerak bideodeiez zirenez, hauetara konektatzen irakatsi zion. Emakumea bilerara konektatzeaz gain, parte-hartzea zegoen atal batean komentatu zuen.
Clodean-ek, ondoren, bere ikaslearen ahizpa txikiarekin hitz egin zuen berak ere Biblia aztertu nahi zuelako. Azken honek, interesa izan zezaketen beste batzuei buruz hitz egin zion Clodean-i. Zein izan zen emaitza? Clodean beste lau emakumerekin hasi zen Biblia aztertzen. Baina hemen ez da istorioa amaitzen.
Clodean-ek besteengan benetako interesa erakutsi zuenez, beste hamar emakumerekin hasi zen Biblia aztertzen, eta denak pandemian zehar. Guztira, hamasei biblia-ikastaro izan zituen! Batzuek bileretara konektatzeko ohitura dute. Era honetan lanpetuta egoteak Clodean-i bere egoeran gehiegi ez pentsatzen lagundu dio. Jehobak, kontsolamenduaren Jainkoa denak, bere atsekabeetan kontsolatu duenez, bera ere besteak kontsolatzeko gai izan dela ikusi du (2 Korintoarrei 1:3, 4).
Nola sentitzen dira Clodean-en ikasleak? Horietako batek dio: «Ikasitakoak modu askotan lagundu dit. Baina garrantzitsuena Jainkoaren izena ikastea izan zen. Honek Jehobarengana gerturatzen lagundu dit». Clodean-ek kontaktatutako lehenengo emakumeak bataiatu egin nahi du. Bizipen hauek poza handia eman diote Clodean-i. Gainera, oso ondo sendatu da izan zuen ebakuntzatik.