Saltatu edukira

Bideoak ehunka hizkuntzatan

Bideoak ehunka hizkuntzatan

Jehobaren lekukook aski ezagunak gara gure itzulpen-lanarengatik. 2014ko azarorako, Biblia 125 hizkuntzatan eta biblia-argitalpenak 742 hizkuntzatan itzuliak genituen. Gure itzulpen-lanaren barne bideoak ere badira. 2015eko urtarriletik aurrera, Zer egiten da Jehobaren lekukoen bilera-aretoetan? 398 hizkuntzatan zegoen eskuragarri eta Zergatik Biblia ikasi? 569 hizkuntzatan. Zergatik egin zen hau? Eta nola lortu zen?

2014ko martxoan, Jehobaren lekukoen Zuzendari-batzordeak mundu osoko sukurtsalei bideoentzako audio edukiak ahalik eta hizkuntza gehienetan itzultzeko eginkizuna eman zien. Honen helburua biblia-ikastaroak bultzatzea zen.

Hainbat pauso jarraitu behar dira bideoak itzultzean. Lehenengo, itzulpen-taldeak gidoia itzultzen du. Ondoren, bideoko ahots bakoitzarentzako hiztunak aukeratzen dira, hauen ama hizkuntza bideoko hizkuntza bera izanik. Gero, audio-bideo taldeek audioa grabatu, editatu eta pantailan agertzen den testua prozesatzen dute. Azkenik, audioa, testua eta bideoa bateratu ondoren, webgunean jaitsi daitekeen azken fitxategia sortzen dute.

Sukurtsal batzuek grabaketa estudioak eta prestaketa egokia jasotako jendea zituzten lan hau egiteko. Baina, nola egin ziren bideo hauek leku isolatuetan hitz egin eta itzultzen diren hizkuntzetan?

Munduan zehar, audio teknikariak grabaketak egitera joan ziren grabatzeko sistema mugikorrak hartuta. Mikrofonoa eta audioa grabatzeko programa zuen ordenagailu eramangarria erabiliz, teknikariak bulegoak, bilera-aretoak edo etxeak aldi baterako grabaketa estudio bilakatu zitzakeen. Bertako hizkuntzako hiztunek irakurle, zuzendari eta egiaztatze lanak egiten zituzten. Grabaketa amaitua eta baimendua zegoenean, tresnak bildu eta beste toki batera joaten zen audio teknikaria.

Era honetara, bideoak produzitzen ziren hizkuntzen kopurua hirukoiztu egin zen.

Bideo hauen aurrean izandako erantzuna ikusgarria izan da. Jende askorentzat, beraien ama hizkuntzan ikusten dituzten lehenengo bideoak dira.

Grabatu zen hizkuntzetariko bat Pitjantjatjara izan zen, Australian 2.500 lagunek baino gehiagok hitz egiten dutena. Grabaketa Alice Springs herrian egin zen, Ipar Lurraldean. «Bideoek izugarrizko harrera ona izan zuten» dio audio grabaketetan lagundu zuen Callan Thomasek. «Bertako jendea tabletari begira-begira zegoen eta bideo gehiago non aurki zitzakeen galdetzen zuen. Hizkuntza honetan argitalpenak izatea oso arraroa da. Beraz, bideoa entzutean eta, batez ere ikustean, txundituta gelditzen dira».

Bi Jehobaren lekuko ibaian gora zihoazen Kamerunen kanoa batean eta pigmeoen herrixka batean gelditu ziren. Han buruzagiarekin hitz egin zuten, bertako eskolako irakaslea ere zena. Herrixkako buruzagiak Bassa hitz egiten zuela ikusirik, anaiek tableta erabili zuten Zergatik Biblia ikasi? bideoa bere ama hizkuntzan erakusteko. Buruzagia erabat harrituta geratu zen eta argitalpenak eskatu zituen.

Indonesiako herrixka bateko erlijio-buruak Jehobaren lekukoei kontra egiten zien eta hauek inguruan zabaldutako argitalpen guztiak erre zituen. Herrixkako beste pertsona batzuek bilera-aretoa erreko zutela mehatxu egin zuten. Ondoren, lau polizia joan ziren Jehobaren lekuko baten etxera eta bera eta familia osoari egin zioten galdeketa. Bilera-aretoan zer gertatzen den jakin nahi zuten. Beraz, emakumeak Zer egiten da Jehobaren lekukoen bilera-aretoetan? bideoa erakutsi zien indonesieraz.

Bideoa ikusi ondoren, polizietako batek honakoa esan zuen: «Orain ohartu naiz jendeak ez zaituztela ulertzen, ezta benetan ezagutzen ere». Beste polizia batek hau galdetu zuen: «Eduki al dezaket bideo hau besteei erakusteko? Bideo honek zuei buruzko informazio zuzena azaltzen du». Poliziek beste ikuspuntu bat dute orain Jehobaren lekukoei buruz eta babesa eskaintzen diete.

Ikusi al dituzu bideo hauek zure ama hizkuntzan?