Saltatu edukira

Quebeciar zeinu hizkuntzarako itzulpenak beharrak asetzen ditu

Quebeciar zeinu hizkuntzarako itzulpenak beharrak asetzen ditu

Kanada ekialdean, frantsesa hitz egiten duten eremuetan, gor gehienek quebeciar zeinu hizkuntza erabiltzen dute (LSQ) a. 6.000 gor bakarrik daudenez, argitalpen gutxi daude LSQn. Hala ere, Jehobaren lekukoek LSQn doako eta kalitate handiko argitalpenak egiteko saiakerak handitu dituzte jendeari Biblia ulertzen laguntzeko.

Itzulpeneko ahalegin hauen garrantzia ulertzeko azter dezagun Marcelen bizipena. Quebec kanadar probintzian jaio zen 1941ean. Bi urte beranduago meningitisa izan zuen eta, ondorioz, entzumena galdu zuen. «Bederatzi urterekin gorrentzako eskola batera joaten hasi nintzen eta bertan ikasi nuen LSQ» dio Marcelek. «Nahiz eta oinarrizko zeinu hizkuntza irakasteko liburu batzuk egon, ez zegoen argitalpenik zeinu hizkuntzan».

Zergatik da garrantzitsua LSQn argitalpenak egitea? Marcelek erantzuten du: «Hizkuntzen oztopoekin borrokan ibili beharrean, gorrek nahiago dute argitalpenak guztiz ulertu ditzaketen hizkuntzan izatea. Argitalpenak LSQn izan gabe, hitz egindako hizkuntzak soilik izango genituzke, gauza asko galduz!».

Marcel eta beste gorren beharrak asetzeko, Jehobaren lekukoek 2005ean argitaratu zuten beraien lehendabiziko argitalpena LSQn. Duela gutxi handitu dute Montrealen, Quebecen, duten itzulpen-gunea. Bulegoko langileen artean, hamaika lagunek denbora osoz egiten dute lan eta hamabi lagun baino gehiagok, berriz, egun-erdiz. Profesionalki hornitu dituzten bi estudio erabiliz, bideoak LSQn egiten dituzte hiru itzulpen-taldetan banatuta.

LSQ komunitateak Jehobaren lekukoek egiten dituzten argitalpenen kalitatea eskertzen du. Stéphan Jacquesek, Association des Sourds de l’Estrie-ren b zuzendariaren laguntzaileak, esan zuen: «Beraien argitalpenak oso ondo eginda daudela ikusi dut. Zeinuak oso argiak dira eta aurpegiko keinuak zoragarriak. Bideoetan ateratzen direnak ondo jantzita daudela ere konturatu naiz».

La Atalaya edo La Tour de Garde c, Jehobaren lekukoen asteroko bileretan erabiltzen den aldizkaria, LSQn eskuragarri dago. Hau zeinu hizkuntza honetan dauden Quebeceko bost kongregazio eta bi taldeetako 220 Jehobaren lekukoek eta bisitan doazenek erabiltzen dute. Honetaz gain, Jehobaren lekukoak geroz eta bideo gehiago ari dira LSQn online argitaratzen, baita Biblian oinarritutako kanta animagarriak ere.

Marcel, lehen aipatu duguna, LSQn argitalpen gehiago izateko gogotsu dago. Jehobaren lekukoek argitaratzen dituztenak estimatzen ditu batez ere. «Bedeinkapen handia da LSQn hainbeste bideo ikustea jw.org webgunean» dio. «Nire hizkuntzan eskuragarri dagoen guztia ikusten dudanean, izugarri pozten naiz!».

a LSQ (frantsesez Langue des signes québécoise) zeinu hizkuntza berezia da, nahiz eta leku gehiagotan erabiltzen den amerikar zeinu hizkuntzarekin parekotasunak badituen.

b Quebecen dagoen gorrentzako karitatezko erakundea da.

c 2017ko urtarrileko alearekin hasi zen La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkariaren hileroko ikasketarako edizioa LSQn.