Suaren aurkako borroka irabazi dute
«Sua! Sua dago!». Sandrak, aitagin eta amaginarrebaren etxean gosaltzen ari zela, etxearen ondoko txabolako ate azpitik sugarrak ateratzen ikusi zituen. Senarrak eta biek segituan hartu zituzten neurriak. Sandrak su itzalgailua hartu bitartean, bere senarra, Thomas, korrika joan zen txabolara zer gertatu zen ikusteko. Laster batean eman zion su itzalgailua senarrari eta honek sua itzali zuen. «Guk ezer egingo ez bagenu, txabola guztia erreko zatekeen» dio Sandrak.
Nola lortu zuten Thomas eta Sandrak izu-ikara baztertzea eta erabakitasunez jokatzea? Alemaniako sukurtsalean, Seltersen, lan egiten duten beste 1.000 bat lagunekin batera su larrialdiei aurre nola egin ikasi zutelako.
Selterseko 30 hektareako gunean, bulegoak eta bizilekuak izateaz gain, garbitegia, inprimategia eta lantegi batzuk daude. Leku hauek suteak izateko arriskua dute. Hortaz, Segurtasun eta Ingurune Sailak suteen aurrean izan beharreko segurtasuna erakusteko programa hasi zuen. Lehenik, Larrialdi Taldeak bertako suhiltzaileekin praktikatzen du. Bigarrenik, sukurtsaleko bolondres guztiek honakoa egiten dute maiz:
Ebakuazio simulakroak.
Suteen segurtasunari buruz ikasi.
Hasierako fasean dagoen suari aurre nola egin ikasi.
Honela, bolondresek larrialdietarako ezinbestekoak diren gaitasunak lortzen dituzte.
Suari segurtasunez aurre nola egin ikasten dute
Saio praktikoetako parte hartzaileek suari segurtasunez aurre nola egin ikasten dute. Christinek, lehen hezkuntzan sua segurtasunez nola itzali ikasi zuenak, honela deskribatzen du sukurtsaleko prestakuntza saio bat: «Su itzaltzailea hartu, desblokeatu eta sura haizea jotzen zuen lekutik gerturatu nintzen. Bestela, sugarrak aurpegira etorriko zitzaizkidan. Ondoren, sua itzaltzea lortu nuen. Guztia neuk bakarrik egin nuen! Sua taldean, lau edo bost lagunekin batera, nola itzali ere ikasi nuen».
Sesio praktikoek «suari diogun beldurra txikitzen dute» dio Danielek, sukurtsalean suari segurtasunez nola aurre egin irakasten duenak. Honakoa azaltzen du: «Sutea hastean, jendea askotan beldurrak jota zer egin ez dakiela gelditzen da. Kezkatu egiten dira, pentsatuz: “Zer egin beharko nuke? Nola erabiliko dut su itzalgailua?”. Baina zer egin jakinez gero, sute txiki bat sutzar handi batean bilakatzea ekidin dezakete». Prestakuntzan, «parte hartzaileek larrialdietan su itzalgailua modu egokian erabiltzen eta sua itzaltzen ikasten dute. Konfiantza handitu eta, beharrezkoa denean, suaren aurka berehala joateko ausardia garatzen dute».
Trebakuntzak emaitza bikainak dakartza
Askok prestakuntzarengatik esker ona azaldu dute. Christinek, lehenago aipatu dugunak, hala dio: «Lehen aldiz izan nuen su itzalgailu bat eskutan. Uste dut guztiok jaso behar dugula horrelako trebakuntza». Nadjak, sukurtsalean denbora-erdiko bolondresa denak eta aireportuan lan egiten duenak, honakoa dio: «Azken hamar urtetan sesio teorikoak soilik izan ditut aireportuan. Baina sukurtsalean izan dugun trebakuntza praktikoari esker neure buruarengan konfiantza handiagoa dut. Sute bat hasiz gero, zer egin jakingo dut».
Sandraren ustez, sukurtsalean izandako trebakuntzak bere aitagin eta amaginarrebaren etxean bizkor jokatzen lagundu zion. «Su itzalgailua erabiltzeari beldurra kentzen lagundu dit» dio berak. «Oso ona da trebakuntza hau urtero jasotzea. Benetan lagundu zidan».
Bertako suhiltzaileekin praktikatzen
Selterseko suhiltzaileen sailak maiz egiten ditu sesio praktikoak sukurtsaleko gunean. Suhiltzaileen buru den Theo Neckermanek zergatia azaltzen du: «Gure suhiltzaileak Selterseko udalaren ardura dute, landa ugari dituen eremua. Normalean etxe edo apartamentuetan izaten ditugu su larrialdiak. Sukurtsaleko guneak eremu zabala, eraikuntza handiak eta industriarekin lotutako lana egiteagatik da berezia. Beste gaitasun batzuk lortu behar ditugu gune honetan sortutako larrialdiei aurre egiteko. Hortaz, oso pozik eta eskertuta gaude hemen praktikatzea dugulako».
Sukurtsaleko Larrialdi Taldea osatzen duten 100 lagun baino gehiagok erreskateak eta suteen aurkako simulakroak praktikatzen dituzte Selterseko suhiltzaileekin batera. Hau dio Neckermanek: «Zuen Larrialdi Taldea apartekoa iruditzen zaigu. Beraien laguntza eta gidarik gabe simulakroak eta su larrialdien aurkako ekintzak ez ziren hain ondo joango».
Suhiltzaileek eta Larrialdi Taldeak 2014ko otsaileko arrats batean erakutsi behar izan zituzten beraien gaitasunak. Sukurtsaleko bizilekuetako pisu bat kez bete zen. «Kea hain zen trinkoa, ezin genituela eskuak ere ikusi» dio Danielek, aurrez aipatu dugunak. «Suhiltzaileen sailarekin berehala jarri ginen kontaktuan eta 88 pisuak ebakuatzen hasi ginen. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, eraikin osoa ebakuatua genuen». Neckermanek honela esan zuen: «Ezin dut imajinatu horrelako eraikin handia horren azkar ebakuatzea Frankfurt bezalako hiri batean. Oso diziplinatuak izan zineten eta zuen Larrialdi Taldearen erantzuna, egundokoa!». Suhiltzaileek arazoa aurkitu eta kendu egin zuten. Inork ez zuen minik hartu eta ez zen kalte handirik ere sortu.
Selterseko sukurtsalak sekulako su larrialdirik ez izatea espero du. Baina hala gertatuz gero, bolondresak prest daude suari aurre nola egin ikasi dutelako.