19.000 hegaldiko oparia
2013ko uztailean, Jehobaren lekukoen Zuzendari-batzordeak gutun zirraragarri bat bidali zien misiolari eta atzerrian Jainkoaren zerbitzuan guztiz emanak zeuden beste batzuei. 2014an eta 2015aren hasieran egingo ziren lurralde-biltzar eta nazioarteko biltzarretara joan zitezen prestaketak egingo zirela adierazten zien gutunak atzerrian zeuden hauei.
Helburua atzerrian zeudenak beraien biltzarretara joaten laguntzeaz gain, beraien familia eta lagunekin egon ahal izatea ere zen. Erakundeak joan-etorriko hegaldiak ordainduko zizkietela adierazten zuen gutunak.
Lehenago antzeko prestaketak egin ziren arren, urte honetan desberdina izango zen. Sail berri bat sortu zen Zuzendari-batzordearen Irakaskuntza-batzordearen gidapean erreserbak egiteko.
Gutuna bidali eta denbora gutxira, hegaldietako billeteen eskaerak pixkanaka iristen hasi ziren sail honetara. Baina 2014ko urtarrilerako eskaera kopuruak gainezka egin zuen. Prestaketak egiten zituen taldeak bilaketa egin eta bidaiak erreserbatu zituen mundu osoan zehar Jainkoaren zerbitzuan guztiz emanak zeudenentzat.
Bidaia batzuk antolatzea erronka bikaina izan zen. Bidaiari batzuek, Reykjaviketik (Islandia) Cochabambaraino (Bolivia) joan behar zuten. Beste batzuek, Noumeatik (Kaledonia Berria) Antananarivoraino (Madagaskar). Port Moresbytik (Papua Ginea Berria) Seattleraino (Washington, AEB) hegaldia behar zuten bidaiariak ere bazeuden, baita Ouagadougoutik (Burkina Faso) Winnipegera (Kanada) joateko ere.
Bost kidez osaturiko sail honek 19.000 bat hegaldi erreserbatu zituen. Kongregazioek helburu honetarako eskainitako dirua erabiliz, hegazkin billeteak erosi eta 176 herrialdetako 4.300 bat bidaiariei bidali zizkien.
Antolaketa hau bihotzez eskertu zuten bidaiariek. Misiolaria den bikote batek honakoa idatzi zuen: «Gaur Asia hego-ekialdera, zerbitzatzen ari garen lurraldera, itzuliko gara. Ingalaterrara, gure jaioterrira, itzultzeko eta bost urtetan lehen aldiz familia ikusi ahal izateko laguntza benetan eskertzen dugu. Lagundu ez bagintuzue, ezin izango ginatekeen etorri. Eskerrik asko bihotz-bihotzez hau lortzea posible egin duzuen guztioi».
Paraguain dagoen misiolari batek hau idatzi zuen: «Nire emazteak eta biok eskerrak eman nahi dizkizuegu New Jerseyn (AEB) egin zen nazioarteko biltzarrera joateko aukerarengatik. 2011. urtearen hasieran, egoitza-nagusia ikusi ahal izateko Estatu Batuetara bidaia antolatzen hasi ginen. Horretarako, diru pixka bat aurreztuta genuen. Baina urte horretako ekainean, Paraguaiko zeinu hizkuntzako kongregazioak bisitatzeko eskatu ziguten eta honek asko bidaiatzea eskatzen zuen. Asko pentsatu ondoren, Estatu Batuetara egin nahi genuen bidaia alde batera utzi eta, horren ordez, gure eginkizun berria hobeto betetzeko kotxe bat erosi genuen. Baina, orduan, nazioarteko biltzarrera joateko gonbidapena jaso genuen. Beraz, gure ametsa egia bihurtu zen! Jehobari eskerrak ematen dizkiogu era honetan azaldutako ontasun eta maitasunarengatik».
«Eskerrak emateko idazten dizuegu posta elektroniko hau» idatzi zuen Malawitik bikote batek. «Badakigu horrenbeste bidaia prestatzeak lan, denbora eta gastu handiak sortuko zituela. Asko estimatzen dugu egin duzuen lan gogorra eta, batez ere, Jehobaren erakundearen eskuzabaltasuna. Honi esker, gure jaioterrian izandako lurralde-biltzarrera bidaiatu eta, gainera, gure familia eta lagunekin egoteko aukera izan dugu».
Sailean lan egiten zutenek beraien eginkizuna oso gustuko izan zuten. «Oso berezia izan zen misiolariei etxera joaten laguntzea beraien familia eta lagunekin egoteko» dio Mileivik. «Erakundeak atzerrian Jainkoa zerbitzatzen daudenei dien maitasun handia estimatzen lagundu dit» esan zuen Dorisek. Azkenik, Rodneyk, saileko arduradunak, hau esan zuen: «Proiektu honetan parte hartu izana zoragarria izan da».
Mundu guztiko Jehobaren lekukoek gogo onez eman dute laguntza opari hau egin ahal izateko Jainkoa zerbitzatzen ahalegin handiak egiten dituzten bere anai-arreben alde.